12. Ikerketa kasuak
Robert J. Glushko
12.5 Sukalde bat antolatzea
Egilea: Emilie Hardman; 2013ko apirila.
Laburpena. Jendearen gehiengoak dauka sukalde bat etxean, eta sukalde gehienetan baliabide antzekoak daude, hala nola lapikoak eta zartaginak, katiluak, edalontziak, zilarreria eta era askotako sukaldaritza-tresnak. Halaber, sukaldean antolatzen dira, maiz, jakiak, osagaiak, espeziak, ardoa eta bestelako edariak. Horretaz aparte, sukaldeetan biltzen dira hozkailuak, aurrez prestaturako janaria gordetzeko.
Sukaldeetako antolaketa-sistemetan eragin handia du sukaldearen tamainak, formak eta apalen, armairuen zein bestelako elementu fisikoen antolamenduak. Etxe berri bat eraikitzen ari bazara, sukaldea diseinatzeko aukera izango duzu beharbada, baina, jende gehienak, dagoen moduan jasotzen du sukaldea, eta horren potentzialtasunen barruan jarduten da, sarritan mugak izaten direlako eta ez delako hain erraza izaten ingurune fisikoa eraldatzea.
Zer antolatu nahi da? Ardoa, ardo-kopak, koktel-edalontziak zein -osagaiak eta tea edo kafea hartzeko tresnak hozkailuaren ondoko armairuan gordetzen ditugu, sukaldearen erdian dagoen lan-mahaitik gertu, jendeak gertu izan ditzan. Espazioaren mugen eraginez, ur-edalontziak beste nonbait jarri behar izan genituen, baina afariak antolatzen ditugunean edo jendea bisitan datorkigunean, ur-pitxer bat eta edalontziak ipini ohi ditugu erretilu batean, eta, horrenbestez, logikoa iruditu zitzaigun antolaketa hori, jendea, gehienetan, edari sozialekin loturiko edalontzien bila ibiliko zelako batez ere, eta, hortaz, horietara erraz iristea ahalbidetu beharra zegoelako.
Era berean, lan-mahai independente bat erosi genuen, mozketa-ohol batekin eta altzairu herdoilgaitzezko beste xafla batekin, pastelak eta txokolateak egiteko, eta espazio gehigarria izateko oro har. Prestaketarako balio du, bai eta, festetan, plater zein edari bukatuak ipintzeko ere, gonbidatuek nahi dutena har dezaten.
Sukaldeko tresna batzuk zegozkien janari-itemekin batera ipini genituen: adibidez, kafea eta kafe-ehogailua, edo xigorgailua, ogi-labana, mozteko ohol txikia eta ogia. Beste tresna batzuk, berriz, antzeko tresnekin batera gorde genituen: patata zuritzekoak, luzetara ebakitzeko tresnak, aiztoak etab. Erabaki hori hartu genuen, ziur aski, patata zuritzekoak erabilera gehiago izan ditzakeelako kafe-ehogailuak baino, eta, era berean, zentzuzkoagoa zen gauza txiki horiek denak elkarrekin ipintzea tiradera batean, sagar eta pataten inguruan edonola sakabanatuta uztea baino. Lapikoek eta zartaginek nor bere espazioa dute, eta bata bestearen barruan multzokatzen ditugu; platerekin, berdin. Sarrien erabiltzen ditugun gauzak lehenetsi genituen, tresna espezializatuen gainetik.
Sukaldearen alderdi sozialaren arabera antolatu genituen, halaber, beste zenbait janari-item eta zerbitzatzeko tresna. Esaterako, goporretan jarri genituen txokolate-barrak eta goxokiak: modu horretan, errazago atera eta zerbitzatu daitezke. Era berean, eskura jarri genituen hainbat katilu, patatak, olibak edo bestelakoak azkar eta modu informalean zerbitzatu ahal izateko.
Sukaldea antolatzeko sistema
Gure sukaldea. Urtean behin, sakonki garbitzen dut sukaldea: hain txukun geratu zen, argazki bat atera nuen. (Argazkia: Emilie Hardman. Creative Commons CC-BY-SA 2.0 lizentzia).
Zergatik antolatu nahi da? Gure sukaldearen erosotasuna eta irekitasuna nabarmendu nahi genituen, jendeak lasai asko har zitzan behar zituen gauzak. Halaber, maila praktikoan, lan-eremu efiziente bat eduki nahi genuen espazio txiki batean, beraz, kontu horiek ere orekatu behar genituen.
Noiz antolatu nahi da? Une jakin batean, tokiz aldatu genuen zilarreria, izan ere, gure lagunek, horren bila zebiltzanean, behin eta berriro zabaltzen zutelako erdiko mahaiko tiradera bat. Hasieran, tiradera horretan tresna espezializatuak gordetzen nituen, zerbait prestatzen ari nintzen bitartean edo bonboiak egin bitartean tiradera horretatik hartzen nituelako tresnak, baina jendea etengabe nahasten zenez, tresna horiek beste tiradera batean ipini genituen, eta zilarreria, berriz, jendeak espero zuen tokian.
Hozkailuari dagokionez, janari-motaren arabera antolatu genuen, ordena mantendu nahian, sarbidea errazteko, eta zer geneukan berehala jakite aldera. Gure hozkailuko tiraderak kanporantz ateratzen dira, beraz gerta daiteke gauzak ezkutuan geratzea, baina sistemak bere horretan eusten badio, jakingo duzu fruta izoztua tiradera baten hondoan dagoela, eta, irina, berriz, ondoko beste tiraderan dagoela.
Janari-item batzuek kokapen edo biltegiratze desberdina izango dute sasoiaren, ontzearen eta abarren arabera. Abuztuan tomate pila bat edukitzen dugu, eta leiho hegian jartzen ditugu ilaran; ordea, tomate bakar batzuk izango bagenitu, gopor batean ipiniko genituzke.
Nola edo nork antolatu nahi du? Laburbilduz, esango nuke nire bikotekidea liburuzaina dela, eta, nik, berriz, artxibozaina izateko ikasketak egin nituela. Bioi axola zaizkigu sailkapenak eta zerbitzu publikoa, eta, gainera, bisitak izaten ditugu barra-barra; hortaz uste dut gauzak multzokatzeko sistema oso praktikoak eta intuitiboak sortzea motibazio bat dela guretzat.
Nire aita, bestalde, ingeniaria da, eta, erretiroa hartu duenetik, egurra lantzen ibiltzen da buru-belarri; hala, espazioan ederki egokitzen ziren bi armairu egin zituen, zeinek sukaldeak zekartzan armairuek baino biltegiratze-espazio handiagoa eskaintzen baitute.
Beste kontu batzuk. Nolanahi ere, sukaldea ez dugu gonbidatuen arabera antolatu osoki. Orobat nahi genuen praktikoa izan zedila sukaldean aritzeko eta espazioa aurrezteko. Armairuetan, funtzio orokorraren arabera antolatu dugu janaria: apal batean, lekaleak gordetzen ditugu; beste batean, pipermin lehorrak eta espeziak –bizigarriak–. Bigarren apal horren barruan, mota orokorraren arabera antolatu ditugu espeziak, lerrotan, eta lerro bakoitzaren barruan ordena alfabetikoa darabilgu. Lerroen bidez, seguru asko batera erabiliko ditugun espeziak multzokatzen ditugu (adibidez, kanela, iltzea, mazisa eta intxaur muskatua), eta, ondoren, ordena alfabetikoa lagungarria suertatzen da, espezie askok itxura antzekoa dutelako: hori kontuan izanda, erabilgarria da jakitea ezen xarpota baino lehen egongo dela oreganoa. Bestalde, lekaleei dagokionez, errazagoa da lehen begi-kolpean identifikatzea, eta ez dira hain sarri erabiltzen beste gauza batzuekin batera (espeziekin alderatuta, esaterako); horregatik, lekaleak ez ditugu hain modu zorrotzean sailkatu, eta batzuetan gustu estetiko orokorraren arabera ipini ditugu; adibidez, bertako babarrunen sorta bat baldin badaukat, nahiago dut horiek ipintzea aurrealdean, dilista arruntak baino.
