Liburutegia eta komunitatea

Liburutegia komunitatearentzako gune sinbolikoa ere bada, adina eta estatus sozioekonomikoa gorabehera guztiek erabil dezaketen espazio bat. Era berean, biztanle guztiei espazio komunitario irisgarri bat eskaintzen dien hiri erakunde bakanetakoa da. Ikuspegi horretatik, liburutegi publikoa «ekualizadore demokratikotzat» har daiteke, gizartean loturak eraikitzeko zubitzat

Badira zenbait leku, antzeko ideiak dituztenei elkartzeko eta interakziorako aukerak ematen dizkietenak; gaur egun, teknologiei esker, leku horietako asko birtualak dira, gainera. Baina liburutegiak arlo desberdinetako pertsonak elkartzeko eta komunitate baten barruan gizarte sare berrien garapena eta aniztasuna sustatzeko gaitasuna du. Era berean, komunitate barruan bakartuta eta deskonektatuta dauden pertsonei lagundu diezaieke, eta hobeto sentiaraz ditzake. Liburutegiak aukera pribilegiatua dira komunitate bateko kideek bat egin dezaten, topaketarako eta elkarrizketarako foro egonkor eta irisgarri baten bidez. Liburutegi publikoen sarbide demokratikoak komunitateko kideek horren parte edo jabe direla sentitzea errazten du, eta hori oso garrantzitsua da behar bereziak dituzten taldeentzat; adinekoentzat, etorkinentzat, langabeentzat, emakumeentzat eta haurrentzat, besteak beste. Izan ere, liburutegiko zerbitzu eta baliabide guztiak dituzte eskura, inolako mugarik gabe.

Aarhus hirian (Danimarka) bada liburutegi bat, Dokk1, komunitatearen partaidetza bultzatu duena prozesu osoan, bai diseinu arkitektonikoan, baita altzarien, zerbitzuen eta programen diseinuan ere. Eraikina komunitatearen konpromisoa sustatzeko eraikia dago; bestalde, altzariek liburutegira hurbiltzen den jendearen arteko interakzioa bultzatzen dute, eta horrek elkarrizketak eta ideia trukeak faboratzen ditu adin guztien artean, era askotako gaitasunak dituztenen artean eta maila sozioekonomiko desberdineko pertsonen artean. Herritarrentzako Zerbitzuen sailak eskura jartzen du udal dokumentazioa; Aarhuseko «Smart City» ekimena gauzatzen du, eta hiriko gizarte sektore guztien datuak partekatzen ditu. Funtzio horiek bere gain hartuta, Dokk1 komunitatearen beharren erdian kokatuta dago, eta gobernuarekin batera dihardu. Eta oso beharrezkoa da liburutegiko erabiltzaileei gogoraraztea gobernuaren erakunde honek komunitatearen babesa jaso behar duela, zergen bidez; espazioak etorkizunean ere babesa izango duela bermatzeko lagungarria da hori.

Dokk1 liburutegiaren alderdi deigarrienetako bat «komunitatearen hazkundean» betetzen duen eginkizuna da. Eta hazkundean diogu, literalki; izan ere, hurbileko ospitale batean haur bat jaiotzen denean, gurasoek botoi bat sakatzen dute, liburutegian kanpai handi batek jo dezan. Ekintza txiki horren bidez, liburutegian denek dakite komunitateak beste kide bat izango duela, eta denek ospatu dezakete. Jaiotzak ospatzeko keinuarekin, Dokk1 liburutegiak hurbiltasunezko ikuspegi afektibotik ere sortu nahi du komunitatea, kide bakoitza osotasun baten parte izan dadin.

Liburutegiak bat egiten du Ray Oldenburg soziologo urbanoaren «hirugarren leku» nozioarekin, komunitatearen eraikuntza gauzatzeko espazio komunitarioa den heinean. Hirugarren lekuak dira kafetegiak, liburu dendak, liburutegi publikoak eta halako beste batzuk, solasaldi bizia ahalbidetzen dutenak, eta herritarrei modu informalean biltzeko eta bizitza sozialaren zentzua ulertzeko espazio bat eskaintzen dietenak. Greziar agora (jatorria:  γορά, «asanblea», eta  γείρω, «bildu») jarduera ekonomiko, politiko, sozial eta kulturalen erdigunea zen antzinaroan; komunitatearen erdigunea izan zen —plaza publikoa—. Zenbait akademikorentzat, liburutegi publikoa hirugarren leku bat da, baina Aabørentzat eta Audunsonentzat, ordea, etxearen, eskolaren edo lantokiaren luzapena da. Horien iritziz, egoera zailetan edo igarokorretan daudenentzat liburutegia bigarren lekuaren (lantokia edo eskola) alternatiba izan daiteke, lantoki gisa jokatzen duen espazio bat eskaintzen duelako. Gaur egun eraikitzen diren etxebizitza sozialek elkarbizitzarako espazio gutxi dutela kontuan hartuta, familia ugarik liburutegia erabiltzen dute etxearen luzapen gisa («lehen lekua»), etxeko lanak egiteko, edo baita familia harremanak garatzeko ere. Ikuspegi horietako edozeinen arabera, komunitateari modu ireki, inklusibo, doako eta kalitatezkoan elkartzeko eta biltzeko aukera ematen dion espazio komunitario bakanetakoa da liburutegi publikoa. Edonola ere, liburutegi publiko garaikidea komunitatearen parte aktiboa da, eta aldaketarako eragilea; tokiko ekonomiarako loturak ere ahalbidetzen ditu, gainera. Baldintza horri esker, mesede egin diezaioke komunitate baten azpiegitura sozialaren garapenari.

Baina liburutegia espazio demokratiko bat izateak —pertsona orok erabil dezakeena, bereizketarik gabe, eta era guztietako materialak eskaintzen dituena, zentsurarik gabe— ez du esan nahi espazio neutrala denik. Liburutegi garaikideak ideia, jarrera eta filosofia askotarikoen eztabaida onartu eta sustatzen du. Gabriela Mistral poetak dotore azaltzen zuen moduan: «Isiltasuna isiltasun, liburutegiak gerrilla zelai txiki baten antza duela esan daiteke: ideiak gustura aritzen dira borrokan bertan». Nolanahi ere, liburutegia ez da neutrala, eta ez du izan behar. Ezin da neutrala izan, jendeari oinarrizko eskubideak ukatzen bazaizkio; ezin da neutrala izan marjinazioaren, segregazioaren, indarkeriaren eta gehiegikeriaren aurrean. Liburutegi batek ezin ditu ideia guztiak onartu; bereziki, giza eskubideak urratzeko, estatu kolpeak emateko eta jendea oinazetu eta hiltzeko prest baldin badaude.

2020ko azaroaren 9an, Manuel Merino biltzarkidea buru zuela eta zegozkion eskudantzien barruan, Peruko Errepublikako Kongresuak Martín Vizcarra presidentea kargugabetu zuen. Hurrengo egunean, Merinok berak bere gain hartu zuen errepublikaren presidentetza, Kongresuko presidente gisa. Berehala hasi ziren kargugabetzea salatzeko mugimendu sozialak. Azaroaren 14ko gauean, egun haietako errepresio polizialaren ondorioz, bi gazte perutar hil ziren; horrez gainera, ehunka zauritu eta atxilotu zituzten, herrialderako justizia eta demokrazia aldarrikatzeagatik. Peruko historiaren gertaera basati haren biharamunean, Peruko Liburutegi Nazionalak bere logoaren ohiko urdin kolorea kendu, eta beltza erabili zuen sare sozialetan, dolua adierazteko. Aldi berean, komunikatu bat argitaratu zuen, errepresioaren biktimei, zaurituei, hildakoei eta desagertuei elkartasuna adierazteko; halaber, askatasunaren, justiziaren eta berdintasunaren aldeko konpromisoa agertu zuen. Ekintza horrek ez zuen aurrekaririk munduko ezein liburutegi nazionaletan, unean uneko ministroaren mende egon baitaitezke, eta, hortaz, jarduneko gobernuaren mende.

Liburutegiek adi egon behar dute, komunitatearen beharrei erantzuteko; ikusezinenak, baztertuenak eta jazarrienak diren sektoreen beharrei erantzun behar diete, bereziki. Elie Wieselek 1986an Bakearen Nobel saria jasotzean esan zuen moduan: «Neutraltasunak zapaltzaileari laguntzen dio beti, inoiz ez biktimari. Isiltasunak oinaze emailea elikatzen du beti, inoiz ez oinazetua. Batzuetan, esku hartu beharra dago».