Loratzen ari diren komunitateak
Latinoamerikako bost liburutegiren esperientziak1
Latinoamerikako liburutegien historia oso berria da. Lehenengo liburutegi publikoak XIX. mendearen amaieran agertu ziren, eta XX. mendearen bigarren erdian hasi zen benetan eratzen liburutegi publiko eta komunitarioen sare bat kontinente osoan. Liburutegien historia liburuaren historiaren eskutik doa, eta historia hori ere berantiarra izan da eskualdean, Europarekin edo Estatu Batuekin alderatuta.
Liburutegiei buruzko egungo kontzeptua —irakurketaren sustatzaile, kulturaren protagonista eta aldaketarako eragile direlako ideia— duela hiruzpalau hamarkada iritsi zen Latinoamerikara, ez lehenago. Hori dela eta, eskualdeko herrialde gehienek neurri politikoak hartu behar izan dituzte, tokiko argitalpen industria indartzeko, liburutegi sareak ezartzeko eta irakurketa programak sortzeko.
Latinoamerikan, askotariko moduak erabili dituzte liburutegiak ezartzeko, eta gaur egun, bertako herrialde guztietan daude, hezkuntza maila edo maila ekonomikoa edozein dela ere.
Liburutegiek beren herrialdeetan dagokien lekua aurkitzeko zer egin duten, aniztasuna nola txertatu duten, zerbitzuak nola zabaldu dituzten eta komunitatearekin nola lan egin duten aztertu nahi du artikulu honek, zenbait adibideren bitartez.
Liburutegi metropolitarren kasua aztertuko dugu, São Paulo bezalako hiri handi baten ereduari erreparatuta. Kolonbiako Sierra Nevadako komunitate indigena mehatxatu batean liburutegi komunitarioak nolako lana egiten duen ikusiko dugu. Era berean, liburutegi nazional baten kasua ezagutuko dugu; horrelakoak, normalean, lotuago egoten dira ondarearen ikerketarekin, eta erabiltzaileei baino gehiago erreparatzen diete baliabideei, baina, ikusiko dugun adibideko liburutegi nazionala gai izan da zoritxarra behin eta berriz gainditu eta indartuta ateratzeko, fenix hegaztiaren antzera, eta pertsonengandik oso hurbil dagoen ezohiko zerbitzu bilakatu da. Horrez gainera, Latinoamerikako liburutegien testuingurua goitik behera aldatzera etorri diren liburutegi digitalen inbasioaren adibide nabarmen bat ezagutuko dugu. Eta ikasiko dugu sarean lan egitea funtsezkoa dela, komunitateak indartzeko eta liburutegiak proiektatzeko.
Ehunka dira Latinoamerikako liburutegietan gauzatzen dituzten praktika onak. Hemen jasota dauden adibideak hiri handi batean edo urrutiko herrixka batean egunero gertatzen denaren lekukotza gutxi batzuk besterik ez dira. Liburutegiak berritzen ari dira, komunitateei informazioa, hezkuntza eta kultura eskaintzeko. Ororen gainetik, herritarren bizi kalitatea hobetu nahi dute, guztien kapital soziala, ekonomikoa, politikoa eta komunitarioa handituz.
Liburutegiak oinarrizko erakundeak dira Latinoamerika garaikidean. Haien inguruan kultura jarduerak garatzen dira, eta, aldi berean, herritarren bizitza soziala, ekonomikoa eta politikoa zabaltzeko aukera ematen dute. Horri esker, erabiltzaileek erakundearen parte direla sentitzen dute; jakintza trukea gertatzen da; ezagutza sortu, eta komunitatea eratzen da.
Oharrak
Kapitulu hau beste testu batean oinarrituta dago; jatorrian ingelesez argitaratu zen, liburu honetan: Living Libraries. The house of the community around the world (2021). Utrecht: Bibliotheek Utrecht.
