Liburutegi imajinatua

Liburutegi imajinatuak komunitateekin batera lan egiten du, eta garapenerako aukerak eskaintzen ditu ekonomiaren, gizartearen, kulturaren eta hezkuntzaren arloetan, baita osasunarenean ere. Pertsonei garapen aukerak identifikatzen eta aprobetxatzen, eta gaitasun berriak barneratzen laguntzen dien plataforma da; era berean, gizarteko beste kide eta elkarte batzuekin lankidetzan aritzen da, lotura komunitarioak indartzeko.

Liburutegi imajinatuak zerbitzu integralak ematen ditu; alfabetatu eta hezi egiten du; tokiko ondarea berreskuratzen du; sareak elkartu eta sortzen ditu, herritarrek aukera berriak izan ditzaten bizitzan. Bertan, aintzatetsi egiten dira tokiko ahotsak, eta identitatetik nahiz aniztasunetik abiatuta eraikitzen da. Eta badago luze irauten duen konstante bat: etengabeko ikaskuntza, zeinak ahalbidetzen baitu aldatzeko eta berritzeko prest egotea, eraldaketa saihetsezina baita.

Liburutegi imajinatua espazio malgua da, eta erdigunean jartzen ditu pertsonak, horien jardunak eta beharrak. Komunitateak behar duen ordutegia du, eta eraikinaren mugetatik haratago ere ematen du arreta. Liburutegia ez baita eraikin bat, zerbitzu bat baizik, baina baita harreman eta komunikazio sare bat ere, komunitateko kide guztiengana heltzen dena.

Liburutegi imajinatua zerbitzu atsegina da, eta herritarrek beraiena dela onartu eta sentitzen dute. Liburutegi imajinatuak babestu egiten du bere ingurunea, eta berrikuntza nahiz hobekuntza aukera nabarmenak eskaintzen ditu osasunerako, ingurumenerako eta pertsona ororen integraziorako, bereizketarik egin gabe.

Liburutegi imajinatua konprometitua dago bere komunitatearekin, eta eraldaketarako funtsezko eragilea da, arrapaladan aldatzen den testuinguruan. Espazio demokratikoa da, eta, aldi berean, demokrazia sortzeko espazioa, eztabaida egitekoa eta aniztasunean nahiz tolerantzian oinarrituta elkartzekoa. Liburutegia beti izango da giza eskubideen lorategia, eta ideiak zein pentsamenduak askatasunez landatu eta loratuko dira bertan.

Liburutegi imajinatua herritarren etxeen luzapen abegitsua da, sozializatzeko tokia, babeslekua. Jolasteko eta dibertitzeko espazioa da; artea, literatura, zientzia eta giza jakintza guztiak sortu eta berregiteko tailerra.

Liburutegi imajinatua etorkizunari begira dago beti, baina bihotza iraganean jarrita du, arbasoetan, jatorrizko herrietan. Bertan, usainak aditu eta koloreak ikus daitezke, eta zapore anitz probatu. Sukaldea eta baratzea da; ohe biguna; mahai partekatua. Liburutegia jaberik gabeko etxe handia da, eta bertan inor ez dago soberan, edozein lekutatik datorrela edo edozein lekutara doala, ezta etxerik ez badu ere.

Liburutegi imajinatuak tokikoari erreparatzen dio, baina ikuspegi globala ere badu, eta ulertzen ditu mundua eta bertako loturak; ulertzen du zelako potentziala duten; kultura aniztasunekin solastatzen da, eta pentsatzeko modu berriak aurkitzen ditu. Liburutegi imajinatuak ulermena, irekitasuna eta onarpena funtsezko elementutzat dituen herritartasun globala sustatzen du.

Liburutegi imajinatua inspiraziorako espazioa da; eraldaketarako tresna; gizarte egitura eraiki eta berreraikitzeko laborategia; gizarteratzeko lekua eta mundu guztiarentzat irekita dagoen tokia, egunero harritzen gaituena. Pertsona bakoitzak bere auzora, etxera eta bizitzara eraman ditzan —doan— banatu nahi diren itxaropenen biltegia da.

Liburutegi imajinatua garatzen ari den ametsa, errealitate eratua edo etorkizun aurreratua da, egunero, munduko txokoren batean.

Komunitateak ereiteko lorategia da.