3.3 Baliabideak antolatzea
Antolaketa-sistemetan era askotako printzipioen arabera antolatzen dira baliabideak. Liburutegi, museo, negozio, gobernu-organo eta bizi luzeko beste zenbait instituziotan, antolaketa-printzipioak bildu ohi dira katalogatzeko arau gisa, informazioa kudeatzeko arau moduan edo bestelako prozedura esplizitu eta sistematikoak erabiliz, hartara, jendeak koherentziaz aplikatu ditzan denboran. Antolaketa-sistema pertsonal edo txikietan, aldiz, baliabideak antolatzeko printzipioak informalak izan ohi dira, eta sarritan ez dute koherentziarik, edo ez dira bateragarriak.
Kokapena da baliabideak antolatzeko printzipio sinple bat: baliabide guztiak kokapen berean kokatzea: edukiontzi berean, apal berean, edo mezu elektronikoen sarrera-ontzi berean. Nolanahi ere, antolaketa-sistema gehienek beren printzipioak erabiltzen dituzte, baliabideen edo bildumaren ezaugarri espezifikoak aintzat hartuz. Zer ezaugarriri erreparatu eta horiek nola bideratu, hainbat faktoreren araberako erabakia da: antolatu nahi diren baliabideen kopurua, baliabideak zer xedetarako antolatu nahi diren eta zer esperientzia edo joera (inplizitu zein esplizitu) izango dituen antolaketa-sistema horren xede-erabiltzaileak. Gainera, antolaketa-sistemaren inplementazioak taxutuko du zer eta nolako propietateak izan behar dituzten baliabideek.
Baliabide-bilduma askotan, baliabideak banaka eskuratzen dira, edo elkarri lotutako baliabideen sortatan bestela, zeinak, hasieran behintzat, modu beretsuan erabil baitaitezke. Horregatik, gauza naturala da, baliabideak antolatzeko garaian, aintzat hartzea baliabidea bilduman sartu den unean ebaluatu eta interpretatu daitezkeen propietateak.
Propietate
Liburu honetan, modu orokorrean erabiltzen dugu propietate hitza, bere zentzu arruntean, ezaugarri edo «tasun» hitzen sinonimo gisa. Zientzialari kognitibo eta informatikari askok modu zehatzagoan definitzen dituzte termino horiek, eta propietate kontzeptua, berriz, predikatu bitarretan erabiltzen dute (adib., zerbait irakurri ahal da edo ez; zerbait biribila da edo ez). Era askotako balioak izan baditzake, propietateari atributua, «dimentsioa» edo «aldagaia» esaten zaio. Datuen zientzian edo ikaskuntza automatikoan, ezaugarri kontzeptua bietarako erabiltzen da: aldagai «gordinak» –beha daitezkeenak– zein «sorrak» –sorta originaletik erauzi edo eraiki direnak– izendatzeko.
«Gai sarrerak» egiteko, sailkapen-sistema jakin bat erabili behar da, kategoriak eta deskriptoreak dituena, horiek adierazten baitute baliabidea zeri buruzkoa den. Kasu horretan, baliabidearen esanahiari dagozkion propietateak hartzen dira kontuan, zeinak ezin baitira zuzenean hauteman; hori dela-eta, gaikako sailkapenetarako metodoen oinarrian lan intelektual eskerga dago eta, hainbat kasutan, horretan dihardutenek zorrotz prestatu behar dute, lana koherentziaz eta egoki egin nahi badute. Edonola ere, gizakien ahaleginak dakarren kostua eta denbora tarteko, teknika konputazionalak erabili nahi izaten dira baliabideak antolatzeko.
Sailkapen-joerak
Liburutegiek eta liburu-dendek antolaketa-sistema ezberdinak erabiltzen dituzte. Jatetxe bateko sukaldea ez da etxeko sukaldea bezala antolatzen, zeren sukaldari profesionalek eta jende arruntak ez baitio ikuspegi beretik heltzen sukaldaritzari. Zientzialariek eskema latinoa edo bi izen dituena (generoa + espeziea) erabiltzen dute izaki bizidunak identifikatzeko eta antolatzeko; modu horretan, izen arrunten anbiguotasuna eta koherentzia eza saihesten dute, izakien izenak ezberdinak izaten direlako hizkuntza batean eta bestean, eta, are, sarritan izaki baten izenak hainbat aldaera izaten dituelako hizkuntza-komunitate baten barruan, eskualdearen arabera.
3.3.1 Baliabide fisikoak antolatzea
Antolatu beharreko baliabideak gauza fisikoak edo ukigaiak direnean –hala nola liburuak, margolanak, animaliak edo lapikoak–, baliabideak liburutegi, museo, zoo edo sukaldeko toki bakarrean egon daitezke aldi berean. Halaber, baliabideak antolatzeko informazioa erregistratu behar bada bitarteko fisiko batean –harrian zizelkatu, buztinean markatu, paperan tinta isuri, eskuz zein inprimagailu baten bidez–, gauza fisikoen propietate eta mugen arabera antolatuko da informazio hori.
Gauzak fisikoen ukigaitasun saihestezinaren ondorioz, halakoen antolaketa-sistemetan eragin handia izango du baliabideak aurkezten diren materialak edo bitartekoak. Museoek, esaterako, artefaktu originalak biltzen dituzte oro har, eta bildutako gauza-moten arabera antolatzen dituzte bildumak. Badira arte ederretako museoak, eskulturakoak, artisautzakoak, jostailuenak, zientzia-museoak eta abar.
Era berean, beren adierazpen materialak ezberdinak direnez, ez ditugu toki berean gordetzen liburu fisikoak eta binilo-diskoak; azken horiek, CD eta DVD bildumatik hurbil egongo dira beharbada, baina ez batera; izan ere, gordetzen dituzten baliabide fisikoekin batera garatu dira baliabide fisikoen biltegiak (apalak, armairuak, tiraderak eta beste).
Jendea antolatzea negozioetan
Negozioetan jendea nola antolatzen den, horixe da kudeaketa-diziplinaren muina, eta auziaren hainbat alderdi irakasten dira industrien antolaketan eta portaeran, eragiketetan, ekintzailetzan eta beste ikastaro batzuetan. Negozioetan jendea antolatzeari, sarritan, «giza baliabideen kudeaketa» esaten zaio, eta baliabide fisikoak zein informazioa antolatzeari dagozkion printzipio asko erabil daitezke jendea antolatzeko orduan.
Horrez gainera, aintzat hartu behar dira ekonomia, estrategia eta negozioen ikusmoldea. Jendea antolatzeko hamaika modu daude, ezberdinak direnak honako kontu hauei dagokionez: hierarkiaren egitura, hierarkian gora zein behera transmititzen den informazioa eta jendeak bere lanari buruz izan behar duen diskrezioaren maila. Adibidez, badira abokatuen bufeteak, non hierarkia sendo bat dagoen (bazkide nagusiak, bazkide arruntak eta laguntzaile juridikoak), eta horien kontrakarrean, badira auto-kudeaketa baliatzen duten «holokraziak» –Zappos konpainiak erabili izan du–, zeinean autoritatea eta erabakimena langileen artean banatzen baitira.
3.3.1.1 Baliabideak ezaugarri fisikoen arabera antolatzea
Baliabide fisikoak, sarritan, beren ezaugarri fisiko intrintsekoen arabera antolatzen dira (tamaina, kolorea edo forma), gizakion ikusmenak arreta handia eskaintzen baitie automatikoki.
Psikologo alemanek formalizatu zuten, estreinako aldiz, hautemate bisualaren alderdi saihestezina, duela mende bat, Gestalt printzipioen bidez (ikus taula gehigarria: Gestalt printzipioak). Era berean, jendeak arreta-gaitasun mugatua duenez, ez gara ohartzen estimulu bisualen (eta entzumenezkoen) konplexutasunaren puska handi batez; horregatik, iruditzen zaigu gure mundu sentsoriala berez dena baino sinpleagoa dela. Bi ideia horiek batera hartuta, argi ulertzen da zergatik antolatzen ditugun, automatikoki edo «arretaz erreparatu aurretik», gauza bereiziak multzo edo patroi gisa, horien antzekotasun edo hurbiltasunean oinarrituta, eta orobat ulertzen da zergatik iruditzen zaigun estetikoagoa edo asegarriagoa dela baliabideak antolatzea azkar hautemandako ezaugarri horien arabera, ezen ez denbora gehiago eskatzen duten ezaugarrien arabera. Erreparatu, adibidez, eskuartean duzun liburuaren azalari: kolore eta forma batzuk antolatuago daude beste batzuk baino, eta antolatuenak dira, hain zuzen ere, lehen begi-kolpean nabarmenagoak iruditzen zaizkizunak.
Baliabide fisikoak antolatzeko, halaber, baliabideei intrintsekoki lotutako ezaugarriak ere erabiltzen dira, hala nola baliabideak sortu edo deskubritu ziren tokia eta denbora. Kolorearen, oihalaren edo estiloaren arabera antola ditzakezu alkandorak armairuan. Alkandoren ezaugarrien konfigurazio gisa har ditzakegu alkandora dotoreak, kamisetak eta alkandora hawaiiarrak, eta hain ohikoak eta ezagunak dira, ezen kategoria linguistiko eta kultural bihurtu baitira. Beharbada, beste pertsona batzuek ezberdin ikusiko dituzte kategoria edo ezaugarri horiek: kolore gehiago edo gutxiago erabiliko dituzte, edo beste modu batera ordenatuko, eta alkandorak estiloaren arabera antolatuko dituzte lehenik, eta kolorearen arabera gero, edo alderantziz.
Gestalt printzipioak
Max Wertheimer, Wolfgang Kohler eta Kurt Koffka psikologoek zenbait printzipio proposatu zituzten –hurbiltasuna, antzekotasuna, jarraikortasuna, lotura, itxitura eta itxiera–, zeinek azaltzen baitute nola ordenatzen duen gure ikusmenak ikusten duen hori. Gure ikusmenak jasotzen dituen estimulu sentsorialei dagokienez, interpretazio ugari daude beti horiek azaltzeko, baina gure gogoak sinpleena inposatzen du: hurbilen dauden gauzak multzokatzen dira; forma konplexuak behatzean, elkarri gainjarritako forma sinpleak ikusten dira; informazioa gehitzen da, patroi bisual bereiziak jarraikortzat eta osotzat hartu ahal izateko, eta atzealdean dauden ilusio-itxurako figurei interpretazio bat ematen zaie aldi bakoitzean
Diseinatzaile grafikoak eta informazioaren diseinatzaileak Gestalt printzipioetan oinarritzen dira, beren diseinuak errazago ulertzen baitira giza ikusmenak eraturiko interpretazio automatikoei esker. Horrek esan nahi du, era berean, zailagoa dela diseinu bat ulertzea baldin eta Gestalt arauak betetzen ez baditu. Gestalt prozesamenduaren indarra agerian uzten du kamuflajeak: kolore disruptiboak erabiltzea, atzealdearen antza duten kolore eta patroiak erabiltzea, alderantzizko itzala baliatzea, itzalak ezabatzea edo antzeko teknikak baliatzea, zeinen bidez ikusmenari zailagoa suertatuko baitzaio objektuak eta ertzak identifikatzea.
Alkandoren ezaugarri fisikoez gainera, edo horien ordez, jarrerari edo erabilerari dagozkion ezaugarriak erabil ditzakezu alkandorak antolatzeko. Agian, bereizi egingo dituzu egunero bulegora eramaten dituzun alkandorak, batetik, eta alkandora hawaiiarrak edo jai-girokoak, bestetik. Baliteke sarrien erabiltzen dituzun alkandorak armairuaren aurrealdean ipintzea, erraz aurkitzeko moduan. Baliabideen ezaugarri intrintsekoak ez dira aldatzen; portaerari edo erabilerari dagozkionak, ordea, dinamikoak dira. Beharbada Hawaiira joango zara bizitzera, eta han aukera izango dugu alkandora hawaiiarrak egunero janzteko, edo baliteke oso gogoko izandako alkandorez aspertzea noizbait, eta gero eta gutxiago erabiltzea.
Gerta liteke baliabideen ezaugarri batzuek arazoak sortzea beste baliabide batzuei edo horien erabiltzaileei, eta halako ezaugarriek eragina izango dute baliabide fisikoen antolamenduan, hori mugatuz edo baldintzatuz. Material arriskutsuak edo sukoiak ez lirateke gorde behar isuririk edo garrik egon daitekeen lekuan; lehoiak eta antilopeak ez lirateke zooko eremu berean egon behar, bestela batak besteak jango baitu; liburutegian, helduentzako liburuak eta filmak ez lirateke gorde behar haurrek nahigabe topa ditzaketen lekuren batean, eta pertsona liskarzaleak, pasibo-agresiboak edo harroputzak ez dira taldekide aproposak izango erabaki zailak hartzeko garaian. Baliabide ororen kasuan irudika daiteke halako zerbait, hau da, baliabide jakin batekin uztartuz gero zoritxarrezko ondorioak ekarriko dituen egoera bat. Badira arau eta erregulazio mordoxka bat (egiaztagiri profesionalak, eraikuntza-kodeak eta filmen sailkapenak), arriskutsuak izan daitezkeen baliabideetatik babesten gaituztenak.
3.3.1.2 Baliabide fisikoak deskribapenaren arabera antolatzea
Baliabide fisikoak antolatzeari berez datxezkion mugak gainditzeko, antolaketa-sistemek, maiz, baliabide fisiko gehigarriak erabiltzen dituzte, baliabide fisiko primarioak deskribatzen dituztenak: liburutegiko fitxen katalogoa da horren adibide klasikoa. Baliabide fisiko zehatz bat toki jakin batean egongo da, baina hori deskribatzen duten baliabide ugari aldi berean egon daitezke toki batean baino gehiagotan.
Liburutegiko katalogoko fitxa
Liburutegi-katalogo bateko fitxa (Bibliotekonomia eta Informazio Ikasketetako Eskolako liburutegia, Kaliforniako Unibertsitatea, Berkeley). Fitxan, Galeseko liburutegi monastikoei buruzko liburu bat deskribatzen da; bai Galesko liburutegi haiek, bai fitxa hau erabiltzen zen liburutegia, ez dira existitzen jada. (Argazkia: R. Glushko)
Fitxen katalogorako armairua
XX. mendearen puska handi batean, liburutegietako katalogoak fitxen bilduma gisa kudeatzen ziren, eta bilduma horiek halako armairu berezi batzuetan gordetzen ziren: liburutegi orotan zegoen halako bat. Gaur egun, egurrezko armairu horiek «retro»ak direla uste izaten da, eta antzinako altxortzat hartzen dira. (Argazkia: R. Glushko)
Deskribapen-baliabideak digitalak baldin badira, adibidez, fitxen katalogo bat sareratzen bada, abstrakzio-geruza gehigarri bat sortzen da, eta, horren bidez, antolaketarako aukera gehigarriak ere sortzen dira, zeinek alde batera utzi baititzakete baliabideen ezaugarri fisikoak eta baliabideak gordetzeko moduari buruzko xehetasunetako asko.
Antolaketa-sistema batean baliabide gehigarriak erabiltzen badira baliabide primarioak identifikatzeko edo deskribatzeko, «bilduma bati baliabideak gehitzea» ekintza logiko bat izango da, eta ez da premiarik izango baliabide primarioekin ekintzarik gauzatzeko, horiek kopiatzeko edo berrantolatzeko. Gehikuntza birtualari esker, baliabide berak bilduma batean baino gehiagotan egon daitezke aldi berean: liburu bera zerrendatu daiteke hainbat bibliografiatan, webgune bera sar daiteke laster-marken hainbat zerrendatan eta hainbat web orritako estekak jaso ditzake, eta argitaratzaile baten artikulu-gordailu digitalak nahi adina liburutegiri eman diezaieke bere lizentzia.
3.3.2 Tokiak antolatzea
Tokiak baliabide fisikoak dira. Aurreko bi azpi-ataletan, emantzat jo dugu ingurunea (liburutegia edo museoa, fitxen katalogoa edo apalategia), eta aipatu dugu ea nola antolatzen diren baliabideak inguru jakin horretan; atal honetan, ordea, bestelako ikusmolde bati hel diezaiokegu, eta eztabaida dezakegu ea nola diseinatu ingurune fisikoa bera. Inguruneak halakoak izan daitezke:
- Lurra bera. Adibidez, hirietako planoak zabaltzen ditugu, eta antolatzen dugu jendea nola bizi den elkarrekin eta nola jarduten den elkarreraginean.
- «Ingurune eraikia»: gizakiak sortutako espazioak, eraikinak, edo elkarri lotutako espazioen eta eraikinen multzoak. Ingurune eraikiak dira museoak, aireportuak, erietxeak, kasinoak, dendak, baserriak, errepide-sistemak edo beste edozein eraikin edo espazio, non baliabideak antolatuta baitaude eta jendea elkarreraginean jarduten baita horiekin.
- Erabiltzaileei ingurune eraikietan gauzak ulertzea eta elkarreraginen jardutea ahalbidetzen dieten orientazio- eta nabigazio-tresnak. Baliabide-deskribapenak dira, eta erabiltzaileen elkarreragin-baldintza ahalbidetzen dituzte.
Testuinguru horiek ezin dira erabat bereizi, baina, haiei buruz hitz egiteko, errazagoa da bereizitzat jotzea.
3.3.2.1 Lurra antolatzea
Bizitza eta merkataritza ahalbidetzen dituzten tokietan sortzen dira hiriak, modu naturalean. Hiri nagusi gehientsuenak itsasertzean edo erreka bazterrean eraiki ziren, urak berekin dakartzalako mantenua, garraiobidea, lotura komertzialak eta industria garatzeko indarra. Hiri zahar askotan, kaleak bihurriak dira, pilatuta daude, eta ez dirudi berariaz antolatu direnik, baina hirietako lauki-sareen planoek ere historia luzea dute. Ekialde Hurbileko hainbat hiri nolabaiteko lauki-sareetan antolatu ziren aspaldi-aspaldi (zantzu zaharrenak K.a. 2000. urtea baino lehenagokoak dira).
Estatu Batuetan, eta bereziki mendebaldean, ez zegoen Europaren gehiengoan edo Asian bezalako biztanleria-kopuru handirik duela gutxira arte; horregatik, toki egokia zen jendeak ideia berriak probatu zitzan hirien diseinuari dagokionez. Gizakion berezko jarrera bat da ordena ezartzea biziguneen kokapenetan, eta AEBn leku mordoa zegoen horixe egiteko, hain zuzen. Espazioa antolatzeko erarik errazena eta eraginkorrena da lauki-sare bat baliatzea, eta kaleak angelu perpendikularretan elkar gurutzatzea. Gisa horretako hiriak dira, besteak beste, Salt Lake City, Albuquerque, Phoenix eta Seattle. Washington D.C hirian egitura hibrido interesgarri bat dago: hiribide diagonalak daude, erradio bat osatuz, lauki-sare batekin gainjarrita.
3.3.2.2 Ingurune eraikiak antolatzea
Ingurune eraikiek eragina dute horietan sartzen diren guztien espektatibetan, jarreretan eta esperientzietan; langileak, bisitariak, bezeroak eta biztanleak, guztiak dira ibiltzen diren espazioen diseinuaren mendekoak. Inguruneak diseinatu daitezke hainbat helburu lortzeko: jendearen arteko elkarreragin-jarduerak hauspotzeko edo murrizteko, jendeak askatasuna edo konfinamendua senti dezan, esplorazioa saritzeko edo eraginkortasuna sendotzeko, eta beste hainbat gauzatarako, noski. Ingurune eraikietan dauden baliabideen antolaketak orobat bultzatu edo murriztu ditzake elkarreraginak, eta, batzuetan, ingurune eraiki bat diseinatzen denean, baliabideen bilduma jakin bat hartzen da gogoan, elkarreraginerako xede edo arau zehatz batzuk ahalbidetzeko eta indartzeko asmoz.
Baldin eta hiru ingurune eraiki zehatz konparatzen baditugu –museoak, aireportuak eta kasinoak–, eta horietako bakoitzak elkarreragin-jarduerak errazteko edo mugatzeko duen modua ere alderatzen badugu, ezberdintasunak begien bistakoak dira. Museoak, sarritan, monumentu arkitektoniko gisa diseinaturiko eraikinetan egoten dira; denbora pasa ahala, eraikin horiek identitate nazionalaren, zibikoaren eta kulturalaren sinbolo bilakatzen dira. Arte-museo zaharrek arkitektura klasikoa antzeratzen dute: eskailera-sorta zabalak eta zutabeak alde banatara. Harrera-gela itzelak izaten dituzte, bisitariei sartzeko gogoa ematen dietenak. Museoa modernoak ez dira, inondik ere, hain tradizionalak, eta, zenbaiten ustez, arte modernoko museoetako arkitektura hainizaten da deigarria, ezen itzal egiten baitio arte-bildumari berari, jendea bultzatzen baitu eraikinari arreta gehiago eskaintzera artelanei berei baino.
Berriki eraikitako aireportu batzuk trebetasun arkitektonikoz diseinatu dira; aireportuen diseinuak, halere, beste kontu batzuk hartu behar izaten ditu aintzat: eraginkortasuna, ibiltzeko erraztasuna (igarobide mekanikoen laguntzaz, adibidez), orientatzeko erraztasuna, eta erosotasun oinarrizkoa aireportura iristen edo aireportutik abiatzen diren bidaiarientzat. Pasabide zabalen, eskailera ugarien eta norabide bakarrean mugitzen diren ate birakarien bidez, jendea norabide jakin batzuetan mugitzea hauspotzen da, jendea horretaz konturatzen ez bada ere.
Inoiz galdu bazara kasino batean edo lanak izan badituzu irteera aurkitzeko, jakin ezazu kasinoak bete-betean lortu dituela bere diseinu-helburu nagusiak: jendea barruan gera dadila, denboraren igaroari erreparatu gabe (kasinoetan ez dago erlojurik ez leihorik). Robert Venturi arkitekto estatubatuarrak nabarmendu duenez, «sabai baxuaren azpian dagoen labirinto trinkoan inoiz ez da sartzen kanpoko argiaren ez kanpoko espazioaren arrastorik… Hori dela-eta, kasinoan dagoenak galdu egiten du espazioaren eta denboraren zentzua… Ez daki non dagoen, ez eta zer ordu den ere».
Antolaketa-sistemei buruzko erabakietan balio eta joerek eragina dutela dioen premisa onartzen baldin badugu, agerikoa irudituko zaigu ingurune eraikietan. Erreparatu diezaiogun, adibidez, bankuetako, supermerkatuetako eta aireportuetako ilaren diseinuari. Kontuan hartuz desiragarria dela jendea eraginkortasunez antolatzea, itxaronaldiak eta jende-pilaketak murrizteko xedez, nola diseinatu behar litzateke ilara? Zenbat jende-kategoria egon behar lirateke? Zein da kategorien oinarria?
Supermerkatu batean ordainketa-ilara azkarrak sartzeak ez du eztabaidarik piztuko, zeren jendeak, zain egon nahi ez baldin badu, gauza gutxiago eros baititzake. Era berean, funtsezkoa dirudi ospitaleko larrialdietan hautaketa-arau batzuk edukitzea: horrela, larrialdietako pazienteak hautatuko dituzte, berehalako arreta nork behar duen zehaztuz.
Adibide ugarik erakusten dute nola bihurtzen diren balioak eta joerak ingurune eraikien parte. XX. mendearen erdialdean, Long Islandeko (New York) errepide-sistemak diseinatu zituztenean, pasabide baxuak eraiki zituzten, autobus publikoak ez pasatzeko moduan; ondorioz, zuriak bakarrik iristen ziren hondartzetara. Unibertsitateetan 1960ko eta 1970eko hamarkadan izan ziren protesten ondoren, joera bat gailendu zen campusen diseinuan: manifestazio handiak eragozteko edo zapuzteko moduko diseinuak sortu ziren.
3.3.2.3 Orientatzeko eta bidea aurkitzeko mekanismoak
Erraza da ingurune batean barna ibiltzea eta orientazioa ez galtzea baldin eta diseinua sinplea eta koherentea bada, baina ingurune eraiki gehienek ezaugarri edo deskribapen gehigarriak izaten dituzte, jendeari laguntzeko. Elementu arkitektoniko bereizgarriak mugarri suerta daitezke jendeak bidea topa dezan, eta koloreak, argiztapena, altzariak edo bestelako bitartekoak ere erabil daitezke espazioak bereizteko. Mekanismo nonahikoagoak izaten dira seinaleak, gela-zenbakiak edo norabidea markatzen duten geziak, helmuga garrantzitsuetarako bidea eta distantzia adierazten dutenak.
Aireportuetan, esaterako, orientazio-seinale eta informazio-pantaila ugari daude, bidaiariek jakin dezaten zer atetatik abiatuko den beren hegazkina, nora iritsiko diren beren poltsak edo non dagoen lurreko garraioa. Kasinoek, aldiz, orientatzeko eta espazioan barna ibiltzeko laguntza gutxi eskaintzen dute, zeren, bezeroen nahasmena areagotuz gero, luzeago geratuko baitira, eta gehiago jokatuko baitute.
Bidea aurkitzeko eta orientatzeko mekanismoetan berrikuntzak egin dira orain gutxi: zentzumenak eta komunikatzeko gaitasuna erantsi zaizkie, jendearen mugikorra identifika dezaten eta, horrela, jarraibide edo informazio pertsonalizatua eskaini. Halako sistemak, «itsasargi» deitzen zaienak, martxan daude hainbat aireportutan, besteak beste Gatwicken (Londres), San Frantziscon eta Miamin.
3.3.3 Baliabide digitalak antolatzea
Badira alde nabarmen batzuk baliabide digitalak –dokumentu digitalak edo informazio-zerbitzuak– antolatzen dituzten eta baliabide fisikoak antolatzen dituzten antolaketa sistemen artean. Baliabide digitalak aise asko kopiatu edo estekatu daitezkeenez, ez diote men egin behar «toki barrean aldi berean» egotearen mugari. Baliabide digitalen gordailuen kokapena jada ez dago ikusgai, eta ez du garrantzirik. Ez du axola dokumentu edo bideo digital bat non dagoen, Berkeleyn edo Bangaloren, betiere eraginkortasunez aurkitu eta eskuratu badaiteke.
Gainera, baliabide digitalen funtzioak eta gaitasuna ez direnez zuzenean agertzen gaitasun fisiko gisa, objektu material orori dagozkion mugek ez dute garrantzirik eduki digitalean hainbat egoeratan.
Baliabide digitalen antolaketa-sistemak batek, halaber, baliabideei lotutako deskribapen-baliabide digitalak erabil ditzake. Antolaketa-sistema digitalen biltegiratze- eta prozesamendu-gaitasun handitu nahi bada, horrek ez du kostu handirik; horrenbestez, nahi bezain handiak izan daitezke hala baliabide digitalen bildumak nola baliabide-deskribapen digitalen bildumak. Antolaketa-sistema digitalek ahalmena dute bilduma eta elkarreragin-jarduerak ahalbidetzeko eskala oso handian, antolaketa-sistema guztiz digitalentzat ezinezkoa litzatekeen neurrian, eta zerbitzu eta funtzioak inplementatu ditzakete, gaur egun eskura ditugun prozesamendu-, biltegiratze- eta komunikazio-gaitasun gero eta handiagoei –modu esponentzialean hazten ari direnei– zukua ateratzeko. Horrek guztiak itxura ona du, salbu eta tokiko komertzio txiki bat baldin bazara eta salgaiak dendan bakarrik gorde baditzakezu; kasu horretan, ezin zara lehiatu online hornitzaile globalekin, askoz aukera gehiago eskaintzen baitituzte, biltegien sare handi bati esker.
Berez, baliabide digitalen antolaketa gehiago daude baliabide fisikoenak baino, baina ezberdintasun hori ez da baliabideen nolakotasunaren ondorioa bakarrik, neurri berean dagokio antolaketa sistemak inplementatzeko plataforma ugariei. Dena den, liburu, musika eta bideo digitalen bildumak antolatzeko sistemek baliabide fisikoen sistemetako kategoriak baliatzen dituzte, modu horretan bateragarriak izan daitezkeelako biak, edo ondarearen inertzia hutsagatik. Ondorioz, baliabide digitalen bildumen antolaketa-sistemak baliabide-motaren arabera bereizten dira, modu zabarrean (adib., dokumentuen kudeaketa, musika bilduma digitala, bideoen bilduma digitala, argazki-bilduma digitala etab.).
Materialtasuna
Humanitate digitalen eremuan gai berri bat sortu da, zeinak aldarrikatzen baitu jendeak ingurune materialetan sortzen dituela baliabide digitalak, ingurune material batean jarduten dela elkarreraginean baliabide digitalekin, eta beharrezkoa dela materialtasun hori aintzat hartzea. Baliabideak ukiezinak badira ere, premiazkoa izan daiteke baliabide horiek existitzen diren testuinguru teknologiko eta soziala gordetzea, baliabideak osoki ulertzeko.
Informazio-baliabideak –fisikoak zein digitalak– ezaugarri intrintsekoen bidez antolatu ohi dira: autorearen izena, sorrera-data, argitaratzailea edo biltzen dituen hitzen sorta. Era berean, esleitutako ezaugarrien bidez antola daitezke informazio-baliabideak: gaikako sailkapena, izenak edo identifikatzaileak. Horretaz aparte, elkarreragin-jardueren historial antzekoak dituzten norbanakoak edo jende-multzoak hartu, horien portaera edo transakzioei buruzko ezaugarriak bildu, eta datu horiek baliatu daitezke informazio-baliabideak antolatzeko. Kasu baterako, Amazonek eta Netflixek bilaketen eta erosketen historialak baliatzen dituzte liburuak edo filmak gomendatzeko
Baliabide digitalen antolaketa-sistemak eduki digitalaren datu-motan edo ereduan oinarritzen badira (adib., testuala, numerikoa, multimedia, estatistikoa, geo-espaziala, logikoa, zientifikoa, pertsonala etab.), antolaketa eta elkarreragin-jarduera konplexuak sor daitezke.
Datu numerikoekiko elkarreragin-jarduerak are gehiago bereiz daitezke, zenbakian gauzatzen den neurketa-mailaren arabera, zeinak zehazten baitu zenbateko prozesamendu kuantitatiboa komeni den:
Maila nominaleko datuek zenbaki bat erabiltzen dute kasu edo kategoria bat identifikatzeko eta besteetatik bereizteko. Katalogo bateko produktuek, esaterako, nork bere zenbakia izango dute, baina produktuek ez dute ordena intrintsekorik, beraz, ezin da neurketa esanguratsurik egin zenbakiak erabiliz, ez baldin bada data-sortan zenbat aldiz agertzen diren zehaztea. Sarrien agertzen den balioari modua esaten zaio.
Maila ordinaleko datuek adierazten dute era naturalean ordenatutako eskala baten norabidea edo rankinga. Badakigu ezen, lasterketa batean, lehenengoa lehenago iritsi dela bigarrena baino, eta bigarrena, ostera, hirugarrenaren aurretik iritsi dela helmugara, baina emaitza horrek ez du ezer adierazten korrikalarien artean izan den tarteaz. Antolatutako zerrenda bateko erdiko emaitzari tartekoa esaten zaio.
Interbaloek ordenari dagokion informazioa ematen dute, baina, horrez gainera, adierazten dute tarte berdina dagoela eskalako balioen artean. Horregatik, baliagarria da datuei buruzko hainbat estatistika deskriptibo kalkulatzea, hala nola balioen arteko distantzia, batez besteko balioa (balio horrek beste balioekiko dituen distantzia absolutuak batuz gero, emaitza zero izango da) eta desbideratze estandarra kalkulatzea.
- Ratio mailako datuak interbaloak bezalakoak dira, baina jatorri-puntu finko batekin; horrela, proportzioei buruzko baieztapenak esanguratsuak dira. 10.000 dolar 5.000 dolar halako bi da.
Datu-moten eta neurketa-mailen arteko alde horiek, sarritan, estu lotuta daude negozioetako funtzioekin: eragiketak, transakzioak, prozesuen kontrola eta aurreikuspen-analisiak egiteko, premiazkoak dira datu ahalik eta xeheenak eta neurketa-eskala kuantitatiboak; funtzio estrategikoak garatzeko, ordea, analisi kualitatiboak erabiliko dira, testu-formatu narratiboetan adieraziak.
Lege eta arau mordo bat daude baliabide fisikoen antolaketa mugatzen dutenak, eta gauza bera gertatzen da baliabide digitalekin ere. Transakzioei buruzko datuak sortzen edo biltzen dituzten informazio-sistema askok ezin dituzte partekatu pertsona espezifikoak identifikatzen dituzten erregistroak. Bankuak, kontularitza eta lege-kontuak antolatzeko sistemek estandarrak eta arauak betetzen dituzte, eta urraketak salatzen; horrela, homogeneoagoak bihurtzen dira.
3.3.3.1 Sarean oinarrituriko baliabideak antolatzea
Hau da web baliabideak antolatzeko eskema berezkoena: Domeinu Izenen Sistema (DNS, ingelesezko sigletan). Badira maila goreneko domeinuak, herrialdeei dagozkienak (.us, .jp, .cn etab.), eta baliabideen kategoria generikoak ere (.com, .edu, .gov etab.), zeinek arrasto batzuk ematen baitituzte webgunean antolatzen diren baliabideen inguruan. Arrasto horiek bereziki fidagarriak dira enpresa eta argitaratzaile egonkor eta handien kasuan: badakigu zer topatuko dugun ibm.com, berkeley.edu eta sfgov.org webguneetan.
Liburutegi tradizionala bi gauza dira: liburuen bilduma eta bilduma kudeatzen den espazio fisikoa. Webean, ordea, esteka ugari daude, eta web baliabideen gordailuen kokapenak ez du muntarik erabiltzaileei dagokionez; hori dela-eta, garrantzia galdu du honako ideia honek: antolaketa-sistemek, eraginkorrak izateko, baliabideak bildu behar dituztela, edo ondoren tokiko kontrolaren pean antolatu behar direla. AOL enpresak, sinetsirik web irekia ez zela fidagarria ez segurua, eta arriskutsua izan zitekeela, «lorategi hesitu» bat sortu zuen, zeinak hazkunde ikusgarria izan baitzuen 1990eko hamarkadan, eta estrategia hori, denbora-tarte batez, gogorarazpen edo ohartarazpen historiko harrigarri bat izan zen baliabide bilduma itxien sortzaileentzat, harik eta porrot orobat ikusgarria pairatu zuen arte hurrengo hamarkadan. Edonola ere, Facebookek arrakasta izan du oraingoz, lorategi hesituaren estrategiari jarraituz.
3.3.3.2 «Informazioaren arkitektura» eta antolaketa-sistemak
Informazioaren arkitektura deritzon diziplina ikuspegi berezitu gisa har dezakegu, zeinaren bidez diseinatzen baitira informazio-ereduak eta eredu horiek zer agerraldi izaten dituzten, sistematikoki, webgune-erabiltzaileen esperientzian eta informazioan oinarrituriko bestelako antolaketa-sistema batzuetan. Zenbaitetan, arkitektura deitzen zaie informazio-edukiaren edo -antolaketaren patroi abstraktuei; horrenbestez, antolatzearen diziplinaren ikuspegitik behintzat, zuzena da informazioaren arkitekturaren jarduera honela definitzea: informazioaren antolaketa abstraktu eta eraginkor bat diseinatzen du, eta gero antolaketa hori agerian jartzen, informazioaren erabilera errazteko. Kontuan izan definizioaren lehen parteak baliabideen antolaketa berariazkoa aipatzen duela, eta bigarrenak, berriz, antolaketari esker ahalbidetuko diren elkarreragin-jarduerak.
Informazioaren arkitektura dela-eta eman dugun definizioaren arabera, metodologia jakin bat baliatzen da erabiltzaileen interfazeak eta elkarreragin-jarduerak diseinatzeko, zeina eredu kontzeptualetan oinarritzen baita. Informazioaren arkitekturako praktika onenek azpimarra jartzen diote printzipio sistematikoen edo diseinu-patroien erabilerari, baliabideak eta elkarreragin-jarduerak antolatze aldera erabiltzaileen interfazeetan. Gero, itzulpena egiten da diseinu logikotik diseinu grafikora, zeinak leihoak, orriak, menuak eta erabiltzaileen interfazeko bestelako osagaiak moldatzen baititu. Erabiltzaileen interfazearen antolaketa logikoak eta grafikoak, batera hartuta, eragina du jendeak interfazearekin duen elkarreragin-moldean eta egiten dituzten ekintzetan (edo egiten ez dituztenetan).
Informazioaren diseinuko arau batzuk diseinu-patroi bilakatu dira. Dokumentuetan, adibidez, izenburuak, taulak, espazio zuria eta lerro horizontalak erabiltzen dira informazioa motaren eta kategoriaren arabera antolatzeko. Letra handiagoan agertzen den informazioa garrantzitsuagoa da letra txikian agertzen dena baino, letra gorriek ohartarazpen bat adierazten dute, eta letra etzanak edo lodiak zera adierazten du: «adi honi».
Eredu batzuk orokorrak dira, eta webgune, orri edo interfaze oso bati eragiten diote, hala nola gobernu baten webgune bati, merkataritza elektronikoko gune bati, blog edo sare sozial bati, orri nagusiari, «guri buruz» atalari, etab. Beste eredu batzuek, ordea, espezifikoagoak izanik, webgune baten zati bati edo orri baten osagai bati bakarrik eragiten diote (adib., testu-eremu bat automatikoki osatzea, ogi arrailen menua (breadcrumb menu) edo diapositiben aurkezpena).
Webguneetan, edukiari edo elkarreragina dagozkion kategoriak nor bere menuan antolatu ohi dira. Ondoren, menu bakoitzaren barruko hautuak antolatzen dira, ohiko lan-fluxuak islatzeko moduan, edo, bestela, ezaugarri arrunten arabera antolatzen dira, hala nola tamaina, portzentajea edo prezioa.
Informazioaren arkitekturako jarduerak
Eremu berri samarra da IA; halere, webaren eta elkarreragin-mota ugari gauzatu behar dituzten aplikazio informatizatuen nonahikotasuna dela-eta, berrikuntza kontzeptual eta metodologiko ugari egin dira. Hona hemen adibide batzuk:
Baliabideak hautatzea: Egoki hautatu nahi bada informazio-sistema edo -zerbitzu batean sartuko den edukia, garrantzitsua da eskura izan daitekeen informazioa sortzeko eta antolatzeko balio duten metodoak eta tresnak edukitzea. Glushkok eta McGrath-ek metodo bat sortu dute «Dokumentuen Inbentarioa» egiteko; Halvorson-ek eta Rach-ek, berriz, «Informazioaren Inbentarioa» sortu dute: bi-bietan, matrize edo sare formatu bat erabiltzen da informazio-baliabideen eta horiei lotutako ezaugarrien zerrenda osatzeko. Inbentarioa egin ostean, informazioa ebaluatu behar da, erabiltzailearen eta informazioaren baldintzak aintzat hartuz. Horretarako, analisi xeheagoa egin behar izaten da normalean, baliabide fidagarriena edo berrerabilgarriena hautatze aldera, aukera bat baino gehiago dagoenean. Prozesu horri, normalean, edukiaren ikuskaritza esaten zaio, eta webean eskura egoten dira eginkizun hori antolatzeko tresnak edo txantiloiak.
Baliabideak antolatzea: Tidwell-ek diseinu-ereduen sorta bat proposatu du, zeina baliagarria baita input formularioetarako, testuak zein grafikoak editatzeko, informazio-grafikoetarako, egutegietarako eta baliabideak antolatzen dituzten bestelako web aplikazioetarako. Morville-k eta Rosenfield-ek bi multzotan sailkatzen dituzte diseinu-ereduak –«antolaketa-eskemak» eta «antolaketa-egiturak»–, eta horrek azpimarratzen du ezen informazioaren arkitektura antolatzearen diziplinaren azpi-espezializazio bat dela.
Baliabideak diseinatzea: Kalbach-ek nabigazio-elkarreraginetarako diseinu-ereduak eta inplementazioa proposatzen ditu. Resmini-k eta Rosati-k, bestalde, kanal fisikoak eta digitalak konektatzen dituzten arkitekturak eta informazio-arkitekturaren adibideak aipatzen dituzte. Marcotte-k hainbat teknika aurkezten ditu, erabiltzaileen interfazea hainbat gailuren tamainara eta gaitasunetara moldatzeko balio dutenak: web diseinu harkorra esaten zaio.
Informazioaren arkitektoek tresna ugari baliatzen dituzte informazio- eta prozesu-ereduak islatzeko. Ohikoak dira, besteak beste, webguneen mapak (sitemap), lan-fluxuaren eta datu-fluxuaren diagramak, eta orri-eskemen ereduak (wireframe). Iturri zehatzak dira Communicating Design (egilea: Brown) eta The Language of Content Strategy (egileak: Abel eta Baillie).
Erabiltzaileak edukiarekin eta interfazearen osagaiekin aurrez izan dituen esperientziak islatzen eta indartzen ditu diseinu-eredu orok, eta ezagutza horrek murriztu egiten du erabiltzaileak interfazearekin duen elkarreraginaren konplexutasun kognitiboa; ondorioz, erabiltzaileek ahalegin txikiagoa egin behar dute.
Nolanahi ere, interfazearen diseinatzaileek etekina atera diezaiokete ezagutza horri, eta diseinu-ereduak baliatu modu ez hain onuragarri batean, erabiltzaileak manipulatzeko, horien portaera kontrolatzeko edo egiteko asmorik ez zuten ekintzak eginarazteko. Modu horretan erabiltzen diren ereduei Eredu ilunak esaten zaie maiz.
Eredu ilunak
Webgune eta aplikazio batzuek Eredu ilunak erabiltzen dituzte: eredu horien bidez, erabiltzaileek diseinu-eredu onei buruz duten ezagutza ustiatzen da, erabiltzaileak ekintza jakin batzuk egitera edo ez egitera bultzatuz, beren interesen kaltetan. Adibidez, webgune batek diseinu-eredu ezagunak erabil ditzake erabiltzaileek klik egin dezaten albiste-itxurako iragarki batean, izena eman dezaten jaso nahi ez duten posta-zerrenda batean, informazio pertsonala jakinaraz dezaten edo baldintza eta arau garrantzitsuen berri izan ez dezaten, tamaina ñimiñoan idatzita daudelako edo ezohiko lekuan kokatu dituztelako.
Darkpatterns.org webguneak eredu ilunak biltzen eta sailkatzen ditu. Hauek dira kategoria nagusiak: «iruzurra» (ekintza bat iradokitzea baina beste bat eragitea), «amarruzko galderak» (aukera baten formulazio nahasgarria) eta «desbideraketa» (arreta gauza batean zentratzea, beste bati ez erreparatzeko). Interfaze batzuk ahalegintzen dira erabiltzaileek software gehigarriak instalatu ditzaten, edo, instalazioak iraun bitartean, lehentasun gisa jar dezaten beren konpainiako produktu bat; halako interfazeen adibide ugari biltzen dira darkpatterns.org webgunean. Badira bestelako adibideak ere: merkataritza-gune batzuek aukera merkeenak ezkutatzen dituzte, kuota gehigarriak eransten dituzte erosketa-prozesuaren amaiera-amaieran edo kostuak zehaztasunez konparatzea oztopatzen dute.
Halako praktikak kezkagarriak dira, eta gobernu batzuek arauak ezarri dituzte produktu digitalak erostean kontsumitzaileei eman beharreko informazioaren harira. Europako Batzordeak, 2014ko ekainean, Kontsumitzaileen Eskubideen Zuzentaraua argitaratu zuen, zeinean jarraibideak biltzen baitira, erabili behar ez liratekeen diseinu-erabakiei buruz –adibidez, erosketa eta ordainketa gehigarriak baimentzea kontsumitzailearen oniritzirik gabe–. Zuzentarauan, are, eredu bat agertzen da, diseinatzaileei laguntze aldera jarraibideekin bat egiten.
Eredu ilunak orobat erabil daitezke baliabide fisikoekiko elkarreragin-jarduerak manipulatzeko. Gasolindegietan, hiruzpalau gasolina-mota daudenean, prezioaren arabera antolatzen dira beti gasolina-hornigailuak: merkeena ezkerrean jartzen da; garestiena, berriz, eskuinean. Bada, gasolindegi batzuetan, erdian jartzen dute hornigailu merkeena; horren ondorioz, bezeroa adi ez badabil eta ez baldin bada ohartzen gasolindegi horretan ez dela ohiko antolaketa eskaintzen, nahi baino gasolina garestiagoa erosiko du.
Antolaketa-sistema askok honako elkarreragin-jarduera hauek ahalbidetu behar dituzte: baliabideak aurkitzea, identifikatzea eta hautatzea. Zenbait sistematan, bi eratako baliabideak daude, bai fisikoak bai digitalak; adibidez, liburu-denda batzuek, egoitza fisikoaz gainera, webgune bat dute, eta elkarreragin-jarduera asko gauzatzen dira gailu batean baino gehiagotan barna. Kanalen uztarketa eta hainbat gailuren erabilera dela-eta, erabiltzaileek uste izango dute elkarreragin-jarduerak koherenteak izango direla testuinguru guztietan. Eredu kontzeptual batetik abiatzen bagara eta edukia eta egitura bereizten baditugu aurkezpenetik –1.6 atalean aipatu bezala–, antolaketa-sistemek inplementazio-aukera gehiago izango dituzte, eta koherenteagoak izango dira teknologia-aniztasunaren eta aldaketen aurrean.
Gainera, ereduen oinarria baliatzea funtsezkoa da informazioa bisualizatzeko aplikazioetan, zeinetan arau espazialen eta grafikoen bidez erakusten baitira datu-bilduma handietan izaten diren egiturak eta harremanak, erabiltzaileek aztertzeko moduan erakutsi ere. Informazioa bisualizatzeko aplikazioek, datuak eraldatuz eta hautemateko errazak diren ezaugarriak emanez –kolorea, testura, trinkotasuna etab.–, testuetatik eskura lezaketena baino informazio gehiago lortzeko aukera ematen diote jendeari.
Informazio-sistemen diseinatzaile batzuentzat, eredu kontzeptuala, elkarreraginak «kanpotik-barrura» diseinatzeko balio duena, ez da hain garrantzitsua, eta nahiago izaten dute beste ikuspegi bat erabili, «kanpotik-barrura» doana, zeinak dena delako interfazearen kanpoko diseinua eta aurkezpen-lerroari dagozkion bestelako erabakiak lehenesten baititu, elkarreragin-jarduerak errazak eta gozagarriak izan daitezen. Ikuspegi horri erabiltzailearen esperientziaren diseinua esaten zaio, eta informazioaren arkitekturako metodoak baliatzen ditu; hala ere, ikuspegi hori ez denez antolaketa-printzipio esplizituetatik abiatzen, metodo heuristikoagoak erabiltzen ditu, eta horren emaitzak ez dira hain aurreikusgarriak.
3.3.4 Estatistika deskribatzaileen arabera antolatzea
Bildumei edo datu-sortei buruzko estatistika deskribatzaileek labur-labur azaltzen dute kasuan kasuko bilduma edo sorta, eta gai dira identifikatzeko zein ezaugarri izango diren egokienak antolaketa-printzipio gisa. Bilduma bati buruzko deskribapen estatistiko sinpleena tamainari dagokio: zenbat baliabide edo iruzkin biltzen ditu?
Estatistika deskribatzaileek baliabide-bilduma bat edo datu-sorta bat laburbiltzen dute, bi neurketa-mota aintzat hartuta:
- Joera nagusiaren neurketak: batez bestekoa, mediana eta modua. Deskribatutako zenbakietan agertzen den neurketa-mailaren arabera zehaztuko da zer neurri den egokiena. (Neurriak eta neurketa-mailen kontzeptua 3.3.3 atalean azaldu ditugu –Baliabide digitalak antolatzea–).
- Aldakortasunaren neurketak: ibiltartea (balore minimoaren eta maximoaren artean dagoen aldea) eta desbideraketa estandarra (balioek batez bestekoaren inguruan duten sakabanatzearen neurketa).
Baliabide baten ezaugarri guztiak deskriba daitezke deskribapen estatistikoen bidez; hauxe da adibide sinpleena: ezaugarri hori edo horren balioren bat duten baliabide-kopurua deskribatu daiteke, hala nola zenbat aldiz agertzen den hitz zehatz bat dokumentu batean, edo liburu baten zenbat ale saldu diren. Baldin eta bilduma bati buruzko laburpen-estatistikak alderatzen badituzu baliabideen balio indibidualekin, hobeto ulertuko duzu zer neurritan den baliabide hori tipikoa edo adierazgarria. Adibidez, zure garaiera –1,84 metro– eta gizon helduen batez besteko garaiera –1,77 metro– alderatzen badituzu, 7 zentimetroko aldea dagoela ohartuko zara, baina zer esan nahi du horrek? Informazio gehiago lortuko dugu baldin eta konparazio hori egiten badugu desbideraketa estandarra kontuan hartuz: 7,6 zentimetro; horrek esan nahi du gizon helduen % 68k 1,69 metro eta 1,85 metro bitarte neurtzen dutela. Neurketak kanpai-formako kurba ezagunean banatzen baldin badira batez bestekoaren inguruan, desbideraketa estandarraren bidez erraza da balore estatistiko atipikoak identifikatzea.
Neurketen sakabanaketa edozein delarik ere, erabilgarria izan daiteke estatistika deskribatzaileak baliatzea baliabideak edo behaketak kategoriatan edo kuantiletan sailkatzeko. Maiz erabiltzen dira, esaterako, kuartilak (4 kategoria), dezilak (10) eta pertzentilak (100).
Bestalde, baliabideak edo behaketak antolatze aldera, histograma batean bisualizatu daitezke, zeinean balioen sorta zatikatzen baita unitatetan, eta horien artean ibiltarte berdina jartzen. Balioak joera zentral baten inguruan aldatzen direnez, ibiltarteek ez dute behaketa-kopuru bera izaten. Estatistika deskribatzaileek eta horiekin loturiko bisualizazioek aski aldaera erakusten dituzte baliabideen elkarreragin eraginkorrenak bereizteko, horrenbestez, iradoki dezakete ea zer ezaugarri izango diren antolaketa-printzipio egokienak. Adibidez, ziur aski ez da erabilgarria izango liburuak pisuaren arabera antolatzea, izan ere, ia liburu guztiek pisatzen baitute 22 eta 90 gramo bitarte; aitzitik, liburuak bidaltzeko eta pisuaren arabera kobratzeko negozio bat badaukazu, pisua garrantzitsua izango da, noski.
3.3.4.1 Datuak ulertzeko analisi esploratzailea
Aditu askok gomendatzen dutenez, datuen analistek, datu-sortei teknika konputazional sofistikatuak ezarri aurretik, analisi esploratzaile pixka bat egin behar lukete, estatistika deskribatzaileak eta informazio-bisualizazio sinpleak baliatuz, datuak ulertze aldera. Giza ikusmenak azkar asko hautematen ditu formak eta ereduak; horregatik, datuen atributuak eta beste baliabide-deskribapen batzuk aztertuz eta era grafikoan adieraziz gero, prozesu horrek iradoki dezake zer ezaugarri bihur daitezkeen antolaketa-printzipio erabilgarriak eta osoak. Gainera, datuen bisualizazioaren bidez, errazagoa da balio tipikoak eta atipikoak identifikatzea. Analisi horietako batzuk datuen kalitatearen ebaluazioaren parte izan daitezke, baliabideak hautatzeko fasean, baina ez baldin badira orduan egiten, antolaketa-prozesuaren parte izan behar lukete.
Datu-sorta bateko eremuek edo atributuek ez badute informaziorik biltzen datu-motei edo neurketa-unitateei buruz, datu-sorta hori ez da oso erabilgarria izango, datuek ez baitute esangurarik. Datuetako batzuek izenak edo iruzkinak badituzte, baina den-denek ez, ez egin gehiegizko interpretaziorik deskribapen horien esanahian oinarrituta (Ikus 4.4 atala, Baliabideak izendatzea)
Analisi esploratzaile apur bat egingo dugu, ulertze aldera datu-sorta batek zer bil dezakeen eta nola erabil dezakegun. Adibide honetan, osasunari dagokion ikerketa bateko erregistroen bilduma bat hartuko dugu, berrehun eta piko erregistro biltzen dituena: lehen zortzi erregistroak eta erregistro bakoitzeko lehen bost datu-eremuak 3.2a marrazkian ikus daitezke.
3.2 marrazkia. Datu-sorta bat (adibidea)
| Id | Sexu | Tenp | Adina | Pisua | ... | ... | ... | ... | |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 1 | 36,4 | 32 | 61,2 | ... | ... | ... | ... | ... |
| 2 | 0 | 36,4 | 19 | 53,5 | ... | ... | ... | ... | ... |
| 3 | 0 | 36,4 | 23 | 58 | ... | ... | ... | ... | ... |
| 4 | 1 | 37 | 34 | 63,5 | ... | ... | ... | ... | ... |
| 5 | 1 | 36,9 | 52 | 73,5 | ... | ... | ... | ... | ... |
| 6 | 1 | 37 | 60 | 72,6 | ... | ... | ... | ... | ... |
| 7 | 0 | 36,8 | 36 | 67,1 | ... | ... | ... | ... | ... |
| 8 | 0 | 36,8 | 38 | 70,3 | ... | ... | ... | ... | ... |
| ... | ... | ... | ... | ... | ... | ... | ... | ... | ... |
| 260 | 1 | 37,2 | 23 | 55,8 | ... | ... | ... | ... | ... |
«Id» zutabeak datu numerikoak biltzen ditu, baina balio bakoitza osotasun ezberdin bat da, eta balioak elkarren aldamenekoak dira. «Id» etiketa horrek iradokitzen du baliabide horren bidez identifikatzen direla osasun-ikerketako parte-hartzaileak. Beste koadro batzuk aztertu eta gero, ohartuko gara balio horiek gakoak direla, eta beste datu-sorta batera garamatzatela, zeinean biltzen baitira baliabideen izenak.
«Sexua» deritzon zutabea ere numerikoak da, baina bi balio bakarrik agertzen dira, 0 eta 1, eta datu-sorta osoa kontuan hartuta, maiztasun paretsuarekin agertzen dira gutxi gorabehera. Badirudi atributu hau kategorikoa dela, edo datu boolear bat. Horrek zentzua dauka «Sexua» kategorizazioaren barruan, eta seguru asko erabilgarria izango da datu-sorta ulertzeko.
Histograma
Histograma da dimentsio bakarreko datuen bisualizazioa sinpleena. Grafiko honek balioen sorta osoa hartzen du, neurri bereko ibiltarteen-sorta batean antolatzen ditu ardatz batean, eta, gero, beste ardatzean, ibiltarte bakoitzean dagoen balio-kopurua adierazten du.
«Tenp» deritzon zutabeak ehunka balio numeriko ezberdin biltzen ditu data-sorta osoan, 36tik 38,1ra bitarte, 37ko batez bestekoarekin. Balio horiek zentzua izango dute baldin eta «Tenp» izendapenak zera adierazten badu: beste neurketak egin zirenean, ikerketako parte-hartzaileak zuen gorputz-tenperatura, mihiaren azpian neurtua eta Celsius gradutan emana. Mota horretako datuak erabilgarriak izaten dira histograma moduan erakutsiz gero, sakabanaketaren eta formaren zantzuak har daitezkeelako horrela; ikus 3.2b marrazkia, Tenperatura.
3.2b marrazkia. Tenperatura
«Tenp» zutabeko balioek banaketa arrunta dute, kanpai-itxurakoa, zeinean batez bestekoa eta desbideraketa estandarra deituriko estatistika deskribatzaile sinpleak eta erabilgarriak baliatzen baitira. Batez bestekoa banaketaren erdian dago, eta desbideraketa estandarrak kanpaiaren zabalera biltzen du. Datu-sorta honetan, datu-balioen sorta estuak iradokitzen digu atributu hori ez dela hain erabilgarria izango antolaketa-printzipio gisa, ez baititu baliabideak bereizten modu nabarmen batean. Nolanahi ere, lagina handiagoa balitz, baliteke tenperatu oso altuak edo oso baxuak egotea, gutxi batzuk, eta erabilgarria izan liteke balio atipiko «hipotermiko» edo «hipertermiko» horiek aztertzea.
«Adina» zutabeko datu-balioek 18tik 97ra bitarteko sorta bat osatzen dute, eta datu-sorta osoan zehar sakabanatuta daude: horra hor ikerketako parte-hartzaileen adina, urtetan neurtua. Sakabanaketa oso zabala eta laua denean, edo, kontrara, balio gehienak mutur batean edo bestean dituenean, batez besteko balioa ez da hain erabilgarria izango estatistika deskribatzaile gisa. Batez bestekoa baliatu ordez, hobe da mediana edo balio ertaina erabiltzea datuak laburbiltzeko: datu-sorta osoa kontuan hartuta, «Adina»ri dagokion balio ertaina 39 da.
Ertaina vs. Batez bestekoa
Demagun taberna batean hamar lagun daudela, eta haietako bakoitzak 50.000 dolar irabazten dituela urtean; halako batean, zinema-izar bat sartu da, zeinak 25.000.000 dolar irabazten baititu urtean; kasu horretan, tabernako kideen batez besteko diru-sarrera 2,3 milioi dolar izango da. Diru-sarrera ertaina, ordea, 50.000 dolar izango da oraindik ere.
The End of Average liburuak azaltzen du ezen AEBko armadak, 1926tik aurrera, 1926ko pilotu baten batez besteko neurriaren arabera diseinatu zituela hegazkinetako aginte-kabinak. 1950ean, ikertzaile batzuek lau milatik gora pilotu neurtu zituzten, eta ohartu ziren ezein pilotuk ez zuela bat egiten batez besteko balioekin neurketa guztietan; ondorioz, aginte-kabinak diseinatzeko orduan aulki eta kontrol-gailu egokigarriak jartzea gomendatu zuten.
3.2c marrazkia. Adina
«Pisua» zutabean, gutxi-asko, 220 balio numeriko ezberdin biltzen dira, 37,1etik 136,1era bitarte, eta sorta hori kontuan hartuta, ondoriozta genezake balioak kilotan neurtu direla. Datuak ez daude modu uniformean sakabanatuta: gailur bat dago 72,6ren inguruan eta beste bat 90,7ren inguruan; azkenik, gailur txiki bat ageri da 136,1en inguruan. Forma bitxi hori 3.2d marrazkiko histograman ikus dezakezue. Halako histogramei multi-modalak esaten zaie, eta bi gailur izateak adierazten du neurketa honetan bi baliabide-mota nahastu direla: sakabanaketa ezberdina dute, hain zuzen ere, gizonen eta emakumeen pisuek. Horrenbestez, erabilgarria izan liteke «Sexua» kategoria erabiltzea bi biztanleria horiek banatzeko: 3.2e marrazkiak, hain justu ere, erakusten du askoz jakingarriagoa dela, antolaketa-printzipio gisa, gizonen eta emakumeen biztanleria banatzea, ezen ez uztartzea, pisuari dagokionean behintzat.
Eta zer adierazten du 136ren inguruan agertzen den gailur bitxiak? Sortaren amaieran gisa horretako anomalian daudenean, horrek zera islatzen du orokorrean: datuak sortzeko gailu edo sistemak mugaren bat daukala.
3.2d marrazkia. Pisua
3.2e marrazkia. Sexua eta pisua: Emakumeak
3.2f marrazkia. Sexua eta pisua: Gizonak
3.3.4.2 Akatsak eta iruzurrak aurkitzea datuetan
Teknika ugari daude datu-itemak eta datu-sortak ebaluatzeko, ziurtatze aldera ez direla aldatu edo usteldu transmisioan, biltegiratzean edo kopiatzeko prozesuan. Besteak beste, badira paritate bitak, kontrol-kodeak (check digit), egiaztapen-baturak (checksum) eta hash funtzioko kriptografiak. Guztien oinarrian bada uste bat: kalkulu zehatz bat eginez gero, horren emaitza bat etorriko dela aurrez gordetako balio batekin, betiere jatorrizko datuak aldatu ez baldin badira. Hona hemen akatsak aurkitzeko oinarrizko teknika bat: datu ezberdinak edo anomaloak bilatzea, espero izandako sorta edo kategoriekin bat ez datozenak.
Batzuetan, gerta liteke norbaitek datuak aldatu izana berariaz, ustelkeria egiteko, dirua zuritzeko edo beste delituren bat gauzatzeko; hala baldin bada, erronka interesgarriak azaleratzen dira. Gisa honetako egoeretan, datuak manipulatu edo faltsutu dituen pertsona ahaleginduko da datuek itxura normala edo ohikoa izan dezaten.
Kontulari eta estatistika-egile forentseek, halako gatazketan, teknika ugari erabiltzen dituzte balizko iruzurrak topatzeko datuetan. Teknika batzuk oso sinpleak dira:
- Baldin eta gastuen ordainketa batek bat egiten badu gehienez baimendutako balio batekin, bilatu balio zehatz hori duten datu-itemak.
- Atalase bat gainditzen duen balioren batek arreta pizten badu, eta tentuz aztertu behar bada, bilatu beste datu-item batzuk, atalasearen justu azpitik daudenak.
- Fakturak edo erreklamazioak ordainagiri bidez ordaintzen baldin badira, eta horren ale bat bakarrik ikuskatzen bada, bilatu kopia duplikatuak.
- Kategoria bat hartu (esaterako, hornitzaileen itemen truke ordaindu den unitate-prezioa), eta bertako erosketen balio maximoaren eta minimoaren arteko ratioa kalkulatu; itemen batean ratio handia ateratzen bada, baliteke iruzurra gertatu izana, eta hornitzaileak diru pixka bat «itzuli» izana erosleari.
Transakzioen ratioa oso altua denez, eta iruzurra egiteko probabilitatea, berriz, erlatiboki txikia, kreditu-txartelen iruzurra ikaskuntza automatikoko algoritmoen bidez atzematen da. Sailkatzaileari transakzio onak eta txarrak erakusten zaizkio, zenbait ezaugarri baliatuz –hala nola batez besteko kopurua, maiztasuna eta kokapena–, eta, horren bidez, «datu-portaera» ereduzko bat esleitzen zaio kreditu-txartel baten jabe den pertsona bakoitzari: ondorioz, azkar zehaztu daiteke ea zenbateko probabilitatea dagoen transakzio bat iruzurra izateko. (Halako sailkapen konputazionalei buruzko informazio gehiago 7. kapituluan: Kategorizazioa: Baliabide-klaseak eta -motak deskribatzea).
3.3.5 Baliabideak ezaugarri ugariren arabera antolatzea
Antolaketa taxutzeko garaian, eragina izan dezakete baliabideen ezaugarri askotarikoek, antolaketa egin nahi duen pertsonak eta antolaketaren ingurune sozial eta teknologikoak. Adibidez, etxeko sukaldea antolatzean, eragina izango dute armairuen, tiraderen eta gainazalen diseinuak, sarrien prestatzen duzun janariak eta sukaldean aritzeko dituzun trebeziek, izan ere, horren arabera zehaztuko baita zenbat sukaldaritza-liburu dituzun, zer sukaldaritza-tresna eta -gailu dauzkazun eta nola erabiltzen dituzun, eta zer tamainako eta formako paketeak gordetzen dituzun despentsan zein hozkailuan. Are, zure altuerak ere zerikusia izango du sukaldearen antolaketarekin.
Antolaketa egiteko orduan, ezaugarri ugari aintzat hartzen badituzu ordena finko batean, hierarkia logiko bat osatuko duzu. Baliabideen goi-mailako kategoriak sortzeko, oinarritzat hartzen dira lehenik ebaluatu diren ezaugarriak; ondoren, kategoria bakoitza zatitzen da, azpi-kategoriak osatuz, beste ezaugarri batzuen arabera, harik eta baliabide bakoitza kategoria bakarrean sailka daitekeen arte. Unibertsitate-irakasle batek, esaterako, sistema hierarkiko baten arabera antolatuko ditu bere ordenagailuko baliabide digitalak: lehen mailan, dokumentu pertsonalak eta laneko dokumentuak bereiziko ditu; ondoren, irakaskuntzari eta ikerketari dagozkion kategorietan zatituko dira laneko dokumentuak; irakaskuntzakoak, urteka azpi-sailkatuko dira, eta urteak, berriz, eskolei dagozkien azpi-kategoriatan banatuko dira.
Baliabide fisikoei dagokienez, premiazko pauso bat izaten da kategoriak eta kokapen fisikoak lotzea; adibidez, «sukaldeko tresnak» kategoriako baliabideak, beharbada, lan-eremutik gertu dagoen tiraderetan antolatuko dira, eta «zilarreria» kategoriakoak, berriz, modu zehatzagoan antolatuko dira, labanak, sardexkak eta koilarak banatuz.
Antolaketa hierarkikoaz gainera, beste antolaketa-modu bat erabiltzen da sarri antolaketa-sistema digitaletan: alderdien araberako sailkapena. Sailkapen horretan, baliabideen ezaugarriak edozein ordenatan ebaluatu daitezke. Adibidez, ardo bat hautatu nahi baduzu wine.com dendako katalogoan, hainbat ezaugarriren arabera egin dezakezu bilaketa, hala nola mahats-motaren, kostuaren edo jatorri-eskualdearen arabera, eta, alderdi horiek edozein ordenatan aztertu ditzakezu. Baliteke hiru pertsonak ardo berdina hautatzea –Kendall Jackson ardoa, Kaliforniako chardonnay prezio ertaineko bat–, baina batek prezioaren arabera aurkituko zuen, beste batek mahats-motaren arabera, eta azkenak, berriz, eskualdearen arabera. Halako-elkarreraginetan, hierarkia logiko ezberdin bat sortzen da ezaugarrien uztarketa bakoitzean; horrenbestez, erabiltzaile bakoitzak ardo-sorta ezberdin batetik hautatuko du, azkenean, berea.
Alderdien araberako sailkapenari esker, deskribapen-baliabideen bildumak behin eta berriro berrantolatu daitezke, alderdi deskribatzaileetan dauden ezaugarrien konbinazioak adina kategoria sortuz, erabiltzailearen lehentasun edo ikuspuntuaren arabera. Prozesu hori bideragarria da, jakina, ez direlako baliabide fisikoak berak berrantolatzen, ezpada horien deskribapen digitalak.
8. kapituluan –Sailkapena: Baliabideak kategorien arabera banatzea– xehetasun handiagoz azalduko ditugu sailkapen hierarkikoa zein alderdien araberakoa gauzatzeko printzipioak eta metodoak.
