1.10 Liburu honen antolaketa
Gizakiek, milurtekotan, kontzeptuak, metodoak eta teknologiak diseinatu dituzte, horien bidez baliabideak deskribatu eta antolatzeko; batzuetan, giza premiei erantzuteko helburua zuten, beste batzuetan, ostera, premia berriak ahalbidetu nahi zituzten. Antolaketa Sistemen bitartez, zibilizazioak garatu dira, nekazaritza eta merkataritzatik hasi eta gobernuak eta gerrak sortzeraino. Gaur egun, Antolaketa Sistemak txertaturik daude xederen bat duten jardueren eremu guzti-guztietan, hala nola ikerketan, hezkuntzan, zuzenbidean, medikuntzan, negozioetan, zientzian, memoria instituzionalean, memoria soziokulturalean, gobernantzan, kontu-emate publikoan eta baita eguneroko bizitzako ekintza arruntetan ere.
Interneten sorreraren eta informazio digitalaren nonahikotasunaren ondorioz, eta kontuan hartuta gauzak prozesatzeko, biltzeko eta komunikatzeko gaitasun mugagabea daukagula, milioika pertsona hor aritzen dira webguneak sortzen eta horietan nabigatzen, blogetan idazten, etiketak sortzen, txiokatzen, era guztietako edukiak sareratzen eta deskargatzen, eta hori dena egitean, ez dute pentsatzen «Orain antolatzen ari naiz» edo «Orain berreskuratzen ari naiz» bezalakorik. Lehen, liburu bat idazteak berekin zekarren autore batek denbora luze bat igarotzea modu isolatuan lan egiten, eta, ondoren, artefaktu osatua argitaratzea; orain, ordea, liburu batzuk etenik gabe eta elkarreraginean idazten eta kaleratzen dira, autoreen eta irakurleen arteko online elkarreraginaren bidez. Jendeak online bilaketak egiten dituenean edo aplikazioak baliatzen dituenean bere mugikorrean, telefonoak kokapenari buruzko informazioa igortzen du, zeina bilaketaren emaitzak filtratzeko eta berrantolatzeko erabiltzen baita. Bilaketa baten emaitzak antolatzen badira halako moduan non bat egingo baitute erabiltzailearen kokapenarekin, horrek adierazten du nolabaiteko kurazio konputazional bat gertatu dela; hala ere, hain azkar eta automatikoki egiten denez, apenas nabaritzen dugun.
Modu berean, garai batean, nagusiki informazioa berreskuratzeko erabiltzen ziren zenbait aplikazio; orain, ordea, gehienek bestelako jarduera eta funtzioak egiteko aukera ere eskaintzen dute, informazioaren antolaketari dagozkion jarduera eta funtzioak hain zuzen. Google, Microsoft eta beste bilatzaile batzuek, milioika ordenagailu baliatuz, bilioika webgunetan eta milioika liburu eta dokumentutan arakatzen dute, informazioa berreskuratzeko ia berehala –argitalpenak zein artxiboak–. Nolanahi ere, konpainia horiek, beren berreskuratze-gaitasuna areagotze aldera, gero eta gehiago erabiltzen dituzte informazio-zerbitzuak, informazioa ia denbora errealean antolatzen dutenak. Are, bilaketaren emaitzen, iragarkien eta bestelako informazioen hautaketa eta aurkezpena moldatu egin daiteke, informazio bila ari den pertsonaren arabera, kontuan hartuz haren zaletasun inplizitu zein esplizituak, haren kokapena eta testuinguruari dagokion bestelako informazioa.
Diziplina eta curriculum akademikoetan bereizi egin ohi dira informazioa antolatzeari eta informazioa berreskuratzeari dagozkion jarduerak; bada, aintzat hartzen baditugu teknologian eta horren aplikazioan gertatu diren berrikuntzak, bereizketa hori jadanik ez da garai batean bezain garrantzitsua.
Liburu honetan gutxitan ezartzen da muga zorrotz bat informazioa antolatzeari (IO, ingelesezko sigletan) eta informazioa berreskuratzeari (IR, ingelesezko sigletan) dagozkion kontuen artean. Kontrara, liburu honetan halako moduan azaltzen dira Antolaketa Sistemen diseinuari eta erabilerari lotutako kontzeptu gakoak eta erronkak, non etengabe azpimarratzen baitira IO eta Irren arteko harremanak eta konpentsazioak. Antolaketa Sistemaren kontzeptuaren bitartez, diseinuari dagozkion alderdiak eta erabakiak nabarmentzen dira: horiek denek, batera hartuta, baliabideen antolaketaren izaera eta helmena baldintzatzen dute, eta orobat baldintzatzen dituzte honako prozesu hauen gaitasunak ere: antolatutako baliabideak konparatzeko, uztartzeko, eraldatzeko eta haiekin elkarreraginean jarduteko balio duten prozesuak.
Nola nabigatu Antolatzearen Diziplinan barna
- 2. atala: Diseinuari dagozkion erabakiak Antolaketa Sistemetan
Atal honetan, diseinuari lotutako sei galdera edo dimentsio zabal aurkezten dira – zer, zergatik, zenbat, noiz, nola eta non–, zeinen erantzunek, elkarri loturik, Antolaketa Sistema baldintzatzen baitute. Antolaketa Sistemak deskribatu eta alderatzeko marko horrek gainditu egiten ditu kategoria ezagunen baitako aurreiritziak eta kontserbadurismoa –hala nola liburutegi edo museoen kategorien baitakoak–, eta, aldi berean, aukera ematen digu kategoria horiek diseinu-patroi gisa deskribatzeko. Ondoren, patroi horiek erabil daitezke diziplinen artean jarduteko, kategoriak zeharkatuz eta eremu ezagunei buruzko jakintza aplikatuz eremu ezezagunetan.
- 3. atala: Antolaketa Sistemetako jarduerak
Ikusmolde batean elkartu nahi baditugu, batetik, banako bezala antolatzen garen modua, eta, bestetik, liburutegi, museo, gobernu, ikerketa-erakunde eta negozioek Antolaketa Sistemak sortzeko duten modua, bada, horretarako, orokortu egin behar ditugu eremu horietan antolatzearen inguruan dauden kontzeptuak eta metodoak. 3. atalak Antolaketa Sistemen sail zabal bat aurkezten du, eta lau jarduera edo funtzio deskribatzen ditu, sistema guzti horietan agertzen direnak: baliabideak hautatzea, baliabideak antolatzea, elkarreraginak eta zerbitzuak antolatzea baliabideetan oinarrituz eta baliabideak mantentzea denboran.
- 4. atala: Antolaketa Sistemetako baliabideak
Edozein Antolaketa Sistemaren diseinuan eragin handia du antolatzen den horren nolakotasunak –diseinuari dagozkion sei erabaki dira, eta aurrez azaldu ditugu 2.2 atalean (Zer antolatu nahi da?)–. Gai funtsezko honi ikuspegi zabal batetik heltzeko, baliabidea deitzen diogu antolatu nahi den edozer gauzari: abstrakzio horren bidez izenda ditzakegu gauza fisikoak, gauza digitalak, batzuei zein besteei buruzko informazioa edo webean oinarritutako zerbitzuak edo objektuak. 4. Atalak xehetasun handiz aipatzen du zer erronka eta metodo dauden baliabideak identifikatzeko Antolaketa Sistemetan, eta azpimarratzen du zer modutan islatzen diren erabaki horietan sistemak ahalbidetu behar dituen xedeak eta elkarreraginak –«zergatik» erabakia, diseinuari dagokiona, zeina 2. 3 atalean aurkezten baita: Zergatik antolatu nahi da?–.
- 5. atala: Baliabideen deskribapena eta metadatuak
Baliabideen deskribapenen izaerak eta zehaztasun-mailak baldintzatuko ditu, neurri handi batean, baliabideen antolaketarako erabiliko diren printzipioak eta baliabideek ahalbidetuko dituzten zerbitzu- eta elkarreragin-motak. «Zenbat» galderari dagokion deskribapena 2.4 atalean aurkeztu dugu, Zenbat antolatu nahi da? Izenburuarekin. 5. atalean, deskribapen eraginkorrak sortzeko prozesu sistematiko bat aurkezten da, eta, halaber, aztertzen da nola molda daitekeen hurbilketa orokor hori era askotako Antolaketa Sistemetan.
- 6. atala: Harremanak eta egiturak deskribatzea
Baliabideen bilduma bat antolatzeari dagokion alderdi garrantzitsu bat da baliabideen arteko harremanak deskribatzea. 6. atalean, termino berezituak aurkeztuko dira: horien bidez deskriba daiteke zer-nolako harreman semantikoak dauden bai baliabideen artean eta bai baliabideen deskribapenetan agertzen diren kontzeptu eta hitzen artean. Halaber, atal honetan azalduko da zer-nolako egiturazko harremanak dauden hainbat zatiko baliabideen baitan, eta baliabideen beren artean –adibidez, aipuetako eta hipertestuetako baliabideen artean–.
- 7. atala: Kategorizazioa; Baliabide klaseak eta motak deskribatzea
Deskribapen antzekoak edo berdinak dituzten baliabideen multzoak baliokidetzat jo daitezke, baliokideen talde edo kategoria baten parte bihurtuz. Kategoriak identifikatzea eta erabiltzea giza jarduera oinarrizkoak dira, eta hautemateari dagozkion kategorien kasuan –«gauza gorriak» edo «gauza biribilak», esaterako– automatikoki gertatzen da. Kategorizazioa sakonki sustraitua dago hizkuntzan eta kulturan, eta konturatu gabe erabiltzen ditugu kategoria linguistiko eta kulturalak; hala ere, kategorizazioa prozesu sakonki analitiko eta kognitiboa ere izan daiteke. 7. atalean kategorizazioari buruzko teoriak aztertzen dira, kontuan hartuz nola eratzen eta erabiltzen diren kategoriak Antolaketa Sistemetan.
- 8. atala: Kategoriei baliabideak esleitzea
Sarritan, baliokideak balira bezala erabiltzen dira kategorizazio eta sailkapen terminoak; hala ere, ez dira gauza bera. Sailkapena, hain zuzen, kategorizazio aplikatua da: baliabideak esleitzen zaizkio kategorien sistema bati –klaseak esaten zaie–, aurrez ezarritako printzipio-multzo baten arabera. 8. atalak zera aztertzen du: Antolaketa Sistemetan erabiltzen diren era askotako sailkapen-moduak, hala nola zerrenda bidezko sailkapena, alderdien araberako sailkapena, jardueran oinarritutakoa eta sailkapen konputazionala. Sailkapena eta estandarizazioa estu loturik daudenez, atal honek orobat aztertzen ditu estandarrak eta estandarren sorrera, Antolaketa Sistemei eragiten dieten bezainbatean.
- 9.atala: Baliabideen deskribapenen formak
Atal honek osatu egiten du baliabideen deskribapenaren sorrerari buruzko ikuspegi kontzeptual eta metodologikoa, inplementazioari dagokion ikuspegia emanez. 9. atalean, beraz, deskribapenak egituratzeko meta-eredu batzuk aztertzen dira, honako eredu hauek azpimarratuz: XML, JSON eta RDF. Amaitzeko, hiru «deskribapen-mundu» alderatzen ditu –dokumentuen prozesamenduak, sarea eta Web Semantikoa–: horietako bakoitza egokia da aurrez deskribatutako meta-ereduetako batentzat.
- 10. atala: Baliabideekin elkarreraginean jardutea
Antolaketa Sistemak elkarri gainjartzen zaizkionean, gurutzatzen direnean eta uztartzen direnean (aldi baterako zein betirako), zaila edo ezinezkoa izan daiteke baliabideak kokatzea, baldin eta baliabideen deskribapenak ezberdinak badira; gerta daiteke, are, baliabideak ezin erabiltzea. Bateko eta besteko eremuak elkarreraginean jarduten direnean baliabideekin Antolaketa Sistemetan, kontzeptu eta tekniken sail zabal bat baliatzen dute; bada, 10. atalean, horietako batzuk aztertuko ditugu –integrazioa, inter-operazionaltasuna, datuen mapak, pasabideak, uztarketak eta abar–. Elkarreraginetan, baliabideen ezaugarrien geruza batzuk erabiltzen dira, eta horrek ezaugarrituko du elkarreragina bera: adibidez, bilduman oinarritzeak, hartatik eratortzeak edo baliabide baten baino gehiagoren ezaugarriak hartu eta uztartzeak. 10. atalean, informazioa antolatzearen eta berreskuratzearen arteko continuumaren ideian sakontzen da; bestalde, informazioa berreskuratzeko elkarreragin-jarduerak (eta beste batzuk) deskribatzen dira oinarritzat hartuz informazioa antolatzeari dagozkion baldintzak (adb., baliabideen deskribapenari dagozkionak).
- 11. atala: Antolaketa Sistemen bideorria
11. atalean, 2-10 ataletako ikuspegi deskriptiboa osatze aldera, ikuspegi preskriptibo bat ematen da, azalduz zer erabaki hartu behar diren diseinuaren arloan eta zer konpentsazioa egin behar diren Antolaketa Sistemen bizi-zikloko faseetan. Sistemaren bizi-zikloen ereduak era askotakoak dira, baina lau faseko eredu generiko bat erabili dugu, honako etapa hauek bereizten dituena: eremua identifikatzeko eta aukerak lantzeko fasea, baldintzen fasea, diseinuari eta inplementazioari dagokion fasea eta fase operazionala.
- 12. atala: Kasuen azterketa
12. atalean, adibide gisa hartu da 11. atalean deskribatutako eredua, eta horren bidez aztertu dira Antolaketa Sistemen era guztietako adibideak, erreferentzia eginez aurreko ataletan aipatu diren printzipioei, gidalerroei, hiztegiari eta ereduei.
