11. Antolaketa Sistemen bide-orria

Robert J. Glushko

11.2 Antolaketa-sistemen bizi-zikloa

Sistemen bizi-zikloen ereduak era askotakoak dira, baina, gure xedeei dagokionez, nahikoa da lau faseko eredu generiko bat baliatzea, zeinean honako fase hauek bereizten baitira: alorra zehazteari eta zedarritzeari dagokion fasea, baldintzei dagokien fasea, diseinuari eta inplementazioari dagokion fasea, eta operazioari eta mantentzeari dagokien fasea. Antolaketa-sistema sinpleetan, fase laburrak izan ohi dira, eta ia ezinezkoa suertatzen da lauak bereiztea; beste antolaketa-sistema batzuetan, ordea, fase sekuentzialak izaten dira, eta antolaketa-sistema konplexuetan, azkenik, lau fase horiek sistematikoak eta iteratiboak izaten dira.

Antolaketa-sistemak sortzean hartu behar diren erabaki espezifiko askori dagokienez, hastapeneko erabakiek taxutzen dituzte –hala nola zein izango diren sistemaren alorra, helmena (baliabideen aniztasuna) eta eskala (baliabide-kasuen kopurua)–. Antolaketa-sistemek helmen eta eskala mugatua baldin badaukate, erabaki gehienak era informalean hartzen dira, gehiegi analizatu gabe, eta modu holistikoan. Esate baterako, apalategiak edo armairuak antolatzen ditugunean, ez dugu modu esplizituan pentsatu behar fase hauetaz: helmena, baldintzak, diseinua, inplementazioa eta operazioa. Alabaina, antolaketa-sistema konplexuekin dihardugunean, bereziki informazioa barra-barra erabiltzen den alorretan, garrantzitsua da metodologia sistematiko bat erabiltzea.

Helmenari eta baldintzei dagokionez hartzen diren hasierako erabakiek itzal luzea izan dezakete antolaketa-sistemaren teknologian eta prozesuan, eta horrek nabarmen eragin diezaioke sistemaren funtzionamenduaren efizientziari eta malgutasunari. Halaber, erabaki horiek ondorio sakon eta aurreikusi gabeak izan ditzakete sistemaren erabiltzaileen gainean, bai eta sistemak ahalbidetzen duen lanarekin zerikusia duten beste pertsona batzuen gainean ere. Planifikazio-prozesu zorrotz bat gauzatzen bada, eta behar moduan dokumentatzen bada, antolatzaileek modua izango dute ondorio bidegabeak eta ez-efektiboak minimizatzeko, konpentsazio eta erabaki zailak justifikatzeko eta, zertan okertu diren ulertuz, beren akatsetatik ikasteko.

Sistema eta erreminta teknikoak mundura zabaltzen direnean, zenbait ondorio gertatzen dira, eragina dutenak gizartean, negozioetan, politikan eta legean, eta ez soilik teknikan. Ondorio horietako zenbaitek zerikusia dute sistema jardungo den alorrarekin (ikus 10.4 atala: Elkarreragin-jarduerak inplementatzea). Beste ondorio batzuek, ordea, zerikusia dute, antolaketa-sistemen diseinatzaileekin, arkitektoekin eta garatzaileekin berekin, izan ere, beren esperientziak, balioek, sinesmenek eta egoerak –hau da, beren posizio sozialari, hezkuntzari, testuinguru kulturalari eta mundu-ikuskerei dagozkien muga zein joera sarritan ezkutuek– taxutzen baitute beren jarduna. Informazio-arloko profesionalen lanaren parte da, ezinbestean, «mundua zatitzea bere junturen arabera», eta, horrenbestez, sailkapenak, ereduak eta arkitekturak sortzea, baliabideekin elkarreraginean jardutea ahalbidetzeko. Praktikan, horrek berekin dakar, sarritan, «juntura» artifizialak sortzea, junturarik ez dagoen lekuan; hala, gauza batzuk hobetsiko dira, eta beste batzuk baztertu. Eredu bat ez da inoiz leiala izango jende guztiaren esperientzia guztiekiko (eta ez du asmo hori), horregatik, sistema baten xede-erabiltzailetzat hartzen ez den jendeak, edo egoera berezietan dagoen jendeak, bazterrean uzten dituztela edo mespretxatzen dituztela senti dezake, eta baliteke egiaz sufritzea horren eraginez.