Liburutegia, askatasuna eta erresistentzia
- Hiri batean, gozamena ez digute eragiten zazpi edo
hirurogeita zazpi mirariek, hiriak gure galdera bati
ematen dion erantzunak baizik.
Ítalo Calvino
Liburutegiak aldatu egin dira, eta asko, gainera. Agian, esan beharko litzateke etengabe aldatzen ari direla, etengabe eraldatzen, inguruan duten gizartearen moduan. Liburutegiaren gaur egungo kontzeptua, informazioa eta askotariko zerbitzuak eskaintzen dituen espazio ireki eta irisgarriarena, kontzeptu berri samarra da.
El nombre de la rosa lanean, Umberto Ecok (2016) aldi berean sakratua eta beldurgarria den leku gisa deskribatzen du liburutegia, eta gutxi batzuk baino ezin dira sartu bertan.
Liburuzainak bakarrik daki liburuen labirintoan barrena mugitzen, eta berak bakarrik du horretarako baimena; berak bakarrik daki non aurkitu eta non gorde liburuak; bera da liburuen zaintzaren arduradun bakarra (…) Liburuzainak erabakitzen du nola eta noiz eman liburu bat eskatzen duenari, eta komeni den ala ez.
Iruditeria primarioan, jakintzaren gordailu haiek gutxi batzuen ondarea ziren. Gaur zuekin batera imajinatu nahi dugunetik ezin urrunago zeuden. Baina, hala ere, urruneko ikuspegi horretan bada ulertu beharreko ideia bat, orainerako eta etorkizunerako balio duena: ezagutzak, kulturak, eztabaidak eta informazioak ahalmen eraldatzaile, argigarri eta are iraultzaile izugarria dutelako ideia. Ezaugarri horrek, kalitate horrek, garatzen ari garen zereginaren erdigunean jarraitzen du, baina, oraingoan, bultzada eman nahi diogu motor horri.
Gero eta ohikoagoa da liburutegi publikoak espazio komunitario gisa, negozio zentro gisa, arte galeria gisa, trebakuntza zentro gisa eta ideiak eztabaidatzeko foro gisa erabiltzea. Ondorioz, horien eginkizuna dibertsifikatu egiten da, eta esanahia zabaldu, eta jendeak balio handiagoa ematen die. Eskoletako liburutegiak espazio dinamikoak dira gaur egun; zeregin pedagogikoetarako lekuak izateaz gain, leku konprometituak dira hezkuntza komunitateko kideekin eta familiekin, horietako asko inoiz eskolan izan ez badira ere. Gaur egun, gero eta gehiago, liburutegi nazionalak gizarte etxe gisa planteatzen dituzte, eta bizitza kultural, sozial, politiko eta ekonomikoa sormenez hedatzen da bertako korridoreetan barrena, eta ondarezko espazio fisiko tradizionaletatik haratago irteten da, irakurle bila. Unibertsitateetako liburutegiak komunitateari irekitako espazio publiko bihurtzen ari dira, eta eduki akademikoak ez ezik, beste batzuk ere izaten dituzte, askotarikoak, inguruan dutenari erantzuten diotenak.
Liburutegi mota horiek zehazten zituzten mugak lausoagoak dira orain, iragazkorragoak, guztiak ari baitira jartzen beren zereginaren erdigunean jomuga berbera: pertsonak.
Gizartea ere aldatu da. Gaur egun, bizitza komunitarioak beste kode batzuk ditu. Demokrazia ingurune politiko formaletatik kanpo gauzatzen da maizago. Bizitza soziala demokratikoki eratzen da zenbait eremutan. Hala, gizarte garaikideko sektore zabaletan elkarrekin erlazionatzeko erabiltzen ditugun moduek oinarritzat dituzte ekitatea, berdintasuna eta irisgarritasuna, beste balio batzuen artean. Hezkuntza eta kultura ondarea eskurago dituen gizartearen jarrera aldaketak tentsio handia eragiten du beren eskubideak aldarrikatzen dituzten herritarren eta eskaera horiei erantzuteko gabeziak dituen sistemaren artean. Tentsio hori konpondu bitartean, liburutegiek beren gain hartu dute herritarrei egunero eskubideak baliatzen laguntzen dieten espazio demokratikoak izateko funtzioa. Irekitasun kontzeptu horren baitan, inolako mugarik gabeko lekutzat hartuta, liburutegia askatasun espazio bat da. Aipatzen ari garen liburutegiak —liburutegi imajinatuak, une honetan zenbait kontinentetan eraikitzen ari denak— gizarte kohesioa errazten du, eta komunitate bateko kideen gaitasunak hobetzen ditu, gaitasun horien artean bizitza publikoan parte hartzekoa nabarmenduta. Hori bereziki garrantzitsua da, gizarteko bizitza demokratikoaren kalitatea hobetzen duen erakundea dela esan nahi du eta. Liburutegi bat aukera bat da: gizarte inklusiboagoa eta justuagoa izateko aukera; egoera ekonomiko hobea lortzeko eta tokiko bizitza politikoan neurri handiagoan parte hartzeko aukera, bazterketa eta atzerapen handieneko egoeran daudenentzat, bereziki.
Gaur egun, pertsonok erlazionatzeko eta garatzeko erabiltzen ditugun espazio gehienak pribatuak edo komertzialak dira; testuinguru horretan, liburutegia aisialdi kulturalerako espazio publiko eta doako bat da, komunitate bateko herritarrei giza alderdiaren ezaugarri ugariak garatzeko aukera ematen dien leku bat. Eta liburutegiek ohartu behar dute eginkizun horretaz, sakonduz joango baita, denborak aurrera egin ahala, eta gero eta modu erabakigarriagoan hedatuko baita. Espazio publikoak eta komunitarioak eskubide osoz herritar batzuek bakarrik erabil ditzaketen espazio komertzialetara edo espazio digitaletara mugatuz doazen heinean, liburutegia erresistentziarako espazioa izango da, are iraultzarakoa ere, eta bertan irakinaldian jarraituko dute bizitza komunitarioak, berdinen arteko topaketak, sorkuntzak, eztabaidak eta pentsamenduak.
Alabaina, eginkizun hori ez da automatikoki lortuko, eta liburutegiek beren komunitateekin elkartuta lan egin behar dute estatus hori lortzeko. Oso ongi ezagutu behar dituzte komunitateak, informazio premiak edo zerbitzu eskaera espezifikoak ez ezik, bizitzako nahiak eta garapen indibidual zein kolektiboko xedeak ere ase behar baitizkiete; labur esanda, liburutegiek egunerokotasunean murgilduta egon behar dute, komunitatearen bihotzean taupadaka.
Liburu honek liburutegien eraldaketaren alderdi batzuk jorratu nahi ditu; horietako asko funtsezkoak dira, nire iritziz. Era berean, azaldu nahi du nola bihurtu den liburutegia aldaketarako eragile, bai ingurune hiritarrean, bai landatarrean. Ingurune askotan, liburutegia da espazio publiko eta kultural bakarra, komunitateari munduarekin konektatzeko, trebatzeko, berritzeko eta sortzeko aukera ematen dion lekua. Planetako eskualde zabaletan, liburutegia harrera espazioa da etorkinentzat, etxegabeentzat edo gaitasun desberdinak dituztenentzat. Bertan, denak tratatzen dituzte pareko gisa, denak dira subjektu eskubidedunak, eta eskuragarri dituzte kultura, jarduerak, ziberespazioa eta irakurketa, jakina.
Gaur egun, liburutegi askok erakutsi dute eraldaketa egingarriak direla, eta ezinbesteko bihurtu dira beren komunitateentzat. Liburutegi horietan, lorategi iraunkor batean bezala loratzen da bizitza, eta milaka espezie eta barietate elkarrekin bizi dira, elkar elikatuz, guztien gozamenerako. Izan ere, liburutegi bateko zerbitzuek komunitateko kideek lortu nahi duten berbera dute helburutzat; hots, bertan bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzea.
Kenya aniztasun handiko herrialdea da: ia berrogeita hamar milioi biztanle ditu; berrogeita bi talde etniko bizi dira bertan, eta hirurogeita zortzi hizkuntza inguru hitz egiten dira. Hiriburua, Nairobi, erdialdeko Afrikako Manhattantzat dute, garapen ekonomikoa dela eta. Garapen bidean den herrialde bateko hiri handi orotan gertatzen den moduan, biztanleen zati handi bat pobrezian eta muturreko pobrezian bizi da. Nairobin bertan dago Kibera, munduko giza egonleku irregular handiena, non milioi eta erdi pertsona inguru muturreko baldintzetan bizi diren, edateko urik gabe, kale formalik gabe, eta gela bakoitzean batez beste bost pertsona pilatuta.
Kiberan zazpi tribu aurkari bizi dira. Inoiz ez dira eseriko mahai berean; ez diote elkarri bisitarik egingo, eta seme-alabak ez dira lagunak izango eskolan.
Kiberaren erdian liburutegi bat dago; ezohiko espazioa da. Energia elektrikoa eta Interneta ditu, baita liburuak, altzari zainduak eta ekipamendu teknologiko bikaina ere. Kiberako biztanle guztiek zaintzen dute liburutegia, badakitelako abandonatutako bizitoki horretan itxaropenerako espazio bakarra dela: bertan, urrun dauden senideekin hitz egin dezakete, baita lana bilatu ere, edo elkarrizketa bat prestatu eta curriculuma idatzi. Bertan, etxean sekula izango ez dituzten liburuak eta teknologiak erabil ditzakete neska-mutilek.
Mary Kinyanjui liburutegiko buruak azaltzen duenez, liburutegia salbuespenezko espazio bat da, baina ez soilik liburuengatik edo Interneterako sarbidea duten ordenagailuengatik. Kiberako Liburutegi Komunitarioa ezohikoa da, egunero sartzen direlako bertara haurrak eta helduak, mahaietan eseri eta eskura dituzten zerbitzuak partekatzera. Hori ez litzateke gertatuko hiriko, herrialdeko edo kontinenteko beste inongo lekutan: liburutegi horretan, espazio ireki eta seguru horretan, aurkariak diren zazpi tributako kideak mahai berean eser daitezke, eta ezagutzak nahiz irribarreak parteka ditzakete. Espazio ohoratu, baloratu eta babestua da, baina Ecok adierazitako zentzuaren oso bestelako zentzu batean.
Liburutegi bat ez da neurtzen ez eraikinaren metro karratu kopuruaren arabera, ez zerbitzu kopuruaren arabera, ezta erabiltzaile edo mailegu kopuruaren arabera ere, edo jasotako aitorpen publikoen arabera; bere komunitatearen galdera bati ematen dion erantzunaren arabera neurtzen da.
