Mehatxutik aukerara: Peruko Liburutegi Nazionala
Liburutegi nazionalen ezaugarri bereizgarria izaten da herrialde batean inprimatzen diren argitalpen guztiak eskuratu eta gordetzeko ardura dutela; era berean, gordailu gisa funtzionatzen dute, lege xedapenei jarraikiz –kasu gehienetan–, edo beste era bateko xedapenei. Normalean, beste funtzio batzuk ere betetzen dituzte; esate baterako, bibliografia nazional bat prestatzea. Oro har, liburutegi nazionalen eginkizun gehienek zerikusia dute bertako materialekin: eskuratzea, biltegiratzea, kontserbatzea eta digitalizatzea.
Liburutegi nazional bateko baliabideen erabiltzaile nagusiak ikertzaileak eta ikasleak dira. Ez da batere ohikoa horrelako liburutegi bat herritarren zati handienarengana heltzea, eta, are gutxiago, haiengandik urrun badago. Orokorrean, ez ditu aintzat hartzen audientzia zabalentzako produktuak, aurreiritzi honetan oinarritzen da eta: horrelako espazioetan ekoitzitako gaiak hain dira espezializatuak, ezen ondarearen kontserbazioa eta haren zaindari adituak bakarrik baititu jomugatzat.
Horrela izan da, orain arte.
Historia apur bat
Peruko Liburutegi Nazionala 1821eko abuztuaren 28an sortu zen, herrialdeak Espainiako monarkiarekiko independentzia lortu eta hilabetera, hain justu (Espainiak amerikar kontinente osoan barrena zeuzkan koloniak, Mexikotik hegoalderaino). Buruzagi independentistek liburutegia ezinbesteko erakundetzat aitortzen zuten jaio berri zen errepublika berrian; izan ere, ezjakintasuna despotismoaren zutabe sendoena zela zioten, eta horregatik izan zuela Espainiak kateatuta perutarren pentsamendua, duintasunaren ezagutza barnera zezaten eragozteko.
Liburutegi horren historia zoritxarrez josita egon da: berrehun urte baino gutxiagoan, gerrak, lapurretak, suteak eta lurrikarak jasan ditu; bilduma oso baliotsu askoren galera konponezina eragin dute horiek. Inongo zalantzarik gabe, gertaeretan okerrena 1881etik 1883ra bitarte Ozeano Bareko Gerran Txileko armadak Lima inbaditu zuenean jazotako lapurreta suntsitzailea izan zen. Hondamendi eta arpilatze urte luze haietan, zibilak eta, batez ere, erlijiosoak, Liburutegi Nazionaleko altxor nagusien hautaketa arretatsua egiteaz arduratu ziren. Peruko intelektual nabarmenei esker, 738 liburuki salbatu ziren, ozta-ozta; 56.000 liburutik gora galdu ziren.
Peruko Liburutegi Nazionala gaur egun
Gaur egun, liburutegiak bi egoitza ditu, biak herrialdeko hiriburuan kokatuak eta publikoari irekiak. Jatorrizko eraikina Abancay hiribidean dago, Limako erdigune historikoaren bihotzean. Liburutegi modernoagoa Poesiaren hiribidean dago, San Borjako barrutian. Franco Vella arkitekto perutarrak diseinatutako eraikina da, eta Peruko XII. Arkitektura Bienalean Urrezko Hexagonoa irabazi zuen, 2006an. Munduko liburutegi nazional askoren antzera, misiotzat du Peruko ondarea berreskuratu, zaindu eta zabaltzea; baita informazioaren eskuragarritasuna bermatzea ere, ikerketarako, garapen zientifiko nahiz teknologikorako eta herritarren gozamenerako.
Ezaugarri oso berezia du, aipatutako bi egoitzez gain, beste bost gune edo liburutegi publiko ere administratzen baititu, Comas, Breña, El Rímac, El Agustino eta La Victoria barrutietan kokatuak.
Gainera, Peruko Liburutegi Nazionalaren gidaritzapean daude herrialdeko liburutegi publiko guztiak, izan eskualdekoak, probintzialak, udaletakoak edo komunitarioak, eta Liburutegien Sistema Nazionalaren bidez bete behar du gidaritza funtzio hori. Egitura horri jarraituz ezarri behar lirateke planak, programak eta ekintzak herrialde osoan, baina Peruko legeetan egitura hori aspalditik existitzen zen arren, 2019. urtera arte ia hutsala izan da inplementazioa.
Pandemia: beste tragedia bat liburutegiaren historian?
Berrehun urte betetzeko urtebete falta zitzaiola, beste zoritxar batek mehatxatu zuen Peruko Liburutegi Nazionala: 2020ko martxoaren 13an, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, BNPren egoitza guztiak eta liburutegi publikoak ixtea agindu zuten, eta langileek konfinatu egin behar izan zuten. Hala, liburutegiaren administrazio batzorde berria, kargua bi hilabete lehenago hartu zuena, 2020ko urtarrilean, lanerako egoitzarik gabe eta ekimenak garatzeko giza talderik gabe geratu zen.
BNPk arreta ia esklusiboki presentziala ematen zien erabiltzaileei, baina lehen egunetatik heldu zion erronkari, Peruko biztanle guztientzat informazioa eta kultura eskura egotea bermatzen jarraitzeko; erakundeak ordura arte oso gutxi esploratutako bideak erabili zituen horretarako. Testuinguru hartan, modalitate aniztasuna izan zen apustu berria, eta horrek berekin ekarri zuen erabilgarri zeuden bide guztiak erabiltzea era askotako publikoari erantzuteko, zerbitzu egokiak emanez. Hortaz:
-
Aldi berean erabili zituzten bide tradizionalak eta bide berritzaileak, fisikoak nahiz digitalak, hurbileko eta urruneko arreta elkartuta.
Kontsulta pertsonalizatuak modu berritzaileetan egiteko zerbitzuak ezarri zituzten.
Abian jarri zuten liburu fisikoak zenbait bidetatik mailegatzeko zerbitzua.
Liburutegi publiko digitala ezarri zuten.
Telefono bidezko irakurketak egin zituzten.
Irakurketa klub birtualak antolatu zituzten, baita ikusmen urritasuna zuten pertsonentzat ere.
Osasun larrialdiaren hamargarren egunean, programazio kultural eta akademiko oparoa jarri zuten abian, BNPren sare sozialen bidez, eta horrek esponentzialki areagotu zuen aurreko programazio presentziala.
BNPk argitalpen sektoreari ematen zizkion zerbitzuak birtualizatu zituzten, haien jarduera ekonomikoa garatu ahal izateko.
Liburutegi publikoak indartu zituzten, trebakuntza saio, topaketa eta jarduera birtualen bidez.
Liburutegi Sistema Nazionalaren Legea birformulatu zen, benetan ezar zedin lortzeko.
Barne komunikazioko plan zabalari esker lortu zen hori guztia, eta plan horretan inplikatuta egon ziren liburutegiko funtzionarioak, zeintzuek trebakuntzak jaso baitzituzten, ezagutzak eguneratzeko.
Estrategia
Ezin zenez inolako jarduerarik gauzatu, egun gutxiren buruan, astebete baino gutxiagoan, Peruko Liburutegi Nazionaleko profesionalak komunitatearengana iristeko estrategia bat diseinatzen hasi ziren. Oraindik ez zekiten zenbaterainokoa izango zen pandemia, ezta konfinamenduak zenbat iraungo zuen ere.
Estrategia horren lehen produktua 2020ko martxoaren 26an aurkeztu zuten, herrialdean itxialdi orokorra hasi eta hamar egun pasatxora. Une hartatik aurrera, zenbait zerbitzu eta ekimen aurkeztu zituzten, pixkana -pixkana. «Lectura, biblioteca y comunidad» (Irakurketa, liburutegia eta komunitatea) izeneko solasaldi sorta apirilaren 3an hasi zen; «Diálogos en tiempos de cambio » (Elkarrizketak aldaketa garaian), apirilaren 16an; «Historia del Perú» (Peruko historia) programa, maiatzaren 18an; «Aló BNP» (BNP, bai, esan) telefono bidezko irakurketa zerbitzua, ekainaren 24an; banaketa bidezko liburu mailegua, ekainaren 25ean. Eta horrela, zerbitzu eta programa gehiago antolatu zituzten, hurrenez hurren.
Estrategia horrek hiru lerro ditu oinarritzat: urrutiko zerbitzuak, argitalpen sektorearentzako zerbitzuak eta programazio akademikoa eta kulturala.
1. Urrutiko zerbitzuak
-
«Aló BNP»: telefono bidezko irakurketa zerbitzua adinekoentzat, informazioa eta irakurketa haien eskura jartzeko. Zenbait irakurketa mota aukera ditzakete, hala nola literatura, gizarte zientziak, historia, zientzia puruak, poesia, haur literatura eta beste gai batzuk. Gainera, zerbitzuak egunen eta ordutegien bi aukera hautatzen uzten die, gehienez ordu erdi irauten duen deia jasotzeko. Nahi duten erabiltzaileek senide baten izena ere eman dezakete, deia jaso dezan.
Irakurketa klub birtualak: askotariko publikoarentzat, nagusiki nerabe eta helduentzat, ikusmen urritasuna duten pertsonentzat edo irakurketa bitartekarientzat. Klub guztiak bideokonferentzietarako plataformen bidez egiten dira, hilean lau aldiz.
«Leyendo con tacto» (Ukimen bidezko irakurketa): ikusmen urritasuna duten pertsonentzat antolatutako irakurketa klub birtuala.
Liburu banaketa: zerbitzu hau zenbait modutan eskaintzen da. Kasu batzuetan, liburuzain batek oinez banatzen ditu liburuak, BNPko liburutegi publiko baten inguruan, bost kaleko erradioan; beste batzuetan, motoz edo bizikletaz eramaten dituzte zenbait puntutara, Limako barrutian eta ondoko barrutietan (pixkanaka zabaltzen joango dira). Liburuak erabiltzaileek eskatzen dituzte aldez aurretik, telefonoz edo Internet bidez; gainera, pertsonalki ere joan daitezke liburuen bila, nahi izanez gero.
Liburuzainarekin txateatzeko zerbitzua: era guztietako kontsultak denbora errealean argitzeko arreta zerbitzua, liburuzain espezialista batek txat bidez ematen duena.
BNPBot-ekin txateatzeko zerbitzua: galderei berehala erantzuteko sistema adimenduna, BNPren zerbitzuei eta bildumei buruzko informazio orokorra ematen duena. Zerbitzua urteko 365 egunetan eta egunean 24 orduz eskaintzen da, eta erabiltzaileek Interneta duen edozein gailu mugikor edo ordenagailutatik erabil dezakete.
Ondarearen liburutegi digitala: hirurogeita hamar mila ondare-dokumentu digitalizatu baino gehiago dituen bilduma.
Liburutegi Publiko Digitala: Android eta iOS sistema eragileetarako web plataforma eta mugikorretarako aplikazioa, milaka liburu digital doan eskuratzeko aukera ematen diena perutarrei, munduko edozein lekutan, baita herrialdean bizi diren atzerritarrei ere. Erabilera intuitiboa duenez, erabilerraza da haur zein helduentzat. Bertako izenburuen artean egile eskubideak indarrean dituzten eta liburu dendetan eskaera handia duten liburuak daude: bestsellerrak, gaurkotasun liburuak, klasikoak, sari nazionala eta Nobel saria jaso duten lanak, haurrentzako ipuinak, bideoipuinak eta audio-liburuak.
Lankidetzazko baliabide digitalak haurrentzat, nerabeentzat eta ikusmen urritasuna duten pertsonentzat: Hezkuntza Sistema Nazionalak ikasleei eskola laguntza emateko dituen esteka pedagogikoetara bideratuta daude. Horregatik, etxean ikasteko («Aprendo en Casa») programak proposatzen dituen gaiak eta ikastaroak hartzen dira kontuan, euskarri zuzena eman nahian Hezkuntza Ministerioak urrutiko hezkuntza emateko martxan jarri duen ekimenari.
2. Argitalpen sektorearentzako zerbitzuak
-
Lege Gordailuaren kudeaketa: birtualki erregistratzeko tramitea ezarri zen. Plataforman erregistratuta, egileek eta editoreek doan eta berehala lor dezakete Lege Gordailuaren Behin-behineko Ziurtagiria, esleitutako zenbakiarekin.
ISBN: zerbitzu hau birtualki eskaintzen hasi zen. Argitalpen sektorea babesteko, zerbitzuaren kostua beheratu zen, eta, salbuespen gisa (oraindaino indarrean dago), argitalpen digitaletarako ISBNa eta barra kodea doan esleitzen dira.
Gastuak egiaztatzeko ziurtagiria, zergak itzultzeko: liburua eta irakurketa sustatzeko pizgarriak ezarri dira, argitaletxeek zergak ordaintzetik salbuesteko eta zergak itzultzeko onurak jaso ahal izan ditzaten.
Paperezko liburutik liburu digitalera pasatzeko tailerra: editoreentzat, egileentzat, diseinatzaileentzat, programatzaileentzat eta argitalpen sektoreko beste edozein profesionalentzat antolatutako tailerra. Helburutzat du argitalpenaren industriako eragileei liburu digitalen ekoizpenari, argitalpenari eta banaketari buruzko ezagutzak eskaintzea, baita argitalpen industria ingurune digitalean txertatzeko prozesuen lege esparruaren gaineko orientazioa ematea ere.
3. Programazio kultural eta akademiko birtuala
-
«Lectura, biblioteca y comunidad» (Irakurketa, liburutegia eta komunitatea): liburutegien eginkizun sozial eta kulturalari buruzko hitzaldiak, munduko zenbait txokotako espezialistekin: Espainia, Portugal, Argentina, Mexiko, Brasil, Txile, Kolonbia, Guatemala eta Peru.
«Voces que unen» (Elkartzen gaituzten ahotsak): irakurketa sustatzeko ekimena, helburutzat duena kulturarekin, arteekin, liburuarekin, irakurketarekin nahiz liburutegiekin zerikusia duten pertsona ezagunek irakurritako liburuen bidez perutarrak elkartzea, eta itxialdian elkarri konpainia egitea.
«Diálogos en tiempos de cambio» (Elkarrizketa aldaketa garaian): zenbait diziplinatako (filosofia, politika, soziologia, historia) espezialistek pandemiak eragindako aldaketak aztertzeko elkarrizketa zikloa.
BNPren zineforuma: Peruko zinema zabaltzeko espazioa. Solasaldi bakoitzean, herrialdeko zuzendariek eta zinema ekoizpeneko adituek parte hartzen dute, eta beren filmei buruz hitz egiten dute.
«Historia del Perú» (Peruko historia): Peruko historiako etapei buruzko bideokonferentzia magistralen programa, historialariek eta ikertzaileek eskainia.
«Igual de diferentes» (Desberdintasunean berdin): irakurketarekin eta ikusmen urritasunarekin lotutako gaiei buruzko solasaldi zikloa, helburutzat duena pertsona horiek gizartean dituzten erronken gainean sentsibilizatzea.
«Libro que va, libro que viene» (Liburua joan, liburua etorri): haur literaturako irakurketa jarduera, 4 urtetik 7 urtera bitarteko haurrentzat.
«Transcriptón» (Transkripzio aldia): jarduera honek XVI. mendetik XIX. mendera bitarteko 800 eskuizkribu dituen plataforma batean sartu, eta bertan transkribatzera gonbidatzen ditu herritarrak. Era horretara, zuzenean ezagutzen dute ondare bibliografiko dokumentala, eta Peruko idatzizko memoria berreskuratzen laguntzen dute.
BNPren podcastak: podcast hauetan zenbait gai jorratzen dira, esate baterako: liburutegi publikoen eginkizuna, liburu elektronikoa, perutar emakumeek idatzitako literatura ondare bibliografikoan, liburu dendak normaltasun berrian eta gurasoen irakurketa saioak seme-alabentzat.
«Cómo nos pensamos los peruanos» (Perutarren iritzia perutarrei buruz): zenbait arte diziplinatako begiradatik abiatuta, askotariko identitateei buruz hausnartzeko elkarrizketa zikloa.
«Programa de Literatura Peruana» (Literatura perutarrari buruzko programa): perutar literaturari buruzko konferentzia magistral birtualen zikloa, ikertzaile nabarmenekin.
«Voces bibliotecarias en red» (Liburutegietako ahotsak sarean): liburutegiei eta liburutegi politikei buruzko elkarrizketa saioa, helburutzat duena liburutegien garrantzia eta lana azpimarratzea, baita horien garapena indartzea ere.
«Nuestra historia, nuestra memoria» (Gure historia, gure memoria): BNPk zaintzen duen Peruko ondare bibliografiko dokumentala ezagutzera emateko kanpaina.
«Punto de Encuentro» (Topalekua): eskola umeentzat, irakasleentzat eta komunitatearentzat antolatutako hitzaldi zikloa, hezkuntza proiektu eraldatzaileen gaineko elkarrizketa eta hausnarketa proposatzen duena. Partaidetzan oinarritutako ikuspegia du, eskola ume batek parte hartzen baitu hitzaldian.
BNPren aholkuak: BNPko langileen laguntzaz sortutako bideoak, herritarrei liburuak zaintzeko moduari eta etxeko liburutegiak antolatzeko moduari buruzko aholkuak emateko, besteak beste.
Xake eskolak: haur, nerabe eta gazteentzako tailerra, ikuspegi ludikoa duena.
Eduki guztiak Liburutegi Nazionalaren plataformetan, bideokonferentzia plataformetan, sare sozialetan (nagusiki, Facebook eta YouTube) eta Spotify aplikazioan bildu eta transmititzen dira, baita Peruko irrati eta telebisten bidez ere.
Zer gertatu zen eduki horrekin?
Baliteke hau izatea adierazle esanguratsuenetako bat: hamar milioi pertsona inguruk ikusi edo erreproduzitu zituzten edukiak, Peruko lurralde osoan eta munduko berrogei herrialde baino gehiagotan. Hau da, liburutegiaren erabiltzaile kopurua milaka aldiz handitu zen, publiko presentzialarekin konparatuta (urtean bostehun mila lagun baino gutxiago), eta BNPk audientzia marka guztiak apurtu zituen, aurretik inoiz lortu ez zituenak –izan ezjakintasunagatik edo muga geografikoengatik–.
