Irakurle birtualak, komunitate errealak, Txileko Liburutegi Publiko Digitala

Gaur egun, Txileko liburutegi publikoak dira estatuko kultura sare nagusia, bai estaldura geografikoari dagokionez, baita erabiltzaile kopuruari eta eskainitako zerbitzuei dagokienez ere. Izan ere, herrialdeko udalen ia % 97k dute liburutegia.

Txileko liburutegi zerbitzuek barne hartzen dituzte bostehun liburutegi publiko baino gehiago, hirurogeita hamar mailegu puntu, berrogeita hamar zerbitzu mugikor eta hirurogeita hamaika liburutegi espetxeetan, eta udalen menpe daude, nagusiki. Altzariak, langileak eta eragiketetarako nahiz mantentze lanetarako baliabide finantzarioak udalerriek hornitzen dituzte.

Liburutegi Publikoen Sistema Nazionala

Txilen, liburutegien garapena koordinatzeaz eta horretarako jarraibideak emateaz arduratzen den estatu erakundea Liburutegi Publikoen Sistema Nazionala (SNBP) da, Kultura, Arte eta Ondare Ministerioko Kultura Ondarearen Zerbitzu Nazionalaren mende dagoena. Tokiko gobernuek hitzarmen bat sinatzen dute SNBPrekin, eta, horren arabera, SNBPk honako hauetan lagundu behar die liburutegiei:

  • Bilduma bibliografikoak komodatuan uzten.

  • Liburutegi publikoak kudeatzeko arauen eta estandarren gaineko aholkularitza teknikoa ematen.

  • Liburutegietako langileak trebatzen eta prestatzen.

  • Irakurketa Plan Nazionala ezartzen.

  • Liburutegietarako proiektu eta programa berritzaileak ezartzen eta garatzen.

Eredu komunitarioa eta zerbitzuetakoa

Liburutegi publikoen eredua tokiko gobernuen eta administrazio zentralaren erakunde baten arteko aliantzan oinarritzen da. Erakunde horrek liburutegien garapen integrala sustatzen du, eta bermatu egin nahi du herritar guztiek eskuragarri izango dituztela liburuak, irakurketa eta kultura, edozein dela ere haien kokapen geografikoa, generoa, adina, maila sozioekonomikoa eta hezkuntzakoa, arraza edo kredoa.

Txileko liburutegi publikoek azken hogei urteotan izan duten hazkundea hiru ardatzetan oinarritzen da: integrazio komunitarioa, zerbitzuen modernizazioa eta langileen indartzea.

SNBPk eskualde mailako hamasei koordinakunde ditu, tokiko gobernuekin erlazionatuak. Era berean, eskualdeko sei liburutegi ditu (Antofagasta, Atakama, Coquimbo, ValparaC-so, Metropolitana eta AysC)n) eta eraikitzen ari diren bost proiektu (Arica eta Parinacota, Araucania, Los RC-os, Los Lagos eta Magallanes).

Herrialdean eta kanpoan arrakasta eta aintzatespen handiena izan duten SNBPren ekimen berritzaileen artean, honako hauek aipa ditzakegu:

  • Metroko liburutegia edo bibliometroa: liburuak mailegatzeko zenbait puntu jarri dituzte Santiagoko metro sarean. Ekimen hori, 1996an Txilen jaioa, zenbait herrialdetara B+esportatuB; dute.

  • Liburutegi Publiko Digitala: bere arloan berritzailea, herrialdeko biztanle guztiek eta atzerrian dauden txiletarrek erabil dezaketen liburutegia da.

  • B+Jovenes ProgramadoresB; (Gazte programatzaileak): gazteak programazio digitalera hurbiltzeko ekimena da; izan ere, tresna horrek ahalduntzean eta norberaren nahiz komunitatearen garapenean laguntzen du. Proiektu honek FundaciC3n Ciencia Joven fundazioak eta UNESCOk ematen duten Hezkuntza Zientifikoko Berrikuntzaren Urteko Saria jaso zuen 2015ean, IKTen kategorian.

Txilen alfabetatze informazionala nahiz digitala eta oinarrizko gaitasunen alfabetatzea lortzeko garatu den programarik zabalena eta intentsiboena liburutegi publikoetatik egin da, B+BiblioredesB; izeneko programa baten bidez. Helburua zera da, liburutegi publikoak espazio eraginkorrak izatea, eten digitalari aurre egiteko, komunitatea alfabetatzeko eta herritarrak sozialki, politikoki eta produktiboki ahalduntzen dituzten tresnak emateko.

Aldi berean, kultura zabaltzeko programa bizia egiten da: B+Bibliotecas son mC!s que librosB; (Liburutegiak liburuak baino gehiago dira). Liburutegi publikoek herrialdeko kultura sare handiena osatzen dutenez, programa horren helburua da haien lana babestea eta sustatzea, berariaz horretarako garatutako arte jardueren bidez; era berean, kultura jarduerak sustatzea, eskainitako zerbitzuen matrizea dibertsifikatzea, audientzia berriak sortzea eta liburuen mailegua indartzea lortu nahi du. Azken batean, antzerkia, dantza, musika, poesia, eztabaida politikoa, erakusketak eta tailerrak dira programa horretan gauzatzen diren ekintzetako batzuk.

Txileko liburutegi publikoen eragina honela laburbil liteke:

  • Gaur egun, irakurketa eta liburu zein aldizkariak maileguan doan eskuratzeko sare publiko handiena osatzen dute, baita komunitate osoari irekitako Interneteko sarbide nagusia ere, zortzi milioi inguru bilduma bibliografikorekin eta hiru mila ordenagailu baino gehiagorekin.

  • Liburutegi publikoen erabiltzaileen % 82 pobrezia atalasetik behera bizi dira.

  • Herrialdeko hiru udaletik batean, liburutegi publikoa da Internet doan erabiltzeko leku bakarra.

  • Liburutegiek hamabi milioi bisita baino gehiago jasotzen dituzte urtean.

  • Irakurketa Plan Nazionalaren helburuen % 65 liburutegi publikoetan erdiesten dira.

  • Bi milioitik gora pertsonari eman zaie zerbitzua, eta Interneten sartzeko hamaika mila saio baino gehiago egiten dira egunero.

  • Bostehun mila pertsonak garatu dituzte beren gaitasun digitalak liburutegiek eskaintzen dituzten ikastaroen bidez. Ikastaro horiek % 45eko ekarpena egiten diete Txileko Gobernuaren alfabetatze digitalerako helburuei.

  • Urtero hamabost mila pertsona baino gehiago trebatzen dira e-learning bidez.

  • Erabiltzaileek hamabi mila webgune baino gehiago sortu dituzte tokiko edukiekin, Contenidos Locales atariaren bidez, zeinak Stockholm Challenge Award saria jaso baitzuen 2006an, kulturako kategorian.

Liburutegi Publiko Digitala

Zer da liburutegi digital bat? Liburutegi digitalen ekimenei buruzko artikulu batean, non aipatzen duen Santa Fe Workshop on Distributed Knowledge Work Environments, Stephen M. Griffinek (1998) honako hau dio gaiaz:

liburutegi digitalaren kontzeptua ez da soilik informazioa kudeatzeko metodoen bidez digitalizatutako katalogoen baliokidea. Hori baino gehiago, bildumak, zerbitzuak eta langileak biltzen dituen ingurune bat da, informaziorako eta ezagutzarako datuak sortzeko, zabaltzeko, erabiltzeko eta gordetzeko ziklo osoa errazten duena. (24. or.)

Txileko Liburutegi Publiko Digitala (BPDigital) Liburutegi Publikoen Sistema Nazionalak garatutako ekimena da. Web plataforma baten bidez eta Android zein iOS sistema eragileetarako aplikazio mugikor baten bidez, irakurleek doan eskura ditzakete ia berrogei mila liburu digital eta audio-liburu, ingelesezkoak eta gaztelaniazkoak, era guztietako publikoarentzat: haur, gazte zein heldu. Erregistroa automatikoa da, eta indarrean dagoen identifikazio txartela baino ez da behar edozein liburu maileguan eskatu, eta ordenagailu, tableta edo smartphone batean irakurtzen hasteko.

Liburutegi hau 2013aren amaieran sortu zen, ordenagailu edo gailu mugikorretan deskargatuta liburu digitalak mailegatzeko online plataforma gisa. Bitarteko horietan ere irakur daiteke, eta sinkronizatu egin daitezke; adibidez, irakurle batek gauean tabletan irakurri badu, hurrengo egunean garraio publikoan dagoen bitartean telefonoan irakur dezake, orrialde beretik hasita.

Zerbitzua Txileko biztanle guztiek doan erabil dezakete, bereizketarik gabe, eta, beraz, etorkinentzat ere eskuragarri dago; atzerrian bizi diren txiletarrak ere sar daitezke. Plataformaren erabilera errazteko, aplikazio bat dago (BPDigital), erabiltzaileak edozein gailutatik sartu ahal izateko liburuetara, baita telefono mugikorretik ere. Gaur egun, gailu mugikorretara btabletak edo smartphoneakb egindako deskargak irakurketa guztien % 89 dira.

Ikus daitekeenez, liburutegiaren mailegu indizeak nabarmen handitzen ari dira:

Urtea 2013
(bi hilabete)
2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020
Urteko maileguak 727 4.370 13.330 113.575 134.819 301.427 393.890 573.949
Hazkundea 501% 205% 752% 19% 124% 31% 46%

Iturria: Liburutegi Publiko Digitala

Hazkunde tasa horri esker, seigarren urtean, Txilen liburu gehien mailegatzen dituen liburutegi publikoa bihurtu da, material bibliografikoa erosteko aurrekontu mugatua izan arren.

Emaitzei esker, BPDigital-ek hedapen handi samarra izan du telebistan eta prentsa idatzian, eta hiru aintzatespen nazional oso garrantzitsu jaso ditu:

  • 2016ko Berrikuntzako Avonni Sari Nazionala, herrialdeko zenbait erakunde publikok eta pribatuk ematen dutena.

  • 2017ko Alonso de Ercilla saria, Txileko Hizkuntza Akademiarena, literatura txiletarraren ezagutzan eta hedapenean lagundu duten pertsona zein erakundeei ematen zaiena.

  • Funciona Berrikuntza Publikoko Lehiaketako lehen saria, 2019an.

Liburutegi publiko tradizionala edo liburutegi publiko digitala?

Hona iritsita, eztabaida horri buruzko ideia batzuk azaldu behar dira. Pentsa liteke liburutegi publiko digitalak ordeztu egiten duela liburutegi publiko tradizionala, herrialde osoko auzo eta udalerrietan dagoen liburutegia. Izan ere, liburutegi publiko digitala lurraldeko biztanle gehienengana irits daiteke ordenagailuen edo gailu mugikorren bidez, eta bilduma bibliografiko zabala jar dezake haien eskura, udal liburutegietara joan beharrik gabe.

Egia al da dilema hori? Neurri batean bai. Liburutegi tradizionala paperezko liburuak mailegatzera mugatzen bada, irakurle potentzialen etxeetatik urrun badago eta ordutegi mugatuetan funtzionatzen badu, oso litekeena da liburutegi digitala aukera hobea izatea: asteko zazpi egunetan dago irekita, eta udal liburutegi publiko batek dituen liburu ia berberak ditu.

Baina gaur egun liburutegi publikoak beste zerbait dira. UNESCOren Manifestuak dioen moduan, liburutegiak honako zeregin hauek bete behar ditu, besteak beste:

  • Haurren artean irakurtzeko ohiturak sortu eta indartu behar ditu, txiki-txikitatik.

  • Hezkuntza indibidualean nahiz autodidaktan lagundu behar du, baita maila guztietako hezkuntza formalean ere.

  • Sormenaren garapen pertsonalerako aukerak eskaini behar ditu.

  • Haur eta gazteen irudimena eta sormena estimulatu behar ditu.

  • Kultura ondarearen ezagutza, arteen balioespena eta lorpen nahiz berrikuntza zientifikoen aintzatespena sustatu behar ditu.

  • Sorkuntza artistiko guztien adierazpen kulturalak ezagutzeko aukera eman behar du.

  • Kulturen arteko elkarrizketa sustatu behar du, eta kultura aniztasuna bultzatu.

  • Ahozko tradizioa babestu behar du.

  • Komunitateko informazio mota oro eskuratzeko aukera bermatu behar die herritarrei.

  • Informazio zerbitzu egokiak eman behar dizkie tokiko enpresei eta elkarteei.

  • Informazioaren erabileran aurrerabidea erraztu behar du, bitarteko informatikoen bidez.

  • Adin talde guztientzako alfabetatze programak eta jarduerak babestu behar ditu, eta horietan parte hartu behar du, baita martxan jarri ere, beharrezkoa izanez gero.

Liburutegi digital bat edukita lor daiteke hori guztia? Seguru asko ez. Izan ere, parte hartzea da elementu oinarrizkoena. Liburutegi publikoa eta antzeko erakundeak komunitateak berak kudeatuta sortzen dira, CERLALCek argitaratutako GuC-a para el estudio de usuarios y de la comunidad en bibliotecas pC:blicas lanean proposatzen den moduan (Chiuminatto, Lipeikaite eta OyarzC:n, 2018). Horrenbestez, ezinbestekoa izango da ondo ezagutu eta ulertzea komunitatea eta haren lurraldea, komunitateko eragile nagusiak eta erabiltzaileei eta haien beharrei buruzko informazioa biltzeko tresnak. Horretarako, ezinbestekoa da geure burua eta besteak ezagutzea, komunitateko elkarteetan parte hartzea, parte hartzen ez dutenak gonbidatzea eta zerbitzuak komunitatearekin batera diseinatzea.

Horren haritik, bitartekaritza eta dinamizazioa funtsezko arloak dira, liburutegi publikoak arrakasta izan dezan espazio fisiko gisa. Horretarako, jendearekin zuzenean lan egiten duten pertsonen gaitasunak indartu behar dira, etengabeko prestakuntza programa baten bidez, zeinaren helburua izango baita beharrezko trebetasunak, gaitasunak eta lidergoa sortzen laguntzea, programa kulturala zer herritarako planteatzen eta proposatzen den kontuan hartuta.

Ikuspegi horretatik, liburutegi publiko digitala funtsezko tresna da komunitateen informazio beharrak aseko dituzten alternatibak eraikitzeko, eta, zerbitzu presentzialak ordeztu baino gehiago, osatu eta aberastu egin ditzake.