Liburu honi buruz

Liburu honek Gonzalo Oyarzún liburuzain txiletarraren zortzi testu biltzen ditu, gaur egun liburutegi publikoek gure bizitzetako zenbait alderditan duten eginkizunaz hausnarrarazi nahi digutenak. Nolanahi ere, ez dira azalpenezko testu zurrunak, egileak proposatzen duen liburutegi imajinatua amestera eta desiratzera garamatzaten orrialde inspiratzaileak baizik.

Hasteko, liburutegiek komunitatearekin eta garapen sozial, ekonomiko nahiz kulturalarekin duten loturak azaltzen dizkigu Oyarzúnek, eta ondoren, gaur egun Latinoamerikan loratzen ari diren bost esperientzia aurkezten dizkigu. Azalpen horien bidez, berretsi egiten du liburutegiek paradigma aldaketa bat behar dutela, pertsonak jartzeko beren ahaleginen erdigunean. Izan ere, liburutegiak haiei erantzun behar die, eta haiei eman behar die zerbaiten parte sentiaraziko dituen espazio bat, eskubideak aitortuko dizkien espazio demokratiko bat, parekoekin eztabaidatzeko eta hitz egiteko aukera eskainiko diena, baita askatasun osoz sortzekoa ere.

Baina egilea ez zaigu ari utopia edo amets baten eraikuntzaz. Liburutegi hori jada eraikitzen ari dira munduko txoko askotan: herrialde garatuetan zein Afrikako komunitate txikienetan, Europako iparraldean nahiz Txileko eskualde australenetan. Gure herrialdean ere badira liburutegi imajinatuak. Esperientzia horiek aztertzea eta izan dezaketen inpaktua ikustea, hori da egin beharrekoa, kasu bakanak izan beharrean orokortuak izan daitezen lortzeko. Arazoak eta gabeziak aukera bihurtzeko; adostasunik ez dagoen lekuetan komunitateak modu ireki, doako, inklusibo eta beroan konektatuko dituzten zubiak ereiteko.

Egileak ohartarazten digunez, aldaketa hori ez da automatikoki gertatuko, eta are gutxiago liburutegiak ez badira hurbiltzen beren komunitateetara; soilik erabiltzailetzat edo onuraduntzat jotzen badituzte, eta ez eraldaketarako eragile aktibotzat. Ez, «liburutegiek egunerokotasunean murgilduta egon behar dute, komunitatearen bihotzean taupadaka».

Hortaz, liburutegi imajinatua Aleph moduko bat da, eta bertan guztiok sartzen gara, denbora guztiek bat egiten dute eta ideiak hazten dira. Bertan egoteko gogoa piztuko digun lorategi bat da.