Zuzenean edukira joan

Estatutuak

LEHENENGO KAPITULUA: IZENA ETA LEGE-ARAUBIDEA

 
1. Artikulua. Izena eta izaera juridikoa

1.1. ARTXIBATEGI, LIBURUTEGI ETA DOKUMENTAZIO ZENTROETAKO PROFESIONALEN EUSKAL ELKARTEA (ALDEE) 1990eko urtarrilaren 27an eratu zen Bilbon, eta 1990eko otsailaren 16an erregistratu zen Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Elkarte Profesionalen Erregistroan. 2017ko otsailaren 25eko ohiz kanpoko bileran, Batzar Nagusiak elkartearen estatutuak onartu zituen, erregimen orokorreko elkarte bihurtzeko nahiarekin. Hori, elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoari eta Euskadiko Elkarteen ekainaren 22ko 7/2007 Legearen lege-araubideari heldurik.

1.2. ARTXIBATEGI, LIBURUTEGI ETA DOKUMENTAZIO ZENTROETAKO PROFESIONALEN EUSKAL ELKARTEAren (ALDEE) estatutuak arau hauetan ezarritakoaren arabera idatzi dira: 7/2007 Legea, ekainaren 22koa, Euskadiko elkarteei buruzkoa; 1/2002 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, elkartzeko eskubideak arautzen dituena; eta Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 10.9 eta 13 artikuluak.

1.3. Elkarteak berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa ditu, Elkarteen Erregistroan erregistratu zen unetik beretik.

1.4. Elkartea arautuko dute elkarteei buruzko aipatutako legeetako arauek, estatutu hauek, elkartearen gobernu-organoek hartutako erabakiek (betiere, legearen eta estatutuen aurkakoak ez badira) eta Eusko Jaurlaritzak onartzen dituen erregelamenduzko xedapenek; azken horiek osagarriak baino ez dira izango.

 

ELKARTEAREN HELBURUAK

 
2. Artikulua. Elkartearen helburuak

2.1. Elkarte honen HELBURUAK dira bazkideen garapen profesionala bultzatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko beren lanbide-esparruko aukera eta errealitateei buruz gehiago jakitea; eta bereziki:
              

a) Bazkideen etengabeko prestakuntza, eguneratzea eta espezializazioa sustatzea, eta haien arteko elkarrekintza eta lankidetza erraztea.

b) Artxibategi, dokumentu, liburutegi eta dokumentazio-zentroak kudeatzen lan egiten duten profesionalen lan-baldintzak hobetzen laguntzea.

c) Erakunde publiko eta/edo pribatuen eta profesionalen artean harreman- eta elkarlan-bideak jartzea.

d) Erakundeek eta gizarteak sektorea baloratu dezaten zaintzea, eta, horretarako, elkartearen lana sustatzea eta lanbidea ezagutzera ematea. 


e) Beste elkarte profesional batzuekin elkarlanean aritzea sustatzea.

f) Erakunde ofizialen, instituzioen eta beste elkarte batzuen aurrean solaskide izatea eta bazkideak ordezkatzea.

g) Informazioa eta dokumentazioa eskuratu ahal izatea sustatzea, baita liburutegi, artxibategi eta dokumentazio-zentroak gizartearentzat funtsezkoak diren kultura-erakunde gisa erabiltzea ere.

2.2. Helburu horiek lortzeko, legeak ezartzen dituen baldintza guztiak bete ondoren, elkarteak JARDUERA hauek egingo ditu:


a. Lantaldeak sortzea sustatzea, sektorearen intereseko arloetan ikerketak, analisiak eta jarduera-proposamenak egin ditzaten.
b. Bazkideentzat, sektore profesionalarentzat eta, oro har, herritarrentzat interesgarriak diren gaiei buruzko ikastaroak, biltzarrak, jardunaldiak, topaketa profesionalak eta abar antolatzea, dela elkarte sustatzaile gisa, dela beste erakunde batzuei lagunduz.
c. Elkartearen jarduera-eremuko lan-eskaintzen segimendua, analisia eta balorazioa egitea, bazkideei ezagutzera emateko, hala badagokie.
d. Barne- eta kanpo-komunikazioko dinamikak lantzea, elkarteak bazkideekin eta bazkideek beren artean dituzten harremanak arintzeko eta hobetzeko.
e. Bazkideei elkartearen jardueraren eta beren jarduera profesionalarekin zerikusia duten beste gai batzuen berri behar bezala ematea, informazio-buletinen edo komunikatzeko beste modu batzuen bidez.
f. Sektorearen funtziondua hobetzeko txosten, azterlan, proiektu edo proposamenak egitea edo beste batzuei egin ditzaten agintzea.

2.3. Aurreko atalean deskribatutako jarduerak gorabehera, elkarteak, bere helburuak betetzeko, honako hauek egin ahal izango ditu:

a. Dauzkan eskumenen esparruan beste edozein elkarte, federazio edo konfederaziori atxikitzea, jarduteko autonomia galdu gabe.

b. Bere helburuak lortzeko edo helburu horiek lortze aldera baliabideak biltzeko eragiketak (komertzialak direnak eta ez direnak), zerbitzuak, jarduera kolektiboak eta era guztietako jarduera ekonomikoak sustatzea eta garatzea.

c. Era guztietako ondasunak eskuratzea eta edukitzea, edozein tituluren bidez, eta mota guztietako egintza eta kontratuak egitea.

d. Legeen edo estatutuen araberako edozein ekintza gauzatzea.

 

HELBIDE SOZIALA

 
3. Artikulua. Helbide soziala

3.1. Elkartearen egoitza nagusia hemen egongo da: Portuetxe kalea 37, 1-7 bulegoa, 20018 Donostia.

3.2. Elkarteak beste lokal batzuk izan ditzake autonomia-erkidegoan.

3.3. Elkartearen egoitza aldatu eta beste herri batean jartzen bada, Batzar Nagusiak ohiz kanpoko bilkura egingo du, estatutuetan egin beharreko aldaketa egiteko. Egoitza herri berean kale batetik bestera eramanez gero, ez da horrelakorik egin behar. Kasu horretan, Zuzendaritza Batzordeak izango du helbide-aldaketa adosteko eta gauzatzeko ahalmena.

 

LURRALDE EREMUA

 
4. Artikulua. Lurralde eremua

4.1.Elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoan beteko ditu, nagusiki, bere zereginak.

4.2. Elkarteak aipatutako lurralde-eremutik kanpo jarduerak antolatu edo haietan parte hartu ahal izango du, helburuak betetzeko komeni bada.

 

IRAUPENA ETA IZAERA DEMOKRATIKOA

 
5. Artikulua.
Iraupena

5.1.Elkartea iraunkorra izango da, eta deuseztatuko da, soilik, Batzar Nagusiak ohiz kanpoko bilkura batean hala erabakitzen badu, VI. kapituluan jasotakoaren arabera edo legeetan aurreikusitako edozein arrazoirengatik.

5.2. Elkartearen barne-antolaketak eta funtzionduak demokratikoak izan behar dute, eta aniztasuna erabat errespetatu behar da. Elkartzeko oinarrizko eskubidearen edozein alderdi urratzen duten itun, estatutu-xedapen eta akordioak erabat deusezak izango dira.

     

BIGARREN KAPITULUA: AGINTE- ETA ADMINISTRAZIO-ORGANOAK

 
6. Artikulua. Organoak

6.1. Elkartea kide anitzeko organo hauek gobernatu eta administratuko dute:

a. Bazkideen Batzar Nagusiak, organo goren gisa.

b. Zuzendaritza Batzordeak, kide anitzeko zuzendaritza-organo iraunkor gisa.

 

BATZAR NAGUSIA

7. Artikulua. Batzar Nagusia

7.1. Batzar Nagusia bazkide guztiek osatzen dute, eta haien borondatea adierazteko organoa da.

7.2. Batzar Nagusiak hartutako erabakiak bazkide guztiek bete beharko dituzte, baita bertaratu ez direnek, disidenteek eta bertan egon arren bozkatzeari uko egin diotenek ere.

7.3. Batzar Nagusiak ahalmen hauek ditu:

a. Elkartearen jarduera-plan orokorra onartzea.

b. Aurreko ekitaldiko jardueren memoria, balantzeak eta kontuak eta urteko aurrekontua aztertzea eta onestea.

c. Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa ezagutzea, eta, dagokionean, haren jarduerak berrestea edo gaitzestea.

d. Lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria, diruzaina eta, egonez gero, kide anitzeko gobernu-organoko gainerako kideak hautatzea, kargutik kentzea, gainbegiratzea eta kontrolatzea.

e. Kuota arrunt eta bereziak ezartzea. Ahalmen hori gobernu-organoaren esku utz dezake Batzar Nagusiak, berariazko erabaki baten bidez.

f. Beste elkarte batzuekin federazioak edo konfederazioak osatzea, eta horietatik ateratzea.

g. Ondasun higiezinak jartzea edo besterentzea onartzea.

h. Gobernu-organoko kideen ordainsarien gaineko erabakiak hartzea, hala badagokie.

i. Bazkideak elkartetik behin betiko kanporatzeko erabakia hartzea, baldin eta arrazoia ez bada kuota ez ordaintzea.

j. Barne Funtzionduko Araudia onartzea eta aldatzea, Zuzendaritza Batzordeak proposatuta.

k. Lantaldeen sorrera berrestea edo ez berrestea.

l. Estatutuak aldatzea.

m. Elkartea deuseztatzea.

n. Elkarteko beste organo bati egokitu ez zaion beste edozein eskumen.

8. Artikulua. Batzar Nagusiak ohiko eta ohiz kanpoko bilkurak egingo ditu.

9. Artikulua. Batzar Nagusiak urtean ohiko bilkura bat egingo du, gutxienez.10. Artikulua. Batzar Nagusiak ohiz kanpoko bilkura egingo du Zuzendaritza Batzordeak hala erabakitzen duenean, bai bere ekimenez, bai boto-eskubidea duten bazkideen herenak hala eskatzen badu; gainera, bilera zergatik eta zertarako egingo den adieraziko du. Honako gai hauen berri izateko eta erabakiak hartzeko ere ohiz kanpoko bilerak egingo dira:

a. Estatutuak aldatzea.

b. Elkartea deuseztatzea.

 

11. Artikulua. Deialdiak

11.1. Batzar Nagusiaren bilkuretarako deialdiak baliabide elektronikoen bidez egingo dira, eta azalduko dira biltokia, eguna, ordua eta gai-zerrenda, eztabaidatu beharreko gaiak zehatz-mehatz adierazita. Deialdia egingo da Batzar Nagusia lehen deialdian biltzeko eguna baino hamabost egun natural lehenago, gutxienez. Deialdian adierazi ahal izango da, hala badagokio, Batzarra bigarren deialdian noiz bilduko den; deialdi batetik bestera gutxienez ordu erdi igaro behar du.

11.2.Ohiko eta ohiz kanpoko bilkuretan, Batzar Nagusiak lehen deialdian behar bezala eratuta geratuko dira, baldin eta boto-eskubidea duten bazkideen gehiengoa bertaratzen bada; eta bigarren deialdian, berriz, bazkide-kopurua edozein dela ere.

11.3. Batzar Nagusiarentzako proposamenak bilkura egin baino gutxienez hogei egun lehenago bidaliko zaizkio gerentziari, eta gai-zerrendan sartuko dira, baldin eta gutxienez hamar bazkidek sinatu badituzte. Baldintza horiek betetzen ez dituzten proposamenak galde-eske gisa landuko dira bilkuran.
 
12. Artikulua. Batzar Nagusiaren erabakiak bertaratutako edo ordezkatutako pertsonen gehiengo soilez hartuko dira, ezezko boto baino baiezko boto gehiago badaude. Hala ere, erabaki hauek hartzeko gehiengo kalifikatua beharko da, baiezko botoak behar bezala emandako botoen erdia baino gehiago badira:

a. Estatutuak aldatzea.

b. Ordezkaritza-organoko kideen ordainsariak.

Eta bi hereneko gehiengo kalifikatua beharko da erabaki hauek hartzeko:

a. Ondasunak jartzea edo besterentzea.

b. Elkartea deuseztatzea.

13. Artikulua. Ordezkaritza.

13.1. Bazkideek beste edozein bazkide izendatu dezakete beren ordezkari, Batzar Nagusiaren bilkuretan ordeztu ditzaten. Bazkide batek ezin izango du, inola ere, elkarteko bost kide baino gehiagoren ordezkari izan. Ordezkaritza hori idatziz emango da, eta idazkariaren esku egon beharko du Batzar Nagusiak bilkura hasi aurretik.

13.2. Ordezkaritzak eta botoaren eskuordetzeak emandako deialdirako bakarrik balioko dute.

13.3. Ordezkaritza edo eskuordetza idatziz egingo da, eta ordezkariaren zein ordeztutako pertsonaren izen-deiturak eta nortasun-agiriaren zenbakia adieraziko dira. Horrez gain, ordeztutako pertsonaren nortasun-agiriaren fotokopia ere aurkeztuko da.

 

ZUZENDARITZA-BATZORDEA

 
14. Artikulua. Zuzendaritza Batzordea

14.1. Zuzendaritza Batzordea elkartearen interesak kudeatu eta ordezkatzen dituen ordezkaritza-organoa da, eta estatutuetako xedapenen eta Batzar Nagusiaren jarraibideen arabera egingo du lan hori. Bazkide titularrak baino ezin dira izan ordezkaritza-organoko kide.
Zuzendaritza Batzordea honako hauek osatuko dute:
 

  • Lehendakaria
  • Lehendakariordea
  • Idazkaria
  • Diruzaina
  • Bokalak, gutxienez bi eta gehienez zortzi kide.

 
Ahal den guztietan, elkartearen sektoreko jarduera-arlo guztiak egongo dira ordezkatuta Zuzendaritza Batzordean.

14.2. Zuzendaritza Batzordeko kideek bilkuretara arrazoi justifikaturik gabe huts egiten badute hiru aldiz jarraian edo lau aldiz txandaka, dagokien kargua kenduko zaie, Zuzendaritza Batzordeak berak proposatuta.

14.3. Zuzendaritza Batzordeko karguak Batzar Nagusiak aukeratuko ditu eta HIRU URTERAKO izango dira, Zuzendaritza Batzordeak berariaz baliogabetzen ez badu behintzat. Kargu horiek berriro hautatu ahal izango dira.

14.4. Zuzendaritza Batzordeko kide izateko, pertsona fisikoek baldintza hauek bete behar dituzte:

a. Adinez nagusia izatea, eskubide zibil guztiak erabili ahal izatea eta indarrean dagoen legerian ezarritako bateraezintasunik ez izatea.

b. Hautagaitza aurkezten den egunean gutxienez urtebeteko antzinatasuneko bazkide titular izatea. c. Estatutuetan aurreikusitako eran izendatua izatea.

14.5. Hautagaitza aurkezten duten hautagaien zerrendak bazkide guztiei bidaliko zaizkie, Batzar Nagusiaren ohiko bilkuran bozketa egiteko jarritako eguna baino hamabost egun natural lehenago, gutxienez. Aurreko paragrafoan aurreikusitako epean hautagaitzarik aurkeztu ez bada, Batzar Nagusiaren bilkuran aurkeztu ahal izango dira hautagaiak.

14.6. Bozketa librea izango da eta, beharrezkotzat joz gero, sekretua. Bi hautagaitzaren edo gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada, bigarren bozketa egingo da. Berdinketa hausten ez bada, batezbesteko antzinatasun handiena duten hautagaien hautagaitza aukeratuko da.

14.7. Botoa pertsonalki edo ordezkari baten bidez eman ahal izango da, 13. artikuluan jasotzen den moduan, edo Batzarrak bere garaian erabakitako beste edozein metodoren bidez, Barne Funtzionduko Araudian xedatutakoaren arabera.

Batzordea oso-osorik berrituko balitz, Batzorde zaharreko bi kide, gutxienez, Batzorde berrian sartuko dira, behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko behar den beste denborarako.

14.8. Zuzendaritza Batzordeko kideek karguak beren gain hartuko dituzte Batzar Nagusiak izendatzen dituztenean eta kargua onartu edo hartzen dutenean.

Batzordea oso-osorik berrituko balitz, Batzorde zaharreko bi kide, gutxienez, Batzorde berrian sartuko dira, behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko behar den beste denborarako.

14.9. Zuzendaritza Batzordeko kideek honako kasu hauetan utziko dute kargua:

a. Agintaldia amaitzea.

b. Borondatez uko egitea; Zuzendaritza Batzordeari idatziz jakinaraziko diote.

c. Bazkide titular izateari uztea edo ezintasunen bat izatea.

d. Estatutu hauetako 14.2. artikuluan jasotakoari jarraikiz, Batzar Nagusiak kargua baliogabetzea erabakitzea.

e. Hiltzea.

Kargua a) atalean jasotako arrazoiagatik utziz gero, Zuzendaritza Batzordeko kideek jardunean jarraituko dute Batzar Nagusiak lehen bilkura egin arte. Bilkura horretan, Batzar Nagusiak kargu berriak aukeratuko ditu.

b), c), d) eta e) kasuetan, Zuzendaritza Batzordeak berak beteko du hutsa, aldi baterako norbait izendatuz. Izendapen hori Batzar Nagusiak berretsi edo baliogabetu behar du, eta, baliogabetuz gero, dagokion izendapena egingo da.

Organo horren osaeran egiten diren aldaketa guztiak Elkarteen Erregistroari jakinaraziko zaizkio.

15. Artikulua. Zuzendaritza Batzordeak zeregin hauek ditu:a. Elkartearen kudeaketa arrunt, ekonomiko eta administratiboa zuzentzea, Batzar Nagusiaren jarraibideen arabera eta haren kontrolpean, eta beharrezko kontratu eta egintzak egitea erabakitzea.

b. Elkarteak egin beharreko jarduerak programatzea.

c. Gastu eta sarreren urteko aurrekontua egitea eta Batzar Nagusiari aurkeztea, onar dezan, eta baita jardueren memoria, balantzeak eta urteko kontuak egitea ere.

d. Batzar Nagusiaren bilkuretako gai-zerrenda egitea, Batzar Nagusiaren ohiko eta ohiz kanpoko bilkuren deialdiak adostea eta bilkuretan hartutako erabakiak gauzatzea.

e. Bazkideek egiten dituzten proposamen eta iradokizunei erantzutea, eta horien inguruan behar diren neurriak hartzea.

f. Bazkide berriak onartzeko erabakiak hartzea eta Batzarrari jakinaraztea.

g. Elkartearen jarduera berezietarako ordezkaritza-batzordeak sortzea eta lantaldeak onartzea, eta haien berri izatea.

h. Batzar Nagusiari elkartearen funtziondu-araudiak proposatzea, onar ditzan.

i. Elkartearen ondasunak administratzea eta ondasun horien gainean Batzar Nagusiari bereziki egokituta ez dauden erabakiak hartzea.

j. Estatutu hauetan jasotako aginduak interpretatzea eta hutsuneak betetzea, betiere elkarteen arloan indarrean dagoen lege-araudia errespetatuz.

k. Zuzendaritza Batzordeko kideen dimisioak onartzea.

l. Elkartearen helburuak betetzeko beharrezkoa den beste edozein zeregin, baldin eta Batzar Nagusiari ez badagokio edo Batzar Nagusiaren berariazko baimena behar ez badu.

16. Artikulua. Bilerak

16.1. Zuzendaritza Batzordea bilduko da urtean hiru aldiz, gutxienez, eta elkartearen jarduerak behar bezala garatzeko beharrezkoa den guztietan. Bilera lehendakariak deituko du, bere ekimenez edo kideen heren batek idatziz eskatzen badu. Lehendakaria izango da buru, eta, lehendakaria ez badago, lehendakariordea; eta ez bata ez bestea ez badaude, Zuzendaritza Batzordeko kiderik zaharrena.

16.2. Bilerak gutxienez zazpi egun natural lehenago deituko dira.

16.3. Batzordea behar bezala eratu dadin, batzordekideen erdia eta bat gehiago egon behar dute, lehendakaria barne, eta, hura ez badago, lehendakariordea barne.

16.4. Akordioak eta erabakiak bileran daudenen gehiengo sinplez hartuko dira. Berdinketarik gertatuz gero, lehendakariak hautsiko du, kalitateko botoarekin.

16.5. Batzordeak eta lantaldeak koordinatzen dituzten pertsonek bertaratu ahal izango dute, hala nahi badute ( Zuzendaritza Batzordeari jakinarazi behar diote) edo deitzen badituzte. Beren jarduera-arloarekin zerikusia duten gaietan hitza izango dute, baina botorik ez.

16.6. Bileren akta egingo du idazkariak, eta dagokion liburuan jasoko da.

16.7 Zuzendaritza Batzordeak aurrez aurre eta urrutitik, baliabide elektronikoen bitartez, egin ahal izango ditu bilerak. Bertaratuen nortasuna idazkariak baliozkotuko du, eta aktan jaso.

 

ZUZENDARITZA BATZORDEKO KARGUAK

LEHENDAKARIA

17. Artikulua. Elkarteko lehendakaria izango da elkartearen legezko ordezkaria, eta Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Nagusiak hartutako erabakiak betearaziko ditu. Organo horietako lehendakaria izango da, hurrenez hurren.

18. Artikulua. Lehendakariak ahalmen hauek ditu:

a. Elkartea legez ordezkatzea, kontratuak sinatzea, ahalordeak ematea eta era guztietako ekintzak egitea, Zuzendaritza Batzordearen baimenarekin.

b. Zuzendaritza Batzordearen eta Batzar Nagusiaren bilkurak deitzea, buru izatea eta amaitzea, bataren eta bestearen deliberamenduak gidatzea, eta, bozketetan berdinketa gertatuz gero, kalitateko botoarekin erabakitzea.

c. Elkartearen jarduera-plana proposatzea Zuzendaritza Batzordeari, eta haren lanak bultzatzea eta gidatzea.

d. Zuzendaritza Batzordeak erabakitako ordainketak egitea agintzea, eta agiriak, aktak eta gutunak baimentzea, sinatuz. Horrez gain, elkarteak egoki funtzionatzeko behar diren banku-kontuak irekitzea.

e. Sor daitezkeen premiazko kontuak konpontzea, elkarteak egoki funtziona dezan, eta Zuzendaritza Batzordeari horren berri ematea egiten den lehen bileran.

f. Aktak sinatzea, idazkariarekin batera.

g. Batzar Nagusiak berariazko erabaki bidez ematen dizkion eskumenak erabiltzea, baldin eta Batzar Nagusiarenak bakarrik ez badira.

 

LEHENDAKARIORDEA

19. Artikulua. Lehendakariordeak lehendakariari lagunduko dio eta, lehendakariak aldi batean karguan aritzea eragozten dion ezintasunen bat badu‚ ordeztu egingo du. Gainera, lehendakariak berariaz haren esku utzitako ahalmenak izango ditu.

IDAZKARIA

20. Artikulua. Idazkariari dagokio, zehazki, elkartean sartzeko eskabideak jaso eta izapidetzea, bazkideen fitxategiaz eta erregistro-liburuaz arduratzea, akta-liburua zaintzea eta idaztea, lehendakariarekin batera Batzar Nagusien eta Zuzendaritza Batzordearen bilkuren aktak sinatzea eta, oro har, Idazkaritzako eginkizunak betetzea.

Era berean, elkarteen arloan indarrean dauden lege-xedapenak betetzen direla zainduko du; horretarako, elkartearen dokumentazio ofiziala zainduko du, elkartearen liburu eta artxiboen edukia egiaztatuko du, eta Zuzendaritza Batzordeen izendapenen eta helbide sozialaren aldaketen berri emango dio agintaritza eskudunari.

 

DIRUZAINA

21. Artikulua. Diruzainak elkartearen funtsak eta gainerako ondarea biltzeko, administratzeko eta zaintzeko ardura izango du. Elkartearen diru-funtsak administratuko ditu. Horrez gain, egoera ekonomikoaren berri emango du, ekitaldi ekonomiko bakoitzeko diru-sarreren eta gastuen aurrekontuaren aurreproiektua egingo du eta urteko balantzea eta kontuak idatziko ditu, Batzar Nagusiari aurkezteko. Lehendakariak baimentzen dituen ordainketa-aginduak beteko ditu, baita Zuzendaritza Batzordeko kideek dagozkien ahalmenekin baimendutakoak ere.

 

KIDEAK

22. Artikulua. Idazkariak bilera aktak egingo ditu, eta akta horiek gero dagokion liburuan transkribatuko dira.

 

BATZORDEAK ETA TALDEAK ERATZEA


23. Artikulua. Batzordeak eta lantaldeak

23.1. Helburu zehatzak lortzeko batzordeak edo lantaldeak eratu ahal izango dira, baldin eta helburu horiek, beren garrantziagatik, tratamendu berezia, ardura berezi eta etengabea edo antolamendu eta azpiegitura egokia behar badituzte.

23.2. Zuzendaritza Batzordeak adostu eta berariaz eskuordetuta eratuko dira batzordeak; akordioan batzordearen izena eta helburua jasoko dira.

23.3. Lantalde bat eratzeko ekimena pertsona bakar batek aurkeztu ahal izango du taldearen izenean, eta taldeak hiru kide izango ditu, gutxienez.

23.4. Edozein bazkide izan daiteke sortzen diren lantaldeetako kide. Era berean, talde horietan sartu ahal izango dira bazkide instituzional diren erakundeetako bazkideak, profil teknikoak dituzten pertsonak edo taldearen xede den gaian adituak direnak.

23.5. Eskuordeko batzordeek eta lantaldeek urteko jardueren txostena aurkeztuko diote Zuzendaritza Batzordeari.

 

BATZORDEAK ETA TALDEAK ERATZEA

24. Artikulua. Betekizunak

24.1. Elkarteko kide izan daitezke adinez nagusiak eta jarduteko gaitasuna dutenak, baldin eta elkartearen helburuak betetzeko interesa badute eta baldintza hauetakoren bat betetzen badute:

a. Lanbide-jarduna. Elkartean sartzea eskatzeko unean artxibategi, dokumentu, liburutegi eta dokumentazio-zentroen kudeaketako zeregin tekniko eta profesionaletan aritzea.

b. Prestakuntza edo titulu espezifikoa izatea artxibistikan, bibliotekonomian edo dokumentazioan; unibertsitateko titulua edo diziplina horietan ezinbestekoak diren gaitasunak egiaztatzen dituen beste edozein titulu izan daiteke.

c. Elkartean sartzea eskatzen den egunean diziplina horietako prestakuntza-gradu arauturen batean ikasketak egiten edo prestakuntza espezifikoa jasotzen ari dela frogatzea.

d. Izena emateko kuota ordaintzea, hala badagokio.

 

24.2. Pertsona juridikoek hartarako eskumena duen organoak hartutako erabakiaren kopia aurkeztuko dute; erabaki horretan adierazi behar dute elkartekide izateko borondatea dutela eta haien izenean nork jardungo duen.

24.3. Bazkide izateko, dagokion eskaera aurkeztu behar da, une bakoitzean zehazten den baliabidearen edo prozeduraren bitartez. Pertsona horiek onartu edo ez Zuzendaritza Batzordeak erabakiko du.

25. Artikulua. Bazkide-motak

25.1. Bazkide izan daitezke:


a) Bazkide titularrak Bazkide titular izango dira 24.1. artikuluan ezarritako baldintzak bete eta elkartearen kuotak ordaintzen dituzten pertsona fisikoak. Eskubide osoko bazkide izango dira, elkartearen Batzar Nagusiaren bilkuretan hitza eta botoa izango dituzte eta elkartearen gobernu-organoetan sartu ahal izango dira.

b) Bazkide instituzionalak Bazkide instituzionalak izango dira elkarteari bere helburuak lortzeko babes instituzional edo ekonomikoa eman nahi dioten artxibategi, liburutegi edo dokumentazio-zentroen arloko erakundeak. Bazkide instituzionalek elkartearen Batzar Nagusiaren bilkuretako eztabaidetan parte hartu ahal izango dute, horretarako izendatutako ordezkari baten bidez. Hitza izango dute, baina botorik ez, eta ezingo dira hautatu gobernu-organoetako karguetarako.

c) Bazkide babesleak Zuzendaritza Batzordeak babesle gisa onartutako pertsona juridikoak izango dira bazkide babesleak. Bazkide babesleek kuota berezi bat ordainduko dute, eta Zuzendaritza Batzordeak kasu bakoitzean onartzen dituen abantaila espezifikoak eskuratu ahal izango dituzte.

d) Ohorezko bazkideak Elkarteak, Zuzendaritza Batzordeak proposatuta eta Batzar Nagusiak adostuta, ohorezko bazkide izendatu ahal izango ditu kulturan, zientzian edo teknikan meritu garrantzitsuak egin dituzten, lanbidean ospe handia duten edo elkartea duintzeko edo garatzeko ekarpen nabarmenak egin dituzten pertsonak. Batzar Nagusiaren bilkuretan hitz egiteko eskubidea izango dute, baina ez bozkatzekoa, ezta gobernu-organoetako kide izatekoa ere; ez dute bazkide-kuota ordaindu beharrik.

 

BATZORDEAK ETA TALDEAK ERATZEA

26. Artikulua. Bazkideek eskubide hauek dituzte: 

a. Elkarteen Legearen edo estatutuen aurkako erabaki eta jarduerak inpugnatzea, berrogei egun naturaleko epean, demandatzaileak inpugnatutako akordioaren edukia ezagutu edo ezagutzeko aukera izan duen egunetik kontatzen hasita.

b. Elkartearen gobernu- eta ordezkaritza-organoen osaerari, kontuen egoerari eta jardueraren garapenari buruzko informazioa jasotzea.

c. Elkarteko gainerako kideen nortasuna, sarrera- eta gastu-kontuen egoera eta elkartearen jardueraren garapena ezagutzea; hori, datu pertsonalak babesteko araudian aurreikusitako moduan.

d. Batzar Nagusiaren bilkuretara deituak izatea, bilkura horietara joatea eta hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea erabiltzea; horretarako, beste kide batzuk izendatu ahal izango dituzte ordezkari.

e. Elkartearen zuzendaritza-organoetan parte hartzea, estatutu hauen arabera, eta organo horietarako hautesle eta hautagai izatea.

f. Araudi aplikagarrian zehaztutako bazkideen fitxategi edo erregistroan erregistratuta egotea eta elkartearen ikurra erabiltzea (ikurrik badu), betiere Zuzendaritza Batzordeak berariaz baimendu badu.

g. Zuzendaritza Batzordeari iradokizunak egitea, elkartearen helburuak hobeto betetze aldera.

h. Estatutuak eta barne-araudia (halakorik badago) eskura izatea, elkarteak horretarako jarritako bitartekoen bidez; eta zuzendaritza-organoetan eskaerak eta kexak aurkeztea.

i. Elkartearen jardueretan parte hartzea.

j. Elkarteak antolatzen dituen ekintza kolektiboetan parte hartzea eta bazkideentzako jarritako baliabideak erabiltzea (elkartearen lokala, etab.); hori, betiere, elkartearen jardueren esparruan eta Zuzendaritza Batzordeak baimendu ondoren.

k. Elkarteko organoek hartutako erabakiei buruzko informazioa jasotzea.

l. Diziplinazko neurriak hartu aurretik, esan beharrekoa idatziz azaltzea eta entzuna izatea, eta neurri horiek zergatik hartu diren jakitea; edonola ere, bazkideek dituzten betebeharrak ez bete izana izan daiteke neurri horiek hartzeko arrazoi bakarra.

m. Edozein unetan baja hartzea, hartutako eta bete gabeko konpromisoak alde batera utzi gabe.

n. Elkarteak bazkideentzat zehazten dituen zerbitzu eta onurak eskuratzea.

 

27. Artikulua. Bazkideek betebehar hauek dituzte:

a. Elkartearen helburuekin bat egitea eta helburu horiek lortzen laguntzea.

b. Beren portaera eta jarrera etikoarekin, elkarteak izen ona eta ospea izan ditzan laguntzea.

c. Estatutu hauek eta elkarteko zuzendaritza-organoek adostutako akordioak ontzat hartzea eta betetzea.

d. Estatutuen arabera bazkide bakoitzari dagozkion kuotak, derramak eta bestelako ekarpenak garaiz ordaintzea.

e. Batzar Nagusiaren bilkura guztietara joatea; bazkidea bera edo hura ordezten duen bazkidea joan daitezke.

f. Helbide- edo lantoki-aldaketak edo bazkide gisa duen egoerari eragiten dioten gorabeherak elkarteari jakinaraztea.

g. Estatutuetatik ondorioztatzen diren gainerako betebeharrak betetzea.


 


BAZKIDE IZATEARI UZTEA

 
28. Artikulua. Honako kasu hauetan utziko zaio bazkide izateari:
 
a. Hilez gero edo pertsona juridikoak (halakorik badago) deuseztatzen badira.
b. Nork bere borondatez. Hamar egun lehenago jakinaraziko zaio idatziz Zuzendaritza Batzordeari.
c. Betebehar ekonomikoak ez betetzeagatik, hau da, elkarteari dagokion kuota ordaintzeari utziz gero. Automatikoki egingo da, bi ohar jaso ondoren.
d. Elkartearen estatutuak edo araudiak ez betetzeagatik.
e. Estatutu hauetatik edo Batzar Nagusiak edo Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakietatik eratorritako betebeharrak larriki, behin eta berriz eta nahita ez betetzeagatik zigortu eta elkartetik kanporatuz gero.

 

ZEHAPEN ARAUBIDEA

29. Artikulua. Zigorrak ezartzeko prozedura

29.1. Zuzendaritza Batzordeak bazkideak zigortu ahal izango ditu Estatutuak edo Batzar Nagusiaren edo Zuzendaritza Batzordearen erabakiak behin eta berriz urratzeagatik eta, oro har, elkartearen interesen eta espirituaren kontrako jarrera izateagatik.

29.2. Zigor arinena hilabete eta hiru hilabete bitartean eskubideak kentzea izan daiteke; eta larriena elkartetik behin betiko kanporatzea. Hori, hurrengo artikuluetan jasotakoaren arabera.

29.3. Horretarako, zigortzeko modukoak diren jokaera horiek aztertzeko ikerketa bat martxan jartzea erabaki dezake lehendakariak. Jarduera horiek idazkariak egingo ditu, instrukzio-organoa den aldetik, eta Zuzendaritza Batzordeari neurri egokiak hartzea proposatuko dio.

29.4. Zuzendaritza Batzordeak izango du zigorrak ezartzeko eskumena, idazkariak parte hartu beharrik gabe (instrukzio-organoa baita), eta aurrez interesdunak esan beharrekoa entzungo du. Erabaki hori arrazoitua izango da beti, eta haren aurka errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Batzar Nagusian.

29.5. Bazkide batek estatutu hauetatik edo Batzar Nagusiak edo Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakietatik eratorritako betebeharrak larriki, behin eta berriz eta nahita betetzen ez baditu eta, ustez, elkartetik kanporatzeko arrazoiak badaude, lehendakariak idazkariari agindu ahal izango dio aurretiazko zenbait eginbide egitea, behar den informazioa lortzeko. Informazio hori ikusita, lehendakariak jarduerak artxibatzea edo zehapen-espedientea irekitzea agindu dezake.

29.6. Elkartetik kanporatzeko zehapen-espedienteari hasiera emanez gero, idazkariak, gertaerak egiaztatu ondoren, interesdunari idazki bat bidaliko dio, zer kargu egozten zaizkion jakinarazteko. Bazkideak bere buruaren alde egiteko egoki deritzon guztia argudiatu dezake, hamabost eguneko epean. Epe hori igaro ondoren, gai hori Zuzendaritza Batzordearen lehen bilkurako gai-zerrendan sartuko da, eta Batzordeak erabaki egoki bat hartuko du, idazkariaren botorik gabe, zeina espedientearen izapidegile izan baita.

29.7. Elkartetik kanporatzeko erabakia interesdunari jakinaraziko zaio, eta azalduko zaio erabakiaren aurka errekurtsoa aurkeztu dezakeela Batzar Nagusiak egiten duen lehen bilkuran. Hurrengo hiru hilabeteetan bilkura egiteko asmorik ez badago, Batzar Nagusiak ohiz kanpoko bilkura deituko du. Bitartean, Zuzendaritza Batzordeak erabaki dezake erruztatutako pertsonari bazkide gisa dagozkion eskubideak kentzea, eta Zuzendaritza Batzordeko kide bada, kargutik kentzea.

29.8. Elkartetik kanporatzeko espedientea Batzar Nagusiari aurkezten bazaio, idazkariak espedientearen laburpena idatziko du, Zuzendaritza Batzordeak erruztatuak aurkeztutako idazkiaren eta gertatutako guztiaren berri behar bezala eman diezaion Batzar Nagusiari, Batzarrak dagokion erabakia har dezan.

29.9. Elkartetik kanporatzeko erabakia arrazoitua izango da beti, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Interesdunak dagokion eskubidea erabili eta epaitegietara jo ahal izango du, erabaki hori legearen edo estatutuen aurkakoa dela uste badu.

29.10. Bazkide bati jakinarazten zaionean elkartetik kanpo geratu dela, bere borondatez edo zigorren baten ondorioz, elkartearekin oraindik dituen betebeharrak betetzeko eskatuko zaio, hala badagokio.

   
 LAUGARREN KAPITULUA

ELKARTEAREN ONDAREA ETA AURREKONTU-ERREGIMENA

30. Artikulua. Elkarteak ez du sortze-ondarerik.

31. Artikulua. Diru-sarrerak.

31.1. Elkarteak aurreikusi du honako baliabide ekonomiko hauek izango dituela Elkartearen helburuak bete eta jarduerak lantzeko:

a. Ondare-ekarpenak.

b. Batzar Nagusiak erabakitzen dituen bazkide-kuotak, aldizkakoak eta apartekoak.

c. Dagozkion ondasun eta eskubideen emaitzak, eta legez jaso ditzakeen dirulaguntza, legatu, jaraunspen eta dohaintzak ere.

d. Zuzendaritza Batzordeak erabakitako legezko jardueren bidez elkarteak eskuratzen dituen diru-sarrerak; jarduera horiek, betiere, estatutuetan ezarritako helburuak lortzeko izango dira.

31.2. ELKARTEAREN EKITALDIA ETA EKITALDI EKONOMIKOA urtekoak izango dira, eta urte bakoitzeko abenduaren 31n itxiko dira.

31.3. Elkarteak jarduera ekonomikoen bitartez (zerbitzuak ematea barne) lortzen dituen irabaziak elkartearen helburuak betetzeko bakarrik erabiliko dira. Irabazi horiek ez dira inola ere banatuko bazkideen artean, ezta bazkideen ezkontideen edo haiekin antzeko maitasun-harremana duten pertsonen artean eta bazkideen senideen artean ere, eta ezin izango zaizkie doan laga irabazi-asmoa duten pertsona fisiko edo juridikoei.

 

BOSGARREN KAPITULUA

ESTATUTUAK ALDATZEA

32. Artikulua. Estatutuak aldatzea Batzar Nagusiak erabakiko du. Horretarako, ohiz kanpoko bilkura deituko da, eta botoen gehiengo osoa beharko da aldaketa onartzeko.

33. Artikulua. Estatutuak aldatzeko proiektua idatzi eta Zuzendaritza Batzordeak onartu ondoren, Batzar Nagusiaren hurrengo ohiz kanpoko bilkurako gai-zerrendan sartzea erabakiko du Zuzendaritza Batzordeak.

34. Artikulua. Batzar Nagusiaren bilkurarako deialdiarekin batera, estatutuen aldaketaren testua bidaliko da, bazkideek egoki iritzitako zuzenketak bidali ahal izan diezazkioten idazkariari. Zuzenketa horien berri Batzar Nagusiari emango zaio, baldin eta idazkariaren esku badaude bilkura egin baino zortzi egun lehenago. Zuzenketak bakarka edo taldeka aurkeztu daitezke. Idatziz egingo dira, zer testu berri proposatzen den adierazita. Zuzenketak bozkatu ondoren, Batzar Nagusiak estatutuak aldatzeko erabakia hartuko du. Erabaki horrek Elkarteen Erregistro Orokorrean erregistratzen den unetik aurrera bakarrik izango ditu ondorioak hirugarrenen aurrean.

 

SEIGARREN KAPITULUA

ELKARTEA DEUSEZTATZEA ETA ELKARTEAREN
ONDAREA ERABILTZEA

35. Artikulua. Elkartea deuseztatuko da:

a. Bazkideen borondatez. Horretarako berariaz deitutako Batzar Nagusiaren ohiz kanpoko bilkuran adieraziko da borondate hori. Erabakia botoen bi hereneko gehiengo kalifikatuarekin hartuko da.

b. Beste elkarte batzuek xurgatzen badute edo haiekin bat egiten badu.

c. Epai judizial irmo batek hala ezartzen badu.

d. Elkartearen helburuak bete ezin badira.

36. Artikulua. Elkartea deuseztatzen bada, Batzar Nagusiak, erabaki hori hartutako ohiz kanpoko bilkuran, Batzorde Likidatzaile bat izendatuko du, dauden funtsez arduratu dadin; Batzorde Likidatzailea Zuzendaritza Batzordeko hiru kidek osatuko dute.

Elkarteak bazkideekin eta hirugarrenekin dituen betebeharrak bete eta gero ondarerik geratzen bada, irabazi-asmorik gabeko erakunde bati emango zaio, edo Batzar Nagusiak zehaztutako irabazi-asmorik gabeko helburuetarako erabiliko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Estatutu hauek Batzar Nagusiak 2017ko otsailaren 25ean egindako ohiz kanpoko bilkuran onartutakoak indargabetzen eta ordezkatzen dituzte.

 

AZKEN XEDAPENAK

Lehena: Batzar Nagusiak barne-araudi bat onartu ahal izango du estatutu hauek garatzeko; araudi horrek ez ditu inola ere estatutuen preskripzioak aldatuko.

Bigarrena: Estatutu hauek Batzar Nagusiaren ohiz kanpoko bilkuran onartzen diren egunean sartuko dira indarrean.

Bazkide izan nahi duzu? Abantaila handiak dituzu

Izena eman

  • Zure interesak babestu
  • Jardueretan parte hartu
  • Deskontuak ikastaraoetan izena ematerakoan
  • Lan eskeintzak jasotzea
  • Lantaldeetan parte hartzeko aukera
  • Informazio profesionala eguneratua eduki

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialak partekatzeko plugin batzuk erabiltzen ditugu gure webguneko zenbait orrialde sare sozialetan partekatu ahal izateko. Plugin hauek cookieak ezartzen dituzte orrialde bat zenbat aldiz partekatu den zuzen ikusi ahal izateko.