Pasa den urriaren 19 eta 20an ACLEBIMek Guadalajaran antolatu duen Liburutegi Mugikorren 3. Nazio-biltzarrean parte hartu du ALDEEk. Biltzarrean 80 lagun bildu ginen (haien artean iberoamerikar asko) eta 10 bibliobus zuzen-zuzenean ikusteko aukera izan genuen (besteak beste, Bartzelona, Cádiz, Gaztela-Mantxa, León, Madril, Murtzia, Segovia eta Portugalekoak). Gure elkartea propio gonbidatu zuten “Liburuzainen lanbidea: etorkizunerako estrategiak” izeneko eztabaidan parte hartzera Andaluziako Liburuzainen Elkarteko eta Catalunyako Col.legiko lankideekin batera, eta bertan ALDEEko Lan Profilaren gaineko Taldearen esperientzia aurkeztu genuen. ACLEBIMen helburu nagusia zen akordio bat lortzea ondorengo puntu zehatzaren gainean: zeintzuk izan behar diren bibliobusetan lan egiten duten langileen gutxieneko lan kategoriak eta funtzioak. Biltzarrean onartutako proposamenak zera dio: bibliobus guztietan gutxienez liburuzain bat egon behar dela (B mailakoa, Bibliotekonomian eta Dokumentazioan diplomatua) eta beste pertsona bat liburuzain laguntzailea eta gidaria izango dena (C mailakoa eta bibliotekonomiaren gaineko ezagutzekin). Onartutako oinarrizko proposamen hau gaur egun hainbat autonomia erkidegotan (Errioxa, Valentzia, Kataluinia) liburutegi publikoetako langileentzako indarrean dauden legeetan oinarritzen da; eta baita ere laster onartuko den beste lege batzuetan (Andaluziakoa).