Agurra

1990ean, lanbide bereko lagun talde batek indarrak batzea erabaki zuen ofizialki existitzen ez zen artxibozain, liburuzain eta dokumentalisten lanbidea defendatzeko. Erregistroko teknikariak “liburuzain eta artxibozain lagunen” kultur elkarte moduan inskriba zitezen tematu ziren arren, talde hark ez zuen amore eman elkarte profesional gisa onartuak izan arte. Irmotasun hari esker, ALDEE sortu zen, Euskadiko liburutegi, artxibo eta dokumentazio-zentro guztien baldintzak hobetu dituen elkarte profesionala. Ez da esaldi handi eta hutsala: hor daude etengabeko prestakuntza-eskaintzak, artxiboei eta liburutegiei buruzko legeria bultzatzeko administrazioekiko elkarrizketak, gure eremu geografikoan unibertsitate-prestakuntza arautua lortzeko ahaleginak edo lanbidea defendatzeko etengabeko ekimenak.

Baliabideen formatua x fokua

Inplikatutako pertsonen lanari eta erakunde arduradunen laguntzari esker, ALDEEk lanean jarraitu du ordutik, informazioa balio-iturri eta ezagutza ekitatez eta iraunkortasunez banatutako baliabide izan daitezen. Egungo zuzendaritza-batzordeari egokitu zaio elkartearen 30. urtemugan haren zuzendari izateko ohorea eta erantzukizuna. Ezin izan genuen ospatu guk hala nahi genuenean (2020a ez da egokia izan bilerak eta jardunaldiak egiteko), baina planeatu bezala egingo dugu, bazkide eta erakundeekin batera, San Telmo Museoan The discipline of organizing argitalpenaren euskarazko edizio hau aurkezteko antolatutako jardunaldiarekin, gure ustez, profesional guztiek ondo ezagutu beharreko eskuliburua baita honako hau.

Azken hamarkadan, informazio digitalaren ezagutzaren antolaketari eta ustiapenari buruzko material berriak agertu dira; horien artean The discipline of organizing nabarmentzen da, objektu informatibo digitaletan bereziki aplika daitezkeen antolaketa- sistemen esparru orokorra jorratzen duen erreferentziazko eskuliburua. Liburutegiak, artxiboak, museoak, argitalpen digitala, informazioa berreskuratzea, edukiak kudeatzea, informazio-zerbitzu digitalak diseinatzea eta beste hainbat arloren azpian dauden alderdi kontzeptualak modu integratuan aurkezten dituen obra da. Halaber, informazioa eskuratu, biltegiratu eta deskubritu ahal izateko gizarteak duen etengabeko erronkaren oinarri partekatuak azaltzen ditu. Gainera, gorabidean dauden arloen ikuspegiak txertatzen joan da pixkanaka. Hala nola, datu-zientzia, web-posizionamendua edo datu-webgunea, eta gidaliburu bat sortu du, hiztegi partekatu bat proposatzen duena, bibliotekonomia eta dokumentazioa bezalako eremu klasikoetatik informazio-aktiboen kudeaketa korporatibora edo datu publiko irekien kudeaketara lotzen duena.

O ‘Reilly Media Inc. argitaletxeak argitaratua eta CC-BY-NC lizentziapean banatua, The discipline of organizing FESABIDek eta Espainiako hainbat unibertsitatek itzuli eta digitalki argitaratu dute gaztelaniaz. Liburu hau euskaratzea eta argitaratzea elkartearen urteurreneko opari ona izan daitekeela uste dugu ALDEEn.

Eva Alberdi eta Fernando Juárez.
Liburuzainak. ALDEEko bazkideak. Antolatzearen diziplina argitalpenaren arduradunak.