Liburutegia gizarte garaikidean

Gaur egun, komunitate askotan jarduera kulturalak garatzeko guneak dira liburutegiak, baita herritarren bizitza sozial, ekonomiko eta politikoaren zati handi baten agertokia ere. Hiri gehienetan, bereziki hirigune nagusietatik urrun dauden hiri txikietan, liburutegia da herritarrek erabilgarri duten espazio kultural bakarra, eta beste kasu askotan, komunitateek partekatzen duten kalitatezko eta doako espazio publiko bakanetakoa da. Zenbaitetan, liburutegi publikoek oso eredu arkitektoniko onak izaten dituzte, eta haien inguruan identitate bat eraikitzen laguntzen diete komunitateei; herritarrek zerbaiten parte direla sentitzeko aukera izaten dute. Ildo horretan, liburutegi baten eraikinak inguruan duen komunitatearen identitatea eta memoria islatu behar lituzke, baita etorkizuna ere.

Gaur egun, munduko hiri askotan, profil altuko arkitektoak bilatu dituzte, liburutegi publikoak hiriko helmuga interesgarri bihurtu nahian; turistak erakartzea eta, aldi berean, auzoak suspertzea lortu nahi dute. Zenbait liburutegi berri eta zaharberritutako beste batzuk oinarrizko erakunde publiko bihurtu dira munduko hainbat txokotan; horren adibide dira, besteak beste: Seattle eta Chicagoko liburutegiak, Estatu Batuetan; Virgilio Barco liburutegia, Bogotan, Kolonbian; Santiagoko liburutegia, Txilen; José Vasconcelos liburutegia, Mexikon; Kolonia eta Berlineko liburutegiak, Alemanian; Dokk1 liburutegia, Aarhusen, Danimarkan, edo berriena, Oodi, Helsinkin, Finlandian. Hiri horietako askok XIX. mendeko eta XX. mende hasierako kontzeptu batzuk berpiztu nahi izan dituzte, liburutegiak hirietarako eraikin enblematiko gisa eraikitzeko, baina aurrekoek erabilitako kontzeptuen oso bestelakoak erabiliz.

Liburutegien eraikinak malguak dira, eta sektore publiko nahiz pribatuaren garapenetara moldatzen dira; horrek bertako baliabideak eta zerbitzuak beste zerbitzu komunitario batzuekin arrakastaz bateratzea ahalbidetzen du. Erabilera partekatua ez da ohitura berria; XX. mendearen hasieran, Europako eta Estatu Batuetako liburutegi asko leku garrantzitsuetan kokatuta zeuden, hirietako kale nagusietan, merkataritza guneetatik hurbil, udaletxeen ondoan, zerbitzu publikoetatik edo postetxetik hurbil. Gero eta gehiago, liburutegiak beste eraikin publiko batzuetatik hurbil kokatzen dira, hala nola eskoletatik, gizarte zentroetatik edo parkeetatik hurbil, eta barne hartzen dituzte, halaber, erakusketa aretoak, kafetegiak, liburu dendak, oroigarrien dendak edo saltokiak, bisitari gehiago erakartzeko; gainera, batzuetan museoak, kultura etxeak eta are zinemak ere izaten dira eraikin berean. Liburutegiak beste zerbitzu batzuekin bateratuz, hobetu egiten da komunitate baten garapen kulturalean betetzen duten funtzioa.

Liburutegiak oso eginkizun garrantzitsua du komunitatean, hirien eta herritarren garapenerako funtsezkoa baita etxebizitzak, enplegua, zerbitzuak eta espazio publikoak modu orekatuan konbinatzea. Era berean, liburutegiak sozializazioa sustatzeko leku komunitarioa izan behar du. Ikasketarekin eta irakurketarekin lotuta duen berezko eginkizunetik haratago, biltzeko lekua ere izan behar du, komunitateari motibazio desberdinak eta zenbait jarduera aukeran eskainiko dizkion espazio bat. Liburutegiak beste erabilera eta jarduera batzuekin konbinatuz, eraikin irekiak eta erakargarriak diseinatu dira. Konbinazio horiek indartu egin dute liburutegiaren funtzioa doako sarbide publikoa sustatzen duen eta interes publiko zein pribatuen artean lankidetzazko harreman elkarrekikoa sortzen laguntzen duen espazio gisa.

Alistar Black eta Simon Pepper ingelesek egindako ikerketa batek Britainia Handiko liburutegi publikoen eredua aztertzen du XIX. mendetik gaurdaino, eta ondorioztatzen du «liburutegi publikoek beren historian zehar izandako ezein eraldaketa ez d(el)a izan azken urteetan garatu dena baino handiagoa» (2012, 461. or.).

Era berean, Blackek eta Pepperrek aipatzen dute liburutegi publikoa presente egon dela Britainia Handiaren historian zehar, eta bertako hirien aurrerapen soziala eta materiala islatzen dituen leku garrantzitsutzat baloratuta dago.

Laburbilduz, liburutegi publikoa hiriko esparru publikoko erakunde garrantzitsua da, topaleku pribilegiatua. Berezkoa du espazio demokratikoa, hezitzailea eta inklusiboa izatea, definizioz.

Liburutegiek komunitatea elkartzen dute, eta sektore babesgabeak zentzu zabalean suspertzen laguntzen dute. Eta askotariko pertsona eta komunitateentzako zentro komunitarioak direnez, horien beharretara egokitzen dira. 1990eko hamarkadara arte, irakurketa gelak ziren liburutegian eskaera handiena zuten zerbitzuak. Hori aldatu egin da, ordea, eta gaur egun ohikoa da Afrikako liburutegi gehienetan, adibidez, garrantzi handiagoa ematea informazioaren eta komunikazioaren teknologiei (IKT), eskainitako beste zerbitzu gehienei baino; ondorioz, teknologia ikasteko zentro bihurtzen dira, bereziki liburutegi txikienak. Adibide horrek oso ongi erakusten du nola moldatu diren liburutegiak beren komunitateen behar ekonomikoetara, eta, horri esker, ekarpen nabarmena egiten diote herrialdeen hazkundeari.

Munduaren arazo nagusietako bat desberdintasuna da. Hezkuntzaren eskuragarritasunean eta kalitatean dagoen desberdintasunak ondorio ikaragarriak ditu pertsona batek bere egoera ekonomikoa hobetzeko duen ahalmenean. Garapen bidean diren herrialdeetan, non hezkuntza desberdintasuna nabarmenagoa den, liburutegiek aukera dute arrakala hori ixten laguntzeko. Thailandiako ipar-ekialdeko liburutegi komunitarioei buruzko ikerketa batek erakutsi zuen liburutegi horiek espazio bikaina direla emakumeen hezkuntzarekin eta ahalduntzearekin lotutako arazoei heltzeko. Zenbait programaren bidez, liburutegiek amengana hurbildu ahal izan zuten, eta laguntza eskaini zieten, eta hezkuntza oinarri sendoagoa eman zieten haien seme-alabei.

Azken finean, liburutegiak komunitate bateko kide guztiengana iristen dira, beharretan laguntzera eta bizitza aberastera. Liburutegiak gizarte garaikidean duen funtzioa etengabe aldatzen da, eta erakunde bakoitza desberdina izango da, zer komunitatetan esku hartzen duen.