Liburutegia eta giza garapena
Liburutegi publikoek gero eta gehiago laguntzen dute zenbait arlotan kapitala sortzen, batez ere giza garapenaren ikuspegitik, garapen hori pertsonen gaitasunak handitzeko prozesutzat hartuta. Horretarako, garatzeko ahalegin ororen erdigunean pertsonak jarri behar direla onartzen dute, eta horiek ez direla onuradun hutsak, benetako subjektu sozialak baizik. Ildo horretan, zenbait alderdi identifikatu beharra dago, horiek ahalbidetzen baitute adierazleak eraikitzea, eta agerian uztea zenbaterainoko ekarpena egiten duten liburutegi publikoek bost interes arlotan: giza kapitala eta kulturala, kapital soziala, kapitalizazio ekonomikoa, inklusio digitala eta garapen komunitarioko pertzepzioa.
Liburutegi publikoen ekarpenak giza garapenari: interes arloak
| Giza kapitala eta kulturala | Ezagutza, jakintza, hizkuntza eta kode berriak txertatzen laguntzen dute. |
|---|---|
| Kapital soziala | Lankidetza eta konfiantza harremanen sarea sortzen laguntzen dute. |
| Kapitalizazio ekonomikoa | Komunitatearen baldintza ekonomikoak hobetzeko aukerak aprobetxatzen laguntzen dute. |
| Inklusio digitala | Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien eskuragarritasunean eta erabileran dagoen arrakala ixten laguntzen dute. |
| Garapen komunitarioko pertzepzioa | Liburutegiak lurralde ikuspegitik bere garapen orokorrari egiten dion ekarpenaz ohartzen da komunitatea. |
| Iturria: Andrade, 2012 |
Munduko liburutegiek adibide ugari eskaintzen dituzte, giza garapenari nola laguntzen dioten erakusteko. Seguru asko, kapital kulturala da berezkoen sentitzen dutena eta maiztasun nahiz intentsitate handienaz garatzen dutena. Asiako hegoaldeko landa eremuetan, READ Global programak adin guztietarako alfabetatze jarduerak gauzatzen ditu liburutegietan. Ekimen hori oso lagungarria da eskualde horretako herritarrentzat, hezkuntzak batez beste 4,7 urte irauten baitu bertan. Kolonbiako Fernando Gómez Martínez Liburutegi Publikoak sarbide bereziak ditu, eta desgaitasunen bat duten pertsonak trebatzen ditu, beharrezko gaitasunak garatu ahal izan ditzaten, lanpostuak betetzeko edo artisautza modu askotarikoak ikasteko. Kazakhstango Oralkhan Bokeev hiriko liburutegiak zenbait trebezia digital irakasten dizkie desgaitasunen bat duten hogeita bat urtetik beherako gazteei, talentu sortzailea garatu dezaten; autoestimua hobetzen laguntzen die ekimen horrek. Ethiopia Reads programak hirurogeita hamar liburutegi baino gehiago jarri ditu Etiopian, eta langileak trebatu ditu; era berean, liburutegi mugikorrak bidaltzen ditu landa eremuetara, zaldiak erabiliz (Horse Powered Literacy), eta, horrela, informazioaren eta ikaskuntzaren garrantzia eta onurak sustatzen ari da, garapenerako espazioak eta tresnak eskaintzeaz gain. Errumanian, landa eremuetako liburutegiek kodetze trebezien garapena bultzatzen dute hamar urtetik hamalau urtera bitarteko gazteen artean. Era berean, herrialde horretan abian jarri zuten «Code Kids» izeneko programa, gaitasun digitalen arloan Europar Batasunarekiko zegoen desorekari aurre egiteko asmoz; horretarako, «ezagutza, jakintza, hizkuntza eta kode berriak txertatzeko» ahalegina egin behar izan zuten. 1995az geroztik, Txileko Patagonian, Chiloéko itsasontzi txiki bat Quemchi herriaren parean dauden dozena bat uhartetatik igarotzen da egunero. Iristeko zailak diren bizitokiak dira, askotan energia elektrikorik ere ez dutenak, ezta inolako komunikaziorik ere, eta, zenbaitetan, baldintza sozial dramatikoen agertoki. Teolinda Higueras kultura kudeatzaile ezagun eta sarituaren eskutik, Bibliontziak hogeita bost urte baino gehiago daramatza liburuak, irakurketa eta kultura eramaten lehen horrelako ezer gutxi zeukaten espazioetara. Mechuque uhartea, Chauques uharteak, Butachauques uharteak eta Tac uhartea duela hiru hamarkada hasi ziren aurpegiak aldatzen eta bakardadetik irteten, eta gaur egun, munduarekin komunikatzen dira, Interneterako konexioa duten ordenagailuei esker. Gaur egun, Bibliontziak zortzi mila laguni baino gehiagori ematen die zerbitzua, eta bisitatzen dituen hamaika uharteetako bizimodua eraldatzen du.
Kapital soziala, adibidez, ondorio on edo positibo sorta bati lotuta dago: osasun hobea, enplegu tasa handiagoak eta interakzio sozial hobea, besteak beste. Liburutegiak komunitateari irekitako espazio demokratiko eta inklusibo bihurtzeko estrategien eraginez, kapital sozialaren ekoizle garrantzitsu ere bihurtu dira, pertsonak elkarren artean eta elkarte, ekintza nahiz jarduera komunitarioekin konektatzen dituztelako; izan ere, biltzeko eta elkartzeko lekua eskaintzen dute, publiko ororentzako doako zerbitzu giroan. Gainera, liburutegian harreman produktiboa sortzen da etengabeko ikaskuntzaren edo bizitza osoko ikaskuntzaren artean, eta hori da erakundearen zutabeetako bat. Horrekin batera, kapital soziala sortzen da, eta hori eginkizun oso garrantzitsua da.
San Javier La Loma auzo mistoa da: langile klaseko jendea dago, alde batetik, eta nekazariak, bestetik. Hogeita bost mila biztanle inguru ditu, eta Kolonbiako bigarren hiri handienean dago, Medellinen, kanpoaldean. Bertako beharretara bideratutako zerbitzu komunitarioak ezartzeko ahalegin handia egiten bazuen ere, auzoko liburutegi publikoak arazo bat zuen beti: ez zegon tokiko mapa berririk. Azken mapa ofiziala 1971koa zen, eta, horrenbestez, auzoa ia ikusezina zen Kolonbiarentzat eta munduarentzat. Liburutegiak irtenbide bat bilatu zuen: mapaketa komunitario bat egitea, komunitateak berak auzoaren mapa sor zezan. San Javier La Lomako laurehun bizilagunek baino gehiagok parte hartu zuten proiektuan, eta oroitzapenak, argazkiak eta istorioak erantsi zizkioten mapaketa proiektuari. Gaur egun, mapa berriak online daude, eta komunitateko kideek etengabe alda ditzakete, bere kokapenean eta bizitzetan gertatzen diren aldaketak islatzeko. 2014an, proiektuak EIFL Public Library Innovation Awards saria jaso zuen, liburutegietan IKTen erabilera sortzaileari egindako ekarpenagatik.
Sarri, etorkinen populazioek kapital sozial txikiak izaten dituzte. Orokorrean, etorkinek atzean uzten dituzte gizarte sare egonkorrak eta ohiturak, beste herrialde batera alde egiten dutenean, eta bertan dena zaie ezezagun. Haientzat, liburutegia lehen harrera lekua izaten da askotan; liburutegian ez diete paperik eskatzen; ez diete exijitzen ez hizkuntzarik, ez legezko baimenik; liburutegian, etorkinek eskura dituzte liburuak, egunkariak eta aldizkariak, Interneterako konexioa duten ordenagailuak eta seme-alabentzako espazio bat. Germán Machado uruguaitar poetak honela azaldu zuen Facebookeko kontuan:
Pare bat urte eman nituen Katalunian, ilegal gisa. Ez nuen ez erresidentziarik, ez herritartasunik. Baina ezin dut esan «paperik gabea» nintzenik, paperak baneuzkan eta. Bat. Bat bakarrik. Generalitateko Xarxa de Biblioteques Municipals edo Udal Liburutegi Sareko txartela zen. Vic hirira iritsi eta astebetera egin zidaten. Joan Triadú liburutegian. Hori zen nire erresidentzia eta herritartasun dokumentu ofiziala. Pozten nau pentsatzeak liburutegiek beste edozein erakunde publikok baino lehenago ematen dutela eskubide hori; liburutegiek harrera egiten dutela; liburutegiak sustraiak botatzeko lur irmoak direla, zatozen lekutik zatozela eta zure egoera edozein dela ere.
Liburutegiek jatorrizko herrialdeekin lotura kulturalak, literarioak eta sozialak mantentzeko aukera ematen diete etorkinei; era berean, herrialde berriko bizitzara moldatzeko behar duten informazioa eskura dezakete bertan. Halaber, liburutegiak funtsezko eginkizuna bete dezake etorkinen integrazio prozesuan, haiek komunitateko beste kide batzuekin harremanetan jarrita, eta prozesuan lagungarriak gerta dakizkiekeen zerbitzuak eskainita, hizkuntza eskolak, beste askoren artean.
Ildo horretan, Torontoko Liburutegi Publikoak siriar errefuxiatuak Kanadako bizitza berrian txertatzeko programa bat garatu du. Erabiltzaileen erdiak etorkinak zirela ikusirik, erakundeak behar bat identifikatu zuen, eta herrialdera, oro har, eta bereziki Torontora iritsi aurretik eta ondoren errefuxiatuekin komunikatzeko modua bilatu zuen. Hala, orientatzen laguntzen die, liburutegiko txartelak ematen dizkie helbide egiaztapenik gabe eta informazio nahiz laguntza sare bat sustatzen du, iritsi berriak hirian bizi diren errefuxiatu ohiekin harremanetan jartzeko. Zalantzarik gabe, programa ongietorri egokia da gatazkaren ondorioz bizitza suntsituta iristen direnentzat.
Era berean, Wallmapun, Txileko lurralde maputxean, Tirúako Liburutegi Publikoak «erreminten mailegu» zerbitzua ezarri zuen 2005ean. Erotuta ote zeuden galdetu zieten, baina Dina Carripán liburutegiko buruak bazekien munduko erabaki zentzuzkoena zela: emakumeek erremintak behar zituzten. Beraiek esaten zioten. Mailua, bihurkina, etab. Izan ere, Bio-Bio eskualdeko arrantzale herri horretan, Tirúan, ama ezkongabe batek edo emakume etxe jabe batek nekez lor zitzakeen halako oinarrizko tresnak. Hortaz, Dinak funtsak lortzeko lehiaketa batean aurkeztu zuen egitasmoa, eta liburuen ondoan erreminta kutxa bat jarri zuen, duela hogeita hamar urtetik zuzentzen duen liburutegian. Handik gutxira, beste funts bat irabazi, eta josteko makinak erosi zituen, komunitatean identifikatutako beste behar bat. 2010ean, Txilen gertatu zen lurrikarak eta ondorengo tsunamiak Tirúaren zati handi bat suntsitu zuten, eta liburutegia desagertu egin zen; baina bi hilabete igaro aurretik, liburutegi zerbitzua martxan zegoen berriro; sei urte geroago, liburutegi berria inauguratu zuten. Handik gutxira, berriro ezarri zuten erreminten mailegu zerbitzua. «Liburutegia da herriaren bihotza», dio Dinak. Ezin zen bestela izan.
Liburutegietatik bideratutako inklusio digitaleko kasuak ugaritu egin dira planeta osoan barrena. Erriadheko Liburutegi Publikoak (Djerba uhartea, Tunisia) hezkuntza maila oso baxuko emakumeak trebatzen ditu. Ekimenaren ardatza parte hartzaileengan konpetentzia digitalak sortzea da, eta lan aukerak ekarri dizkie emakumeei. Ugandan, Kitengesako liburutegi komunitarioak entzumen arazoak dituzten haurren eskura jartzen ditu teknologiak, ordenagailuak eta irakurketa, baita lagunekin elkartu eta jolasteko espazio bat ere, liburutegi komunitarioak dituen ohiko seiehun eta berrogeita hamar inguru erabiltzaileekin partekatzen dutena. Kroazian, Zagrebeko liburutegiek teknologien erabileran trebatzeko aukera eta lan munduari buruzko informazioa konbinatzen dituen zerbitzu bat eskaintzen diete etxerik ez duten pertsonei; horri esker, enplegua lortzeko gaitasunak eskura ditzakete. Era berean, motibazioa eta babes psikosoziala ematen dizkiete, hobari sozialak lortu, eta senide nahiz lagunekin harremanetan jarri ahal izateko. Kazakhstanen, Öskemen hiriko Oralkhand Bokeev liburutegiak aktiboagoak, seguruagoak eta independenteagoak izaten laguntzen die gaitasun desberdinak dituzten gazteei, gizartean berdintasunean integratzeko erronkei aurre egin diezaieten. Hiru erakunde horiek ere EIFL Public Library Innovation Awards saria jaso zuten, liburutegietan IKTen erabilera sortzaileari egindako ekarpenagatik.
Aipatutako adibideek argi erakusten dute liburutegietan kapitala sortu nahi bada, giza garapeneko ikuspegia dela abiapuntua, garapen hori pertsonen gaitasunak zabaltzeko prozesutzat hartuta. Horretarako, garapen ahalegin ororen erdigunean pertsonak jarri behar direla onartzen dute liburutegiek, besteak beste, eta horiek ez direla onuradun hutsak, benetako subjektu sozialak baizik.
