Irailaren 11n Tabakaleran elkartu ginen Medialab Tabakalera eta Koldo Mitxelena Kulturuneako Liburutegiarekin elkarlanean antolatu genuen jardunaldi edo lan saioan: "Liburutegiak, interakziorako plaza". Bertan Oscar Rebollo adituaren hitzaldia entzuteko aukera izan genuen eta, orain, Tabakalerako teknikarien lanari esker hitzaldia entzuteko aukera duzu Youtubeko gure kanalean eta Tabakalerako webguenan.
Liburutegiak, ezberdinen arteko topagune irekiak diren heinean, interakzio sozialerako espazioak dira. Berezkoa daukaten izaera horretan sakontzeko hainbat eta hainbat ekimen, jarduera, zerbitzu edota lanlerro landu zein aktibatzen dituzte, askotan beste zenbait eragilerekin elkarlanean, eta, gehienetan, bereziki zaurgarriak diren gizabanako edo giza-taldeak aintzat hartuta.
Gai horren bueltan ia 80 lagun elkartu ginen irailaren 11n Donostiako Tabakaleran. Bertan ezagutu ahal izan genuen liburutegietatik interakzio soziala sustatzen duten hainbat eta hainbat egitasmo biltzen dituen datu basea: Interakzio Soziala Liburutegietan.
Ondoren, dagoeneko martxan dauden egitasmoak abiapuntu hartuta, berriak sortzen hasteko lan-saioa egin zen.
Aurretik, ordea, gaian ondo kokatzeko, Oscar Rebollo adituaren hitzaldia entzuteko aukera izan genuen: "Liburutegian ikusiko dugu elkar: lotura ahulak komunitate indartsuentzat". Bertan sakon aztertzen du liburutegiek topagune, inklusio-foko eta komunitate-dinamizaziorako eremu publiko gisa duten zeregina. Komunitate-ekintzan aditua den hizlariak argitan jartzen du nola gaindi dezaketen zentro horiek ohiko irakurketa-zerbitzuaren mugak, gizarte-kohesiorako sare aktibo bilakatzeraino; betiere, egoera zaurgarrian dauden kolektiboei eta tokiko eragileen arteko sinergiei berebiziko garrantzia emanez.
Oso hitzaldi interesgarria izan zen eta Tabakalerako teknikarien lanari esker guztion eskura jarri ahal izan dugu sarean, bai Tabakaleraren webgunean, bai ALDEEren Youtube kanalean ere.