8. Sailkapena: Kategoriei baliabideak esleitzea

Robert J. Glushko, Jess Hemerly, Vivien Petras, Michael Manoochehri ,Longhao Wang ,Jordan Shedlock, Daniel Griffin

8.2 Sailkapena ulertzea

Sailkapenen bidez baliabideak antolatzen dira, aurkikuntza, hautaketa, uztarketa, integrazioa, analisia eta bestelako jarduera helburudunak ahalbidetzeko antolaketa-sistema guztietan. Gaixotasunen sailkapenek erraztu egiten dute diagnostikoak egitea eta prozedura medikuak garatzea; bestalde, erabilgarriak dira kontularitzarako eta fakturak egiteko. Sailkapenek, gainera, arloen ulerkera errazten dute: arlo horretan dauden baliabide eta harreman garrantzitsuak azpimarratzen dituzte, eta arloan diharduen jendearen prestakuntzan eta trebezia berezituen ikaskuntzan laguntzen.

Sailkapen batek printzipio batzuei jarraitzen badie kategorien egitura eta beren harremanak ezartzeko orduan, sailkapen sistematikoa dela esango dugu. Hala ere, sailkapen bat sistematikoa eta zenbait printzipioren araberakoa izanagatik, horrek ez du ziurtatzen ez duela joera partzialik izango edo erabiltzaileen baldintza guztiak beteko dituela. Adibidez, hirietan gainjartzen diren eremuek, ingurumenak, garapen ekonomikoak eta barruti-sailkapen politikoek baldintzatzen dute zerbitzuen eta baliabideen kokapena orainaldian eta etorkizunean, eta, denbora pasa ahala, eragina dute hiriaren loraldian edo gainbeheran. Sailkapen horietan islatzen dira hainbat parte-hartzaileren arteko konpentsazioak eta negoziazioak: negozioak, presio-taldeak, politikariak, alderdi politikoei dirua ematen dietenak, higiezinen kontratistak eta interes pertsonal nabarmenak dituzten beste eragile batzuk.

8.2.1 Sailkapenek xederen bat dute beti

Kategoriak modu naturalean sortzen dira maiz; sailkapenak, ordea, ez: sailkapenaren definizioak dioenez, xede bat lortzeko berariaz diseinatu diren kategoria-sistemak baitira. Sailkapen guztietan, elkarrekin doazen baliabideak elkartzen dira, eta, hori egitean, baliabideak bereizten dira. Hala ere, baliabideak elkartzeak ez luke zentzurik izango, baldin eta, ondoren, ez balego arrazoirik baliabide horiek aurkitzeko, eskuratzeko eta horiekiko elkarreraginean jarduteko.

8.2.1.1 Sailkapenak erreferentzia-ereduak dira

Sailkapenek arloei buruzko bide-orri semantikoak edo kontzeptualak eratzen dituzte, bertako baliabideak bereizten dituzten propietateak edo harremanak nabarmentzeko. Erreferentzia-eredu horri esker, errazagoa suertatzen da eremuaren baitakoak ikastea eta ulertzea, eta bertako antolaketa-sistemak erabiltzea ere. Liburutegietan, adibidez, sailkapen estandarrak erabiltzen dira, eta, horien bitartez, jendeak badaki sistema bat dagoela, zeinaren bidez gai izango baitira baliabideak aurkitzeko hainbat liburutegitan. Negozioen, lanbideen eta produktuen sailkapen estandarrek, ostera, datu eta baliabide ekonomikoak modu fidagarrian biltzea, aztertzea eta trukatzea ahalbidetzen dute.

8.2.1.2 Sailkapenek elkarreraginak ahalbidetzen dituzte

Sailkapenek egitura bat sortzen dute antolaketa-sistemaren barruan, eta egitura horri esker, sistemak ahalbidetu ditzakeen elkarreraginen aniztasuna eta ahalmena handitzen da. Baliabide fisikoen kasuan, sailkapenak kokapen erabilgarria areagotzen du: sukaldeetan, adibidez, batera erabiltzen diren baliabideak elkarren ondoan gordez gero (adibidez, pastelak egiteko osagaiak), bai sukaldaritza bai garbiketa efizienteagoak bihurtzen dira (ikus «Jardueretan-oinarrituriko» sailkapena, 8.5 atalean).

Sailkapena baliatzen bada baliabide-deskribapenen antolaketan edo erabiltzaile-interfazearen osagaien kontrolean –zerrendak, fitxak, botoiak, funtzio-menuak eta bilaketa-emaitzen zerrenda egituratuak–, sistemak erabilgarriagoak izango dira.

Sailkapen-eskemaren eta erabiltzaile-interfazearen logiken arteko ohiko mapa bat ikus dezakezue 8.1 marrazkian: Sailkapena eta elkarreragina.

8.1 marrazkia: Sailkapena eta elkarreraginak

Baliabideen formatua x fokua

Erabiltzaile-interfazearen diseinua ona baldin bada, mapa argi bat sortzen du sailkapen-eskemaren eta erabiltzaileei aurkezten zaizkien hautapen-metodo eta -antolamenduen artean. Kategoriak elkarren baztertzaileak baldin badira, fitxa desberdinak egongo dira, edo beste bisualizazio batzuk, hautapen bakarra iradokitzen dutenak, adibidez.

Sailkapena, erabiltzaile-interfaze berritzaile batean

Baliabideen formatua x fokua

Animalien okela hainbat «mozketatan» sailkatzen da, jatorriaren arabera. AEBn, Nekazaritza Sailak estandarizatzen ditu sailkapen horiek, okela zer den behar moduan adierazten dela ziurtatzeko. Sailkapen-sistema emateko modurik naturalena zera da: animaliaren zatiak diagrama batean erakustea, kategoria logiko bakoitzak «erabiltzaile-interfazearekin» lotzen duelako. (Argazkia: R. Glushko. New Yorkeko Union Square plazako azokan egindako argazkia, 2011).

8.2.2 Sailkapenek printzipioak dituzte

7.3 atalean –Kategoriak sortzeko printzipioak–, kategoriak sortzeko printzipioen berri eman genuen: enumerazioa, propietate bakarrak, hainbat propietate erabiltzea eta hierarkia, propietateen gertaera probabilistikoa, eta teorian zein helburuetan oinarrituriko kategorizazioa. Horren haritik, logikoa da zera ondorioztatzea: kategoriak diseinatzeko erabiltzen diren printzipioak, gero, sailkapenean gorpuztuko direla, sailkapenean kategoriak erabiltzen baitira, hain zuzen. Nolanahi ere, «sailkapenek printzipioak dituzte»la esanda, harago goaz, eta zera adierazi nahi dugu: baliabideak kategoriei esleitzeko eta sailkapen-eskema denboran mantentzeko prozesuek orobat jarraitu behar dietela printzipio batzuei.

Sailkapen-sistema bat diseinatu eta erabili nahi bada, hautu asko egin behar dira sistemaren xedeez, helmenaz, eskalaz, xede-iraupenaz, hedakortasunaz eta beste hamaika kontuz. Sailkapena printzipio batzuen arabera egiten bada, horrek esan nahi du ezen, diseinuari dagozkion erabakiak hartu ondoren, erabaki horiek modu sistematikoan eta koherentziaz bete behar direla.

Printzipioak izanagatik, horrek ez du nahitaez esan nahi sailkapen bat «ona» denik, zeren baliteke erabaki asko ausazkoak izatea, eta beste batzuk, aldiz, konpentsazioekin loturik egotea, zeinak baliabideen izateari, sailkapenaren xedeei, egin daitekeen ahaleginari, arloaren konplexutasunari eta sailkapena egiten zein erabiltzen ari diren pertsonen trebetasunei baitagozkie, hain zuzen (Ikus 7.4 atala: Kategorien diseinuari dagozkion auziak eta ondorioak). Sailkapen-sistema guzti-guztietan daude aurreiritziak eta joerak, modu batean edo bestean (ikus 8.3 atala: Sailkapen bibliografikoa).

Errepara diezaiogun zorrozki antolaturiko sukalde batean baliabideak antolatuta dauden moduari (Ikus 12.5 atala: Sukaldea antolatzea). Mahai-tresnek, platerek, lapikoek, zartaginek, espeziek, janariak eta beste baliabide batzuek nor bere kokapena dute, elkar gurutzatzen duten baldintzen eta antolaketa-printzipioen mende. Ez dago idatzizko zehaztapenik, eta beste pertsona batzuek bestelako moduetan antolatuko du bere sukaldea.

Bestalde, sailkapen-sistema instituzional konplexuak, hala nola liburutegietan edo gobernu-sailetan baliatzen direnak, zehatz-mehatz inplementatzen dira, zehaztapen, metodo, protokolo eta gidalerro xeheen arabera. Metodo horiek indarrean jartzen dituzten pertsonek, aurretiaz, dagozkion protokoloak ikasten dituzte unibertsitatean, edo prestakuntza zabala jaso dute lanpostuan bertan, ziurtatze aldera egoki ezarriko dituztela, koherentziaz, eta zehaztapen eta gidalerroekin bat eginez.

8.2.2.1 Sailkapen-eskemetan gorpuzten diren printzipioak

Sailkapenek printzipioak dituztela esatera bultzatzen gaituzten printzipioen artean, hasteko eta behin sailkapen-sistemaren diseinua zehazten duten printzipioak dira garrantzitsuenetako batzuk. Printzipio horiek funtsezkoak dira bibliotekonomian, baina beste eremu batzuei ere eragiten diete, modu zabalagoan.

Bermea deritzon printzipioa honi dagokio: zer kategoria hautatu diren eta zer izen jarri zaien arrazoitzea. Berme literarioa deritzon printzipioak, berriz, adierazten du ezen sailkatu beharreko baliabide zehatzetan soilik oinarritu behar direla sailkapenak. Liburutegietan, ad hoc printzipio hori, zeinean bildumako printzipio zehatz batetik abiatuta eraikitzen baitira sailkapenak, beste ikuspegi filosofikoago edo epistemologikoago baten kontrakarrean kokatzen da; ikuspegi hori Francis Baconek adierazi zuen lehen aldiz, XVII. mendean: harean arabera, sailkapenek unibertsalak izan behar dute, eta jakintza osoa eta balizko baliabide guztiak bildu. Berme zientifikoa deritzon printzipioak argudiatzen du ezen zientzialariek edo arloko adituek onarturiko kategoriak bakarrik erabili beharko liratekeela sailkapen-sistemetan, eta, sarritan, talka egiten du erabilera edo erabilera bermea deritzon printzipioarekin, zeinak, kategoriak eta termino deskribatzaileak hautatzeko orduan, aintzat hartzen baitu erabiltzaile guztien erabilera-maiztasuna, eta ez bakarrik adituena. Baliabide fisikoen sailkapenean –sukaldeko baliabideak, adibidez– objektu bermea dakusagu, zeinean antzeko objektuak elkarren ondoan ipintzen baitira; edonola ere, erabilera bermearen printzipioari jarraituko zaio gehienetan, baliabideak erabilera-moduaren arabera antolatzen dituena.

Starbuckseko kafe-neurriak: «Erabiltzaileen kontrako» bermea?

Badirudi Starbucks kafetegi-kateak bereak eta bi egiten dituela bezeroak nahasteko. Hiru neurritako kafeak eskaintzen ditu; bada, txikienari, «luzea» deitzen dio, ertainari «grande» (handia esan nahi du, gaztelaniaz), eta neurri handienari, berriz, «venti» zeinak hogei esan nahi baitu italieraz (kafe-katilu handienak hogei ontza neurtzen ditu). Starbucksetik kanpo, gauza bat «luzea» baldin bada, ez «txiki»tzat hartuko. Starbucksek bost mila kafetegi baino gehiago ditu, berrogeita hamar herrialdetan kokatuak, baina, ironia zer den, ez daukate bat bera ere Italian, zeinean venti neurria bertako hizkuntzan egongo bailitzateke.

Sailkapen-eskeman gorpuzten den bigarren printzipioak zerikusia du kategoria-hierarkiaren zabalerarekin eta sakonerarekin. 7. 4 atalean mintzatu ginen horretaz –Kategoriaren diseinuari dagozkion auziak eta ondorioak–, baina, sailkapenaren testuinguruan, printzipio honek ondorio gehigarriak ditu, eta honekin lotua dago: zer neurritan den sailkapen-eskema enumeratiboa (ikus 8.1.3 atala: Sailkapena vs Antolaketa fisikoa). Sailkapen zabalak edo xeheak egiteko erabakiak zerikusia du, hein handi batean, kategoria-sistemak antolatu behar dituen baliabideen aniztasunarekin edo heterogeneotasunarekin. Saltoki handietan, era askotako baliabideak dauzkate salgai, horregatik behar dituzte sailkapen zabalak, dendan dagoen guztiari tokia egiteko. Sukaldeko gauzak elkarrekin jarriko dituzte, igarobide banaka batzuetan, edo solairu batean. Ostera, sukaldaritza-denda berezitu batean edo sukaldaritzako produktuen txikizkako salmenta egiten duen denda batean, baliabideak askoz xeheago sailkatuko dira, baliabideen arloa mugatua delako eta erosleek jakintza gehiago dutelako. Baliteke sail oso bat eskaintzea labanei, eta hainbat kategoriaren arabera sailkatzea labanak –motaren, ekoizlearen edo kalitatearen arabera–, saltoki handiko labana-sailean halako kategoria bereziturik erabili ez arren.

Sailkapen-eskemen zehaztasunak edo enumerazio-mailak areagotu egiten du kategoria bati esleitzen zaizkion baliabideen antzekotasuna, eta kategoria desberdinetan dauden baliabideen arteko bereizketak zorroztu. Hala ere, sailkapen desberdinak uztartu behar direnean, erronkak sor daitezke, zehaztasuna eta xehetasun-maila bat ez badatoz. (Ikus 10.3 atala: Baliabideak berrantolatzea, elkarreraginean jarduteko).

8.2.2.2 Baliabideak kategoriei esleitzeko printzipioak

Esklusibotasun printzipioak esan nahi du sailkapen-eskema bateko kategoriak elkarren baztertzaileak direla (esklusiboak). Hortaz, kategoria jakin bati kontzeptu logiko bat esleitzen zaionean, ezin zaio aldi berean esleitu beste kategoria bati. Hala ere, baliabideak kategoria bati baino gehiago eslei dakizkioke, betiere kategoria horiek adierazitako kontzeptuak gorpuzten badituzte. Azken horrek arazoak sor ditzake, baldin eta, baliabide fisikoen bilduma bat gordetzeko, oinarri gisa hartzen bada zer kategoriatan dauden baliabideea sailkapen-sistema logiko batean. Ekipamendu teknikoari edo tresnei dagokionez, ez da arazo larri bat; izan ere, ezaugarri oso nabarmenak erabiltzen baitira halako baliabideak sailkatzeko, eta erabilera-testuinguru estuak eta oso aurreikusgarriak dituzte. Halaber, ez da arazo bat informazio-baliabide oso espezializatuei dagokionean, hala nola ikerketa-txostenak edo gobernuaren datu ekonomikoak, zeren klase espezializatu bakarrean bukatuko baitute seguru asko. Nolanahi ere, baliabide batzuk berez dira sailkatzeko zailagoak, ez dauzkatelako hainbeste ezaugarri nabarmen edo balizko erabilera bat baino gehiago daukatelako.

Halako arazoak izaten ditugu denbora guztian. Adibidez, non gorde behar nituzke guraizeak: sukaldean edo estudioan? Konponbide bat izan liteke beste guraize batzuk erostea, eta, horrela, guraize bana edukitzea, hain zuzen ere guraizeak barra-barra erabili ohi diren bi toki horietan, baina baliabide-mota askoren kasuan, ez da erabilgarria izango baliabide bakoitzeko bi ale edukitzea, eta, era berean, zaila da printzipio hori modu sistematikoan ezartzea.

Liburu askotan hainbat gai aipatzen dira. Esate baterako, negozioetan izaten diren aldaketei aurre egiteko autolaguntza-liburu bat bi sailetan sailka liteke, arrazoiz gainera: psikologia aplikatua edo negozioak. Sarritan, liburuen izenburuek ez dute arrasto fidagarririk ematen liburuaren edukiaz, eta hori ez da lagungarria: Who Moved My Cheese? [Nork mugitu du nire gazta?] liburua, kasurako, negozioetan izaten diren aldaketetara moldatzeko autolaguntza-liburu bat da. Kongresuko Liburutegiko Sailkapenean, BF 637 kodea du, hau da, «Psikologia Aplikatua»n kokatzen da; Berkeley Unibertsitatean, aldiz, enpresa-zientzietako liburutegian daukate.

Liburutegietako sailkapenean, baliabideak ez zaizkionean kategoria bakar bati guztiz egokitzen, esklusibotasun printzipioa betetzeko konponbide orokorra izaten da arau-sorta xehe bat asmatzea eta horri jarraitzea; arau ausazko samarrak izaten dira sarri. Normalean, liburuaren gai nagusia hartzen da aintzat, liburua kategoria bati esleitzeko; ondoren, horrek baldintzatuko du liburuak zer leku duen apalategian.

8.2.2.3 Sailkapena denboran mantentzeko printzipioak

Sailkapen pertsonal gehienak egoera jakin bati erantzuteko sortzen dira, sortu berria den antolaketa-erronka bat konpontzeko, alegia. Ondorioz, sailkapen-sistema pertsonalak ad hoc maneran edo premien arabera aldatzen dira, beren bizi-ziklo mugatuan. Adibidez, etxez aldatzen zarenean eta zeure gauzak beste etxe edo pisu batera eramaten dituzunean, ordura arte sukaldean edo armairuan baliatzen zenituen sailkapen-eskemak deseraiki eta desagerraraziko dituzu. Baliteke aurreko sailkapenak berriz inplementatu nahi izatea, baina ahalegin horretan eragina izango du etxe berriko apalen eta armairuen konfigurazioak, ez baita aurrekoaren berdin-berdina izango.

Aldiz, ez da gauza bera gertatzen sailkapen-eskema instituzionalekin, liburutegi-baliabideak edo artefaktu kultural zein zientifiko garrantzitsuak gordetzen dituztenekin, edo negozioek, gobernuek eta ikertzaileek sortzen eta biltzen duten informazioaren gehiengoarekin: halako sailkapen-eskemek hainbat hamarkada edo baliteke mendetako bizi-ziklo erabilgarriak izatea. Gisa horretako sailkapen-sistemak apurka-apurka aldatu behar dira, antolaketaren lan-fluxuak eten ez daitezen. Jada esan dugunez, antolaketa-sistema orotako jarduera bat da baliabideak mantentzea (ikus 3.5 atala: Baliabideak mantentzea); antolaketa-sistema orori dagozkio, era berean, baliabideak denbora mantentzearekin batera sortzen diren auzi hauek ere: iraunkortasuna, eraginkortasuna, egiazkotasuna eta jatorria (ikus 4.5 atala: Baliabideak denboran). Auzi horiek guztiak zuzenean dagozkio sailkapenak denboran mantentzearen gaiari.

Nolanahi ere, bestelako kontu batzuk ere azaleratzen dira sailkapenak denboran mantendu behar direnean. Berme printzipioak (ikus 8.2.2.1 atala) modu inplizituan ezartzen du ezen kategoriak diseinatzearen eta izendatzearen arrazoiak une jakin batean hartzen diren erabakiak direla, eta kito. Hori zentzuzkoa da baldin eta baliabide bibliografikoen bildumak edo baliabide fisiko arruntak, hala nola liburuak, arropa edo tximeletak, antolatzen ari bazara. Ordea, baliabide aktiboak dauden arloetan, baliabideek beren egoera edo inplementazioa aldatzen dutenean, edo izaera probabilistikoa dutenean, baliteke bermea edo horretan oinarrituriko erabakiak berrikusi behar izatea aldian-aldian. Beste modu batera esanda, baldin eta laginak hartu dituzun arloa edo deskribatzen ari zaren arloa ausazkoa edo aldakorra bada hein batean, ziur aski komenigarria izango da arlo hori ezarri dizkiozun kategoriak eta deskribapenak orobat aldatzea. Sarritan suertatzen da kategoria baten esanahia aldatzen dela, eta, horrekin batera, sailkapen-sistemako beste kategoria batzuekiko duen garrantzia erlatiboa eta absolutua ere. Batzuetan, kategoriak mantso-mantso aldatzen dira, baina azkar eta errotik ere alda daitezke, berrikuntza teknologikoen, prozesu berritzaileen, aldaketa geopolitikoen edo gertakarien eraginez. Baliabide-mota eta jakintza-eremu guztiz berriak sor daitezke oso denbora laburrean. Adibide batera, pentsa zer-nolako munta duten gaur egun «bidaia», «entretenimendua», «konputazioa» eta «komunikazioa» kategoriek, duela hamarkada bat edo bi zutenarekin alderatuta.

Sailkapen bateko kategorien esanahia aldatzen baldin bada, kolokan jartzen dute sailkapen horren integritatea: printzipio horren arabera, kategoriak ez lirateke tokiz aldatu behar sailkapen-sistemaren egituraren baitan. Integritateari eutsi nahi bazaio, eta, aldi berean, jakintzaren izaera dinamiko eta aldakorrera moldatu, sailkapen-sistemaren bertsio berri bat zehaztu daiteke, baina zaharrek ere irauteko moduan; horrela, aurreko bertsioko baliabide-esleipenak gordetzen dira, sistema berrian aldatzeko aukerarekin. Sailkapenari buruzko ikuspegi logikoari heltzen badiogu (ikus 8.1.2 atala: Sailkapena vs etiketatzea), zeinak baliabideen kategoria-esleipen kontzeptuala eta baliabideen antolaketa fisikoa banatzen baititu, baliabide bat kategoria desberdinetan egon daiteke sailkapen baten bertsio desberdinetan, inongo arazorik gabe.

Hala ere, liburutegi arruntetan, baliabide fisikoen bildumak gordetzen dituztenetan, ez da erraza baldintza honi ihes egitea: sailkapena erabili behar da liburuak apaletan antolatzeko toki jakin batzuetan, eta, hala, liburuak kokatzeko, maileguan hartzeko eta kokapen berera itzultzeko aukera egon dadin.

Kategoriak denboran mantentzearekin lotutako beste printzipio bat da malgutasuna, hau da, zer neurritan har ditzakeen sailkapen batek kategoria berriak. Informatikariek, normalean, hedakortasuna deitzen diote printzipio horri; bibliotekonomialariek, ostera, abegia ere deitzen diote batzuetan. Edozein kasutan, kezka berdina da, eta denok ezagutzen dugu. Liburu-apalategi bat, arropentzako armairu bat, dokumentuak gordetzeko tiraderak edo ordenagailu bat erosten duzunean, zentzuzkoa da espazio gehigarri pixka bat izatea, etorkizunean eskuratuko dituzun liburuei, arropei edo fitxategiei lekua egiteko. Antolaketa-sistemei dagozkien beste erabaki batzuekin bezalaxe, konpentsazio ugarik eragiten diote beste kontu honi: zenbat espazio gehigarri eta zenbat «antolaketa-espazio» eskuratuko duzun.

Sailkapen-eskemek beren malgutasuna areagotu dezakete, beren sorrera-unean «espazio logiko» gehigarria sortuz. Liburutegietako sailkapenetan, adibidez, izendapenezko edo zenbakizko sailkapen-eskemak erabiltzen dituzte, zeinak ase hedatu baitaitezke, eta kategoria berriak sortzeko modua eskaintzen baitute. Halaber, informazio-sistemetako sailkapen-eskemek ahalmena izan dezakete dokumentu-eskemen edo datu-baseen eskemen garapena aurreikusteko.

8.2.3 Sailkapenak partzialak dira

Antolatzearen diziplinan, funtsean, hautuak egin behar dira propietateei eta baliabideak deskribatzeko zein antolatzeko printzipioei dagokienez. Hautu horiei buruz hitz egin dugu jada: baliabideak deskribatzeko hautuak azaldu ditugu 5.3 atalean (Baliabideak deskribatzeko prozesua), baliabide-kategoriak sortzeko hautuak, berriz, 7.3 atalean (Kategoriak sortzeko printzipioak) eta sailkapenak sortzeko hautuez jardun gara, azkenik, kapitulu honetan. Egindako hautuek agerian uzten dute zein diren hautuak egin dituzten pertsonen helburuak, esperientziak, lanbideak, ideologia, balioak eta bestelako ezaugarri eta lehentasunak. Ondorioz, sailkapen-sistema orotan daude aurreiritziak edo joerak, zeren sailkapen-sistemak ikuspuntu bat hartzen baitu, eragin horien guztien nahasketa bat dena.

Baina, lehenik, zera azpimarratu behar dugu: liburu honetan «joerak» aipatzen ditugunean, hitz horrek bi esanahi aski desberdinak izan ditzake gutxienez. Batetik, atal honetan, joeren esanahi kolokiala aipatu dugu: joeren ondorioz, balioetan oinarrituriko erabakiak hartzen dira antolaketa-sistemetan, eta, horren ondorioz, elkarreragin-jarduera edo erabiltzaile batzuk hobesten dira beste batzuen gainetik. Joera estatistikoak, ordea, neurketa batean izandako akats sistematikoak edo distortsioak dira. (Ikus koadro gehigarria: Joera estatistikoa eta bariantza).

Sailkapenen partzialtasunari buruzko baieztapenak harrigarria eman dezake, zeren sailkapen-sistema asko formalak eta instituzionalak baitira, estandarren antolakundeetan jarduten diren gobernuek edo konpainiek sortuak. Sailkapen horiek inpartzialak eta objektiboak izatea espero dugu. Dena den, errepara diezaiogun, adibidez, «lana dutenen» eta «langabeen» arteko sailkapenari. Jende askoren ustez, lanerako adinean dagoen baina lanean ari ez den pertsona oro hartu behar litzateke langabetzat. AEBko Enplegu Sailean, ordea, pertsona bat langabetzat hartzen da soilik baldin eta iragan hilabetean lana bilatu badu; hala, lana bilatzeari utzi dioten pertsona guztiak «langabe»en kategoriatik kendu eta «langile amore emandakoen» kategoriara esleitzen dituzte. 2012an, gobernuak, sailkapen-eskema horri tiraka, adierazi zuen langabezia % 8 inguru zela, eta murrizten ari zela, nahiz eta, egiaz, % 20 inguru izan eta etengabe hazi. Sailkapen horren inplikazio politikoak nabarmenak dira.

Joerak eta bariantza dardo-tauletan

Dardo-jaurtiketa zehatzek eta doiek joera eta bariantza baxuak erakusten dituzte (marrazkiaren behealdean eta ezkerrean). Dardo-jaurtiketa zehatzek baina ez doiek, berriz, joera altua eta bariantza baxua erakusten dute (goian ezkerrean). Jaurtiketa ez-zehatzek eta doiek joera baxua eta bariantza altua erakusten dute (behean eskuinean). Eta, azkenik, ez badago ez zehaztasunik ez doitasunik dardo-jaurtiketan, hala joera nola bariantza altuak izango dira (goian eskuinean).

Joerak eta bariantza dardo-tauletan

Baliabideak

Joera estatistikoak eta bariantza

Joera estatistikoa esaten zaie neurketetan izaten diren akats sistematikoei, eta honako faktore hauek eragin dezakete: neurketa-tresnaren kalibrazio okerrak, neurketa-teknika ez-eraginkorrek, ondorioztapen okerrak egiten dituzten algoritmoek edo inguruneari dagokion interferentziaren batek; horiek denek modu aurreikusgarrian distortsionatzen dute neurketaren balioa. Neurketaren joerek talka egiten dute neurketaren aldakortasunarekin edo bariantzarekin: horrek adierazten du zenbateko sakabanaketa dagoen batez besteko balio baten edo aurreikusitako balio baten inguruan, gehienetan ausazko faktoreen poderioz. Batzuetan, bariantza sortzen da ez delako propietate berdina neurtzen kasu guztietan; hala izatea espero genuke ausazko jende-lagin baten pisuaren neurketan edo albisteen ausazko lagin bati jendeak edo algoritmoek emandako etiketen edo gaien sortan. Kasuen sorta nahikoa handi bat aztertzen badugu, propietateen balio probableenak zehaztu ditzakegu, bai eta ausazko akats-kopuruaren estimazioa egin ere.

Baliabideen lagin bat neurtzean bariantza handia badago, eta, aldiz, baliabide guztien balioak antzekoak izatea espero bazen, zerikusia izan dezake kalitate-arazo batekin. Joera altuak, bestalde, ez dira kalitate-arazoekin loturik egongo, errazagoa izaten baita zehaztugabetasun-iturri sistematikoak zuzentzea.

Kaliforniako hauteskundeen mapa: Estatu «urdin» bat, konderri «gorri»ekin

Baliabideen formatua x fokua

Bestalde, koropletoei dagokienez, zenbait erabaki hartu behar dira kolore edo patroi desberdinen bidez erakutsiko diren kategoriak sortzeko eta datuak kategoria horietan sailkatzeko, eta horren harira ere sortzen dira joera batzuk, sotilagoak izan arren. Koropletoetako kategoriek hainbat modutara banatu ditzakete datuak: interbalo berdinetan, behaketa-kopuru berdina duten sortatan edo behatutako datuetako taldekatzeak edo etenak islatzen dituzten kategoriatan. Kategoria bakoitzari esleitutako datuen interbaloetan edo proportzioetan dauden aldeek istorio guztiz desberdinak helaraz ditzakete, datuak berdinak izan arren. «Mapen bidez gezurra nola esan» ikasteko, edo mapen bidez inork gezurrak sinetsaraztea eragozteko, jo ezazue Mark Monmonier-en liburu klasikora: How to Lie with Maps.

Bowker eta Star egileek asko idatzi dute sailkapen-sistemetako joeren gainean; edonola ere, jende askok ez dituela ikusten aitortzen dute:

Informatikariak egunero-egunero jarduten dira sailkapen-sistemak eta estandarrak diseinatzen, eskuordetzen eta hautatzen; halere, banaka batzuek baino ez dute uste halako sistemak artefaktuak direla eta hautu moralak eta estetikoak gorpuzten dituztela, zeinek, aldi berean, jendearen identitateak, nahiak eta duintasuna taxutzen baitituzte. (Bowker eta Star, 2000)

Bowkerrek eta Starrek adibide ugari ematen dituzte, itxuraz neutralak eta onberak izan arren ondorioztapen eztabaidagarriak inplementatzen dituzten sailkapenei dagozkienak. Adibide harrigarri bat dago, esate baterako, AEBko erroldako sailkapen etnikoan eta AEBko herritarrek beren burua kokatu behar duten kategorietan. 1790. urtean egin zen lehen errolda, eta, orduz geroztik, kategoria etniko horiek ia hamarkada guztietan aldatu dira; argi eta garbi adierazten dituzte helburu politikoak, sentikortasun kultural nagusiak edo horien gabezia, eta ikuspegi ez-zientifikoak. Berriki, besteak beste, «hainbat arrazakoa» deritzon kategoria sortu da: batzuen ustez, kategoria horrek ahalduntzeko bidea ematen zuen; herritar afrikar amerikarren zein hispanikoen eskubide zibilen alde diharduten taldeek, ordea, kritikatu egin zuten, beren boterea lausotzen zuelakoan.

Bestalde, sailkapenetako joerei buruzko ikuspegi positiboago bat litzateke zera pentsatzea: antolaketa-sistema batean baliabideen hautapenari, deskribapenari eta antolaketari dagokionez egiten diren hautuek, batera hartuta, antolatzaileen balioen berri ematen dutela. Hala, sailkapenak tresna erretoriko edo komunikatibo bat dira, eta sailkapeneko baliabideekin elkarreraginean dihardutenekiko sinesgarritasuna edo konfiantza sortzeko balio dute. Ikuspegi horren argitan, sailkapen objektiboak eta neutralak egitea ez da xede errealista bat, eta, horrez gainera, denbora eta energia xahutzea ekar dezake, eta desiragarriagoa izan daiteke, aukera aprobetxatuz, baliabideak modu sortzaile batean interpretatzea, eta erabiltzaile-talde jakin bati mezu zehatz bat helaraztea. Melaine Feinberg-ek dioenez, «bidezko merkataritza»ko supermerkatuei edo supermerkatu «berde»ei dagokienez, produktuen proportzio erlatiboki txiki batengatik bereizten dira supermerkatu arrunten eskaintzatik, baina item jakin horien balioa da, hain zuzen ere, halako supermerkatuetako bezeroei gehien axola zaiena.

Joerak argi-argiak erakusten dituzte gehien erabiltzen diren sailkapen bibliografikoek: Kongresuko Liburutegiak eta Dewey Dezimalak; jarraian aztertuko ditugu.