Gaur egun sortzen ari diren liburutegi eredu berriak ezagutzeko ALDEEk jardunaldi bat antolatu zuen maiatzaren 31n Bilboko La Perrera espazioan “Liburutegi espazio berriak” izenburuarekin. Jardunaldiak gaian sakontzeko eta mahai gaineratu ziren galderen inguruan hausnartzeko aukera eman zuen.
Nolakoak izan behar dute gure liburutegietako espazioek gaur egun? Zer nolako eragina dute espazioaren antolaketari buruz hartzen ditugun erabakiak eskaintzen ditugun zerbitzuetan? Nola bizitzen dituzte erabiltzaileek gure liburutegietan eraikitzen ditugun espazioak? Izan ere, espazioaren diseinu on bat funtsezkoa da liburutegiaren kudeaketarako, baina askotan liburuzainok zailtasunak ditugu espazioaren diseinuak suposatzen duen erronkari erantzuteko. Lan horretan laguntzeko eta gaur egun sortzen ari diren liburutegi eredu berriak ezagutzeko ALDEEk jardunaldi bat antolatu zuen maiatzaren 31n Bilboko La Perrera espazioan “Liburutegi espazio berriak” izenburuarekin. Jardunaldiak gaian sakontzeko eta mahai gaineratu ziren galderen inguruan hausnartzeko aukera eman zuen.
José Pablo Gallo Leónek eman zion hasiera jardunaldiari Beste batzuengandik ikasiz: liburutegien diseinuko joerak aurkezpenarekin. Alacanteko Unibertsitateko Liburutegiko zuzendaria eta Espacio de biblioteca: presente y futuro (UOC, 2022) liburuaren egilea denak liburutegi diseinu berritzaileei buruz hitz egin zuen. Diseinu berritzaile horiek dakarten aldaketa nabarmenena honela laburbildu daiteke: liburuetan oinarritutako espazioetatik pertsonetan oinarritutako espazioetara pasatzen ari gara. Horrek aldaketak ekarri ditu liburutegietako espazioaren antolaketan. Liburutegiak komunitatearen topaleku bezala pentsatzen dira eta espazioak sortu behar dira komunitateak erabil ditzan. Horregatik garrantzitsua da komunitatearen parte hartzea diseinu prozesuan. Bildumak funtsezkoa jarraitzen izaten badu ere, liburuak pisua galtzen du espazioa ardazteko orduan, teknologiak toki berri bat hartzen du eta aldaketak oso azkar ematen diren garai honetan, espazioek moldatzeko errazak izan behar dute erabilera berrietara egokitu ahal izateko. Hizlariak hainbat eredu erakutsi zituen, baina azpimarratu zuen, erreferenteak izatea inportantea bada ere, liburutegi bakoitzak bere errealitatera egokitu behar dituela.
Ondoren Ferran Burguillosek hartu zuen hitza. Bartzelonako Liburutegien Partzuergoko kudeatzailea da Ferran eta Bartzelonako liburutegien eredu arkitektonikoaren arrakastaren gakoaz aritu zen. Bartzelonako liburutegien partzuergoa 40 liburutegik osatutako sarea da, 10 barrutietan banatua. Eredu arkitektonikoaren arrakastaren oinarri bezala epe luzerako planifikazioaren garrantzia azpimarratu zuen, izan ere, Bartzelona liburutegien sarearen lehen plana 1998koa da. Era berean, proiektuak diruz behar bezala hornitzea eta arkitekto eta administrazioen arteko elkarlana ere azpimarratu zituen. Azken hamarkadatan Bartzelonan eraiki edo eraberritu diren hainbat liburutegiez aritu zen.
Jarraian, Bartzelonako Gabriel García Márquez liburutegiaren eraikuntza eta diseinu prozesuari eta prozesu horretan sortutako erronkei buruz hitz egin zuten Guillermo Sevillanok, proiektuaren arkitektoak, Neus Castellanok, liburutegiko zuzendariak, eta José Pablo Gallok Proiektu arkitektonikoa elkarrizketan. Eraikuntza prozesua eta espazioaren antolaketaren inguruan hartutako erabakiak azaldu ziren, eta azpimarratu zen proiektua aurrera eramateko ezinbestekoa izan zela administrazioa eta arkitektoen arteko elkarlana. Era berean, elkarrizketan nabarmendu zen erabiltzaileek ikasi egin behar izan dutela espazio berriak nola erabili, baina liburuzainek ere ikasi egin behar izan dutela erabilera horiek nola kudeatu eta oso garrantzitsua dela erabilera berriek ekarriko dituzten aldaketei egokitzeko gai izango diren espazioak diseinatzea.
Bertako esperientziak elkarrizketan, Oihana Aristondo. Errenteriako Lekuona Fabrikako liburutegiko arduraduna eta Enrique Uriarte, Ignacio Aldecoa Kultur Etxeko zerbitzuburua, aritu ziren hizketan, Santi Romero arkitektoa moderatzailea zutela. Errenteriakoa espazio berri bat da, fabrika baten zaharberritze baten ondorioz sortua. Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxea, berriz, 60. hamarkada bukaeran eraikitakoa eta 70. hamarkadan irekitakoa. Espazio berriek sortzen dituzten erronkak eta zaharrak eraberritzeko beharra izan ziren hizpide baina, kasu batean zein bestean, erabilera berrietara egokitzeko gai diren espazioak diseinatzeko beharra eta erabilera berriei erantzuna emateko erronka aipatu ziren. Bazkaltzeko etenaldiaren ondoren Liburutegi bateko espazioak egokitu eta hobetzea tailerra egin zen Santi Romero arkitektoarekin. Liburutegi bateko espazioak diseinatzeko pausoak azaldu ondoren, partaideek liburutegi baten plangintza gauzatu zuten taldeka, plano baten gainean. Gero talde bakoitzak bere proiektua aurkeztu zuen eta guztien artean komentatu ziren.