12. Ikerketa kasuak
Robert J. Glushko
12.3 Nekazaritza adimentsuagoa Japonian
Laburpena. Honako kasu hau egiazkoa da, aurreko biak ez bezala, zeinak kasu hipotetikoak edo konposatuak baitziren. Aurreko bietan bezala, kasu honetan baliabide baliagarriak gorde nahi dira, baina hirugarren adibide hau arlo guztiz bestelako bati dagokio: nekazaritzari.
Fujitsu enpresak –teknologia-konpainia japoniar bat– «konputazio adimentsua» eta ekoizpen doitua probatu nahi ditu nekazal sektorean, zeina atzeratuta baitago teknologiaren erabileran. Fujitsu, beraz, «nekazaritza-lana kudeatzeko sistema» bat probatzen ari da Japoniako sei etxaldetan. Adibide honetan, etxalde horietako bati erreparatuko diogu, zeina Wall Street Journal egunkariko artikulu batean aipatu baitzuten 2011n.
Etxalde hori Japoniako hegoaldean dago. 60 labore desberdin hazten dituzte 100 hektareatan –Kaliforniako Unibertsitateak Berkeleyn duen campus nagusia baino zertxobait handiagoa litzateke eremu hori–.
Zer antolatu nahi da? Sentsoreak ipini dira 300 soroetan, tenperaturari, lurrari eta hezetasun-mailari buruzko datuak biltzeko. Halaber, bideo-kamerek zaintzen dituzte soro guztiak.
Gainera, etxaldean 72 langile daude, prestakuntza berezirik gabeak, eta sistemak orobat kudeatzen ditu giza baliabidek horiek. Langile bakoitzak berarekin darama telefono mugikor bat, komunikatzeko, argazkiak bidaltzeko eta bere kokapena GPS bidez jarraitu ahal izateko.
Zergatik antolatu nahi da? Fujitsuren xede nagusia hau da: teknologia-konpainia gisa duen helmena hedatzea, ekoizpen doitua, prozesu-kontrol estatistikoak eta hobekuntza jarraitua aplikatuz alor berrietan. Japonian, nekazaritzaren sektorea ez da oso produktiboa, eta langileen batez besteko adina hirurogei urtetik gorakoa da; horrenbestez, agerikoa da zergatik hautatu duten sektore hori. Funtsezkoa da etxaldeek konputazio-ahalmen gehiago erabiltzea, efizientzia areagotzeko eta langile gero eta zaharragoek daukaten jakintza apurra harrapatzeko zein berrerabiltzeko.
Fujitsuk etxaldeetako lana kudeatzeko sortu duen sistemak hainbat elkarreragin-jarduera ahalbidetzen ditu, xede horiek lortzeko asmoz. Adibidez, langileek, labore kutsatuak begiztatzean, argazkiak atera eta nekazari aditu bati bidal diezazkiokete, gaitzaren diagnostikoa egin dezan; ondoren, nekazari adituak sakonago azter dezake egoera, kaltetutako soroaren bideoei esker.
Fujitsuren sistema gero eta etxalde gehiagok erabili ahala, jakintza agregatua eta sentsoreek bildutako informazioa aztertu daiteke, eta, horrela, eskala-ekonomia bat ahalbidetu: modu horretan, etxaldeek, bereiziak izan arren eta elkarrengandik urrun egonda ere, konpainia handi bakar baten parte balira bezala jardun dezakete, kudeaketa zentralizatuarekin.
Zenbat antolatu nahi da? Sistemaren diseinuak, gaur egun, baliabide gutxi-asko pasibotzat jotzen ditu langileak, eta gertutik kudeatzen ditu. Sistemak ordutegi bat ezartzen dio langile bakoitzari, egunero-egunero egin beharreko ereite-, mantentze- eta biltze-zereginekin, besteak beste. Bestalde, lanegunaren amaieran, bilkura bat egiten dute langileek etxaldearen kudeatzailearekin, zeinak haien jarduna ebaluatzen baitu, GPSaren eta sentsoreen datuak oinarritzat hartuz.
Fujitsu ordenagailuek modu estentsiboan aztertzen eta antolatzen dituzte sentsoreetako datuak, eta, gomendioak egiten dituzte horren harira, hala nekazaritzari dagokionez (zer labore den egokiena soro bakoitzean, zer ordutegik optimizatzen duen kalitatea eta emankortasuna) nola negozioari dagokionez (zer etekin dakartzan lursail honetan labore hori hazteak).
Noiz antolatu nahi da? Etxaldeko lanaren kudeaketa-sistemak etengabe antolatzen eta berrantolatzen du etxaldeari buruz dakiena, sentsoreen eta ekoizpenaren informazioa aztertu ahala. Kontrara, langileek sortzen duten informazioa bildu egiten da, baina aditu batek aztertzen du.
Sistemari esker, etxaldeko langileek gidaritza eta jarraibideak jasotzen dituzte, eta gerta liteke gero eta jakintza gehiago pilatzea; ondorioz, autonomia gehiagorekin jardun litezke, eta gauzak aztertu eta interpretatu beren kasa. Bestalde, baliteke, Moore-ren legearen indar halabeharrezkoen ondorioz, datu gehiago bildu ahal izatea eta sentsoreen datuak hein handiago batean prozesatu ahal izatea, eta horrek berekin ekar dezake langileekin informazio gehiago trukatzea denbora errealean.
Nola edo nork antolatu nahi du? Etxaldeak 300 soro txiki ditu, zeinetan hazten baitira 60 fruitu eta berdura desberdin; bada, etxaldearen antolaketa fisiko hori izango litzateke etxaldearen ondare-antolaketa, Fujitsuren proba hasi aurrekoa. Fujitsuk inbertsio handi bat egin du etxaldean bere sistema ezartzeko; hori dela-eta, baliteke etxaldearen kudeatzaileak sistemari men egitea, baldin eta laboreen antolaketa aldatzeko gomendatzen badio. Hortaz, arrazoizkoa litzateke zera esatea: antolaketa-sistemari buruzko erabaki gehienak prozesu konputazionalek hartzen dituztela, ezen ez pertsonek.
Beste kontu batzuk. Etxaldeak kudeatzeko eraiki zuen bere sistema Fujitsuk, baina badira beste arlo asko, operazioari buruzko jakintza biltzeari eta berrerabiltzeari dagozkion erronkei aurre egin behar dietenak: esaterako, mahastiak, basoak eta arrain-haztegiak. Interesgarria litzateke zera aztertzea: ea etxaldeko kudeaketa-sistema egokitu daitekeen, abstraktuagoa eta konfiguratzeko errazagoa bilaka dadin, eta, horrela, alor horietan denetan erabil dadin.
Laboreak, mahastiak, zuhaitzak eta arrain haztegiak ez dira batetik bestera mugitzen; aitzitik, behi-saldoak bai, beraz, horiek kudeatzeko sentsore-teknologiak erabili nahi badira, zenbait erronka sortuko dira. Nolanahi ere, sentsoreak ipini daitezke esne-behi baten genitaletan; hala, behia susara dagoenean, sentsoreak mezu bat igorriko dio saldoaren kudeatzaileari, eta, modu horretan, animaliaren erreprodukzio-zikloak dakarren etekin ekonomikoa ez da galduko.
Sentsore-sareak eta lan-indarraren kudeaketa aplika daitezkeen beste arlo apur bat urrunagoak lirateke salmenta, arlo zehatz bati loturiko laguntza eta logistika.
