Esker hitzak

Liburu honen edizioa oso berezia da niretzat. Eta lerro hauek irakurtzen ari bazara, jakin beharko zenuke herentzia handia dagoela lan honetan. Noizbait, gizon eta emakume talde batek urrutiko lurretara eraman zuten legatu baten parte da, gaur liburu gisa itzultzen dena bere etxera, itzulerako erromesaldi baten gisara, oraingo honetan komunitate eta jakintza berriekin.

Liburu hau, batez ere, egunero-egunero, planeta honetako mota eta tamaina guztietako ehunka liburutegik egindako ahalegin handiari esker idatzi da; horiek izan dira inspirazio iturri hemen idazten den lerro bakoitzerako. Aitzitik, munduko ertz bakoitzean, liburuzain guztiek, lanbidez, bokazioz eta ofizioz, imajinatutako liburutegia errealitate bihurtzeari esker idatzi da lan hau. Hain zuzen, pertsona horiek dira liburutegien eta komunitateen aurrean diferentzia markatzen dutenak. Haiengandik ikasi dut liburutegiei buruz dakidan guztia; nire akademia eta ondarea dira.

Liburu honetan betidanik sinetsi dutenei ere eskerrak ematen dizkiet. Ezio Neyra Magagnari, orrialde hauek idatz nitzan agertu zidan gogo biziagatik; Peruko Liburutegi Nazionaleko nire lagunei, batez ere, liburuzain publikoei zuzendutako lehen edizioa gaztelaniaz argitaratzeagatik.

Mila esker handi bat Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteko (ALDEE) nire lagun guztiei, euskarazko edizio zaindu honi bizia eman baitiote, eta, gaurtik aurrera, inoiz berriro bereiziko ez gaituen harri batek batzen gaitu orain.

Liburu hau guztiz berria eta ezberdina da Iban eta Maiteri esker. Fikziozko liburuek hitzaurre serioak izaten dituzte, batere fantasiazkoak ez direnak. Liburu honek, ordea, ez du inolako fikziorik garatu nahi bere orrialdeetan, eta harrigarria bada ere, gaia gaur egunera ekartzen duena Hondamendi Handiaren ondorengo etorkizunetik idatzitako hitzaurrea da. Eskerrik asko Iban Zaldua, harribitxia. Eta eskerrak eman nahi dizkiot, bereziki, Maite Gurrutxaga artista eta ilustratzaileari ere, edizio honen azala bikain ilustratzeagatik.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiot amets honen kudeatzaileari, nolabait, hark ere altxatu baitzuen liburu imajinatu hau. Eskerrik asko, maitasun eta miresmen handiz, Fernando Juarez Muskizko liburuzainari. Izan ere, ohore handiz ezagutu nuen duela bi hamarkada, eta harekin ibili naiz liburutegien arrastoan. Fernandok irmotasunez pentsatu zuen liburu hau libreki zabaldu behar zela. Baina, batez ere, eskertzen diot, nire semealabekin hitz egiten dudan hizkuntzan idatzitako hitz horiek gaur nire arbasoen hizkuntzara iristearen erantzule bera delako. Horrekin zirkulu bat ixten dela sentitzen dut: odolarena eta herentziarena, zubiak eraikitzen dituen etorkizunarena.

Mila esker. Inoiz ez dut nahikoa eskertzerik izango.

Gonzalo Oiartzun