Ezagutza gorde, sortu eta berregiten den lekua: Kankuaka Liburutegi Komunitarioa, Kolonbian
Liburutegi komunitarioak gizartearen eta kulturaren garapenerako funtsezko faktoreak izan dira Latinoamerikan. Horrelako liburutegiak komunitateen ekimenari eta antolakuntzari esker sortu dira; askotan ez dute jaso gobernuen babesik, eta funts propioen bidez eutsi behar izan diote. Ondorioz, komunitate horietako kideen behar eta eskaera premiazkoenen adierazpen zehatz bihurtu dira askotan. Azken batean, haurren hezkuntzari laguntzen dioten liburutegiak dira, inguruko ingurumen arazoei erantzuten dietenak, emakumearen eskubideak defendatzen dituztenak eta herritarren hobekuntza ekonomikorako praktika jasangarriak sortzen dituztenak.
Espazio horietako asko berrikuntzaren, ahalduntze komunitarioaren eta aldaketa sozialaren adibideak dira. Nonahi daude halakoak: Oaxacako Mendilerroan, Mexikon; Honduras eta Guatemalako eremu indigenetan; Cajamarcako landa eremuetan, Perun; Argentinako hiri edo herrialde bakoitzean; Amazoniaren bihotzean, Brasilen.
Hortaz, liburutegi komunitarioak oinarrizko zerbitzua dira, komunitatearen neurrira egindako elementuak. Eta mundua ulertzeko modu bat ere badira.
Santa Marta
Nazio Batuetako zientzialarien iritziz, planetako ingurune natural paregabeenen artean dago Kolonbiako Sierra Nevada de Santa Marta. Horren ondorioz, UNESCOk Biosferaren Erreserba eta Gizateriaren Ondare izendatu zuen 1979an. Hainbat eta hainbat bizi forma daude bertako ekosisteman, eta bertan bizi dira zenbait komunitate indigena, Sierra Nevadako mendiak sakratutzat dituztenak.
Gaur egun, ordea, ehun eskaeratik gora daude eremu horretan eskala handiko erauzketak gauzatzeko. Horrek, ezbairik gabe, erabat aldatuko lituzke bertako klima eta ekosistema. Interes ekonomiko horiez gain, eskualdeko bizikidetzari eta kultura indigenei eraso egiten dieten eragile armatuak agertu dira, eta komunitate indigena horiek sarraskiak, desplazamenduak eta buruzagien hilketak jasan dituzte. Ingurune horretan dago Kankuaka Liburutegi Publikoa, Kankuamoen Babesleku Indigenaren barruan.
1. Kankuaka Liburutegi Publikoa
Kankuaka hitzak «ezagutza gorde, sortu eta berregiten den lekua» esan nahi du.
Kankuamoen kulturan, liburutegi nozioa ez da berria; aitzitik, lurraldeari lotuta dago. Bertako liburuzainek diotenez, liburutegiak memoriaren kodea gordetzen duten lekuak dira, oroitzapenen eta berregiteen gordelekuak; baina oroitzapen eta berregite horiek ez dira iraganeko elementutzat hartzen, orainaren partetzat baizik.
Kankuamoen kulturan, irakurtzeak lotura du usainekin, zaporeekin, lurrarekiko lotura sentitzearekin, ereitearekin, inguruko elementu bakoitzarekiko komunikazioarekin, naturarekiko lotura sakonarekin, lurraldekide duten izakietako bakoitzaren bizimodua ulertzearekin. Eta lotura du, halaber, idaztearekin, pentsatzearekin eta inguruko elementuak behatzearekin. Horregatik, Kankuaka Liburutegiak liburuak eta ingurunea sustatu ditu, aldi berean.
Testuinguru horretan, irakurketari, idazketari, hezkuntzari eta kulturari begira dituzten zeregin tradizionalez gain, liburutegiek beste proiektu teknologiko batzuk ere gauzatu dituzte, Kankuaka munduarekin konektatzea ahalbidetu dutenak; horiei esker, Kolonbiako liburutegi onenetako bat izatea lortu du.
Liburutegiaren zerbitzu nagusien artetik, honako hauek nabarmentzen dira:
Kanduruma-lab «Aprender en el hacer de la comunidad » (Komunitatearen jardunetik ikastea): liburutegi ireki eta konektatuaren ideia erabiltzen duen sormen laborategia, non jakintza, jakin-mina eta jarduna liburutegiko lau paretetatik ateratzen diren, haur eta gazteekin batera. Ideiak, jokoak eta proiektuak partekatzeko maker space bat da. Gero, ekimen sortzaileak garatzen dira, hiru ardatzetatik abiatuta: hedabideak (idatziak eta ikus-entzunezkoak), artea eta kultura, eta ingurumena. Erdietsitako lorpenak tarteko, ekimen honek berrikuntzaren EIFL saria jaso zuen.
Liburuzainen gidaritzapean, haurrak komunitatera irteten dira informazio bila. Adinekoak elkarrizketatzen dituzte; argazkiak nahiz objektu tradizionalak biltzen dituzte, eta herriko bizitzako nahiz ingurumeneko eszenak atzematen dituzte argazkien eta bideoen bidez. Liburutegira itzulita, istorioak idatzi, erakusketak prestatu eta komunitateko mapak marrazten dituzte. Ekimenaren izenak bertako tradizio batean du jatorria. Topaketen datak ezin dira errutinari begiratuta finkatu, mendilerroko denboren araberakoak direlako, eta, ondorioz, norbaitek Kanduruma aipatu zuen, agerpen bat, komunitatearen inguruan ibiltzen den espiritu bat. Hortik abiatuta jaio zen El guardián de la Sierra (Sierrako zaindaria) izeneko film laburra, oporraldian Kankuaka Liburutegian sortutako lana, haurrek egiten dutenaren erakuslea. «Ekimenak belaunaldien arteko loturak indartu ditu. Belaunaldi desberdinetako jendea ezagutzak partekatzen ari da, komunitatea nola garatu eta ekosistema handi hau nola babestu ikasteko», azaltzen du Souldes Maestre Monterok, liburutegiko buruak.
2020an zehar, komunitateko helduen gidaritzapean eta jatorrira itzultzeko asmoz, Kanduruma-lab ekimenak beste etapa bati ekin zion, adinekoen mezua indartzeko. Pandemian, bideoak eta podcast bat sortu, eta hogeita hamar etxeko baratze jarri zituzten. Komunitatearen ahozkotasunak, istorioek eta sormenak urruntze fisikoaren mugak gainditu zituzten.
«Chaskis, Postales del Territorio» (Chaskis herria: lurraldeko postalak): lan hau Kankuamoen Babesleku Indigenako gazteek eta haurrek egindako ikus-entzunezko praktiken eta laborategien emaitza da, haiek sortua eta ekoitzia. Kankuamoen Babesleku Indigenako haur eta gazteek eta inguruetako laguntxoek beren sorterriei buruzko bideoak sortu, eta esperientziak trukatu zituzten.
«Para el mundo, Leyendas Vivientes» (Munduarentzat, kondaira bizidunak): belaunaldi arteko eta nazioarteko proiektua, non interakzioan dauden ahozko kultura eta kultura digitala. Latinoamerikako eta Europako aitona-amonek gordetako ahozko tradizioa biltzea eta irudiztatzea du ardatz, eta gazteek berreskuratzen dute, trebakuntza ibiltarietan lortutako animazio teknikak erabiliz. Gainera, irakasleek eta gazteek doan deskarga dezaketen eskuliburu bat garatu da, esperientzia mundu osoan barrena berregin ahal izateko.
Kankuamo Gazteen Batzordea: Kankuaka Liburutegi Publikoaren laguntzarekin, non gazteek alfabetatze mediatikoari buruzko hezkuntza jasotzen duten, baita ingurumenari eta kankuamoen kulturari buruzko kontzientziazioa ere, ikus-entzunezko zenbait ekoizpen garatzen ari dira, helburutzat dutenak indigenen eskubideak, lurraren babesa, elikadura burujabetza eta tokiko ekosistema errespetatzen duen bizimodua sustatzea. Tailer horri esker, Radio Tayrona Estéreo irratian emango dituzten bost irratsaio sortuko dituzte, baita bideo labur bat ere, eta gazte ekintzetarako blog bat eta podcast kanal bat. Era berean, alfabetatze mediatikoan trebatuko dira Sierra Nevada de Santa Martan bizi diren laurehun gazte baino gehiago.
Hau ez da ohiko liburutegi bat
«Liburutegia itxita egoteak (COVID-19aren ondorioz) ez du ezertan aldatzen haurren jarrera, haiekin egiten dugun lanak berdin jarraitzen baitu», dio Souldes Maestre liburuzainak, zeinak azaldu baitu kankuamoentzat liburutegia ez dela espazio fisiko bat.
2020ko uztailean El Heraldo egunkariari emandako elkarrizketa batean, Maestrek azaltzen du haur guztiek ortua dutela etxean. Haurrek beren lurrari begira hartua duten konpromisoa da ereiten duten bitartean
beren historia kontatzea. Ideia zera da, haurrek adinekoengana jotzea eta familiako jakintzetatik ikastea. Aitonak garai batean nola ereiten zen kontatzen du, nola lantzen zuten hazia, nola zaindu behar diren landare desberdinak, ilargiaren zer etapatan erein behar den… Era horretara, gure kultura berreskuratzen dugu baratzearen bitartez.
