8. Sailkapena: Kategoriei baliabideak esleitzea

Robert J. Glushko, Jess Hemerly, Vivien Petras, Michael Manoochehri ,Longhao Wang ,Jordan Shedlock, Daniel Griffin

8.7 Zortzigarren kapituluko gakoak

  • Sailkapena zera da: berariazko kategoriei baliabideak esleitzea modu sistematikoan; sarritan, kategoria instituzionalak izaten dira. (Ikus 8.1 atala: Sarrera)
  • Sailkapen-sistemak, oroz gain, baliabideen antolaketa logikorako zehaztapenak dira; izan ere, normalean, erreferentzia logikoak kokapen fisikoetan kokatzeko modu posible asko egoten baitira, sarri guztiz ausazkoak direnak. (Ikus 8.1.3 atala: Sailkapena vs Antolaketa fisikoa)
  • Sailkapenek egitura bat sortzen dute antolaketa-sistemaren barruan, eta egitura horri esker, sistemak ahalbidetu ditzakeen elkarreraginen aniztasuna eta ahalmena handitzen da. (Ikus 8.2.1.2 atala: Sailkapenek elkarreraginak ahalbidetzen dituzte)
  • Sailkapenak partzialak dira beti, sailkapenak egin dituzten pertsonen helburuek, esperientziek, lanbideak, ideologiak, balioek eta bestelako ezaugarri eta lehentasunek eragina izaten dutelako. (Ikus 8.2.3 atala: Sailkapena partziala da)
  • Sistema teknikoetan, hiru joera-mota daude: aldez aurretiko joera, joera teknikoa eta joera sorra. (Ikus 8.2.3 atala: Sailkapena partziala da)
  • Sailkapen-eskema batean argiki zehazten badira baliabideentzako izan daitezkeen kategoria posible guztiak, enumerazio-eskema esaten zaie. (Ikus 8.1.4 atala: Sailkapen-eskemak)
  • Kategoriak osatzeko garaian hainbat baliabide-ezaugarri aintzat hartzen direnean, hurrenkera jakin batean, ezaugarri bakoitzak beste maila bat sortuko du kategoria-sistemaren baitan, eta sailkapen-eskema hierarkikoa edo taxonomikoa izango da. (Ikus 8.1.4 atala: Sailkapen-eskemak)
  • Sailkapena eta estandarizazioa ez dira gauza berdin-berdinak, baina harreman estua dute. Sailkapen batzuk, denborarekin, estandarrak bihurtzen dira, eta estandar batzuek sailkapen berriak zehazten dituzte. (Ikus 8.1.5 atala: Sailkapena eta estandarizazioa)
  • Estandarrak zera dira: zehaztapen argitaratuak; arlo bateko interesdun nabarmenek garatzen eta mantentzen dituzte, adostasunez, prozesu zehatz eta garden bati jarraituz, eta, normalean, estandarren antolakunde itzal handikoen babespean. (Ikus 8.1.5.3 atala: Zehaztapenak vs Estandarrak)
  • Zenbait industriatan eta merkatutan, badira halako sare-efektu nabarmen batzuk: produktu baten balioa ezartzeko orduan, eragin handia du harekin bateragarriak diren beste produktuen kopuruak; halako eremuetan –informazio- eta zerbitzu-ekonomia gehienak, besteak beste–, semantika estandarra bereziki garrantzitsua da. (Ikus 8.1.5.2 atala: Semantika instituzionala)
  • Berme literarioa deritzon printzipioak adierazten du ezen sailkatu beharreko baliabide zehatzetan soilik oinarritu behar direla sailkapenak. (Ikus 8.2.2.1 atala: Sailkapen-eskemetan gorpuzten diren printzipioak)
  • Esklusibotasun printzipioak esan nahi du sailkapen-eskema bateko kategoriak elkarren baztertzaileak direla (esklusiboak). Hortaz, kategoria jakin bati kontzeptu logiko bat esleitzen zaionean, ezin zaio aldi berean esleitu beste kategoria bati. (Ikus 8.2.2.2 atala: Baliabideak kategoriei esleitzeko printzipioak)
  • Liburutegietako sailkapenean, baliabideak ez zaizkionean kategoria bakar bati guztiz egokitzen, esklusibotasun printzipioa betetzeko konponbide orokorra izaten da arau-sorta xehe bat asmatzea eta horri jarraitzea; arau ausazko samarrak izaten dira sarri. (Ikus 8.2.2.2 atala: Baliabideak kategoriei esleitzeko printzipioak)
  • Batzuetan, kategoriak mantso-mantso aldatzen dira, baina azkar eta errotik ere alda daitezke, berrikuntza teknologikoen, prozesu berritzaileen, aldaketa geopolitikoen edo gertakarien eraginez. (Ikus 8.2.2.3 atala: Sailkapena denboran mantentzeko printzipioak)
  • Malgutasuna, hedakortasuna eta abegia baliokideak dira, eta zera esan nahi dute: zer neurritan har ditzakeen sailkapen batek kategoria berriak. (Ikus 8.2.2.3 atala: Sailkapena denboran mantentzeko printzipioak)
  • Sailkapen bibliografikoaren bereizgarriak dira antolaketa fisikoaren ondarea eta horri dagokion eskala eta konplexutasuna. (Ikus 8.3 atala: Sailkapen bibliografikoa)
  • Alderdien araberako sailkapen-sistemek baliabideak egoki esleitzeko beharrezkoak diren kategoria guztiak zerrendatzen dituzte, baina ez dituzte aldez aurretik konbinatzen hierarkia finko batean; aitzitik, premiaren arabera egiten da, propietateen konbinazio jakin bat biltzen duten baliabideak antolatze aldera. (Ikus 8.4 atala: Alderdien araberako sailkapena)
  • Alderdiek dimentsio independenteak izan behar lukete, beraz, baliabide batek dimentsio guztietako balioak izan ditzake, eta, aldi berean, dimentsio bakoitzeko balio bakar bat. (Ikus 8.4.4.2 atala: Diseinuaren printzipioak eta pragmatika)
  • Kasuen sortari gehikuntzak egiten bazaizkio ere, alderdiaren balioek tokia egin behar diete. Esaterako, konponbide erraz bat da «Bestelakoak» balio bat gehitzea: horren bidez, alderdiak malgutasunez hartuko ditu kasu berriak; alabaina, ez da komeni kasu berri guztiei balio horixe esleitzea. (Ikus 8.4.4.2 atala: Diseinuaren printzipioak eta pragmatika)
  • Etiketek, normalean, ez diete printzipio batzuei jarraitzen, eta horregatik ez dira sailkapentzat hartzen; aitzitik, etiketak kategoriatzat hartzen direnean edo etiketatzea sistematikoagoa denean, etiketa-multzoak etiketaxonomia bihurtuko dira. (Ikus 8.1.2 atala: Sailkapena vs Etiketatzea)
  • Zereginetan edo jardueretan oinarrituriko sailkapen-sistemak izendatzeko, taskonomy neologismoa erabiltzen da, zeregina (task) eta taxonomia (taxonomy) hitzak uztartzen dituena. (Ikus 8.5 atala: Jarduera-egituraren araberako sailkapena)
  • Ikaskuntza teknika ikuskatuetan, aurrez diseinaturiko sailkapen-eskema bat izaten da abiapuntua; ondoren, ordenagailuak prestatzen dira, baliabide berriak antolatu ditzaten kategoria horietan. (Ikus 8.6 atala: Sailkapen konputazionala)