Botere publikoen jardueraren gardentasuna eta publizitatea sistema demokratikoen kalitatearen inguruko adierazle nagusienetako bi ditugu eta, gaur egun, zenbait erakunde publikorentzat helburu estrategiko bilakatu dira. Bestalde, datu pertsonalen babesarekin lotutako eskubideak errespetatzeak, edozein gardentasun-politika abiarazterakoan kontu handia izatera derrigortzen gaitu. Informazioa tratatzen duten profesionalek, hala nola, artxibozain, liburuzain edo dokumentalistek, egunero pairatzen dute lehen begiratuan kontrajarriak diruditen eskubideetatik eratorritako tentsioa. Egoera hori aztertzeko asmoz, ALDEEk, Artxibozain, Liburuzain eta Dokumentazainen Euskal Elkarteak, Deustuko Unibertsitateko artxibo-zerbitzuaren laguntzarekin, hitzaldi publiko bat eta mintegi profesional bat antolatu ditu maiatzaren 9 eta 10erako. Hitzaldia zein mintegia Auzitegi Konstituzionaleko artxibozain nagusi den Daniel de Ocaña Lacal jaunak emango ditu.