1.6 «Antolaketa Printzipioa»ren kontzeptua

Antolaketa Sistemetan, antolaketa-printzipio baten edo gehiagoren arabera antolatzen dira baliabideak, Antolaketa Sistemak bere xedeak lor ditzan. Antolaketa-printzipioek jarraibideak ematen dituzte baliabideen bilduma bat diseinatu edo antolatzeko; eta, egoera idealean, halako moduan adierazten dira non ez baita gauzatze edo burutze jakin bat agintzen. Honela deitzen diogu diseinuaren filosofia horri: «Pentsamendu Arkitektonikoa» (11.5.2). 

Espeziak antolatzea sukaldaritza-motaren arabera

Kontzertu sarrerak

Espeziak ordena alfabetikoan sailkatu ordez, sukaldaritza-motaren edo zaporeen arabera antola daitezke, normalean elkarrekin erabiltzen diren osagaiak eta espeziak bereiziz. Patricia Glushko-k, esaterako, hiru taldetan antolatzen ditu espeziak: Indiarrak (piperrautsa, martorria, kuminoa eta kurkuma), Mediterraneo / Ekialde Hurbila (basilikoa, ezamihilua, oreganoa eta ezkaia) eta haziak. Espezia-talde bakoitza edukiontzi handi batean gordetzen da; horrela, errazagoa da horiek aurkitzea sukaldean ari zarenean. 

Irudia: R. Glushko

Liburu-apalategia, lan-mahaia, sukaldea edo musika-entzungailuko mp3 artxiboak antolatzen ditugunean, baliteke baliabideak berriak eta modernoak izatea, baina horien antolaketa gobernatzen duten printzipio asko zaharrak dira: eragina izan dute, milaka urtez, Antolaketa Sistemen diseinuaren gainean. Adibidez, baliabideen bilduma ugari antolatzen ditugu errazen hautematen diren ezaugarrien arabera, edo bildumako baliabide batetik bestera gehien aldatzen den balorearen arabera, izan ere, printzipio horiei esker aise kokatzen baita baliabide jakin bat. Halaber, sarritan, elkarrekin biltzen ditugu batera erabili ohi ditugun baliabideak; gutxitan erabiltzen ditugun baliabideak baino eskurago jartzen ditugu barra-barra erabiltzen ditugunak, eta baliabide bitxi edo bakarrak, aldiz, babesteko moduan gordetzen ditugu. Antolaketa-printzipio oso orokor eta abstraktuei, batzuetan, diseinu heuristika deitzen zaie (adibidez, «gauzak errazago topatzeko modua egitea»). Bestalde, badira antolaketa-printzipio zehatzagoak, maiz erabiltzen direnak, hala nola ordena alfabetikoa (baliabideak antolatzen dira beren izenen arabera) eta ordena kronologikoa (baliabideak sailkatzen dira sortu ziren dataren arabera edo baliabidearen bizialdiko beste gertakari garrantzitsuren baten arabera). Antolaketa-printzipio batzuek aurrez ezarritako kategorietan sailkatzen dituzte baliabideak; beste batzuek, ordea, kategoria berriak sortzen dituzte, baliabideen ezaugarriak modu berrietan uztartuz. 

Liburu honen xedea da informazioaren antolaketari buruzko analisia zabaltzea bere sustraietatik harago, hau da, bibliotekonomia eta informazio-zientzien eremutik harago; horregatik, funtzio espezifiko bat duten antolaketa-printzipioak nabarmentzen ditu, hala nola baliabideak identifikatu, hautatu, berreskuratu edo gordetzeko funtzioa dutenak. Hala ere, maila urtez, jendeak bildumatan gorde ditu, modu sistematikoan, gauzak, informazioa, gauza horiei buruzko informazioa eta era guztietako hausnarketak, eta horiek denak antolatu ditu, beren mundua nola dabilen ulertzeko ahaleginean; babiloniarrek, adibidez, inbentarioak eta izarren mapak sortu zituzten; egiptoarrek, berriz, Niloren urteroko gainezkaldien berri gordetzen zuten; mesoamerikarrek, azkenik, egutegi astronomikoak asmatu zituzten. Beraz, badira antolaketa-modu generikoagoak, xede konkreturik gabeak, eta esanahia eman nahi diotenak esperientziari, gertakari edo behaketa berriak egokituz jada ezagutzen duten horretara; halakoei, sarritan, sensemaking deitzen zaie (zentzua ematea edo zentzugintza). 

Antolaketa-printzipioak adierazi nahi izaten dira diseinua eta inplementazioa bereiziz; hori bat dator software arkitektoek eta diseinatzaileek darabilten hiru lerroko arkitekturarekin: erabiltzailearen interfazea (elkarreragin-jardueren inplementazioa), negozioaren logika (berariazko antolaketa) eta datuak (baliabideak). (Ikus taula gehigarria: Antolaketa Sistemen hiru mailak). 

Antolaketa-printzipioen eta horien inplementazioaren arteko bereizketa logikoa aise ikus daiteke baliabide digitaletan. Liburutegi digital batean, erabiltzaileari bost axola zaio baliabideak tokian bertan dauden, ala, ostera, sare baten bidez berreskuratzen diren. Liburutegi baten Antolaketa Sistemaren funtsa hau da: zer baliabide antolatzen dituen eta baliabideekin elkarreragineko zer jarduera egitea ahalbidetzen duen. Erabiltzaileei, normalean, izugarri axola zaie zer elkarreragin-jarduera egin ditzaketen: ea, adibidez, baliabideak bilatu eta sailkatu ditzaketen, liburutegietako online katalogoetan bezala. Ordea, ezer gutxi inporta zaie nola inplementatzen diren baliabideak eta elkarreragin-jarduerak. 

Bestalde, antolaketa-printzipioen eta horien inplementazioaren arteko bereizketa atzematea zailagoa suertatzen da baliabide fisikoak baino biltzen ez dituzten Antolaketa Sistemei dagokienean, hala nola zure sukaldean edo arroparen armairuan: halakoetan, izan ere, badirudi bitartekotzarik gabe jarduten zarela elkarreraginean, eta, aldiz, ez dituzula baliabideak eskuratzen erabiltzaile-interfaze baten edo «aurkezpen-lerro» baten bidez, zeinak «erdiko lerro»an zehaztutako printzipioak ahalbidetzen baititu, eta «biltegi-lerroan» gauzatu. Ondorioz, jendea erraz nahasten da aurkezpen-lerroari dagozkion kezkekin. Sarriegitan, denbora galtzen dugu karpetak koloreekin markatuz eta biltegietako edukiontzietan etiketak ipiniz; hobe izango genuen tentu handiagoz pentsatzea karpetako edo edukiontziko edukien antolaketa logikoari buruz. Antolaketa logikoa ez baldin bada aldez aurretik ondo diseinatzen, koloreek eta etiketek ez dute balio izango hori nabarmentzeko. 

Baliabide fisikoei dagozkien lerro horiek erraz atzemango dituzu sukaldeko espezien antolaketan. Baliteke, sukalde batean baino gehiagotan, espezien bilduma bat ordena alfabetikoaren antolaketa-printzipioaren arabera sailkatzea; edonola ere, sukalde bakoitzean espeziak kokatzen diren leku zehatzari eta antolatzen diren moduari dagokionez, horretan eragina izango biltegiratze-lerroaren arloko erabakiek, hala nola apal eta tiraderen konfigurazioak –espezien arasa bat erabiltzen den, edo erretilu birakari bat–. Modu berean, logikoa litzateke espeziak sukaldaritza-motaren arabera sailkatzea, eta, hortaz, Indiako eta Mexikoko espeziak bereiztea; nolanahi den ere, antolaketa-printzipio horri jarraituz gero, horrek ez du esan nahi espeziak toki jakin batean ipini behar direnik sukaldean. 

1.2 marrazkiak –Aurkezpen-, Logika- eta Biltegiratze-lerroak– erakusten du nola banatzen diren aurkezpen-, logika- eta biltegiratze-lerroak lau liburutegitako antolaketa-sistematan eta Google Liburuak delakoan. Lerro batzuetan bat datozen arren, bat bera ere ez da berdin-berdina lerro guztietan. Ikusiko duzuenez, liburuak biltegiratzeko inbentario-robotak erabiltzen dituztenen kasuan, ezaugarri hori ez da agertzen goiko lerroetan (ikus taula gehigarria: Liburutegi Robota). 

Gauza ukigaiak toki bakar batean egon daitezke aldi bakoitzean, horregatik, Antolaketa Sistema ugarik, tartean liburutegi modernoek –online katalogoak eta bilduma fisikoak dituztenek–, muga hori gainditzen dute ordezko digitalak sortuz –modu horretan beren baliabide ukigaiak antolatzeko–, edo baliabide digital paraleloak eratuz (adibidez, liburu digitalizatuak). Aztertzen baldin badugu Antolaketa Sistemetan baliabideak antolatu, bilatu, erabili eta berrerabiltzeak dakarrena, horrek zuzen-zuzenean islatzen du nahastu egiten direla informazioaren bi gorpuzteak (fisikoa eta digitala); beraz, liburutegi modernoaz pentsatzean, esan dezakegu ezen Antolaketa Sistema horrek, nagusiki, baliabide digitalak erabiltzen dituela baliabide fisiko eta digitalen nahasketa bat antolatzeko. 

Bilduma txiki bat antolatzean, akaso kokatzearen antolaketa-printzipio oinarrizkoa baliatuko da, besterik ez dagoelako; horrenbestez, baliabide guztiak kokagune berean ipiniko dira: edukiontzi berean, apal berean, edo emailen sarrera-ontzi berean. Sukaldean gutxi aritzen bazara eta espezia banaka batzuk baizik ez badauzkazu, ez dituzu zertan ordena alfabetikoan jarri, erraza izango baitzaizu, kasuan kasu, nahi duzuna topatzea.

1. 2 Marrazkia: Aurkezpen-, Logika- eta Biltegiratze-lerroak.

Kontzertu sarrerak

Oso desiragarria da, Antolaketa Sistemen diseinuan eta inplementazioan, hiru hauek bereiztea: baliabideen biltegiratzea, baliabideak antolatzeko logika eta baliabideekin elkarreraginean jarduteko metodoak. Hiru lerroko arkitektura hori oso ezaguna gertatzen zaie ordenagailu bidezko Antolaketa Sistemak diseinatzen dituztenei, baina orobat erabil daiteke baliabide fisikoei dagozkien Antolaketa Sistemak pentsatzeko. 

Erabilera-maiztasunaren printzipioak, modu inplizituan, antolaketa-moduren bat sorraraziko du. Sukaldean edo jantzien armairuan, gehien erabiltzen dituzun baliabideak aurrealdera joaten dira, izan ere, zerbait erabili eta gero, aurrealdea da hura uzteko tokirik aproposena. Baina bilduma bat hazi ahala, gero eta garrantzitsuagoa bilakatzen da baliabide jakin bat antolatzeko, kokatzeko eta berreskuratzeko denbora. Elkarreragineko jarduerak efizienteak izan daitezen, bilduma modu esplizituan antolatu beharra dago, eta ordenari eutsi behar zaio elkarreragina gauzatu ostean, hots, baliabideak atzera beren lekuan jarri behar dira. Ondorioz, Antolaketa Sistema gehienek antolaketa-printzipioak baliatzen dituzte, antolatzen dituzten baliabideen ezaugarriak aintzat hartuz (hala nola izena, kolorea, tankera, sorrera-data, kategoria semantikoa edo biologikoa), eta hainbat ezaugarri baliatuz aldi berean. Adibidez, sukaldean, neurri eta tankeraren arabera sailka ditzakezu lapikoak eta zartaginak, hartara, bata bestearen barruan sartu eta toki gutxiago har dezaten; baina, halaber, sukaldaritza-motaren edo estiloaren arabera antola ditzakezu, beraz, aparte jarriko dituzu, batetik, janaria parrilan prestatzeko tresnak, eta, bestetik, janari txinatarra prestatzeko tresnak –wok zartaginak, adibidez–. 

Sistemen Antolaketako hiru lerroak

Aplikazioen eraikuntzari dagokionez, software-arkitekto eta -diseinatzaileek desiragarritzat jotzen dute honako hiru elementu hauek bereiztea: datuen biltegiratzea, negozio-logika edo datuen erabilera-funtzioa eta erabiltzaileen interfazea edo aurkezpen osagaiak –erabiltzaileak edo bestelako aplikazioak horien bidez jarduten dira elkarreraginean datuekin–. Modulu bidezko arkitektura horren bitartez, hiru lerro horietako bakoitza eguneratu edo berrezarri daiteke, modu independentean, eskakizun berriei erantzuteko edo teknologia berriei probetxua ateratzeko. Antzeko bereizketa bat dago bi hauen artean: batetik, algoritmoa legoke, arazo konputazional bat konpontzeko balio duen metodoaren deskribapen logikoa; bestetik, horren inplementazioa programazio-hizkuntza jakin batean, hala nola Java edo Python-en. 

Bereizketa arkitektoniko horiek neurri berean dira garrantzitsuak liburuzain eta informazioaren zientziako adituentzat. Antolaketa Sistemei begiratzeko gure modu berriak nabarmentzen duenez, oso garrantzitsuak dira honakoak egitea: baliabideekin zer elkarreragin-jarduera izan nahi diren identifikatzea, elkarreragin horiek zer antolaketa-printzipioren bitartez egin daitezkeen zehaztea eta, ondoren, erabakitzea ea nola bildu eta kudeatu baliabideak printzipio horiek betez. Baldin eta pentsamendu arkitektonikoa aplikatzen bada Antolaketa Sistemetan, errazagoa izango da existitzen diren sistemak alderatzea eta berriak diseinatzea. Baldin eta «erdiko lerro»ko antolaketa-printzipioak bereizten badira «datu» eta «aurkezpen»ari dagozkien lerroetan dituzten ondorioetatik, posible izango da Antolaketa Sistema baten logika erabiltzea hainbat testuingurutan, non elkarreragin-jarduera berdinak edo antzekoak ahalbidetzen baitira baliabideekin. Adibidez, telefono adimentsu batean eskakizun berri bat baldin badago –liburutegi baten katalogoan bilaketak egin ahal izatea–, aurkezpenaren lerroari bakarrik eragingo lioke.

Informazio-baliabideak antolatzeko garaian, beren edukia edo esanahia islatzen duten ezaugarriak dira erabilgarrienak –baliabide fisikoen kasuan ez bezala–; ezaugarri horiek, ordea, ez dira agerikoak, ez dira berehala hautematen liburu, dokumentu edo datu-bilduma bati erreparatzen diozunean. Ahalegin intelektual handia egin behar da, edo estatistika konputazionala erabili, ezaugarri horiek argitu eta gaiari buruzko terminoak esleitzean, indize bat sortzean edo input gisa erabiltzean ikaskuntza automatikoan edo datuen analisirako programetan. 

Antolaketa-printzipioa eta inplementazioa bereiztea

Kontzertu sarrerak

Espeziak antola daitezke ordena alfabetikoan (izenaren arabera), sukalde-motaren arabera, sasoika, erabilera-maiztasunaren arabera edo beste edozein printzipiori jarraituz; edonola ere, erabaki horren logikak ez du zerikusirik espezien antolaketa fisikoarekin. Era askotakoak dira espeziak antolatzeko balio duten arasak, apalak, erretilu birakariak eta bestelako tresnak.

(R. Glushkok sortutako collagea, online katalogo batzuetan oinarrituz). 

Baliabideen bilduma bat azter daiteke osotasun baten gisara, zenbait ezaugarri estatistiko agerraraziz; bada, sarritan, halako ezaugarri estatistikoetan oinarritzen dira informazio-baliabideen Antolaketa Sistema eraginkorrenak. Demagun, esate baterako, bilaketa bat egin duzula dokumentuen bilduma batean; zure bilaketari erantzuteko orduan, aintzat hartuko dira bilaketa egiteko erabili dituzun terminoak, eta bilduma osatzen duten dokumentuak arakatuko dira, ikusteko ea zer dokumentutan agertzen diren termino horiek bataz besteko mailan baino maizago: dokumentu horiexek lehenetsiko dira, baita beste dokumentu esanguratsu batzuekin loturik daudenak ere. Modu berean, mezu elektronikoak sailkatzeko algoritmoek etengabe kalkulatzen dute ea zenbateko probabilitatea dagoen mezu batean «onuradun» edo «Viagra» hitzak agertzeko, eta horren arabera erabakitzen da ea mezu jakin bat «spam» gisa sailkatuko den ala ez, prozesatutako mezuen bilduman.