Liburutegia eta garapen ekonomikoa
Liburutegi publikoei eta informazioaren gizarteari buruzko Kopenhageko Adierazpenak aipatzen du «garapen ekonomiko eta soziala» ere sartzen dela liburutegien funtzio anitzen artean (demokrazia eta herritartasuna, etengabeko ikaskuntza, kultura eta hizkuntza aniztasuna); izan ere, «liburutegi publikoek komunitateen hazkundea bultzatzen dute, tokiko beharrak asetzeko diseinatutako informazio zerbitzuak eskainiz. Tresna garrantzitsuak dira, herritarrek informazioaren eskuragarritasunean dituzten desberdintasunak murrizteko» (1999, 1. or.).
Bada nahikoa literatura, bai akademikoa, bai kasu azterketakoa, liburutegi publikoen eta tokiko garapen ekonomikoaren artean benetako lotura ezartzeko aukera ematen duena. Ikerketek iradokitzen dutenez, leku batean liburutegi publikoen potentziala baliatzen bada ekintzailetza bultzatzeko eta komunitateak ildo horretan trebatzeko (bitarteko digitalen erabileran, bereziki), garapen ekonomikoa ere bultzatzen da, oro har. Mundu osoan, bereziki Afrikan eta Latinoamerikako zenbait kasutan, liburutegi publikoek beren programak, zerbitzuak eta baliabideak aldatu dituzte, tokiko ekonomien garapenari mesede egingo dioten abileziak eta gaitasunak eraikitze aldera. Tokiko elkarteekin batera gauzatutako ekimenak erabakigarriak izaten ari dira, liburutegi publikoek garapen ekonomikoari begirako ikuspegia txertatzeko. Ildo horretan, eginkizun bereziki garrantzitsua izan dezakete pertsonengan eta horien bizi kalitatean ardazten diren garapen ekonomikoko ekimenetan.
Kanadan, Marvin Shafferren azterlan batek Vancouverreko Liburutegi Publikoaren balioa ebaluatu zuen, eta bi elementu aurkeztu zituen hura zehazteko: erabiltzailearentzako onura zuzena eta komunitatearentzako zeharkako onurak. Erabiltzailearentzako onura zuzena liburutegiak doan eskaintzen dituen zerbitzuen merkatuko balioa da; zeharkako onurak, ordea, alfabetatzetik, ikaskuntzatik, komunitatearen eraikuntzatik eta liburutegi publikoek sortutako beste eragin positibo batzuetatik eratorritakoak dira. Liburutegien eragin horren egungo adibide oso on bat Boli Kostako La Grainothèque (Hazien Liburutegia) da: Iroboko Liburutegi Publikoko irakurketa gelak liburuak eta haziak ditu gune batean. Hiru motatako aleak daude bertan: loreenak, barazkienak eta gozagarrien landareenak; eta hazi horiek hazteko teknikei buruzko liburuak eta dokumentazioa. 2017an, bi tona ale baino gehiago «mailegatu» zituen liburutegiak, eta 2018an jaso zituen bueltan. Gainera, haziak trukatzeko espazio bilakatu da, «trukerako lekua: hartu = eman».
Urban Libraries Council ULCk, Estatu Batuetako liburutegi metropolitar handien elkarteak, Making Cities Stronger: Public Library Contributions to Local Economic Development izeneko ikerketa egin du, eta liburutegi publikoak eta tokiko gobernuak garapen ekonomikoa hobetzeko lantzen ari diren lau arlo nabarmentzen dira bertan.
Lehenik eta behin, liburutegietan antolatzen diren alfabetatze eta haur hezkuntzako zerbitzuek epe luzeko arrakasta ekonomikoa lortzen laguntzen dute. ULCren hitzetan, «zerbitzu horiek dira ezagutzaren ekonomian tokiko lehiakortasuna bermatuko duen lan indar ikasia eraikitzeko beharrezko inbertsio katearen lehen maila» (2008, 21. or.). Azken hamarkadetan, handitu egin da liburutegi publikoen irismena, eta, orain, bereziki lehen haurtzaroarentzat antolatutako zerbitzuak eskaintzen dituzte; izan ere, ohartu dira haurren garapena hobetzean, komunitaterako programak ere hobetzen direla, eta familientzako programa eta zerbitzuek balio handiagoa hartzen dutela. Ikerketak planteatzen duenez, lehen haurtzaroko hezkuntzari lotutako etekin ekonomikoak gobernuak garapen ekonomikorako finantzatzen dituen proiektuetakoak baino handiagoak dira.
Bigarrenik, programa horiek babesteko komunitatearen, liburutegien, erakunde publikoen, gobernuz kanpoko erakundeen eta sektore pribatuaren artean gauzatzen diren lankidetza ekimenak mesedegarriak dira sare komunitario indartsuagoa ezartzeko lan trebakuntzako edo formakuntzako gaietan. Era berean, hezkuntza nahiz enplegu arloan dauden beharrei erantzuteko aukera ematen diete komunitateei, modu eraginkorragoan baliatzen dituztelako tokiko lan merkatuaren indarguneak.
Hirugarrenik, liburutegi publikoak enpresaburuei eta enpresa txikiei babes handiagoa ematen hasi dira; izan ere, tokiko ekonomien osagai garrantzitsuak dira, eta enplegu berrien hiru laurden baino gehiago sortzen dituzte. ULCren arabera, «produktuen, hornitzaileen eta negozio finantziazioaren gaineko datu osatuen eskuragarritasuna» izan da, tradizionalki, enpresa txikien langa handienetako bat (2008, 24. or.). Liburutegi asko tokiko bazkideekin lanean hasi dira, enpresa txikiei laguntzeko tailer berritzaileen eta plangintzarako zein garapenerako mintegien bidez. Horrek zenbait merkatutara sartzeko langak txikitu ditu; ondorioz, kostuak murriztu dizkie ekintzaileei eta enpresaburu txikiei, eta tokiko ekonomiaren garapenari mesede egin dio. Horren adibide dira Ingalaterrako liburutegi publikoak, beren potentziala baliatzen dutenak eta herritar ororentzako ezinbesteko baliabidetzat hartzen direnak: British Library-k, bere Business & IP Centre-ren bidez, doako hitzaldi eta trebakuntza programa zabala antolatu du herrialde osoan ekintzaileentzat eta enpresaburu txikientzat, tokiko liburutegietan. Urtebetean bakarrik, hamasei mila eta bostehun laguni baino gehiagori lagundu die negozio berriak sortzen eta garatzen; hau da, ia berrogeita hamar enpresabururi egunero.
Laugarrenik, liburutegi publikoen eraikinak garapenaren katalizatzaile fisikoak izan daitezke. Kasu askotan, komunitateak gehien erabiltzen dituen azpiegituren artean daude, horretarako potentziala dutelako. Liburutegia egonkortasunarekin, segurtasunarekin eta bizi kalitatearekin lotzen da; hori dela eta, zenbait enpresak eta merkataritzak onura ateratzen diote liburutegi publikoak sortzen duen oinezkoen trafikoari.
Aurreko guztiaren harira, Lewis G. Liuk (2004) alfabetatzearen, liburutegi publikoen eta produktibitate ekonomikoaren artean gertatzen den egituraketa aztertzen du. Haren aurkikuntzek erakusten dutenez, liburutegi publikoek alfabetatze tasak handitzen laguntzen dute, eta horrek, era berean, produktibitate ekonomiko nazionala handitzen du.
Hezkuntza erakundeen eta garapen ekonomikoaren arteko lotura aztertu duten ekonomialarien eta hezitzaileen lanean oinarritzen da Liu. Akademiko horiek giza kapitalaren teoria erabiltzen dute hezkuntzak eta alfabetatzeak nazio baten ekonomiaren arrakastan eragiten dutela azaltzeko. Hezkuntza eta trebakuntza gisa, giza kapitalak produktibitatea hobetzen laguntzen du, eta, era berean, hazkunde ekonomikoa eta garapena sustatzen ditu. Hori dela eta, giza kapitalean inbertitzeak kapital fisikoan inbertitzean lortzen diren itzulkin ekonomikoen antzekoak sortuko lituzke. Alfabetatzeak giza kapital handiagoa garatzen lagundu dezake, eta horrek, aldi berean, mesede egin diezaioke herrialde baten produktibitate ekonomiko orokorrari. Erlazio horrek inplikazio politiko batzuk ditu. Puntu horri buruz, Liuk dio ezinbestekoa dela funtzionario publikoek argi izatea liburutegi publikoek eragina dutela hazkunde ekonomikoan; era horretara, «epe motzerako politika miopeen ondorioz» erakunde horien funtsak murriztea saihestuko da.
Horren haritik, oso esanguratsuak dira Letoniako liburutegi publikoen balio ekonomikoa eta inpaktua neurtzeko azterketa baten emaitzak (2012). Bertan adierazten denez, 2008-2010 aldian, ia hogeita hamalau milioi eurokoa izan zen liburutegi publikoek Letoniako biztanleentzat sortutako urteko batez besteko irabazi osoa, eta liburutegi sistemaren urteko kostuak hogeita lau milioi euro pasatxokoak izan ziren. Horrek esan nahi du urtean bederatzi milioi euro baino gehiagoko irabazi garbia izan zela. Ikerketak liburutegi sistemak sortutako onura ez-monetario garrantzitsuak ere identifikatu ditu; horien artean, nabarmentzekoa da liburutegiak sozializatzeko eta sareak sortzeko espazio gisa betetzen duen eginkizuna. Azterlanaren emaitzetatik ondorio garrantzitsu bat atera daiteke: liburutegiek, gizartearen garapen kulturalean laguntzeaz gain, beren existentzia babesteko oinarri ekonomiko sendoa ere eskaintzen dutela, irabaziak kostuak baino handiagoak direlako.
Ottawa Declaration Working Group taldearen ekimenez, Oxford Economics-ek Value Study of GLAMs in Canada azterlana argitaratu zuen 2019an, eta bertan berretsi egiten da goian adierazitakoa. Azterlanaren arabera, irabazi asmorik ez duten erakunde horietan inbertitzen den dolar bakoitzeko ia lau dolar jasotzen ditu irabazietan gizarteak; eta liburutegiek egiten diote ekarpen handiena adierazle horri. Etekin hori Kanadako gobernuak garraio azpiegituretako proiektuetan egiten dituen inbertsioekin bakarrik da alderagarria.
Irabazi asmorik ez duten liburutegiek, artxiboek, museoek eta arte galeriek ekarpen kolektibo handia egiten dute; bai hiri handietan, bai herri txikietan, erakusketa garrantzitsuak erakartzen dituzte, eta komunitateei funtsezko hezkuntza eta ikerketa aukerak ematen dizkiete, bestela eskura izango ez lituzketenak.
Azterlan horrek esparru horretan adierazleak dituzten herrialdeetako kultur erakundeek erabili ohi dituzten metrikak erabiltzen ditu. Han ikusi zen erakunde horien erabiltzaileak prest zeudela urtean lau mila milioi gehiago ordaintzeko, zerbitzuak mantentzeko beharrezkoa balitz. Datu horrek argi erakusten du zenbateraino baloratzen dituzten kanadarrek.
Hainbesteraino baloratzen dituzte, ezen erabiltzaile ez direnek ere onartzen baitute liburutegiek eta gainerako erakundeek garrantzi handia dutela gizartearentzat, oro har, eta etorkizuneko belaunaldientzat, bereziki. Izan ere, azken batean, liburutegietara egiten diren bisitek beste onura sozial asko dakartzate, hala nola alfabetatze, berrikuntza, ezagutza eta sormen handiagoak.
