12. Ikerketa kasuak
Robert J. Glushko
12.7 CalBug eta bere bilaketa-interfazearen diseinu berritua
Egilea: Gracen Brilmyer; 2014ko abendua.
Laburpena. CalBug proiektua, zeina Essig Entomologia Museoan kokatuta baitago –Kaliforniako Unibertsitatea, Berkeley–, lankidetza-egitasmo bat da: Kaliforniako bederatzi erakundek bultzatzen dute, milioi bat espezimen baino gehiago digitalizatzeko xedearekin. Digitalizazio-prozesu horretan, hala espezimenen nola beren txartelen irudiak bilduko dira; gainera, datu-base batean gordeko da espezimen-bildumari dagokion informazioa. CalBug proiektuak, halaber, espezimenen geoerreferentziak bildu nahi ditu, edo, bestela esanda, espezimenen jatorrizko latitudeari zein longitudeari dagozkion koordinatuak kokatu (espezimenetako batzuk zahar-zaharrak dira, XVIII. mendekoak), erabilgarriagoak izan daitezen ikerketarako. Proiektuan hainbat lagun dabiltza lanean: ikasle-langileak, graduondoko ikasleak eta boluntarioak ere, irudiak eta datuak biltzen. Azken urteotan, egitasmo honek «Notes from Nature» proiektuan parte hartu du, zeinak herritar zientzialariak eta ikerketa zientifikoa lotzeko balio baitu. Essig Museoko taldeak espezimenen txartelen irudiak eskaintzen ditu, eta, horiei esker, herritar zientzialariek irudian irakur daitezkeen datuak transkribatzen dituzte. Txartel bakoitza 24 herritar zientzialarik transkribatu ostean, Essig museoak programa batekin aztertzen ditu, transkribapen doiena aurkitu nahian; behin hori aurkituta, Essig Museoko datu-basera bidaltzen du. Ahalegin bateratu horiei esker, 209.000 espezimenen erregistroak eta 400.000 irudi bildu dira, eta gero eta gehiago izango dira etorkizunean. Proiektuak helmen handia du, eta eskala handiagotzen ari da etengabe.
Zer antolatu nahi da? CalBug proiektuko intsektu-aleak banaka digitalizatzen dira, nor bere identifikazio-zenbaki esklusiboarekin; bestalde, espezimenen erregistro berriak eta horiei buruzko datuak etengabe gehitzen zaizkio bilduma digitalari. Biak antolatu nahi dira: espezimenak eta horiei buruzko datuak. Aurrez existitzen diren espezimen-multzoak digitalizatzea lehenesten da; espezimen fisiko berriak iritsi ahala txertatzen dira bilduman eta datu-basean.
Zergatik antolatu nahi da? Espezimen indibidual bati loturiko datuak aldakorrak izan daitezke oso; hala ere, espezimena noiz eta non bildu zen baldin badakigu (datu lausoak izanda ere), ikerketa-material baliotsua izango da. Espezimen fisikoak antolatzeko garaian, bildumaren kudeatzaileak egingo duen erabilerari erreparatzen zaio, hori errazteko asmoz. Espezimen fisikoak mailegatu behar direnean, modu efizientean aurkitu, paketatu eta bidali behar dira, horregatik, antolaketa arretatsua ezinbestekoa da milaka espezimenen artean bat aurkitzeko. Halaber, bildumaren antolaketa digitalak erraztu egiten ditu museoko langileen eta bildumaren kudeatzailean betekizunak, bildumarekin elkarreraginean jardutea ahalbidetzen baitu hainbat modutan, datu-basea erabiliz. Hau idazten ari garen momentuan, CalBug bilduma digitalaren web interfazearen diseinua berritzen ari dira, eta, eraberritze horri esker, bilduma eskuragarri egongo da hala ikertzaileentzat nola hasiberrientzat; gainera, datuak beste datu-gordailu batzuekin partekatzea sustatuko da. Espezimenen datuek kurazio-estandar digitalei men egiten diete, hori dela-eta, web interfazeak modua eskaintzen badu eremu horietan barna erraz bilatzeko eta nabigatzeko, audientzia zabalago bat gai izango da bilduma erabiltzeko: horra diseinua berritzeko motibo muntazko bat.
12.1 CalBug bildumaren bilaketa-interfazea
Calbug bildumaren web bilaketa-interfazea, diseinua berritu ostean
Zenbat antolatu nahi da? Aurreko atalean aipatu dugun eran, espezimenak eta haiei buruzko informazioa hainbat mailatan antolatzen dira, eta antolaketa-maila bakoitza erabiltzaile-mota desberdin bati dagokio. CalBug proiektuko datuak Darwin Core (DwC) estandarraren arabera antolatzen dira, zeina diseinatuta baitago «espezieen gertakari geografikoei eta bildumetan dauden espezimenei buruzko informazioaren trukea errazteko».1 Espezimenen atributu batzuek parametro instituzional zehatzak dauzkate, adibidez, identifikazio-zenbaki esklusiboak eta identifikazio taxonomikoa; beste batzuek, ordea, parametro lausoagoak darabiltzate (adibidez, espezimen bat aurkitu den kokapen zehatza): DwCren eremu espezifikoak erabili behar dituzte hala ere. Badira taxonomia instituzionalak, espezimenen bildumekin eta identifikazioarekin loturiko informazioa antolatzeko balio dutenak; hala ere, 12.1 irudian ikusten den bilaketa-interfazeak ahalmena du existitzen diren eremuak berrantolatzeko, kanpora begira.
Noiz eta nork antolatu nahi du? Espezimen bakoitza hainbat bider kategorizatzen eta antolatzen da. Identifikatuta badago, espezimena sailkapen-eskema taxonomiko baten parte izango da jadanik –espezien arteko harremanei dagokien hierarkia–. Berme zientifiko hori orobat erabiltzen da bildumaren kurazio fisikoan, eta espezimenak are zehatzago sailkatzen dira (beren taxonaren baitan betiere), eremu geografikoaren arabera. Kategoria taxonomikoak lerrokatuz, hierarkia argi bat sortzen da, espezimen fisikoak antolatzeko eta kokatzeko; taxonomian izaten diren aldaketak argitaratu beharra dago; ondorioz, bildumaren mantentzea koherente samarra da. Espezimenen digitalizazioan DwCren semantika instituzionala erabiltzen da, eta, horrela, errazagoa suertatzen da bilduma mantentzea, gobernatzea eta harekin elkarreraginean jardutea, izan ere, bildumaren kudeatzaileak ahalmena izango baitu bilaketak hainbat alderdiren arabera egiteko, museoaren ondasunak hobeto ulertzeko eta espezimenak aurkitzeko, maileguei dagokionez. Espezimenek zenbaki esklusiboak dituzte, beraz, jarraipena egin ahal zaie banan-banan; DwCri dagozkion beste eremuek, berriz, arlo asko eskaintzen dituzte, bilaketa eta berreskurapen zehatzak egiteko.
Gero, datu-basean sartzen direnean, espezimenak bigarren aldiz antolatzen dira; bekadunak arduratzen dira lan horretaz, edo «Notes from Nature» proiektuaren bidez egiten da bestela. Datuak MySQL datu-base batean gordetzen dira, zeinak DwC eremuak erabiltzen baititu batez ere, espezimenen datuak antolatzeko taxonomia instituzional bat.
CalBug proiektuaren web bilaketa-interfazeari dagokionez, datu-baseko sailkapen-hierarkiaren arabera antolatzen dira espezimenak. Alabaina, kanpora begira erakusten diren bilaketa-eremuek audientzia zabalago bati zerbitzu eman nahi diote, eta ez soilik bildumaren kudeatzaileari edo museoko langileei. Hortaz, bilaketa-aplikazioak hirugarren aldiz antolatzen ditu baliabideak, datu-basearen «irteeran» hain zuzen ere, erabiltzaile baten bilaketari erantzunez. Diseinua optimizatu egin da, ikasle zein ikertzaileen mesedetan; horrenbestez, sailkapena ez da taxonomia instituzionalen zentratzen, ezpada halako zeregin-taxonomia baten arabera (ikus 12.1 irudia: CalBug bildumaren bilaketa-interfazea). Bilaketa-interfazean 20 bilaketa-eremu agertzen dira, zeinek datu-baseko ~100 eremuen artean bilatzen baitute, informazio-berreskurapen zehatza eskainiz hala ere. Bilaketa-eremu gutxiago erabiliz gero, baliteke emaitzen zehaztasuna txikiagoa izatea; edonola ere, zenbait proba egin dira erabiltzaileekin, eta argi geratu da bilaketa-diseinu berriak zehaztasuna hobetzen duela, erabiltzaileek ez baitute zertan jakin zer DwC eremu bilatu behar duten zehazki.
12.2 irudia: Pasabide-koadroa
Pasabide-koadro honetan, CalBug bilaketa-interfazeko eremuak eta horien oinarrian dauden datu-base zutabeak lotzen dira.
Bilaketa are gehiago zabaltzeko, edozein eremutan bilatzea ahalbidetzen duen kutxa bat dago: horren bidez, termino bat bila daiteke DwCko eremu guzti-guztietan; gainera, «Izen Arrunta» deritzon beste eremu bat dago, hasiberrien bilaketak ahalbidetzeko: eremu horretan, «kakalardo» eta «tximeleta» terminoak sar daitezke, «koleoptero» edo «lepidoptero» terminoen ordez. Espezimenen propietate intrintsekoen bidez, emaitza-zerrenda erakusten den orrian, emaitzak modu sinplean antolatu daitezke (ordena alfabetikoan eta numerikoan), edo zenbait galbahe erabiliz («Findu» deritzon aukeraren bidez). Gainera, badira emaitzak erakusteko modu gehigarri batzuk, hala nola bildumaren kokapena erakusten duen mapa bat edo espezimenen argazkiak dakartzan beste ikuspegi bat; horiei esker, erabiltzaileak errazago topa ditzake desio dituen espezimenak, eta nahieran antola ditzake, bere premiekin bat egiteko.
