3.5 Baliabideen mantentze-lana

Baliabideak mantentzea jarduera garrantzitsua da antolaketa-sistema orotan, baliabideek eskura egon behar dutelako haien premia sortzen den unean. Oinarrizko xede horretatik harago, mantentze-helburu eta -metodoetan ezberdintasun nabarmenak izaten dira antolaketa-sistemaren eremuaren arabera.

Dena den, batzuetan, termino berdina erabiltzen da mantentze-jarduerak izendatzeko eremu ezberdinetan, eta, aldiz, termino ezberdinak baliatzen dira antzeko jarduerak izendatzeko. Ohiko mantentze-jarduerak dira biltegiratzea, kontserbazioa, kurazioa eta gobernantza. Biltegiratzea, normalean, baliabideak mantentzearen alderdi fisikoez eta teknologikoez jarduteko erabiltzen da; zentzu horretan, antzekoak dira beste termino hauek ere: segurtasun-kopia (epe motzeko biltegiratzea), artxibatzea (epe luzeko biltegiratzea) eta migrazioa (biltegiratutako baliabideak biltegi-gailu batetik beste batera eramatea). Beste hiru terminoak, aldiz, elkarren oso antzekoak diren jarduerak edo metodoak aipatzeko erabili ohi dira, eta 3.5.2 ataletik hasi eta 3.5.4 atalera bitarte bereiziko ditugu.

Hautaketa eta mantentzea prozesu interdependienteak dira. Hautaketaren oinarrian lehen arau-multzo bat dago, zeinak zehazten baitu zer baliabide sartuko diren antolaketa-sisteman. Mantentze-lanaren baitan, honako jarduera hauek biltzen dira: baliabideak mantentzea, hasierako hautaketa-irizpideak ebaluatzea eta berrikustea eta mantentzeko premiarik ez dagoen baliabideak sistematik kentzea. Baliabideak hautatzeko neurriak zorrotzak baldin badira, halakoa izan ohi da, oro har, mantentze-plana ere, zeinak indarrean jartzen baititu hautaketa mugatzen duten murriztapen berdinak. Zentzu komuna da hori, azken batean, eta ez du axola baliabidea artelan bat den, auto bat, software-pakete bat edo saskibaloi-jokalari bikain bat: gogor saiatu bazara baliabide bat aurkitzen, edo diru parrasta bat ordaindu baduzu haren truke, gogotik zainduko duzu eta ez duzu berehala erosiko berri bat.

Onenean, antolaketa-printzipioak definitzeko eta inplementatzeko garaian aurreikusi behar litzateke zeintzuk izango diren baliabideen mantentze-premiak. Baliabide digitalen mantentzea ahalbidetzeko, bereziki garrantzitsuak dira baliabide-deskribapenak.

3.5.1 Baliabideak mantentzeko motibazioak

Memoriaren instituzioa deritzon kontzeptuak modu zabalean biltzen ditu antolaketa-sistema mordoxka bat, zeinek jakintza eta ondare kulturala zaintzeko xedea partekatzen baitute. Liburutegietan, museoetan, datu-artxiboetan eta bestelako memoriaren instituzioetan gordetzen diren baliabide primario gehienak artefaktu kultural, historiko edo zientifiko finkoak dira, eta arrazoi hauengatik gordetzen dira: item bakarrak eta originalak direlako, eta balioa izango dutelako etorkizunean. Horregatixe gordetzen du Louvre museoak Mona Lisaren erretratua, eta AEBeko Artxibo Nazionalak Independentzia Adierazpena.

Kontrara, negozioetako antolaketa-sistemetan biltzen eta kudeatzen diren baliabide ugarik balio intrintseko mugatua dute. Motibo ekonomikoak direla-eta gordetzen eta mantentzen dira bertako baliabideak, ezinbestekoak direlako negozioa ondo joan dadin. Adibidez, negozioek informazioa biltzen eta gordetzen dute beren langileei, inbentarioari, aginduei, fakturei eta abarrei buruz, horien bidez ziurtatzen dituztelako barne-mailako helburu batzuk, esaterako, eraginkortasuna, diru-sarrerak lortzea eta lehiarako abantaila. Sarritan, negozioaren zati batek baino gehiagok erabiltzen dituzte baliabide berdinak, hala nola bezeroei buruzko informazioa. Baliabideak aldatzen doazenez, horien zehaztasuna eta koherentzia mantentzea erronka nagusi bat da negozioetako antolaketa-sistemetan.

Negozioetako antolaketa-sistema askotan kanpoko araudi edo onarpenak betetzeko behar den informazioa gordetzen da; horrela, zigor edo auzibideek ekar litzaketen balizko kostu izugarriak eragozten dira neurri handi batean. Halakoetan, baliabideak mantentzea ez da xede bat bere horretan; aitzitik, negozioak aurrera jarraitzeko baliatzen den bitartekoetako bat da.

Liburutegietan, artxiboetan eta museotan ez bezala, mantentze mugagabea ez da negozioetako antolaketa-sistema gehienen xede nagusia. Negozioetako antolaketa-sistemek, batez ere, eguneroko eragiketak gauzatzeko behar den informazioa kudeatzen dute, eta, gehienez ere, informazio historiko berri samarra, erabakiak hartzeko edo plan estrategikoak garatzeko erabiltzen dena. Barne-premia horietaz aparte, negozioek bat egin behar dute segurtasun-, zerga- eta onarpen-araudiekin, zeinek xedatzen baitute informazioa gorde behar dela epe luzez.

Bi xede aipatu ditugu, mantentzeari dagozkionak eta elkarren kontrakoak direnak, baina, horiez gainera, badira bilduma pertsonaletako motiboak ere: halako bildumak, batzuetan, itemen berezko balioaren ondorioz eratzen dira, baina ohikoagoa da norberaren jardueretarako lagungarriak suertatzen direlako eratzea. Pertsona batzuek argazki zaharrak edo zigilu-bildumak gordetzen dituzte, aurrez beren gurasoenak edo aiton-amonenak izandakoak, eta irudikatzen dute etorkizunean beren seme-alabek edo bilobek ere gordeko dituztela; halere, bilduma zahar askok eBayko eskaintzetan amaitzen dute. Gainera, antolaketa-sistema pertsonal ugari jardueren araberakoak dira; horregatik, bildumaren edukiak ez dira zertan gorde, behin jarduera amaituta.

3.5.2 Kontserbazioa

Maila oinarrizko-oinarrizkoan, baliabideen kontserbazioak esan nahi du baliabideak baldintza jakin batzuetan gordetzea, ez daitezen fisikoki kaltetu ez higatu. Liburutegiek, museoek eta artxiboek tenperatura egonkorrak eta hezetasun baxua hobesten dituzte. Hegazkinak, zerbitzuz kanpo daudenak denbora baterako zein behin betirako, basamortuetan aparkatzen dira, eguraldi lehorrak korrosioa murrizten duelako. Arriskuen gaineko kontzientzia duten negozioek jarraikortasun-planak gauzatzen dituzte, zeinen bitartez negozioaren egoitzatik at biltegiratzen baitira premiazko datuak eta dokumentuak; horrela, natura hondamendi bat edo bestelako desmasiaren bat gertatzen bada, negozioak bere martxarekin jarrai dezake.

Kontserbazio mugagabea lortu nahi denean, mantentzeari loturiko beste kezka batzuk azaleratzen dira baldin eta baliabideak hondatzen edo kaltetzen badira. Zer neurritan gordetzen da artefaktuaren balioa hori adierazteko erabili den bitartekoan? Zenbateko zaharberritze-lanak egin beharko lirateke? Artefaktuaren esentzia zer neurritan gordetzen da, artefaktua digitalizatzen denean?

3.5.2.1 Baliabideen digitalizazioa eta kontserbazioa

Baliabideak digitalizatzea erabakitzen denean, baliabideen kontserbazioa izaten da horretarako arrazoi nagusietako bat; digitalizazio hutsa, halere, ez da kontserbazioa. Digitalizazioak erronka batzuk dakartza berekin, kontserbazioari dagozkionak, zeren ordenagailuen softwareen eta hardwareen zaharkitze teknologikoak etengabeko ahaleginak eskatzen baititu, baliabide digitalizatuen irisgarritasuna ziurtatuko bada.

Zaharkitze teknologikoa da baliabide digitalak mantentzearen erronka nagusia. Informazio digitala gordetzeko bitarteko eta ingurune fisikoak etenik gabe garatzen direnez antolaketa-sistema guztietan (instituzionalak, negozioetakoak zein pertsonalak), horrek ageriko zaharkitze bat dakar. Duela sei hamarkada, ordenagailuetako datuak zinta magnetikoan eta disko gogorretan gordetzen hasi ziren; gero, duela lau hamarkada, disketeetan; duela hiru hamarkada, CDtan; duela bi, DVDtan; disko gogor trinkoetan duela hamabost urte, eta, azkenengo hamarkadan, berriz, «lainoan» edo biltegi «birtual»etan. Biltegiratze-teknologien ahalmena hazi ahala, teknologia berriak eratzen dira, berriki eskuratutako baliabide digitalak gordetzeko, arrazoi ekonomikoengatik eta eraginkortasunagatik, eta orduan galderak pizten dira aurrez existitzen diren biltegiratze-teknologiekin egin behar denaz.

Bigarren erronkak paradoxikoa irudi dezake. Nahiz eta biltegiratze digitalaren ahalmena bizkor bai bizkor hazten ari den, biltegiratzeko gailu fisikoen bizi-zikloek zenbait urte iraun ohi dute, edo zenbait hamarkada, asko jota. Arazo hori izendatzeko, termino kolokial batzuk erabiltzen dira, hala nola datuak usteltzea edo «bitak usteltzea». Kontrara, liburu fisikoek, azidorik gabeko paperan inprimatu badira, ehunka urtez iraun dezakete. Aldea harrigarria da: liburutegiko apaletan gordetako liburuak ez dira desagertzen, inork erabili ez arren; datu digitalak, ordea, galdu egin daitezke, baldin eta inork ez badu horietara jotzen datuak sortu eta urtebetera edo bi urtera.

Nolanahi ere, biltegiratze-gailu digitalen bizi-ziklo fisikoen mugak baino nabarmenagoa da, alde handiz gainera, baliabide digitalen kontserbazioari dagokion hirugarren erronka: baliteke baliabidera jotzea eta hura ezin eskuratzea, baliabidea gorde zen garaian hura aztertzeko eta interpretatzeko erabili zen softwarea eta ingurune konputazionala jada ez daudelako eskura. Duela hogeita bost urte, dokumentu digital gehienak Word Perfect deritzon hitz-prozesatzailearekin sortu ziren; gaur egun, ordea, Microsoft Worden bitartez sortzen dira dokumentu digital gehienak, eta jende gutxik erabiltzen du Word Perfect. Badira hainbat software eta zerbitzu, formatu zaharretan gordetako dokumentuak formatu berrietara itzultzen dituztenak, betiere dokumentu zaharra irakurtzeko modua badago bere biltegiratze-bitartekoaren ondorengoaren bidez.

Gailu digital ia guztiek badute biltegiratzeko-espazioren bat; hori dela-eta, biltegiratze-inguru ugariek arazoak sor ditzakete antolaketa-sistemetako maila guztietan. Duela urte gutxi, jendeak lanak izaten zituen, oraindik ere, ordenagailu, musika-jogailu edo telefono zaharrean gordetako dokumentuak migratzeko, gailu berriren bat erosten zutenean. Webean, badira posta elektronikoko zerbitzuak, aplikazioak eta biltegiratze-zerbitzuak –Dropbox, Amazon, Cloud Drive eta Apple iCloud, besteak beste–, zeinek datuen biltegiratzeari eta migrazioari dagozkion arazoetako batzuk desagerrarazi baitituzte, beste norbaiten esku utziz; prozesu horretan, halere, pribatutasunari eta fidagarritasunari loturiko kezkak sortu dira.

Erraza da zera esatea: kontserbazio digitalaren arazo guztiak konpontzen direla baldin eta baliabide digitalak aldian behin kopiatzen badira biltegiratze-gailu berrietan, eta, gero, gailu puskaz hobeak sortzen direnean, formatu berrietara migratzen badira. Praktikan, halere, liburutegiak, negozioak, gobernu-organoak eta bestelako egitasmo batzuk, era horretako arazoekin topo egitean, beren aurrekontuek eta sofistikazio teknikoak ahalbidetzen dien neurrian jarduten dira. Gainera, baliabide guzti-guztiak ez dira beti migratu behar, eta batzuetan ezinezkoa da hala egitea; beraz, elkarren ondoan bizi dira biltegiratze-teknologia ezberdinak, eta, halako kasuetan, antolaketa-sistemak konplexuagoak bihurtzen dira, gerta bailiteke biltegiratze-formatu eta -gailuak ezin bateratzea.

(Interoperazionaltasuna eta integrazioa 10. atalean aipatuko ditugu: Elkarreragin-jarduerak baliabideekin).

3.5.2.2 Webaren kontserbazioa

Web baliabideak kontserbatzeak arazoak dakartza berez. Liburutegietan, museotan, artxiboetan eta bestelako antolaketa-sistema askotan, baliabide aldagaitzen bildumak gordetzen dira; webeko antolaketa-sistemetan, berriz, baliabideak oso dinamikoak izaten dira maiz. Webgune batzuek edukia gehitzen dute, eta hala aldatzen dira; beste webgune batzuek, ordea, edukia editatzen edo kentzen dute.

Webeko bilatzaile orokorrek –hala nola Google edo Bing– arakatzaileak erabiltzen dituzte (crawler), web orrien bilduma indexatuak etengabe eguneratzeko; bilaketen emaitzek bertsio berrienera jotzen dute beti, horregatik, bertsio zaharragoen kontserbazioa ez da xede bat, era esplizituan. Are gehiago, gai horren harira –orri indexatuen bildumak zenbatean behin eguneratzen dituzten–, bilatzaileek ez dute batere xehetasunik ematen.

Interneteko Artxiboa eta «Wayback Machine»

Brewster Kahle-k sortu zuen Interneteko Artxiboa (Archive.org), zeinaren xede nagusia baita weba kontserbatzea: URI bat sartzen duzunean orrialde horretako «Wayback Machine» delakoan («Aspaldi-aspaldiko Makina»), ikus dezakezu ea zer itxura zuen webgune batek hainbat garaitan. Esaterako, www.berkeley.edu webgunea 2.500 aldiz artxibatu zen, gutxi gorabehera, 1996ko urritik 2013ko urtarrilera bitarte, eta 2012an, zehazki, astean bi aldiz artxibatu zen batez beste. Dena den, berkeley.edu webgune oso handia denez eta halakoak, sarri, egunean hainbat aldiz aldatzen direnez, kontserbazioa ez da erabatekoa, eta webeko guneen zati bat bakarrik gordetzen du Wayback Machine deritzonak. 2006. urteaz geroztik, Interneteko Artxiboak «Archive-It» zerbitzua eskaini du («Artxiba ezazu»), zeinak ahalbidetu baitu ehunka eskolak, liburutegik, historia elkartek eta bestelako instituziok beren baliabide digitalen bildumak artxibatzea.

3.5.2.3 Baliabideen kasuak kontserbatzea

Baliabideen kasu zehatzak kontserbatzeko nahia museoetan eta artxiboetan agertzen da inon baino argiago, izan ere, bilduma horietan item bakar eta originalak gordetzen baitira gehienetan.

Mona Lisa lanaren kopia eta bertsio eratorri asko daude, baina noizbait Mona Lisa originala suntsituko balitz, kopiak eta bertsioak ez lirateke ordezko gisa onartuko.

Negozioetako antolaketa-sistemak, batez ere «negozioaren martxa»ri eusten diotenak, eguneroko eragiketak ahalbidetuz, kasuak gordetzeko diseinatzen dira. Halakoak dira, besteak beste, aginduak kudeatzeko sistemak, bezeroekiko harremanen kudeaketa, inbentarioaren kudeaketa, ondasun digitalen kudeaketa, erregistroen kudeaketa, posta elektronikoen artxiboak eta dokumentuen kudeaketa orokorra. Eremu horietan guztietan, sarritan premiazkoa izaten da informazio-baliabide espezifikoak berreskuratzea, bezeroei zerbitzua emateko edo onarpen- edo arakatze-xedeak betetzeko.

Sentsoreen teknologiako aurrerapenek modua eman dute datu izugarri pila biltzeko makinen, motorren, ekipamenduen eta bestelako baliabide fisikoen egoerari eta jardunari buruz, baita gizakiei buruz ere. (Soinean al daramazu, oraintxe bertan, zure jarduerak neurtzen dituen gailurik?). Datu horiek mantentze-jardueren informazio historikoarekin uztartuz gero, aurreikuspen-analisiko teknikak gai dira eragiketa-sorta normalak zehazteko eta jarduna okertuko dela edo akastuna izango dela erakusten duten adierazleak sortzeko. Aurreikuspenen araberako mantentze-lanak baliabideen bizi-zikloa maximizatu dezake, eta mantentzeari eta inbentarioari loturiko kostuak minimizatu. Halako teknikak erabili dira, berriki, saskibaloi-jokalari profesionalek lesioren bat noiz izan dezaketen aurreikusteko; ondorioz, NBAko taldeek aukera izan dute jokalari izarrei atseden noiz eman planifikatzeko, beren lehia-estrategiari kalterik eragin gabe.

3.5.2.4 Baliabide-moten kontserbazioa

Negozioetako antolaketa-sistema batzuk baliabide-motak edo -klaseak kontserbatzeko sortzen dira, eta ez, ordea, baliabideen kasuak kontserbatzeko. Edukien kudeaketarako sistemek, zehazki, informazio-baliabide erabilgarrien edo «iturri» erakoen gordailuak antolatzen dituzte, eta horietatik sortzen dira, gero, «produktu» baliabide espezifikoak. Esate baterako, edukien kudeaketarako sistemetan, konpainiak muntatzen eta bidaltzen dituen produktuei buruzko informazio modularra biltzen da produktuen katalogoetan, instalaziorako gidetan, erabilera-jarraibideetan edo konponketa-eskuliburuetan.

Liburutegiek ere antzeko zerbait egiten dute: baliabide-motak gorde nahi dituzte, kasuak baino gehiago. Liburutegi-bildumetako liburu gehienek –bereziki liburutegi publikoen kasuan– kopia baliokide ugari dituzte beste bilduma batzuetan. Liburutegi batek Moby Dick eleberriaren kopia bat gordetzen duenean, lan abstraktu bat gordetzen ari da, eta ez hainbeste kasu fisiko zehatz bat, salbu eta Moby Dicken kopia hori lehen edizioko ale berezi bat bada, Melvillek berak sinatua.

Era berean, nahiz eta zooetan izenak jartzen dizkieten animalia famatuei, logikoa dirudi halako tokiek animalien espezieak eta ez animalien kasuak kontserbatu nahi izatea, zeren animalia guztiek baitute bizi-ziklo mugatu bat, eta ezin dira betirako kontserbatu.

3.5.2.5 Baliabide-bildumak kontserbatzea

Antolaketa-sistema batzuetan, baliabideek ez dute muntarik beren horretan, baina baliagarriak dira, ordea, item funtsean berdin-berdinen bilduma bateko kideak diren neurrian. Horrelakoak dira datu-biltegi handiak –negozioek erabiltzen dituzte, bezeroei edo transakzioei buruzko datuetan joerak identifikatzeko–. eta, orobat, zientzialariek sortutako data-bilduma erraldoiak. Halako bildumak, normalean, datu-sorta oso gisa aztertzen dira. Zientzialariek, datu-bilduma batera jotzen dutenean, ez dute datu-puntu bat bakarrik hartzen, data-sorta osoa baizik, milioika edo bilioika datu-puntu gordetzen dituena. Baldintza horrek galdera zailak jartzen ditu mahai gainean: zenbat software edo ekipamendu gehigarri kontserbatu behar dira antolaketa-sistema batean datuekin batera, berriro aztertzeko aukera egon dadila ziurtatze aldera?

«Shamu» orka

Fitxa katalografikoa

«Shamu»ren argazki hau AEBn dauden hiru Sea World itsas parkeetako batean egin zuten, baina ez du axola zeinetan izan zen, zeren parke bakoitzean orka bat baitaukate emanaldiak egiten, eta denak deitzen baitira Shamu. Era berean, ez du axola noiz egin zen argazkia, izan ere, orka bat hiltzen denean, beste bat jartzen baitute haren ordez, eta Shamu izen artistikoarekin. (Irudia: Mike Saechang. Creative Commos CC-BY-SA 2.0 lizentzia)

3.5.3 Kurazioa

Ia mende batez, kurazioa esan izan zaio baliabide-bilduma bat denboran mantentzeko prozesuei, zeinaren baitan era askotako jarduerak bildu baitaitezke: irisgarritasuna hobetzea, edo bildumaren errepresentazioa edo aurkezpena berrezartzea zein eraldatzea.

Antolaketa-sistema guztietan gauzatzen da kurazioa: maila pertsonalean, liburu-apal bat berrantolatzen duzunean liburu berriak bertara egokitzeko edo karpeta berriak sortzen dituzunean osasun-aseguruko urte horretako agiriak gordetzeko; maila instituzionalean, berriz, museo batek erakusketa berri bat diseinatzen duenean edo zoo batean habitat berri bat sortzen dutenean, eta webaren mailan, azkenik, jendeak argazkiak hautatzen eta igotzen dituenean Flickr edo Facebook orrietara, eta «Atsegin dut» ematen dionean besteek igotako argazkiei.

Webguneen sortzaileek –norbanakoak, negozioak zein bestelako eragileak izan– erabakiak har ditzakete, eta teknologia erabiliz, gunearen edukiak, kalitatea eta nortasuna mantendu, denborak aurrera egin ahala. Zentzu horretan, webguneei dagozkien kurazio- eta gobernantza-praktikek ez dute alde handirik memoriaren instituzioetan edo negozioetan izaten diren antolaketa-sistemekin. Kurazioaren funtsa da arau argiak ezartzea baliabideak biltzeari eta horiek denboran mantentzeari buruz; hala, bai jendeak bai prozesu automatizatuek ziurtatu dezakete ezen baliabide-deskribapenak edo datuak egiaztatuak, zehatzak, osoak, koherenteak eta ez-errepikakorrak direla.

3.5.3.1 Kurazio instituzionala

Baliabide-kopuru handia daukaten edo baliabide oso heterogeneoak biltzen dituzten antolaketa-sistema instituzionaletan, erabaki beharra dago zer baliabide izango diren irisgarrienak; nola antolatuko diren irigarritasuna ziurta dadin, eta zer baliabide kontserbatu behar diren modu berezian, irisgarritasun jarraitua bermatzeko; bada, halako antolaketa-sistemetan da kurazioa inoiz baino premiazkoagoa eta esplizituagoa. Pentsa genezake kurazioa hautaketa-sistema etengabe edo gerorako utzitako bat dela, zeren, sarritan, kurazioari dagozkion erabakiak banan-banan hartu behar baitira, item bakoitzaren arabera.

3.5.3.2 Norbanakoek egindako kurazioa

Norbanakoek egindako kurazioa luze-zabal aztertu da Informazio Pertsonalaren Kudeaketa (PMI, ingelesezko sigletan) deritzon ikerketa-alorrean. Ikerketa-lan horretan eragin handia izan du, hainbat hamarkadaz, Vannevar Bush-en artikulu funtsezko batek: «As We May Think». Bushek, hain zuzen, Memex izeneko zera bat irudikatu zuen: «gailu bat zeinean norbanako batek bere liburu, disko eta komunikazio guztiak gorde ahal baititu, eta zeinak, mekanizatuta dagoenez, bilaketak egiteko aukera eskaintzen baitu abiadura eta malgutasun handiz». Honako proposamen hau izan zen Bushen ideiarik eragin handikoena: elkarri loturiko baliabideak «bide» gisa antolatu nahi zituen, esteken bidez loturik; horiexek izan ziren gaur egungo weba taxutzen duten hipertestu-esteken aurrekariak.

3.5.3.3 Kurazio soziala eta webeko kurazioa

Norbanako askok denbora mordo bat eskaintzen diote beren webguneen kurazioari, baina webgune bat gai denean erabiltzaile-kopurua handi bat erakartzeko, sarritan aukera ematen die erabiltzaileei iruzkinak egiteko baliabideen inguruan, baliabideak atsegin dituztela adierazteko, baliabideei etiketak jartzeko edo baliabideak beste moduren batean ebaluatzeko. Kurazioaren kontzeptua moldatu egin da berriki, horren barruan bil daitezen norbanakoek bere borondatez web baliabideak sortzeko, mantentzeko eta ebaluatzeko egiten dituzten ahaleginak. Behetik gorako jarduera banatuen eskala masiboari «lankidetza ireki edo jendetsu»ko kurazioa esaten zaio: erabiltzaileen ekintza eta ekarpenen agregazio etengabea da.

Erabiltzaileen ahalegin agregatuen ondorioz, «folksonomia» informal eta organikoak sortzen dira, zeinak antolaketa eta autoritatea sortzen baitute sare-efektuen bidez. Eredu horrek kolokan jartzen ditu antolaketa- eta gobernantza-mekanismo zentralizatu tradizionalak, eta mehatxu egiten dio goitik beherako kontrolean eta kurazio profesionalean oinarritzen diren edizio-, hezkuntza- edo entretenimendu-negozio orori. Kuradore profesionalei ez zaie ondo iruditzen prestakuntzarik gabeko jendeak webguneetan ad hoc egiten duen lanari kurazioa deitzea.

Webgune gehienetan ez da kurazio sistematikorik egiten; gainera, weba egitasmo deszentralizatu bat denez eta hedatzeko erraztasun izugarria duenez, bere izatearen osotasunak kurazioa zailtzen du. Erraza da dokumentu, argazki, musika-artxibo edo bideo baten kopia ugari topatzea, baina zaila da bertsio originala, egiaztatua edo baimendua zein den zehaztea. Esteka hausten bada, «404 Errorea - Ez da aurkitu» mezua itzuliko diote erabiltzaileari.

Webguneen administrazio ganoragabe edo zabarrak askoz arazo txikiagoak dakartza, erlatiboki, berariaz egindako sailkapen okerrek, faltsutzeek edo maltzurkeriek baino. Asmo txarreko web baliabide mordoxka bat dago: spam deritzon zabor-postam «phishing» deritzon iruzurra; «malware» eta «fakeware» software kaltegarriak, espioi softwareak, hitz gakoen pilaketa, «spamdexing» (bilatzaile batek indexatutako emaitzak manipulatzea), META etiketen abusua, esteken etxaldeak (webgune baten garrantzia modu artifizialean handiagotzeko teknika), ziberokupatzaileak, mamu webguneak eta abar. Internet-zerbitzuen hornitzaileak, segurtasun-softwarea eskaintzen duten konpainiak, posta elektronikoko zerbitzuak eta bilatzaileak etengabeko gerran dihardute halako baliabide eta teknika maltzurren kontra.

Ezin ditugu halako engainuak aldez aurretik eragotzi, zer web baliabide sortzen diren kontrolatuz; horregatik, baliabide maltzurrak sortu ostean babestu behar dugu gure burua. Badira «defentsa-kurazio»ko teknikak, hala nola iragazkiak eta suhesiak, zeinak webgune- edo baliabide-mota jakin batzuetara sartzea eragozten baitute, baina sarritan eztabaidatzen da ea halako neurriak kurazioa diren, eta ez zentsura; egia da ezen, zentsura gauzatzen duten gobernuen edo antolakundeen ikuspegitik, berek egiten dutena kurazioa dela. Nolanahi ere, weba gauza deszentralizatua denez eta protokolo irekiak dituenez, asmo txarreko softwareek kontrol-neurriak saihestea lortzen dute batzuetan.

3.5.3.4 Kurazio konputazionala

Bilatzaileek webaren kurazioa egiten dute etenik gabe: algoritmoak erabiltzen dituztenez baliabideen garrantzia eta ordena zehazteko, jendeak zer baliabidetara jotzeko probabilitatea duen baldintzatzen dute. Eskala txikiagoan, tresna-mota ugari dago webgune baten kalitatea kudeatzeko, adibidez, HTML edukia baliozkoa den ziurtatzea, estekak badabiltzala egiaztatzea edo webgunea osorik arakatzen dutela ziurtatzea. Hona hemen kurazio konputazionalaren beste adibide ezagun bat: posta elektronikoko gure sistemetan, spam izeneko karpeta bat dago, eta edukien iragazki bat ere bai, zeinak modu automatikoan sailkatzen baititu sarrera-ontzira iristen zaizkigun mezuak, eta nor bere karpetan banatzen.

Kurazio konputazionalari dagokionez, ikuspegi berri bat sortu da, etorkizun zinez oparoa duena: ikuspegi horren baitan, neurketa zientifikorako ekipamenduak baliatuko dira baliabide fisiko kaltetuak aztertzeko; ondoren, baliabideen software-ereduak eraikiko dira, eta, horiek manipulatuz, baliabideak berreskuratzeko edo horien edukira beste moduren batean iristeko aukera egongo da. Adibidez, historiako lehen soinu-grabaketak egiteko, argizarizko zilindro birakariak baliatu ziren: soinuen eraginez, diafragma batek bibratu egiten zuen, eta bibrazioaren moldea orratz bati transmititzen zitzaion, zeinak arteka bat egiten baitzuen argizarian. Zilindroa orratz pasibo batekin biratzen zenean, artekaren arabera bibratzen zuen, eta bibrazio anplifikatuak entzun zitezkeen, hau da, grabatutako soinua. Zoritxarrez, XIX. mendeko argizari-zilindroak hain hauskorrak bihurtu dira ezen, martxan ipiniz gero, hautsi egingo bailirateke. Dilema hori Carl Haber fisikari esperimentalak konpondu zuen, Lawrence Berkeley Laborategian. Haberrek, irudiak prozesatzeko tekniken bitartez, argizari-zilindroetako artekak eskaneatu zituen, zehaztasun mikroskopikoarekin. Gero, arteken neurketak eraldatu zituen, horietan bildutako soinuak erreproduzitzeko.

Kontserbazio digitalari aplikatutako kurazio konputazionalari dagokionez, hona beste adibide bat: ikertzaile-talde batek, Melissa Torras eta Tim Weyrich buru zituztela, XVII. mendeko «Pergaminozko Liburu Handia»ren bertsio bat egin zuten hiru dimentsiotan –XVIII. mendean hondatu zen jatorrizkoa, sute batean–, Londreseko University College zentroan. Jatorrizko pergaminoak erredura mordo bat zituen, zimurtuta eta tolestuta zegoen, eta ia ezinezkoa zen ezer irakurtzea (ikus webgunea). Dokumentuak zaharberritzeko teknikak erabili ziren, ahal bezain beste (3.5.2 ataleko argazkietan ikus daitezke horren adibideak); horren ostean, ikertzaileek, irudi digitalen eta ereduak sortzeko tekniken bidez, pergaminoaren software-eredu bat sortu zuten, zeina luzatu eta berdindu ahal baitzen, kalteek ezkutatzen zuten testua deskubritzeko moduan.

3.5.3.5 Baztertzea, kentzea eta ez gordetzea

Orain arte, mantentze-jarduera zehatz batzuk aipatu ditugu: antolaketa-sistema bateko baliabideak denboran kontserbatzeari eta babesteari dagozkion jarduerak, hain zuzen. Mantentze-lanaren funtsezko zereginetako bat da, ordea, kalteak dituzten, erabili ezin diren, iraungi diren edo eraginkortasun-epea gainditu duten baliabideak pixkanaka kentzea.

Antolakunde askok onartzen dute ez dutela estrategia bereizgarririk ezabaketari dagokionez. Negozio baten biltegiratze-teknologia zaharkituta badago, seguru asko datu zaharrak bota beharko dituzte berriei tokia egiteko soilik, eta, hori egitean, ez dute aintzat hartuko ezen laburpen-estatistika batzuk gordetzea baliagarria izango litzatekeela etorkizunean analisi historikoak egiteko. Beste negozio batzuek, berriz, informazioa gorde nahi izango dute kosta ahala kosta, informazio hori biltzeko edo eskuratzeko lanak hartu zituztelako soilik. «Zentzuzko» ezabaketa ezinbesteko osagaia da mantentze-erregimen orotan, eta liburu ezagun batek argudiatzen duenez, nahitaezkoa omen da baliabideak maiztasunez kentzea antolaketa-sistema pertsonaletatik, benetan axola duten baliabideetan zentratzeko metodo gisa.

Memoriaren instituzioetan, baliabideak kentzeko ohiko terminoak dira: baztertzea, desiristea, deshautatzea eta saratzea.

Beste eremu batzuetan bestelako mekanismoak dituzte baliabideak ezabatzeko. Langileak, adibidez, kaleratu egiten dituzte, kontratua ez berritu, edo erretiroa ematen diete. Atletak kirol-taldeetatik bidaltzen dituzte, beren joko-maila okerragotzen bada.

Antolaketa-sistema bat egunean mantentzeko, baliabide zaharragoak ezabatu behar izaten dira neurri batean behintzat, berriei tokia egiteko: modaren txikizkako salmentan, eskaintza etengabe berritzen da azken estiloekin. Softwarea garatzeko taldeek aurreko bertsioen ahalbidetze aktiboa eta dokumentazioa geraraziko dituzte.

Sarritan, datu delikatuak gordetzeari buruzko legeak betetzearren baztertzen dira informazio-baliabideak. Gobernuek eta funtzionarioek, batzuetan, dokumentuak suntsitzen dituzte, izan ere, gauza kaltegarrien edo lotsagarrien froga izan baitaitezke, baldin eta argitara ateratzen badira Informazio Askatasuneko eskakizunen bidez, edo oposizioko alderdi politikoek deskubritzen badituzte.

Alderdi positiboago bati erreparatuta, badago «ahaztua izateko eskubidea»ren aldeko mugimendu bat, eta batzuetan, denbora-tarte bat pasa eta gero, nahita suntsitzen dira porrot ekonomikoari, kreditu-arazoei edo gaztaroko atxilotzeei buruzko erregistro informatiboak; nolabaiteko «ahanztura sozial» bat dela pentsa genezake, eta balio duela jendeari beste aukera bat emateko, bere biziarekin jarrai dezan.

Zenbait pertsonak lanak izaten dituzte gauzak botatzeko, momentu horretan duten balioa gorabehera. Jarrera horri metaketa esaten zaio, eta, gaur egun, nahasmendu obsesibo-konpultsibotzat hartzen da: nahasmendu hori dutenek tratamendua behar dute, arazo emozionalak, fisikoak, sozialak eta baita legearen arlokoak ere izan baititzakete, eta beren senideek ere bai. Telebista-saio eta kontakizun asko ekoitzi dira metaketa bereziki konpultsiboaren harira, eta ez dirudi oso jarrera ulerkorra denik. Esate baterako, hor daude Collyer anaiak, New Yorkekoak, zeinak mundutik aparte bizi izan baitziren hainbat urtez; 1947an, hilik aurkitu zituzten beren etxean, zeinean 140 tona item bildu baitzituzten, besteak beste, 25.000 liburu, hamalau piano, milaka botila eta lata, ehunka yarda oihal eta baita auto baten txasisa ere.

3.5.4 Gobernantza

Gobernantzak eta kurazioak esanahi antzekoa dute; gobernantza, halere, arauekin lotua dago (zer egin behar litzatekeen), eta ez hainbeste prozesuarekin (nola egin behar den). Bestalde, negozioetako eta zientzietako antolaketa-sistemetan sarriago erabiltzen da gobernantza terminoa kurazioa adierazteko, liburutegietan, artxiboetan eta museotan baino. Gobernantzak helmen zabalagoa du kurazioak baino, bilduma bateko baliabideetatik harago zabaltzen delako, eta berdin aplika dakioke baliabideak erabiltzeko behar diren softwareei, konputazioari eta sareei. Era berean, helmen zabalago horren ondorioz, gobernantzak zehaztu behar du zer eskubide eta erantzukizun izango dituzten baliabideekin elkarreraginean diharduten pertsonek, zer baldintzatan gauzatuko den elkarreragina eta zer metodo erabiltzeko baimena izango duten.

Gobernantza korporatiboa terminoa erabili ohi da eragiketa-praktiken eta epe luzeko xede estrategikoen arteko harremanaren kudeaketa eta mantentze etengabea izendatzeko.

Zenbait legek, araudik eta politikek debekatu egiten dute objektu- edo informazio-mota jakin batzuk biltzea, eta horrelako legediek eragina izaten dute datuen gobernantzako neurrietan. Pribatutasun-legeek, adibidez, osasunari, hezkuntzari, telekomunikazioari edo bideoen alokairuari dagokion informazioa, pertsonak identifikatzen dituena, biltzea edo gaizki erabiltzea debekatzen dute; are, herrialde batzuetan, web nabigazioetan bildutako informazioa ere mugatzen dute.

3.5.4.1 Gobernantza negozioetako antolaketa-sistemetan

Gobernantza funtsezkoa da negozioetako antolaketa-sistemetan izaten diren aldaketa sarriak kudeatzeko, baita horiekin loturiko jarduerak kudeatzeko ere: datuen kalitatearen kudeaketa, segurtasuna eta pribatutasuna ziurtatzeko kontrolak, onarpena, ezabaketa eta artxibatzea. Jarduera horietako askoren kasuan, gobernantza eraginkorrak berekin dakar zerbitzu estandar batzuk diseinatzea eta martxan jartzea, bermatze aldera jarduerak modu efektiboan eta koherentean gauzatzen direla.

Geratu eta pentsatu: Datuen gobernantza negozioetan

Ebay, Target eta era horretako konpainia handiei hamarnaka milioika pasahitz, kreditu-txartelen zenbaki eta datu pertsonal delikatu lapurtu dizkiete hackerrek, edo bestelako segurtasun-arazoen ondorioz zabaldu dira. Pentsatu segurtasunaren arloko halako gertakariez, zerorri gertatu edo entzun izan dituzunez. Zer informazio zabaldu zen? Nola eragingo zion negozioaren gobernantza-politikari eta -praktikei arazoaren larritasunak? Zer aldaketa egin liteke jendearen datuak hobeto babesteko? .

Gaur egungo negozio informatizatuek datu digitalen kopuru handiak biltzen eta sortzen dituzte. «Negozioetako adimenaren» kontzeptuak azpimarratzen duenez, datuek balio handia dute norabide estrategikoak identifikatzeko garaian, eta garrantzitsuak dira, orobat, estrategia horiek inplementatu nahi badira marketingean, bezeroekiko harremanaren kudeaketan, hornikuntza-katearen kudeaketan eta informazio ugari baliatzen duten beste alderdi batzuetan. Eremu horretan, gobernantzak baditu kudeaketari lotutako alderdi batzuk, adibidez, gobernantzari dagokio zera erabakitzea: ea zein baliabide edo informazio gerta daitekeen onuragarri, eta zein ez, ekonomiaren aldetik zein lehiakortasunari dagokionez. Gobernantzak, halaber, baditu alderdi teknologiko edo kontzeptualak ere: gobernantzaren bidez erabakiko da zein den, negozio-eragiketetan eta informazio-sistemetan, baliabide erabilgarriak eta informazioa antolatzeko modurik onena, abantaila potentzialak ziurtatzeko eran.

Datu digitalak aise kopiatu daitezkeenez, datuen gobernantzarako arauek xedatu lezakete ezen datu delikatu guztiak anonimo bilakatu edo enkriptatu behar liratekeela, segurtasun-urraketen arriskua murrizteko. Datu-urraketa baten iturria identifikatzeko, edo copyrightaren arloko arau-hauste bat egiaztatzeko, ur-marka digital bat txertatu daiteke baliabide digitaletan.

3.5.4.2 Gobernantza, antolaketa-sistema zientifikoetan

Datu zientifikoek arazo bereziak dakartzate gobernantzari dagokionez, halako datuen eskala izugarri handia delako: negozioetako antolaketa-sistema gehienetan kudeatzen diren datu-sorten aldean, erraldoiak dira. Datu-bilduma zientifikoetan hamarnaka milioika artxibo gordetzen dira, eta datuen petabyte ugari. Gainera, datu zientifikoak sortzeko, ekipamendu edo ordenagailu espezializatuak erabiltzen dira sarritan, eta lan-fluxu konplexuak ezartzen zaizkie; horregatik, beharrezkoa izan daiteke, datuen kurazioa egitearekin batera, teknologiaren eta prozesamenduaren testuinguruan ere kurazio-jarduerak egitea, hori dena ondo kontserbatzeko. Datu zientifikoen kurazio eraginkorra egiteko, bada oztopo gehigarri bat, izan ere, zientziaren arloan, ez baitago pizgarririk ez argitalpen-araurik datuak gordetzeko eskatzen duenik –datuak gorde, hartara beste batzuek berrerabil ditzaten–.

Datu ilunen ubera luzea*

Zientzialari ia guztiek onartzen dute «datu ilunak» gordetzen dituztela: komunitate zientifikoaren eskura inoiz jarri ez dituzten datuak. Datu-sorta jakin bat ikusi nahi duten zientzialariak ez dira asko mundu osoan; milaka eta milaka dira, ordea, zientzialari gutxi batzuek ikusi nahi dituzten datu-sortak. Beste datu ilun batzuk, berriz, emaitzarik lortu ez duten ikerketetatik datoz, ez baita hain probablea aurkikuntza negatiboak argitaratzea, eta era horretako omisioek eragina izan dezakete artikulu zientifikoetan. Netflixek filmen ubera luzea eskura jartzen digun bezala, beharbada, datu ilunak eskuragarriagoak izango lirateke baldin eta zientziaren arloko Netflix batean kargatu ahal bagenitu (Heidorn, 2008).


* Banaketa estatistikoen ezaugarri ezagun bati dagokion terminoa. Ubera luzea duten banaketen grafikoetan, transkazio-kopuru handi-handi bat dago, eta, ondoren, tranksazioen maiztasuna eta kopurua gutxituz doa; edonola ere, maiztasun edo kopuru txikiek grafikoaren puska handiena hartzen dute: horiek osatzen dute ubera luzea (Itzultzailearen oharra).