7. Kategorizazioa: Baliabide-klaseak eta -motak deskribatzea
Robert J. Glushko, Rachelle Annechino, Jess Hemerly, Robyn Perry, Longhao Wang
7.1 Sarrera
Ia bi hamarkadaz, Pyramid izeneko lehiaketa bat eman zuten Estatu Batuetako telebistan. Saioan, bi talde aritzen ziren elkarrekiko lehian, eta talde bakoitzak bi kide zituen: bata, pertsona arrunt bat; bestea, pertsona famatu bat. Lehen txandan, bi taldeetako kideek irudi bat ikusten zuten, piramide formakoa, zeinean sei kategoria agertzen baitziren: kategoria batzuk ohikoak ziren (adibidez, «Non bizi zara»); beste batzuk, ordea, ez hainbeste (adibidez, «Elikatu beharreko gauzak»). Ondoren, talde bakoitzak lehiatzeko aukera zuen, txandaka, 30 segundoz. Helburua zera zen: taldekide batek puntuak lortzea kategorietako bati loturiko hitzak edo esaldiak identifikatuz, beste taldekideak emandako arrastoei esker. Adibidez, «Non bizi zara» kategoriari dagokionez, xede-hitzetako bat hau izan zitekeen: «posta-kodea»; eta arrastoa, berriz, nirea 20170 da. «Elikatu beharreko gauzak» kategorian, berriz, halakoak ager zitezkeen: «negarrez ari den umea» eta «parkimetroa».
Lehen txandan gailentzen zen taldeak aurrera segitzen zuen, «Irabazleen Zirkulua» zeritzon atalera, zeinean jolasa alderantzikatzen baitzen. Bigarren txandan, arrastoak emateaz arduratzen zenari bakarrik ematen zioten kategorien berri; orduan, kategoria horretako kasuak edo kontzeptuak iradoki behar zituen, beste kideak asma zezan zein ote zen kategoriaren izena. Adibidez, «sopranoa» edo «tenorea» aipa zitezkeen, taldekideak «Kantu-ahotsak» edo «Abeslari-motak» kategoria identifikatu zezan.
Jolasak aurrera egin ahala, kategoriak gero eta zailagoak izaten ziren. Interesgarria eta dibertigarria zen ikustea nola aldatzen ziren kategoria-izena asmatu behar zuen lehiakidearen proposamenak, arrastoak jaso ahala. Arrastoak ematen zituen pertsona zapuztu egiten zen sarritan, izan ere, harentzat, arrasto guztiz agerikoak eta bereizgarriak ematen baitzituen, baina ez zuen lortzen arrastoak jasotzen zituenak kategoria asmatzerik. Ikus-entzuleek gogoko zuten hiztegiari eta kategoriei loturiko nahasmen-uneak partekatzea.
Pyramid telebista-saioaren garatzaileek testuliburu bat sortu zuten, zeinean hainbat gako aletzen baitzituzten kategoriei –gauzen, jendearen, prozesuen, gertakarien edo baliokidetzat hartzen dugun beste edozeren multzoak edo klaseak– eta kategorizazioari –kasuak kategoriatan sailkatzeko prozesua– buruz. Jolas hori analogia erabilgarria da kapitulu honetan aipagai izango ditugun kontu asko argitzeko. Pyramid jolasak erronkak proposatzen zituen, eta tarteka barregarria ere izaten zen, jendeak bere esperientzien eta aurreiritzien arabera ulertzen baititu kategoriak, eta kategoria bateko kasu guztiak ez direlako neurri berean tipikoak edo iradokitzaileak. Gure antolaketa-moduak agerian uzten ditu gure pentsamenduaren prozesuak, geure ezaugarri pertsonalak islatuz nahi gabe bada ere, eta hori guztia dibertigarria suerta daiteke testuinguru sozial batean. Horregatik, Pyramid jolasaren frankiziak arrakasta handia izan du: 1973an abiatu zuen CBS kateak, eta ordu geroztik 20 herrialdetan baino gehiagotan eman dute.
Bibliotekonomiako testu askotan, katalogatze-arauen bidez aurkezten da kategorizazioa: arau horiek metodo zorrozki preskriptiboen sorta bat osatzen dute, baliabideak kategorietan sailkatzeko balio duena. Halako metodoek baliabideak «markatu eta aparkatu» egiten dituztela esaten da; batzuek serio diote eta beste batzuek ironiaz. Informatikako testu askotan, programazio-hizkuntzako formulen bidez adierazten da nolakoa den informazioa sortzeko, prozesatzeko eta gordetzeko sortu beharra diren kategorien eratze-prozesua: «hona hemen nola definitzen den mota abstraktu bat, eta hona hemen datu-motaren sistema». Ikaskuntza automatikoari eta datuen zientziari dagozkion testuek azaltzen dute nola sortzen diren kategoriak, bilduma edo datu-sorta bateko ezaugarrien balioen arteko korrelazioak analizatuz estatistikaren bidez. Kapitulu honetan guztiz bestelako ikuspegi batetik helduko diogu gaiari; nolanahi ere, ikuspegi hauek denek beren tokia izango dute.
Kapitulu honetan barna ibiltzeko
Hurrengo ataletan, aztertuko dugu ea nola eta zergatik sortzen ditugun kategoriak; horretarako, filosofian, hizkuntzalaritzan eta psikologia kognitiboan egindako lan garrantzitsuak berrikusiko ditugu, hobeto ulertze aldera nola sortzen eta erabiltzen diren kategoriak antolaketa-sistemetan. Aztertuko dugu nola aldatzen den gure antolaketa-moldea bakarrik dihardugunean edo talde sozial, kultural eta instituzionaletako kide gisa jarduten garenean (7.2 atala); ondoren, printzipio batzuk aipatuko ditugu, kategoriak sortzeari (7.3 atala), diseinu-hautuei (7.4 atala) eta inplementazioaren esperientziari (7.4 atala) dagozkionak. Kapituluan barna, alderatuko dugu zer antzekotasun eta ezberdintasun dauden kategorien artean, jendeak sortuak edo ordenagailu-algoritmoek sortuak badira. Ohi bezala, gakoen laburpen bat eskainiko dugu kapituluaren amaieran (7.6 atala).
