Gure imajinario propioan sartu nahi dugun liburua
Gure lan esparruetan ematen ari diren aldaketen lekuko gara, baina horietara egokitzeko eta berrikuntza guztiekin eskutik hartuta joan ahal izateko, ALDEEk ezinbesteko jotzen du etengabeko formazioa. Ezagutza hori, ordea, ez da soilik ikastaroak edo jardunaldiak antolatuz jasotzen, gure eguneroko lan-tresna ditugun liburuetan dago eta ez dugu baliabide hori bazter utzi nahi.
2021ean, Antolatzearen diziplina (The discipline of organizing) liburuarekin hasitako argitalpen-lanari jarraituz, Gonzalo Oyarzún liburuzain txiletarraren hausnarketak biltzen dituen La biblioteca imaginada, jardín para sembrar comunidades liburua euskaratu eta argitaratu dugu. Liburutegi publikoek zerbitzatzen dituzten komunitateen garapen sozial, ekonomiko eta kulturalean duten eginkizunari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu egileak.
ALDEE bat dator liburu honen ardatz eta diskurtsoarekin. Horregatik uste du apustu garrantzitsua dela liburu hau euskaraz argitaratzea. Izan ere, Gonzalo Oyarzúnek deskribatzen duen liburutegi imajinatu hori bere komunitatearekin konprometituta dago eta funtsezko eragilea da bere eraldaketa-prozesuak azkar aldatzen diren ingurunean. Oyarzúnen hitzetan, «espazio demokratikoa» da, eta, aldi berean, «demokrazia sortzeko, eztabaidatzeko eta aniztasunean eta tolerantzian elkartzeko gunea». Liburutegia beti izango da giza eskubideen lorategi bat, non ideiak eta pentsamenduak askatasunez landu eta loratzen diren.
Jatorrizko bertsioa gazteleraz argitaratu zen, baina dagoeneko katalanera itzuli eta argitaratu da (La biblioteca imaginada. Jardí per sembrar comunitats) eta euskarazko edizioa da esku artean duzun hau: Liburutegi imajinatua: komunitatea ereiteko lorategia.
Rosetta Itzulpen Zerbitzua arduratu da itzulpenaz. Azala eta liburu-puntua Maite Gurrutxaga ilustratzaileak egin ditu eta Iban Zaldua idazleak hitzaurrea sortu du Gonzalo Oyarzúnen liburuaren euskarazko bertsioarentzat.
ALDEEko Zuzendaritza Batzordea
