Zuzenean edukira joan

Ramon Martin Suquiari elkarrizketa egin diogu argitaratu berri den Euskadiko dokumentu-kudeaketa integralaren eta dokumentu-ondarearen legeaz

Mota
Argitalpenak
Data
2022 Uztaila 13

Ekainaren 23an onartu eta uztailaren 13an argitaratu den Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu-Kudeaketa Integralaren eta Dokumentu-ondarearen Legeaz aritu gara Ramon Martin Suquiarekin (Legazpi, Gipuzkoa, 1962), Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoaren arduradunarekin.

Uztailaren 13an argitaratu da legea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Bertan duzue osorik irakurgai.  Hona ekarri nahi izan duguna da gaiari buruz Ramon Martin Suquiari egindako ALDEEren berri-papererako egindako elkarrizketa da.

Ramon Martin Suquiak hasieratik gogorarazi digu 2007tik lau saiakera izan direla legearen inguruan eta ALDEEk hasieratik hartu duela parte prozesuan. 2007an eta 2011n, lege-proiektuetan hasieratik parte hartu zuen elkarteak, baina bi kasuetan ahaleginak zirriborroetan gelditu ziren. Gero  Kultura sailak bultzatutako lege-aurreproiektu bat izan zen, guztiz atzerakoia zena, eta orduan ALDEEk oso paper garrantzitsua izan zuen lege-proiektua bertan behera uzteko. Azkenik, hauxe, laugarren saiakera da aurrera joan dena.

Badugu Artxiboen gaineko lege berria, baina luzea izan da bidea, ezta?

Bai horixe. Artxibo munduan gauzak asko aldatu dira 1990. urtetik hona, eta ordukoa da lehengo artxiboen legea, alderdi historikoari bakarrik begiratzen zion lege bat ez zen nahikoa. Artxibozainak, eta ALDEE bera, aspaldian konturatuta ginen horretaz. Horrexegatik 2007tik lau saiakera izan dira legearen inguruan, 2007an, eta 2011n, lege-proiektuetan hasieratik parte hartu genuen ALDEEren izenean, baina bi kasuetan ahaleginak zirriborroetan gelditu ziren. Gero  Kultura sailak bultzatutako lege-aurreproiektu bat izan zen, guztiz atzerakoia zena, eta orduan ALDEEK oso paper garrantzitsua izan zuen lege-proiektua bertan behera uzteko. Azkenik, hauxe, laugarren saiakera da aurrera joan dena.

Lege baten sorreraren inguruan zeintzuk dinamikak diren ezagutu duzue.

Ba bai, asko ikasi dugu, batez ere lege bat sortzeko prozesuan dauden mekanikak, makinariak, zein garrantzitsuak diren lege-esparruak finkatze orduetan. Halako lege bat idazteko garaian ez duzu, ez, orri txuri bat nahi duzuna bultzatzeko. Kontrabotere asko daude artean, eragin ekonomikoa, juridikoa, edo politikoa mugatzen dituzten kontrabotereak. Planteatzen dituzun gauza asko bidean gelditzen dira, baina sistema demokratikoaren dinamikak dira, batzuetan oztopotzat ikusi ahal dituzunak, bestetik beharrezkoak nahia eta errealitatearen arteko oreka izateko, en fin…  

Zure aburuz, zeintzuk dira lege honen indarguneak?

Garrantzitsua, nire ustez, artxiboen Kultura esparrua gainditzea. Eusko Jaurlaritzako bi sailek bultzatutako legea da, Gobernantzak eta Kulturak, eta nabaritzen da. 2007tik aurrera ALDEEk bultzatzen zuen eskakizuna zen, gure dokumentu guztietan aipatzen zena eta, egia esanda, gutako batzuk gauzatuta ikusteko esperantza gutxi geneukana, baina azkenean horrela gauzatu da. Honakoan elkarte profesional bat izatea  eta indar-ideia batzuk garbi izatea klabeak izan dira. Legea zerbait positibotzat kontsideratzen dut nik, eman beharreko aurrerapauso bat, ezin genuen aurrerapauso hori eman gabe utzi. Nahi bezain ausarta ez da, baina 1990. urteko muga hertsiak urgentziaz gainditu beharra zegoen.

Oro har eta nire ustez, legearen orientazioa egokia da, kontuan hartuta argi eta garbi defendatzen dela dokumentu-kudeaketa eta artxiboen kudeaketa ez direla soilik kultura-arloarekin lotuta dauden jarduerak, baizik eta funtsezkoak direla administrazio-eraginkortasuna, dokumentuetarako sarbidean edo irispidean eta, luzera begira, dokumentuak dokumentu-ondare bihurtzeko tresna gisa. 

Oro har… baina hutsuneak izan badira, ez?

Bai, batzuk garrantzitsuak. Lege ‘ordenatzaile’ baten aurrean gaude, gaur egun finkatuta dagoen paisaia bat antolatzen duena. Ez da inolaz ere lege ausart bat, bide berriak markatzen dituen lege bat. Azkeneko urteetan legedian eta araudietan artxibo eta dokumentu-kudeaketaren inguruan jasotako aginduak oso ugariak izan dira. Eremuaren mugak eta nondik-norakoak finkatuta zeuden, baina oso maila ezberdinetan, berdin legeetan, dekretuetan edo arauetan, legeak egiten duena, nire ustez, hainbat iturritatik datozen elementu horiek guztiak ordenatzea da, ez da gutxi.

Baina EAEko artxibo-sistemen egoera ez da hoberena, ezta gutxiago ere,  eta digitalizazioaren erruz egoera aldatzen ari da egunez-egun, legea motz geldituko ote den beldur naiz. Dena dela, lege honekin lan egin beharko dugu, alderdi positiboak hartu eta gure esparrua garatzen saiatu behar dugu. Lan egiteko beste tresna bat da, zukua atera diezaiogun!

Zertan kontsideratzen duzu legea motz gelditzen dela?

Paradoxa batean aurrean gaude. Digitalizazioa mundua aldatzen ari da eta, nahiz artxiboko lan-eremua gure gizartean oso minoritarioa izan, artxibistikak berebiziko garrantzia izan du garapen horretan. Duela hamar urte artxiboetako profesionaloi esan izan baligute artxibo-teknika batzuk egunerokoan eta legedian inposatuko zirela, ziur barre egingo genuela. Baina gaur egun hor daude, legislazioan: sailkapen taulak, dokumentuak balioesteko politikak, deskripzio metadatoak, transferentziak… Artxibistikak arrakasta izan du, ez, aitzitik eta zoritxarrez, artxibo zerbitzuak ez. Ba hori da legean dagoen hutsune garbi bat. Artxibo-sistema ez duen, edo artxibo-sistema oso ahula duen edozein erakunderentzat, udal artxibo-sistema askotan adibidez, aplikatzeko zailtasun asko aurreikusten dut. Artxibo-zerbitzuen aipamen faltan dago. Legean zeregin asko identifikatzen dira (balioespena, dokumentuak identifikatzeko tresnak…), baina nork egingo du lan hori artxibo zerbitzuak ez bada? Bada, Eusko Jaurlaritzako artxibo-sistemaren kasuan izan ezik, ez dira aipatzen gainerako artxibo-zerbitzuak. Gabezia hori bereziki larria da legearen III. kapituluaren kasuan, toki-erakundeen artxiboei dagokienez.

Zein da artxibo-zerbitzuen egoeraren ahulezia hori?

Administrazio elektronikoaren garapenak eta horrek dakarren konplexutasunak beharrezko egin dute kanpoko zerbitzu komunak erabiltzea dokumentuak kudeatzeko; izapidetze elektronikorako plataforma teknologiko komunak edo informazioa hodeian biltegiratzeko baliabideak, adibidez. Legea aplikatzeko orduan elementurik delikatuenetako bat izango da, seguru; azken finean, administrazioek enpresa publiko edo pribatuen esku uzten dituzte beren ardurapeko dokumentuak. Enpresa horien aurrean artxibo zerbitzuen indarra ahula da, eta legeak ez du beharrezkoa den aspektu hori indartu. Egoera honetan lan asko dago artxibo-zerbitzuen defentsan, eta legeak zehaztasun gutxi ematen digu honetan.

Gardentasunaren inguruan falta bat aipatzen zenuen Legebiltzarrean egindako agerraldian.

Bai, nabarmena ere. Legean gardentasuna aipatzen den leku bakarra zioen azalpenean dago, gero testutik desagertzeko. Zaila zait ulertzen gardentasuna artxiboen egunerokotasunean bizi den zerbait baita. Gardentasun-politika, batzuetan, administrazio-unitate ‘esklusiboen’ esku utzi nahi izan da, artxiboa ez den eremu baten. Ez dakit ez ote garamatzaten halako eredu batera. Gardentasun-politiketan arrakasta duten kasuek erakusten dute gardentasuna zeharkako sistemak ezartzean ematen dela. Eta ondo egituratutako artxibo-zerbitzuak, administratiboak edo historikoak, direla egoera horietan funtsezkoak diren tresnak. 

Eta hemendik aurrera?

Alde batetik, erakundeetan asmo handiko gauza izango da legeak aurkezten dituen aginduak betetzen saiatzea, bi urteko epea ematen da horretarako. Artxibo zerbitzuen parte-hartze aktiboa behar-beharrezkoa izango dugu, lan asko dago horretan. Bestetik, aurreikusten diren garapeneko araudiak funtsezkoak izango dira, eta alderdi horretatik Kultura eta Gobernantza Sailek garatu behar dituzten eginkizunak handiak dira. Espero dezagun horiek betetzea. 

Legea, esan dugunez, ez da oso ausarta baina oinarriak ematen dizkigu artxiboak garatzeko. Artxibozainek eta artxibo-zerbitzuek era positiboan hartu behar dugu eta horrekin lan egin. 

Bazkide izan nahi duzu? Abantaila handiak dituzu

Izena eman

  • Zure interesak babestu
  • Jardueretan parte hartu
  • Deskontuak ikastaraoetan izena ematerakoan
  • Lan eskeintzak jasotzea
  • Lantaldeetan parte hartzeko aukera
  • Informazio profesionala eguneratua eduki

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialak partekatzeko plugin batzuk erabiltzen ditugu gure webguneko zenbait orrialde sare sozialetan partekatu ahal izateko. Plugin hauek cookieak ezartzen dituzte orrialde bat zenbat aldiz partekatu den zuzen ikusi ahal izateko.