Sareak ehuntzen dituzten liburutegiak: Guatemalako liburutegi sarea

Erdialdeko Amerikan, desorekatua izan da liburutegien garapena, eta, kasu askotan, ez da izan behar bestekoa. Seguru asko, diktadura eta gerra zibilen ondorioz jasandako indarkeriak eragin du egoera hori, baita eskualdeko pobreziak eta desparekotasunak ere, zeinaren ondorioz baita kontinente amerikarreko eremurik gatazkatsuena, eta gabezia handienekoa.

Hamarkada luzez herrialde gehienetan gatazka militarra izan ondoren, Erdialdeko Amerika gerra kulturatik bake kulturara eboluzionatzen ari da, eta bake kulturatik kultura demokratikora, horren bidez giza garapen jasangarria handitzeko eta hobetzeko asmoz.

Guatemalako testuinguru kulturalak ezaugarritzat ditu kultura aniztasuna, etnia aniztasuna eta hizkuntza aniztasuna. Kultura aniztasuna, herrialdeko lau herrietako bakoitzak nortasun propioa ematen dioten kultura adierazpenak eta mundu ikuskera dituelako. Etnia aniztasuna, hogeita bost etnia daudelako: jatorri maiako hogeita bi, garifuna bat, xinka bat eta beste bat mestizoa edo ladinoa. Hizkuntza aniztasuna, gaztelania hizkuntza komuna izan arren, lurralde nazionalean hogeita bost hizkuntza hitz egiten direlako, aniztasun etnikoarekin bat datozenak. Liburuaren, irakurketaren eta liburutegien ekosistema testuinguru aberats horretan garatzen da.

Guatemalan, liburutegi publikoen sorrerak lotura izan du bake akordioak sinatzearekin; izan ere, liburutegiek hezkuntzaren hobekuntza, biztanleriaren alfabetatzea eta desarme prozesuaren babesa ekarri dituzte. Nahiz eta ez dagoen liburutegi publikoen sorrera sustatzen duen politika publikorik, udal bakoitzak bere liburutegia izan behar duela adierazten du legedi batek. Eta liburutegi publikoen sistema sendorik ez badago ere, irabazi asmorik gabeko ekimen pribatuen eta komunitarioen garapena sustatu da, liburutegiak hezkuntzarako espazio gisa eta garapen eragile gisa ezartzeko.

Guatemalak lankidetza, garapen komunitarioa eta sareko lana aukeratu ditu liburutegiak garatzeko, eta bide horrek, gabeziak dituen arren, lan jasangarriaren eta liburutegi sistemen eraikuntzaren eredu bat egituratzen du, hirugarren munduko herrialdeentzat berregingarria.

Lankidetza

2000. urtean, Riecken Fundazioa lanean hasi zen Hondurasen eta Guatemalan. Irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta xedetzat du «Erdialdeko Amerikako komunitateetan demokrazia eta oparotasuna sustatzea, ezagutza eta partaidetza sozial komunitarioa piztuko dituzten gizarte eta hezkuntza erakundeen bidez». Eta, fundazio horren esku hartzearen esparruan, liburutegi komunitarioak jo ziren horretarako bide idealtzat. Hala bada, liburutegi horiek ardatz hauek lantzen dituzte:

  • Gozamen hutsagatiko irakurketarako motibazioa.

  • Informazioaren eskuragarritasuna eta autoikaskuntza.

  • Gazteen lidergoa.

  • Informazioaren teknologia eskura izatea.

  • Ekintza eta partaidetza soziala.

  • Kultura aniztasuna.

Liburutegiak lankidetza eredu baten arabera egituratu dira, eta bertan komunitateak, udalerriak eta Riecken Fundazioak parte hartzen dute. Horri esker, liburutegien sarea indartu egin da, liburutegiek gizartean betetzen dituzten funtzioetatik abiatuta:

  • Komunitatearentzako topalekuak dira.

  • Ezagutza eta kultura sortzeko lekuak dira.

  • Komunikaziorako eta lankidetzarako espazioak dira.

  • Herritarren formakuntzarako espazioak dira.

«Tejiendo Sabiduría» sarearen sorrera

Liburutegien artean harremanak sortzen joateko asmoz, sareko lana indartu da, eta, horri esker, liburutegi berritzaileen elkarte bat sortu ahal izan da, «Tejiendo Sabiduría» (Jakinduria ehuntzen) izeneko egitura asoziatibo bat, liburutegietako zuzendaritza batzordeetako kideek osatua. Elkarte horrek liburutegien eskubide eta interes komunak ordezkatu, sustatu eta defendatu nahi ditu tokiko gobernuen eta bestelako instantzien aurrean, eta liburutegi komunitarioen jasangarritasuna indartu nahi du. 2016. urtearen amaieran, Guatemalako Estatuak elkarte zibil gisa legezko onespena eman zion liburutegi sareari, liburutegi komunitarioen autorregulazioa eta printzipio etikoak bermatze aldera.

Taula honetan, Guatemalako sarea osatzen duten oinarri komunitarioko liburutegi publikoak aipatzen dira.

Liburutegi komunitarioa Udalerria, departamentua Inaugurazioa Biztanleria
Rija'tzuul Na'ooj (Jakinduriaren hazia) San Juan La Laguna, Sololá 2005eko otsailaren 5a Tz'utujil
Ventanas abiertas al futuro (Etorkizunera irekitako leihoak) Chiche', Quiché 2005eko apirilaren 3a K'iche'
K'ak' No'jib'al(Ezagutza berria) Cantón Xolsacmaliá, Totonicapán 2009ko martxoaren 26a K'iche'
Nuevo Amanecer (Egunsenti berria) Cabricán, Quetzaltenango 2004ko uztailaren 21a Mam
Mi Nuevo Mundo (Nire mundu berria) Huitán, Quetzaltenango 2009ko martxoaren 25a Mam
Fuente de Sabiduría (Jakinduria iturria) San Carlos Sija, Quetzaltenango 2007ko apirilaren 25a W
La Libertad (Askatasuna) Morales, Izabal 2002ko otsailaren 15 Ladina
Una luz para el futuro (Etorkizunerako argia) Río Blanco, San Marcos 2007ko martxoaren 7a Mam
Gabriela Mistral San Juan Chamelco, Alta Verapaz 2003ko urtarrilaren 15a Q'eqchi’
Técnica Popular Riecken (Riecken teknika ezaguna) Tajumulco, San Marcos 2002ko otsailaren 17a Mam
Mundo del saber (Jakintzaren mundua) Parramos, Chimaltenango 2014ko otsailaren 24a Kaqchikel
Iturria: Fundación Riecken.

Garapen komunitarioa

Oinarri komunitarioko liburutegi publiko guztiek ardatz komunak bultzatzen dituzte lanerako; hala ere, horietako bakoitzak bere komunitatearen beharrekin bat datozen proiektu eta zerbitzuak sustatzen ditu, garapen sozialeko prozesuak beretuz:

  • Ekintzailetza eta negozioak: liburutegi komunitarioek ekintzailetza sozialeko tokiko ekimenak (diru sarreren sorrera, osasunaren sustapena, alfabetatzea, eragin politikoa, etab.) sustatzen dituzte, Guatemalako landa komunitateetan emakumeen giza gaitasunak, antolakuntzazkoak eta sozialak indartzeko asmoz. Ekimen horien helburua emakumeak ahalduntzea da.

  • Gazteen lidergoaren garapena: liburutegiek nerabeen sormena eta pentsamendu kritikoa indartzen dituzte; izan ere, funtsezko elementuak dira etorkizuneko herritarrak gai izan daitezen teoriak zalantzan jartzeko eta mundu hobe baterako ideiak proposatzeko.

  • Irakurketarako estimulazio goiztiarra eta elikadura: “Ventanas abiertas al futuro” liburutegi komunitarioak irakurketarako estimulazio goiztiarreko programa bat zuzentzen du; programa horrek elikadurari ere erreparatzen dio, eta era askotako esperientziak eskaintzen dizkie haurrei, ahalik eta gehien gara ditzaten gaitasun fisikoak eta psikologikoak.

  • Irakurketako eta hezkuntza publikoko bitartekotza: liburuzainen, irakasleen eta irakurketa sustatzaileen gaitasunak indartzeko programa bat sustatzen da liburutegietan, oinarrizko hezkuntzako lehen mailatik seigarren mailara arte gaztelaniaren estandarren erabilera bultzatzeko, irakurketan bitartekotza lana eginez.

  • Kultura identitatea: zenbait ekimen sustatzen dira, hala nola «Descubriendo nuestras tradiciones a través de los relatos ancestrales» (Antzinako kontakizunen bidez gure tradizioak ezagutzea) izenekoa, komunitateetan ahozko tradizioa berreskuratzea helburu duena. Tokiko identitatean oinarritutako jardueren helburu nagusia komunitateetan maien kultura edo bertako kultura indartzea, salbatzea eta sustatzea da.

  • Baliabide kultural, natural eta arkeologikoen mapaketa: ekimen honek helburutzat du komunitateak leku sakratuak eta baliabide naturalak zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzea; horretarako, ezagutza historikoa eta kulturala sustatzen ditu. Hainbat haur, gazte eta heldu talde GPS teknologiaren erabileran trebatu dira, eta, horri esker, komunitate bakoitzeko baliabide natural, sakratu eta arkeologikoetan oinarritutako mapaketa komunitarioak egin dituzte.