Liburutegiak eraikitzen dituzten komunitateak eraikitzen: São Pauloko liburutegi metropolitarren esperientzia, Brasilen
Liburutegi metropolitarrak funtsezkoak izan dira Latinoamerikako herrialdeetan liburutegi sistemak eraikitzeko. Eredu dira liburutegi txikientzat; laborategi, saiakuntza eta esperimentazio espazioak dira, eta beste liburutegi batzuek imita ditzaketen praktika onen erakusleiho gisa balio dute, baldin eta haien funtzioak eta dohainak sustatzen badira, egiten duten lana edo komunitateetan izan dezaketen inpaktua ezagutzen ez duten agintarien aurrean.
Mexiko Hirian edo Bogotan, Medellinen eta Santiagon, Antofagastan edo Coyhaiquen, Serenan edo São Paulon, liburutegi horiek dira identitate latinoamerikarreko kultura, informazioa, aisialdia eta etengabeko hezkuntza eskuratu nahi dituzten egungo herritarren eskaerentzako erantzun garaikidea. Ikuspegi horretatik, liburutegi metropolitarrak liburutegi publikoen zerbitzu eredua dira, dagokien herrialde, estatu eta eskualdeetako liburutegi sareentzat.
Liburutegi metropolitarrak beren komunitate zabalen eskaerei erantzuteko gaitasun eta baliabide nahikoe84 kin egituratzen dira, eta arreta berezia eskaintzen diete Estatuaren ondasun eta zerbitzuetatik eta azpiegitura kulturaletatik urrun edo baztertuta dauden gizarte sektoreei. Funtsezko erakundeak dira liburutegi sistemak eraikitzeko; izan ere, bide erakusle dira beren eskualdeetan, eta beste liburutegi batzuetan berregin daitezkeen proiektu berritzaileak sortzen dituzte. Horrek komunitatearentzako zerbitzu berriak esperimentatzeko laborategi bihurtzen ditu.
Hiriko liburutegiak
São Paulo hiriko liburutegiek premisa hau proposatzen dute: irakurketa oinarrizko tresna da, herritartasuna bete- betean baliatzeko. Hori dela eta, eginkizuntzat dute eskuragarritasuna, eztabaida eta sormena sustatzea herritarren artean, oro har, eta bereziki diru sarrera txikieneko komunitateen artean nahiz zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen artean; horretarako, oinarritzat hartzen dituzte irakurketa, literatura eta kultura, era eta euskarri guztietan. Laburbilduz, São Pauloko liburutegi metropolitarren ideia ahalik eta arau gutxien izatea da.
Gobernuak irabazi asmorik gabeko erakunde soziokultural baten esku utzi du liburutegien administrazioa: SP Leituras - Associação Paulista de Bibliotecas e Leitura. Kontinenteko beste hiri batzuetan ere ezarri dute eredu hori, adibidez Bogotan, non Fundalectura elkarteak kudeatzen dituen gaur egun liburutegiak.
SP Leitura arduratzen da programak, proiektuak, liburutegiak eta irakurketarekin lotutako kultura zentroak planifikatzeaz, antolatzeaz, ezartzeaz eta kudeatzeaz.
Existitzen da liburutegi bat jartzeko «leku aproposena»?
Brasilgo hirietan kokatutako liburutegien bi esperientziak ezetz erakusten dute. Sarri, munduko lekurik «txarrenak » bikainak dira liburutegi onenak kokatzeko. Jarraian, bi espazio ezagutuko ditugu, lehen heriotzarekin eta miseriarekin lotzen zirenak, eta gaur egun loratuta daudenak, bertan ezarritako liburutegiei esker.
1. São Pauloko liburutegia
São Pauloko Liburutegia (BSP) dagoen lekuan, São Pauloko Atxilotze Etxea zegoen garai batean, Carandirú izenez ezaguna. Espetxeak zortzi mila preso baino gehiago zeuzkan, eta Latinoamerikako kartzela handiena zen, une hartan. 1992ko urriaren 2an, ehun eta hamaika preso hil, eta hogeita hamazazpi zauritu zituzten. Ebidentzia balistikoak erakutsi zuenez, bostehun eta hamabost bala aurkitu zituzten presoen gorpuetan; gertaera hori Brasilgo kartzeletan izandako giza eskubideen urraketa bortitzenetakotzat jotzen dute askok. Carandirúko sarraskia esaten diote.
Carandirúko kartzela 2002an desaktibatu, eta partzialki eraitsi zuten, eta Gazteen Parkea jarri zuten haren ordez. Hiriaren iparraldeko espazio horretan inauguratu zuten São Pauloko Liburutegia, 2010eko otsailaren 9an.
Oinarritzat hartuta Santiagoko Liburutegia (Txile) eta herrialdeko liburutegi publikoetan ezarritako praktika onenak, BSPk kulturaren eta ezagutzaren ekoizpen eta adierazpen nazionalak zein nazioartekoak komunitatearen eskura jarri ahal izateko ekipamenduak eta espazioak eskaintzen ditu. Eta, bibliotekologiako nahiz informazioaren zientzietako praktika onen laborategi denez, etengabe hartzen ditu Liburutegi Publikoen Estatuko Sistemak (SisEB) antolatzen dituen hitzaldiak eta ekitaldiak, sistemako udal liburutegi publikoetako lantaldeak trebatzera bideratuak. Jarduera sozial eta kulturalen arloan erreferentea da São Pauloko estatuko bederatziehun liburutegi baino gehiagorentzat.
Alderdi sozialari dagokionez, liburutegiak duintasuna eman zien herritarrei eta auzoko biztanleei. Duela zortzi urte baino gehiago jardunean hasi zenetik, bizilagun hurbilekoenen autoestimua suspertzea eta hiriko beste leku batzuetatik etorritako jendearekin eremua dinamizatzea lortu zen. Era berean, espazioa irakurketarekin, kulturarekin eta herritarrekin lotutako praktikak esperimentatzeko erabiltzen da, eta Estatuko gainerako liburutegi publikoekin konektatuta dago, SisEBren bitartez. Haren funtzionamenduaren oinarria hipotesi sinple hau da: bildumetan ardaztutako ikuspegia erabili ordez, inguruan duen komunitatean ardaztutako ikuspegia erabiltzea.
Pertsonak eta komunitatea erdigunean jartzen dituen ikuspegia izateak zera esan nahi du:
Ezagutza modu autonomoan eraikitzea; horretarako ezinbestekoa da espazioa eta tresnak eskaintzea, guztiek izan dezaten ezagutza berria eskuratzeko, eskaintzeko, eztabaidatzeko eta sortzeko aukera.
Jakintzak aitortzea, hau da, bisitari bakoitzak beste pertsona batzuekin truka daitezkeen ezagutzak dituela onartzea.
«Hitzen etxe» bilakatzea, diskurtsoak eta literatura ezagutzeko, eztabaidatzeko eta sortzeko espazioak eta materialak eskainita.
Kulturaren plaza izatea; lotura kulturalak sustatzen dituen espazio bat eskaintzea, ingurune seguru bat, askatasuna eta aniztasuna ezaugarritzat dituena.
«Hirugarren leku» gisa funtzionatzea, pertsonen askatasuna sustatzeko eta errespetatzeko espazioa izanik.
Hezkuntza eskaintza etengabea aurkeztea, liburutegian bertan proba daitezkeen eredu berrien zirkulu bertutetsua sortzeko.
Hala, liburutegiko erabiltzaile den Rebecak adierazten duen moduan, garai batean heriotza eta basakeria egon ziren lekuan, bere komunitateari garapen espazio seguru, aske eta plural bat eskaintzen dion liburutegia dago gaur egun:
Liburutegia gizarte inklusiorako espazioa da, harremanak eraikitzeko lekua. Topalekua da. Hemen ez naute inoiz diskriminatu. Beti errespetatu naute, eta beti egin didate harrera oso ona. Leku honek norbere buruarekin berriz konektatzeko aukera ematen du, perspektiba berriak lortzekoa. Berregituratzeko lekua da. Abiapuntua. Oso eskertuta nago ingurune hau daukadalako, nire bizitzan duen esanahiagatik. Bikaina izango litzateke mundu guztiak eskura izatea horrelako lekuak.
2. Villa-Lobos Parkeko Liburutegia
Hainbat hamarkadatan São Pauloko biltegiratze enpresa baten zabortegia izan zena parke gisa inauguratu zuten 1994an. Heitor Villa-Lobos izena jarri zioten, konpositore brasildarraren omenez. Villa-Lobos parkea hiri eremu narriatuak berritzeko prozesuen erreferente bihurtu da. Espazio publiko horrek era askotako aisia, kirol eta kultura jarduerak biltzen ditu, eta asko du proposamen jasangarri eta ekologikotik.
2015eko urtarrilean, proposamen horrexek bultzatuta, Villa-Lobos Parkeko Liburutegiak (BVL) parkean integratutako jarduerei ekin zien, eta, pixkanaka, espazioaren eta ingurunearen eraldaketa eta dinamizazioa indartu zituen, liburutegi proposamen berritzaile baten bidez. Emaitzarik baloratuena ikuspegi berrituak dituzten herritarrak garatzea da, bisitari berriak izatea baino gehiago. Garai batean mila pertsona inguru egunero janari hondarrak eta bestelako hondakinak biltzen ibiltzen ziren lekuan, ezagutza eta kultura eskuratzeko eta hainbat jardueraren bidez beren komunitatearekin konektatzeko gogoa duten milaka brasildar ibiltzen dira gaur egun.
BVL erreferentea da espazio publikoen berritzean; izan ere, gizarte harrotasuna berrezarri du herritarrengan, eta hiriko kultura ondasun baten eta parke baten arteko integrazioa sustatzen du.
Aisiarako eta kulturarako doako guneak nahi zituzten familiengan pentsatuz eraiki ziren parkea eta liburutegia. Arreta berezia eskaini zieten gazteei eta inguruko jendegune pobreeneko biztanleei, bertan ez baitzegoen kultur gune handirik BVL inauguratu zen arte.
BVLren bereizgarria tokiko komunitateari eskaintzen dizkion zerbitzuen eta programen aniztasuna da; horiek irakurketaren eta ezagutzaren bidez konektatzeko aukerak dakartzate, gainera. Liburutegiak liburu, multimedia, jostailu, joko tradizional eta bideo-jokoen bilduma zabala du, eta materialak astero eguneratzen dira, doan. Lau mila metro pasatxoko azaleran antolatuta dago dena. Halaber, urtean bederatziehun ekitaldi baino gehiago biltzen dituen kultura programa dauka, eta ekitaldi horien helburua komunitateko milioika pertsonen bizi kalitatea hobetzea da.
Irakurketa, kultura eta ezagutza jendearen eskura jartzea ez ezik, beste xede bat ere badute liburutegiko ekintzek eta zerbitzuek; hots, eztabaida eta sormen jarduerak sustatzea. Ekimen horien artean honako hauek nabarmentzen dira: adinekoentzat trebakuntza saioak antolatzea, telefono adimenduna edo smartphonea eta gailu digitalak erabiltzen ikasteko; eremu periferikoetako musika taldeei espazioa uztea; guraso eta tutoreei haur txikiekin irakurtzen laguntzea; yoga egiteko aukera ematea; atzerriko hizkuntzen doako eskolak antolatzea; sukaldaritza tailer entretenigarriak egitea, baita haur nahiz helduentzako literatura tailerrak ere; irakurketa klubak antolatzea; testuak, liburuak eta bideoak ekoizteko tailerrak eskaintzea; zinema saioak antolatzea, eta dozenaka jarduera erakargarri gehiago eskaintzea. Era berean, liburutegiak edukia sortzen duten enpresekin edo gizarte nahiz ingurumen arloetako ekimenekin elkarlanean aritzeko programa bat gauzatzen du.
BVL liburutegiak bere komunitateko giza garapenari egin diezaiokeen ekarpenaren adibide da, adin guztietarako programak antolatzen baititu, eta horrek berekin baitakar kapital soziala, kulturala, digitala eta ekonomikoa areagotzea. Liburutegiko programa guztiek laguntzen diote komunitatearen garapenari, bizitza sozioekonomikoaren arlo guztietako erabiltzaileak dituelako, bereziki; era berean, ekimen horien helburua komunitateko kide guztien beharrak asetzea da. Liburutegiaren erabiltzaile den Danielek honela azaltzen du:
Funtsezkoa da coworking espazio bat edukitzea, ateak irekitzen baititu. Are gehiago, itxaropena pizten du jendearengan. Gizarteari ekarpen interesgarriak egiten laguntzen die, bai hemen bizi direnei, baita hona etortzen direnei ere. Egiaz da mundu guztiarentzako liburutegi publiko bat, adin guztietako jendearentzako leku bat. Jakintza ez da soilik liburuak irakurtzea. Lana partekatzea ere bada. Horixe da ideia. Eta hau leku ezin hobea da horretarako.
