ALDEEk 'Antolatzearen diziplina' liburua argitaratu du euskaraz. Liburua ez da salgai jarriko baina bazkideek ale bat opari jasotzeko aukera izango duzue, Lorena Martinez Oronozek ilustratutako poltsarekin batera.
Iragan azaroaren 20an, ALDEEren 30+1 urtemuga ospakizunean, aurkeztu genuen ALDEEk euskaraz argitaratu berri duen Robert J. Glushkoren The discipline of organizing liburua, Antolatzearen diziplina goiburupean.
Liburua osorik itzuli dugu euskarara eta online irakur daiteke HTML, ePUB eta PDF formatuetan, www.aldee.eus webgunean. Horrez gain, gure lanbideei erreferentzia egiten dioten atalik esanguratsuenak paperean argitaratu ditugu. Liburua ez da salgai jarriko baina bazkideek ale bat opari jasotzeko aukera izango duzue, Lorena Martinez Oronozek ilustratutako poltsarekin batera. Urtemuga ekitaldian izan ziren bazkideek han jaso zuten guztia, baina bertaratu ez zirenek urtarrilean izango dute horretarako aukera.
2022ko urtarrilaren 10etik 25era liburua EAEko hiru hiriburutan jasotzeko modua izango duzue behean duzuen inprimakia betez, eta leku bakoitzari dagokion egutegia eta ordutegia errespetatuz.