Azaroaren 18an egin genuen "Euskadiko Liburutegiei buruzko Legeak 15 urte: geroa irudikatzen" izeneko jardunaldia Eusko Legebiltzarrean eta oraindik entzule, hizlari eta gonbidatuen esker ona jasotzen jarraitzen dugu. Esker ona da ALDEEri ere ateratzen zaiona, izan ere, harrera ezin hobea egin ziguten Eusko Legebiltzarrean eta horren adibide da hona ekarri nahi izan dugun kronika, jardunaldiaz Legebiltzarreko web gunean argitaratu duten kontakizuna.
Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak (ALDEE) antolatuta, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak inauguratu du jardunaldia.
2007ko urriaren 26an, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak Euskadiko Liburutegiei buruzko 11/2007 Legea onartu zuen. Lege horren helburu nagusia honako hau zen: "liburutegi-azpiegitura eta -zerbitzuak modernoak, koordinatuak eta herritar guztientzako irisgarritasun osokoak izatea, baliabideak hobeto optimizatuta".
Hamabost urte geroago, Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak (ALDEE) egindako eskaerari erantzunez, Eusko Legebiltzarrak jardunaldi bat hartu du, gogoeta egiteko urte hauetan legeak izan duen garapenari eta eraginari buruz eta etorkizunean izango duen bilakaerari buruz.