0 1.7 «Agente»aren kontzeptua

1.7 «Agente»aren kontzeptua

Hainbat diziplinatan, lanbide-izenak sortu dituzte propio, baliabideak antolatzen dabiltzan pertsonak bereizteko (adibidez: katalogatzailea, artxibozaina, indize-egilea, kuradorea, bildumen kudeatzailea…). Guk, ordea, hitz orokorrago bat erabiltzen dugu, agentea, eta horrela deitzen diogu modu autonomoan eta berariaz antolaketa-lana egin dezakeen edozein entitateri; izan ere, gure ikuspegiaren arabera, gizakiek egin ala ordenagailuek egin, antolaketa-lanaren helburuak berdinak izango dira, nahiz eta metodoak aldatu, jakina.

Antolaketa Sistemetako agenteak aztertuz gero, zera uler dezakegu: baliabideak antolatzerakoan, gizakiek eta ordenagailuek egiten dituzten ahaleginak zein modutan diren elkarren osagarri eta elkarren ordezko. Zehaztu dezakegu zer agente-mota izango den aproposena testuinguru sozial, ekonomiko eta teknologiko jakinetan. Zehaztu dezakegu nola banatzen dituen Antolaketa Sistemak zenbait zeregin bere sortzaile, erabiltzaile, mantenu-langile eta beste alderdi batzuen artean.

Jende-talde bat izan liteke antolaketa agente bat: adibidez, jende-multzo bat elkartzen baldin bada zerbitzuen klub batean edo estandarrei buruzko batzorde tekniko batean; orduan, taldeko kideek beren agentzia indibiduala baztertuko dute on kolektibo baten mesedetan.

Agente terminoa erabiltzen dugu, orobat, Antolaketa Sistemekin izaten diren elkarreraginez aritzean. Liburutegietara, museoetara eta baliabide fisikoen beste bilduma batzuen edukietara jotzen duten agenteak, normalean, giza agenteak izan ohi dira: jendea, alegia. Beste Antolaketa Sistema batzuetan, ordea, hala nola negozioetako informazio-sistemetan edo datu-gordailuetan, prozesu konputazionalen bitartez, robot gailuen bidez edo bestelako entitate batzuen bitartekaritzarekin gauzatzen dira elkarreragin-jarduerak baliabideekin –bitarteko horiek modu autonomoan jarduten dira pertsona edo talde baten izenean–.

Antolaketa Sistema batzuetan, baliabideak berak gai dira elkarreragina abiatzeko beste baliabide batzuekin edo kanpoko agenteekin. Azken hori bereziki nabarmena da giza baliabideekin edo bestelako baliabide bizidunekin: halakoak biltzen dituzten Antolaketa Sistemak diseinatzeko orduan, guztiz garrantzitsua da kontuan hartzea ea zer elkarreragin-mota abiatzeko baimena izango duten, edo zer elkarreragin-motara bideratuko zaien. Auzi horretara itzuliko gara, baina, lehenik, baliabide pasibo arruntekiko elkarreraginen diseinuari erreparatuko diogu, izan ere, horrelakoak baitira baliabide fisikoen Antolaketa Sistema gehienak.

Badira beste baliabide batzuk elkarreragin-jarduerak abiatu ditzaketenak: gaitasun sentsorial, konputazional edo komunikatibo handituak dituzten baliabideak, hain zuzen ere; gaitasun horiei esker, era horretako baliabideek informazioa lor dezakete beren ingurutik, eta, ondoren, gauzak erabilgarriak egin. Seguru asko, RFID etiketak ezagutuko dituzu: horien bidez, baliabide fisikoak zehazki identifikatu eta kokatu daitezke, hornikuntza-kateetan eta dendetan barna doazela; bestalde, badira gailu «adimentsuak», hala nola Nest izeneko termostatoak, beren burua programatzen ikas dezaketenak.