1.8 «Elkarreraginen» kontzeptua

Elkarreragina zera da: ekintza, funtzio, zerbitzu edo gaitasun bat, zeinak bilduma bateko baliabideak edo bilduma bera erabiltzen baititu. Berreskuratzea deritzon elkarreragin-jarduera funtsezkoa da edozein baliabide-bildumatan; halere, Antolaketa Sistema askok funtzio gehigarriak eskaintzen dituzte, berreskuratzea efizienteagoa izan dadin eta eskuratutako baliabideekin elkarreragin gehiago egin ahal izateko. Adibidez, liburutegien eta halako Antolaketa Sistemen katalogoetan elkarreraginak egin daitezke baliabide jakin bat topatzeko, bildumako edozein baliabide identifikatzeko eta antzeko baliabideen artean batzuk bereizi edo hautatzeko.

Antolaketa Sistemetako baliabideekin izaten diren elkarreraginetako batzuk baliabideen berezko ezaugarrien araberakoak izaten dira. Museo askotan, baliabideak bakarrak edo balio handikoak izaten dira; hori dela-eta, bisitariek ikus ditzakete, baina ezin dituzte maileguan hartu; liburutegi gehienetan, ordea, baliabideak mailegatzeko aukera dago. Baliteke liburutegi batean Moby Dicken ale bat baino gehiago izatea; hala ere, liburutegiak ezin izango ditu maileguan utzi bilduman dituen aleak baino gehiago. Liburu fisiko bat liburutegitik mailegatu ostean, elkarreragin-mota asko gerta daitezke –irakurketa, itzulpena, laburpena, oharrak hartzea etab.–, baina ekintza horiek ez ditu liburutegiaren Antolaketa Sistemak zuzenean ahalbidetzen, eta ikusezinak dira harentzat. 

Eremu publikoari ez dagozkion lanen kasuan, copyrightaren legeak eragina du: horren bidez, copyrightaren jabeak eskubidea du zenbait erabilera eragozteko, baina, aldi berean, «bidezko erabilera»ren printzipioak eta copyrightari dagozkion bestelako doktrina batzuek baimena ematen dute aldi mugatu batzuetan erabiltzeko baita copyrighta duten lanak ere. 

Baliabide digitalekin elkarreragin-sorta zabalagoa egin daiteke baliabide fisikoekin baino. Har dezagun, esate baterako, Interneteko eguraldi-zerbitzu bat: horretan, eguraldiaren iragarpena eska dezake jende- edo prozesu-kopuru mugagabe batek, izan ere, iragarpena ez baita agortzen eskariaren ondorioz, eta beste batek eskuratzeko baimena ematearen kostu marjinala zerokoa da ia. Baliabide digitalen kasuan, are gehiago, elkarreragin berri ugari ahalbidetu daitezke aplikazioen softwarearen, web-zerbitzuen edo aplikazio-programen interfazeen (API) bidez Antolaketa Sistemetan. Webeko bilatzaileek eta beste aplikazio batzuek, zehazki, itzultzeko, laburtzeko, oharrak gehitzeko eta hitz giltzarriak iradokitzeko zerbitzu guztiz erabilgarriak ahalbidetzen dituzte. Era berean, baliabide digitalak biltzen dituen Antolaketa Sistema batek «dena eguneratua mantentzeko» elkarreragin bat gauzatu dezake, zeinaren bidez momentuko edukia automatikoki bideratuko baita zure nabigatzailera. 

Nolanahi ere, nahiz eta teknologiak elkarreragina ahalbidetu dezakeen, neurri berean eragotzi edo mugatu dezake. Baldin eta ez baduzu zure baliabide digitalen bilduma (liburu elektronikoak edo musika, adibidez) zeure ordenagailuan edo bestelako gailu batean gordetzen, Interneteko konexio etengabea izan beharko duzu horietara iristeko. Gainera, politika batzuek kontrolatu egiten dute baliabideen berreskuratzea, eta badira, halaber, eskubide digitalak kudeatzeko teknologiak (DRM, ingelesezko sigletan) ere: horien bitartez, bilduma berreskura dezaketen gailuak muga daitezke, eta beste ekintza batzuk eragotzi, hala nola kopiatzea, oharrak sortzea eta bestelako jarduera batzuk, zeinak, osterantzean, baimenduta baitaude bidezko erabileraren doktrinaren pean. 

Elkarreraginen diseinua bereziki garrantzitsua da honako baliabide hauek kudeatzeko: elkarren artean eta kanpoko agenteekin elkarreraginak abiatzeko gai diren baliabideak. Kasu baterako, alderatzen baldin baditugu kudeaketa zientifikoaren irizpideen arabera antolatutako negozioetan lan egiten duten langileak eta Kaizen printzipioen arabera lan egiten dutenak –etengabeko hobekuntza da horien irizpidea–, batzuen eta besteen jarrera zeharo ezberdina izango da. Lehen kasuan, lana oso estandarizatua eta burokratikoa da, eta langileek apenas duten autonomiarik. Bigarrenean, berriz, lana estandarizatua bada ere, langileei eskatzen zaie, ahal duten bakoitzean, beren lana aztertu eta hobetzeko, eta hori nahieran egiteko aukera ematen zaie. 

Antolaketa printzipioen kasuan bezalaxe, probetxuzkoa da elkarreraginak modu abstraktu edo logiko batean pentsatzea, inongo inplementaziorik aurreikusi gabe, zeren eta, horrela, Antolaketa Sistemen diseinu berritzaileak hauspotzen baitira.