Bibliotekara
–ipuin itxurako hitzaurre bat–Iban Zaldua
Gizaki bihurtzen zaituena ez da liburu bat irakurtzea,biblioteka bat baizik. Eta ez da zaila, denbora besterik ez duzu behar. Georges Didi-Huberman
Ekoizpen Unitatearen kupulei azken begiratu bat eman diet atzera: lasai dago dena. Haizeak suabe jotzen du gaur, Batzarren Aretoaren alboko anemometroaren mugimendu mantso eta zalantzatiak salatzen duen bezala. Ondoko soroetan ez dago joan-etorri nabarmenik: galtzu garaiko lanak igarota, ez da jende premia askorik egongo ereintzara arte. Urrun, traktore elektriko bakar bat dakusat, isilka, sail baten goldaketa aurrelanetan: lurraren gainean flotatzen doala ematen du, udazken goiz honetako argi distiratsuegiaren islapean. Berehala gogoratu naiz: B-9 lur-saila izan behar du, hazkuntza goiztiarreko soiaren aldaera bat probatzeko prestatzen ari garena. Amane gaixoari egokitu zitzaion ataza, azkeneko zozketan. Zenbat kexu eta marmar: berak, nik bezala, egunotan maizago banatzen diren baimenetako bat probestu nahi zuen Bibliotekara hurbiltzeko, laborantza -lanetarako txanda gutxiago dagonean gertatu ohi den bezala. Hari tokatu behar, ordea.
Izan ere, pixka bat harritu nau bidean bakarka abiatu izanak, nirekin batera jende gehixeago joango zela uste bainuen. Agian geroxeago aterako dira, baina nik nahiago dut goiz iritsi, eguzkia gogor jotzen hasi aurretik. Egia da Giramash eta Maren eta haien kuadrillakoek komentatu zutela Putzu Handira bainu bat hartzera joateko plana zeukatela eginda, ur-maila seigarren kotatik gora egonda berriro ere posible baita, azkenik, baina, hala ere, lagun gehiago espero nituen kamiorako. Tira, horregatik noa kargatuta, eta Topolino hartu behar izan dut, errobera txikiko gurdia haren uhaleriara uztartu ondoren, gaur hara noala jakinda, atzo urliak, sandiak eta berendiak itzultzeko eman zizkidaten liburu guztiak eraman ahal izateko. Agian ez dira hainbeste ere, baina bidea luzeegia da, edonola ere, esku-orgarekin egiteko, eta zaldurdeari komeni zaio, noizean behin, ariketa pixka bat egitea. Ariketa egitea, eta txeratsuegi tratatzen duten Ekoizpen Unitateko umeengandik urruntzea, orobat, gaizki ohitzen dutelako. Eta datorren hilabetetik aurrera, gainontzeko azienda hibrido guztiak bezala, gogorrago egin beharko duelako lan: traktore eta aitzur elektrikoak ez dira, orduan, nahikoa izango. Izan ere, zurrunga alai bat bota du martxan jarri garenean, eta beste irrintzitxo bat Ukuilu Nagusiaren ondotik pasatzean, zeinari, barrutik, karrankek eta murrusek erantzun baitiote. Ez dut uhaletik tiratu behar ere: Topolino pozik egokitu da nire urratsen erritmora, gurditxoa atzetik daramala, jauzi txikiak eginez bideko zulo eta harritxoen gainetik pasatzean. Simaur usaina atzera uztearekin bat Ekoizpen Unitatearen mugak zeharkatu ditugula ulertu dut, edo dugu, Topolino ere horretaz jabetu dela esango bainuke.
Ondoren, eguzki-zelulen eremua alde batera utzi, eta lautadako bidetik abiatu gara Hirirantz. Ez da biderik zuzenena, eta ez dut horren maiz hartzen, baina distantzia ez da, berez, askoz ere luzeagoa, eta batzuetan, oraingoan bezala, patxadaz egitea gustatzen zait, paisaiaren xehetasunei ondo erreparatuz. Gaur, adibidez, ohartu naiz Krater Handiaren ertzetan, duela gutxira arte erabat soilduta zegoena, zuhaixka adabegitsu batzuk hasi direla hazten; distantzia honetatik ezin ditut argi bereizi, baina formagatik, eta handitze abiaduragatik –pasatu nintzen aurrekoan, behintzat, ez nituen sumatu ere egin–, errezil-kiwiak direla esango nuke: auskalo nola iritsiko ziren haziak horraino. Geiger kontagailuekin neurketa zehatzak egin beharko badira ere, Biltzaileen brigadentzako lan-leku aproposa bihur daiteke hemendik bi edo hiru urtera: hurrengo Batzarrean aipatu beharko nuke, ea gogoratzen naizen. Eta pentsatzea txikiak ginenean ez zigutela inolaz ere uzten eremu horretara jolastera joaten, eta hesituta egon zela luzaro…
Hirira hurbiltzean Hondamendi Handiaren seinaleak ugariagoak bihurtzen dira: landarediak hartutako eraikin bloke erdi-eraitsiak, arrakala berdez eta arrez zartatutako asfalto-zatiak, adobezko txabola bio-energetikoak, gelditzen diren Hiritar urrien bizilekuak, eta, noizean behin, horien atarietan, aulki tolesgarrietan eserita, auzokideak, goizaldeko freskoaz gozatzen, eta Topolino eta biok eskuarekin agurtzen gaituztenak, adeitsu.
Eta, han-hemenka, Barrutiko Bibliotekaren eraikinak, noski, erraz bereizten direnak gainontzeko hondakinetatik, teilatuetako eguzki-plaken distiragatik ez ezik, berrituta eta landare igokariz libre dauden ia bakarrak direlako. Batzuetan eraikin ikusgarriak aukeratu dituzte Barrutiko Bibliotekaren sailak kokatzeko, eta modu egokian birgaitu, baina beste batzuetan eraikin ez bereziki ederrak, baina arkitektonikoki eraginkorrak hartu zituzten, eskuinean uzten ari naizen Landareen eta Hazien Bibliotekarena bezalakoak, ikuspegi artistikotik agian ez duena askorik balio –antzinako eliza brutalista ez bereziki eder batetik abiatuta berreraiki zen–, baina esleitu zitzaion funtzio berrirako biziki egokia, Arkitektura Aholkularien iritziz. Birziklatzea izaki eraikin administratiboen eraikuntzarako –eta bestelako ekintza eta prozesu kolektiboen garapenerako– gidalerro nagusia, gutxitan altxatu dira planta berriko eraikinak; gure Hirian, nik dakidala, ez da halakoetako bat ere eraiki, esate baterako, baina badakit beste Barruti batzuetako Hirietan badaudela adibideak.
Teknologia eta Tresnen Biblioteka, bere kupula ikusgarriarekin, ezkerrera utzi dut halaber, nire helburua Hiria zenaren ia erdian kokatutako Liburuen Biblioteka delako, hots, betidanik –tira, aspaldidanik: Hondamendi Handiaren aurretik bederen– funtzio hori izan zuen eraikin berean jarraitzen duena, nahiz eta, egun, parke zabal batez inguratuta dagoen, eta ez bestelako eraikinez, iraganean bezala. Hor amaitu ondoren, edonola ere, eta denbora soberan badut, agian Jantzien eta Ehunen Bibliotekatik pasatuko naiz, gogoa baitaukat ikusteko ea beroki eta gona berriak adabatu dituzten, bizpahiru hartzeko maileguan, ahal dela.
Hirugarren Iraultza Neoliberalaren ondoren bibliotekak izan ziren –liburuen bibliotekak, uler bedi– zutik mantendu ziren publikotasunaren ordezkari bakarrak, hainbeste ezen ikur bihurtu baitziren herrialde gehienetan. Gainontzeko alorrak ekinbide pribatuak bereganatu zituen, aldez edo moldez: hezkuntza, osasuna, lurralde plangintza, posta, are polizia eta armada ere. Bibliotekek eutsi zioten debaldeko zerbitzu publikoaren esparru ia bakar gisa, eta, horren ondorioz, gero eta funtzio gehiago bereganatu zituzten, literaturaren eta, oro har, kulturaren gordailu eta zabaltzaile izateaz gain: komunitateen erdigune bilakatu ziren, kasu batzuetan. Elkargune, eztabaidagune eta babesgune, merkatutik kanpoko truke eta dohaintza txikien lekuko, liburuen eta bestelako ikus-entzunezko materialen mailegu zerbitzu izaten jarraitzeaz gain.
Horregatik ez zen harritzekoa izan Bibliotekak bilakatzea, Hondamendi Handiaren ostean, berregituraketaren ardatz administratibo nagusiak: Distrituak eratzen joan zirelarik, beren baitan Ekoizpen Unitateak hartuta, kasik naturaltzat hartu zen hiri txikituetan ezarri koordinazio-organoen bizkar-hezurra Bibliotekek osatzea, eta haien funtzioak zabaltzea. Hori bai, guztien buru, betiere, Liburutegiak, Liburuen Bibliotekak aritu ziren.
Paperezko liburuek eta, oro har, material analogikoek protagonismo berria hartu zutelako argindarra ordu jakin batzuetan baino ekoiztu eta banatu ezin zen garai berrietan. Internet sarearen tamaina eta irisgarritasuna larriki mugatu zuten Hondamendi Handiaren osteko gertakariek, eta, gaur egun, oraindik ere, konexioa ez da erabat berreskuratu, Sareko eskualde zabalek itzalean jarraitzen dute, agian betiko, zerbitzari batzuen edo besteen behin behineko berraktibazio-saioen mende. Gaurkoan, adibidez, Topolino Liburuen Bibliotekaren kanpoaldeko amarralekuan lotu bitartean, atariko afixak informatu dit Interneterako konexioak, ordenagailu aretoan, 12:00etatik 15:30era luzatuko direla: bizkor ibili beharko dut, txanda eskatu eta leku bat eskuratzeko, zer edo zer bilatu nahi baitut, hain zuzen ere, itzuliko dudan liburuetako baten egilearen inguruan. Liburua zaldurdeak bultzatu duen gurditxotik atera dut, nik eta nire Unitatekideek maileguan hartutako beste guztiekin batera, eta, hiru bidaietan, itzuleren erakusmahaira eraman ditut; lau izango ziren baldin eta Claudek, harrerako txanda daukan Bibliotekariak, nirekin irten eta hirugarrenean lagundu izan ez balit.
Zorionez, ez dut gehiegi itxaron behar izan ordenagailu bat lortu ahal izateko, eta berehala egin dut kontsulta, Wikipediako orrialde erdira –une batetik aurrera informazioa galtzen zelako– eta auskalo zein zerbitzaritan iraun duten zientzia-fikzio fandom-eko orrialde zaharruno batzuetara mugatu behar izan dudana, baina nahikoak izan direnak nire susmoak baztertzeko: Walter M. Miller Jr., irakurri berri dudan eleberriaren egilea, ez zen, nik pentsatu bezala, bibliotekaria izan sekula. Izan ere, ingeniaria izan zen, eta, II. Mundu Gerran, hegazkinlaria, zientzia-fikziozko ipuin batzuk eta bi eleberri –bat amaitu gabea– idazteaz gain, noski. Lehenengo nobela da nik irakurri dudana, Leibowitz-i kantika, lan bat zeinetan bibliotekek protagonismo handia baitute, monasterio moduko liburutegietan babesten baita kulturatik eta ezagutza zientifikotik geratzen den apurra, sobietarren eta estatubatuarren arteko balizko III. Mundu Gerraren ondoren, nolabaiteko feudalismo batera itzulitako mundu post-apokaliptiko baten erdian.
Irudia, bibliotekekin zer ikusia duen guztia bezala, gustatu zitzaidan, egun bizi dugun egoerarekin inolako antzik ez badu ere –gure bibliotekak ez dira, ezta gutxiago ere, eremu itxi eta gotortuak, Miller Jr.-ren nobelan bezala–. Eta, bide batez, ezagutza defendatzen duten monjeen ahalegin eta ardura miresgarriak, epe luzera, ondorio tragikoak baditu ere, ondare hori guztia antzinako teknologia nuklearra berreraikitzeko oinarria izango delako, gerra berri baten prestakuntzarako eta historia gurpil zoro baten moduan errepikatzeko alegia. Zer ikusirik ez, zinez, gaurko gure munduarekin.
Edonola ere, egileari buruz, zeinaz informaziorik ez baitzuen ematen maileguan hartu nuen aleak –Bibliotekan bertan birkoadernatu behar izan zutelako, liburu zahar askorekin egin behar den bezala–, ondorio okerrak ateratzera eraman ninduen istorioak, noizbait biblioteka bateko langilea izan zela pentsatzera heldu nintzelako. Eta ez, Interneteko kontsulta laburrak erakutsi berri didanez. Nahiz eta horrek ez duen esan nahi haren bizitza eta liburutegiak sekula gurutzatu ez zirenik: Walter M. Miller Jr. izan zen, bonbaketari estatubatuar baten tripulazioko kide gisa, naziek hartutako Monte Cassinoko abadiaren kontrako operazio gogorrean parte hartu zutenetako bat, 1943. urtean. Eta ekintza horrek, monasterioa eta bere altxor guztiak, tartean biblioteka itzel bat, errotik suntsitu zuenak, aztarna handia utzi zuen Miller Jr. artean gaztean, hainbeste ezen trauma osteko estresa pairatu baitzuen handik aurrera, bizitza osoan zehar, eta, azkenean, bere buruaz beste egin baitzuen, bigarren nobela, Leibowitz-i kantikaren jarraipena, amaitu gabe utzi zuela.
Egia da nire azken aldiko irakurketa askok, zuzenean edo zeharka, bibliotekekin dutela zer ikusia. Oraintsu ohartu naiz, azken aste hauetan etxean izan ditudanak maileguen atalean itzultzen ari naizelarik: Susan Orlean- en La biblioteca en llamas, Umberto Eco-ren Arrosaren izena, Angel Erroren Hortum in bibliotheca: liburutegiei odak, Alberto Manguel-en Mientras embalo mi biblioteca… Are Bibliotekariari pasatu diodan hondarrekoan, W.G. Sebald-en Austerlitzen, gehien hunkitu nauen kontuetako bat Pariseko bi biblioteka nazionalen arteko konparaketa izan da, Richelieu kaleko zaharraren eta Tolbiac aldeko –orduan– berriaren artekoa, bibliotekek zer ez luketen izan behar aski ondo era
Zorionez, gure Bibliotekak ez dira inondik ere horrelakoak; are gehiago, justu alderantzizko norabidean daudela esango nuke: xumeak dira, irekiak, malguak, ez diote erabiltzaileari oztopo megalomaniakorik ipintzen. Eta, aipatu bezala, mundu berriaren hazia bihurtu ziren, ustekabean. Egia esan, deseatzen nago Zozketan bibliotekari izateko txanda egokitzeko, eta txanda hori Liburuen Bibliotekan egiteko, ahal dela. Luze jo dezake, agian ez zait sekula suertatuko, baina bihozkada daukat baietz, noizbait bete ahal izango dudala nire ametsa, eta Claude orain dagoen lekuan egongo naizela ni, liburu zaharrak eta berriak maileguan hartzen eta ematen, gomendioak egiten, garai batean erabiltzaile izendapen zatarra jasotzen zuten Herritarrei laguntzen.
Claude nire grina horren jakitun da, eta horregatik gomendatu dit duela gutxi berreskuratu eta koadernaketa tailerrean atondu duten beste liburu zahar bat, irakurketa aretora eraman berri dutena, Gonzalo Oyarzunen Liburutegi imajinatua. Lan horretan daude, dio Claudek, egungo Biblioteketara eraman duten bideen gakoetako ez gutxi. Aitzindari bat, agian ez txikitatik ezagutarazten dizkiguten gure egungo gizarte-antolaketaren klasikoak bezain nabarmena, baina bai oso erabilgarria garai bateko biblioteken erronkak zeintzuk ziren ohartzeko.
Eta horixe da egin dudan aurreneko gauza irakurketa aretora igo bezain laster. Berehala topatu dut liburua. Eta, nire ohiturari jarraiki, hitzaurrea albo batera utzita –hitzaurreek ez baitiote, maizenik, ekarpen esanguratsurik egiten liburuaren benetako edukian murgildu nahi duen irakurleari–, eta hortxe hasi naiz, orrialde pasan, garai bateko Kenyako eta Peruko eta Brasilgo eta Danimarkako eta Kolonbiako liburutegien esperientzien eta ekintzen inguruan irakurtzen, eta iraganari eta herrialde –garai batean ere– ustez azpigaratuei buruz neuzkan aurreiritzi batzuk gainetik kentzen, eta antzinako bibliotekari batzuen konpromisoa miresten, behetik, Liburuen Bibliotekako ataritik, aharrausi baten hotsa entzun dudala iruditu, eta ohartu naizen arte Topolino gose egongo dela, edo egarri, edo gose eta egarri, eta, edonola ere, badudala unea hemendik ipurdia altxatzeko, liburu-sorta berri bat aukeratzeko eta maileguan hartzeko, eta baita Unitatekideek egin dizkidaten enkargu guztiak ere, eta, berandu baino lehenago, Ekoizpen Unitatera itzultzen hasteko.
Liburutegi imajinatua ere nirekin hartuko dut, zer esanik ez.
