8. Sailkapena: Kategoriei baliabideak esleitzea
Robert J. Glushko, Jess Hemerly, Vivien Petras, Michael Manoochehri ,Longhao Wang ,Jordan Shedlock, Daniel Griffin
8.1 Sarrera
6. kapituluan, harreman semantikoen mota ugari aztertu genituen, eta, halaber, kategorien arteko harreman abstraktuak konparatu genituen. Batetik, hierarkia semantiko bat osatzen duten harremanak daude:
- Haragia ➔ zera-da ➔ Janaria
Bestetik, harreman konkretuak daude, jende zehatza biltzen dutenak, hala nola Simpson familiako kideak:
- Homer Simpson ➔ zera-da ➔ Senarra
Adierazten dugunean ezen kasu zehatz bat, hala nola Homer Simpson, klase bateko kidea dela, kasu hori sailkatzen ari gara.
Sailkapena –hots, berariazko kategoriei baliabideak esleitzea modu sistematikoan– da kapitulu honetako foku nagusia. 7. kapituluan –Kategorizazioa: Baliabide-klaseak eta motak deskribatzea– zera esan dugu: jendeak sorturiko kategoriak eredu kognitibo eta linguistikoak direla, eta aurretiazko jakintza ezartzeko balio dutela; horrez gainera, kategoriak eta kategoria-sistemak sortzeko printzipio batzuk aipatu ditugu. Era berean, azaldu genuen kategoria kulturalek halako zutarri bat osatzen dutela, eta kategoria indibidualen eta instituzionalen oinarri direla. Kategoria instituzionalak, gehienetan, eremu abstraktuetan sortzen dira, informazioa barra-barra erabiltzen den arloetan, zeinetan kategoria ez-anbiguoak eta zehatzak baitaude; horregatik, halakoetan, sailkapena helburuen eta printzipioen arabera egin daiteke osoki. Ikaskuntza-teknika ikuskatuen bidez jasotzen diren kategoria konputazionalak, normalean, jendeak sortuak bezain interpretatzeko errazak izaten dira; ikaskuntza automatiko ez-ikuskatuaren bidez sortzen direnak, ordea, patroi estatistikoak izaten dira, eta baliteke horiek interpretatu ahal izatea edo ez.
Kategoria-sistemei eta horien arau zein sarbide-metodoei sailkapen-eskema edo sailkapenak esaten zaie. Kategoria-sistemek beren baitako baliabideen arteko bereizkuntzak eta harremanak identifikatzen dituzte, arloari edo erabilera-testuinguruari dagokionez garrantzitsuak direnak; horrela, erreferentzia-eredu bat edo bide-orri kontzeptual bat osatzen dute erabiltzaileentzat. Sailkapen horren bidez, egitura bat sortzen da, giza agenteek zein agente konputazionalek egiten dituzten elkarreraginak ahalbidetzen dituena. Adibidez, ikerketa-liburutegiek eta liburu-dendek ez dute sailkapen berdina erabiltzen liburuak antolatzeko; kategoriei dagokienez, ordea, bi-biek erabiltzen dituzte kategoria egokiak nork bere bilduma-motarako eta testuinguru bakoitzean suertatzen diren bilaketa-jardueretarako. Halaber, biologoek sailkapen zientifiko bat erabiltzen dute animaliak antolatzeko, zeina ez baita animalia-dendetan erabiltzen den sailkapenaren modukoa, izan ere, bigarrenean ez dituzte animaliak hain modu xehean zehazten, eta, lehenengoak, ordea, horretarako aukera ematen du.
Kapitulu honetan barna ibiltzeko
Kapituluan zehar, gaien sail zabal bat aztertuko dugu, auzi zehatz honekin lotuta betiere: nola erabiltzen dira sailkapenak antolaketa-sistemetan? Besteak beste, hauek aipatuko ditugu: enumerazio-sailkapena (8.3 atala), alderdien araberako sailkapena (8.4 atala), jardueren araberako sailkapena (8.5 atala) eta sailkapen konputazionala (8.6 atala). Sailkapena eta estandarizazioa estu lotuta daude; hori dela-eta, estandarrak eta estandarren sorrera ere aztertuko dugu, antolaketa-sistemei dagozkion bezainbatean. Kapitulu honetan ikusiko dugu nola eragiten dieten aurreiritzi eta joera pertsonalek, instituzionalek, kulturalek, linguistikoek, politikoek, erlijiosoek eta baita artistikoek ere osterantzean printzipioen eta xedeen arabera sorturiko sailkapen-eskemei. Kapituluaren amaieran, gakoak bilduko ditugu: 8.7 Zortzigarren kapituluko gakoak.
8.1.1 Sailkapena vs Kategorizazioa
Sailkapena egiteko, kategoria-sistema bat behar da; horregatik, jende guztiak ez ditu bereizten sailkapena eta kategorizazioa. Batley-k, esaterako, sailkapena zera dela dio: «egitura-moduren bat ezartzea gure ingurumenaz dugun ulerkerari»; definizio hori lauso samarra izanik, egokia litzateke, halaber, kategorizazioa zer den adierazteko.
Antolaketaren diziplinan, berriz, sailkapenaren definizioa estuagoa eta formalagoa da. Kategoria kulturalen, indibidualen eta instituzionalen artean dauden desberdintasunek, 7. 2 atalean azaldu genituenek –Kategoriak: zer eta zergatik– sailkapenaren definizio zehatz bat dakarte: Baliabideak modu sistematikoan esleitzea berariazko kategoria-sistemei, maiz sistema instituzionalei. Definizio horretan, hain zuzen ere, kategoria-sistema berariaz sortu izana azpimarratzen da, eta orobat nabarmentzen dira kategoria erabiltzeko prozesu sistematikoak; hala, baldintza zorrotzagoak ezarriko dira gobernantzari eta mantentzeari dagokionez, kategoria kulturaletan eta kategoria indibidual gehienetan egoten ez diren modukoak.
8.1.2 Sailkapena vs Etiketatzea
Baliabide-bilduma bateko ezaugarri komunak printzipio batzuei jarraituz eta modu sistematikoan erabiltzen direnean, sailkapen zehatza eta fidagarria egin daiteke. Sailkapen-metodo hori funtsezkoa da helburu instituzionalak eta komertzialak asetzeko. Hala ere, baliteke zorroztasun-maila hori gehiegizkoa izatea sailkapen pertsonaletarako, eta baliabideak sailkatzeko testuinguru sozialetan edo informaletan.
Ostera, baliabideak antolatzeko ikuspegi ahulago bat da baliabideen edozein ezaugarri hartzea aintzat, eta edozein hitzekin deskribatzea, kontuan hartu gabe zenbateraino den egokia ezaugarri hori baliabideak elkarren artean bereizteko eta kategoria-sistema bat sortzeko. Baliabideak antolatzeko metodo horri, gehienetan, etiketatzea esaten zaio (ikus 5.2.2.3 atala), baina orobat esaten zaio sailkapen soziala.
Etiketatzea maiz erabiltzen da antolaketa-sistema pertsonaletan, baina soziala izango da baldin eta honako helburu hauetarako baliagarria bada: informazioa emateko, komunitate bat garatzeko edo ospea kudeatzeko. Nolanahi ere, etiketatzea sarri erabiltzen da era askotako baliabideak antolatzeko eta baloratzeko: argazkiak, webguneak, mezu elektronikoak, webean oinarrituriko bestelako baliabideak eta baliabide fisikoen (dendak, jatetxeak) deskribapen webean oinarriturikoak.
Thomas Vander Wal-ek, «folksonomia» terminoa sortu zuen, «folk» eta «taxonomia» elkartuz (sailkapen bat da hori; ikus 6.3.1.1 atala: Inklusioa), web orri edo aplikazio bateko etiketen bilduma izendatzeko; kontzeptu horren sorrerarekin, sailkapenaren eta etiketatzearen arteko bereizketa lausotu egin zen apur bat. Folksonomiak, maiz, etiketa-laino gisa erakusten dira: etiketa zenbateko maiztasunarekin agertzen den webgunean, horren araberakoa izango da etiketari dagokion testuaren tamaina etiketa-lainoan. Etiketa-lainoak erabiltzaileen etiketen agregazio goitik-beherakoaren bidez sortzen dira, eta eraikuntza estatistiko bat dira, ez semantikoa.
Etiketatzeak, itxura batean, ez du aski printzipiorik jarraitzen, sailkapentzat hartua izateko. Argazki bati etiketak jartzea, hala nola «gorria» edo «autoa», baliabideak deskribatzea da, ez baliabideak sailkatzea, zeren sailkapen alternatibotzat balioko luketen beste etiketak ez baitira zehazten. Are gehiago, baldin eta, etiketatzeko orduan, printzipioren bati jarraitzen bazaio, seguru asko printzipio idiosinkratikoak izango dira, ez aurretiaz ezarritakoak edo xede eta baldintzen analisiaren arabera zehaztutakoak.
Modu esanguratsuan, etiketak kategoria gisa hartzen dira batzuetan, eta etiketatzea sailkapen bilakatzen da orduan. Webgune eta baliabide askok erabiltzaileei eskatzen diete «Atsegin dut» edo «+1» gisako etiketak eslei diezazkieten; bada, etiketa horiek aurrez ezarri direnez, kategoria-hautuak dira sailkapen-sistema inplizitu batean: esaterako, pentsa dezakegu «Atsegin dut» kategoria «Ez dut nahikoa atsegin» kategoriaren alternatiba bat izan daitekeela.
Erabiltzaileek edo komunitateek printzipio-sortak ezartzen dituztenean beren etiketatze-praktikak gobernatzeko, etiketatzeak sailkapenaren are antz handiagoa izango du. Etiketatze-sistema horri etiketaxonomia dei diezaiokegu: neologismo hori asmatu dugu etiketatze sistematikoagoak deskribatzeko. Adibidez, etiketaxonomia batean, aurrez ezar litezke etiketak, kategoria gisa esleitzeko blog bateko eduki jakin batzuei, edo, halaber, etiketak esleitzeari dagokion abstrakzio- edo xehetasun-maila zehaztu liteke, etiketak aldez aurretik ezarri gabe (ikus 7.4 atala: Kategorien diseinuari dagozkion auziak eta ondorioak). Zenbait pertsonak erabiltzaile-kontu ugari dauzkate aplikazio berdinean; horrela, pertsonaia edo testuinguru desberdinak izan ditzakete (adibidez: argazki-bilduma pertsonalak edo laneko argazkiak), beren etiketaxonomiak hobeto bereizteko eran.
Halako erabakiak hartzen badira etiketen edukiari eta formari buruz, eta etiketatze-prozesuan ezartzen badira, etiketa-sorta horrek ad hoc erakoa izateari utziko dio orduan, eta printzipio batzuen araberako etiketaxonomia bihurtuko da. Etiketak erabiltzen badira negozioen testuinguruan, helburu pragmatikoagoekin eta etiketak modu sistematikoagoan baliatuz –adibidez, sail- edo produktu-zerrendetako etiketak hautatuz–, orobat sortu ohi dira etiketaxonomia sailkapenak.
8.1.3 Sailkapena vs Antolaketa fisikoa
Maiz azpimarratu dugunez, antolatzearen diziplinan badago printzipio garrantzitsu bat: auzi logikoak eta inplementazioari dagozkion auziak bereizi behar dira. (Ikus 1.6 atala: «Antolaketa Printzipioa»ren kontzeptua; 5.3.5 atala: Deskribapenaren forma diseinatzea; eta 6.7 atala: Inplementazioaren ikuspegia). Sailkapenari dagokionez, berriz, bereizi egiten ditugu, batetik, baliabide bat kategoria bati esleitzeko ekintza kontzeptuala, eta, besterik, horren ondotik etorri ohi den arren bigarren mailakoa den jarduera bat, hau da, baliabidea gordailu fisiko edo digital batean kokatzea. Sailkapenaren muin logikoari buruzko ideia hau dotore bai dotore adierazten da Gruenberg-en definizioan; haren arabera, sailkapena zera da: «maila goreneko pentsamendu-trebezia bat, zeinean premiazkoa baita honako ezaugarri hauek uztartzea: harremanak identifikatzeko trebezia, naturalistei dagokiena, eta ordena egituratu bat ezartzeko desira, logizistei dagokiena; emaitza koherenteak eta aurreikusgarriak lortzeko grina, matematikari dagokiena, eta esanahiaren adierazpen esplizituekiko zein esan gabekoekiko interesa, hizkuntzalariei dagokiena».
Sailkapenari ikuspegi kontzeptual edo kognitibo batetik begiratzen badiogu, gure ikuspuntuak talka egingo du bibliotekonomiako ohiko erabilerarekin: alor horretan, item ukigaiak apaletan atontzearekin lotzen da, batez ere, sailkapena; «aparkatzeko» funtzioa nabarmentzen da, zeinak «markatzeko» funtzioa gauzatzen baitu: baliabidea zer kategoriari dagokion identifikatzea.
Bibliotekonomiaren eta bildumen kurazioaren ikuspegia kontuan hartzen badugu, ukaezina da ezen, sailkatu beharreko baliabideak objektu fisikoak baldin badira –liburuak, margolanak, animaliak, lapikoak–, sailkapen-jardueraren azken jarduera horixe izango dela, baliabideak kokapen fisikoren baten ipintzea. Are gehiago, baliteke antolaketaren testuinguru fisikoak eragina izatea baliabide fisikoen kokapenean. Behin baliabidea kokatu eta gero, testuinguru fisikoak antolaketaren alderdi batzuk hezurmamitzen ditu, antzeko baliabideak inguruan kokatuta daudenean. Liburutegietan eta liburu-dendatan, elkarren ondoan egote horrek bidea ematen dio baliabideak zoriz aurkitzeari, apaletan miaka aritu bitartean liburu interesgarri bat topatu duen edonork ondotxo dakien moduan.
Dena den, antolaketaren helmena zabaltzen dugunean eta baliabide digitalei ere erreparatzen diegunean, argi geratzen da baliabideen sailkapen logikoarekin jarduten garela elkarreraginean, eta ez haien kokapenarekin (berdin du baliabideak Berkeleyn dauden, edo Bangaloren). Hobe da zera azpimarratzea: sailkapen-sistemak baliabideen antolaketa logikorako zehaztapenak direla oroz gain; zeren, normalean, erreferentzia logikoak kokapen fisikoetan kokatzeko modu posible asko egoten baitira, sarri guztiz ausazkoak direnak.
8.1.4 Sailkapen-eskemak
Antolaketa-sistema baten edo gehiagoren gauzapenari esaten zaio sailkapen-eskema. Baliabide fisikoak beren propietate ukigaien edo hautemangarrien bidez sailkatzen dira maiz. 7.3.2 atalean –Propietate bakarrak– eta 7.3.3 atalean –Hainbat propietate– azaldu dugun eran, propietateek balio-sorta bereiziak hartzen dituztenean, sailkapen-sistemak modu naturalean azaleratzen dira: halako sistemetan, ezaugarri-balio batek edo ezaugarri-balioen konbinazio jakin batek zehazten ditu kategoriak. Sailkapen-eskema batean argiki zehazten badira baliabideentzako izan daitezkeen kategoria posible guztiak, enumerazio-eskema esaten zaie. Esate baterako, formatu fisikoko musika-bilduma pertsonal bati dagokion enumerazio-sailkapenean, baliteke hainbat kategoria egotea: Cdak, DVDak, biniloak, zortzi pistako kartutxoak eta kaseteak; eta musika-baliabide bakoitza kategoria batean egokitzen da, bakar batean.
Kategoriak osatzeko garaian hainbat baliabide-ezaugarri aintzat hartzen direnean, hurrenkera jakin batean, ezaugarri bakoitzak beste maila bat sortuko du kategoria-sistemaren baitan, eta sailkapen-eskema hierarkikoa edo taxonomikoa izango da (Ikus 6.3.1.1 atala: Inklusioa).
Informazio-baliabideei dagokienez, sarritan garrantzitsuagoa izaten da zeri buruzkoak diren, ezen ez zer ezaugarri fisiko dituzten. Adibidez, irakasle batek, ikasturte berria planifikatu nahian, ikasketa-programan erabiltzeko moduko artikuluak kategoria-sorta finko batean bilduko ditu agian, kategoria bakoitzean balizko gai bati buruzkoak gordeaz. Ostera, zailagoa izan daiteke baliabide-bilduma handiago batean egon daitezkeen gai guztiak zerrendatzea. Kongresuko Liburutegiaren Sailkapena (LCC, ingelesezko sigletan) enumerazio-eskema hierarkiko bat da, eta gai-kategoria oso xeheak ditu, liburuak ia edozer gauzari buruzkoak izan daitezke-eta. LCC xeheago aztertuko dugu atal honetan: 8.3 Sailkapen bibliografikoa.
Zeri buruzkoak diren aintzat hartzeaz gainera edo aintzat hartu ordez, batzuetan beren propietate intrintsekoen bitartez antolatzen dira informazio-baliabideak, adibidez, autoreen izenak edo sorrera-datak kontuan hartuz. Lehen aipatu dugun irakasleak autore-izenaren arabera antolatuko du bere artikulu-bilduma nagusiki; ordea, ikasturte berri bat prestatzen ari denean, ikasketa-planerako hautatu dituen artikuluak beste sailkapen-sistema batean kokatuko ditu, non kategoria bat egongo baita eskola bakoitzeko.
Izenek eta datek balio-kopuru oso handia har dezakete, horregatik, ordena alfabetikoari edo kronologikoari dagozkion antolaketa-printzipioek ez dituzte aldez aurretik sortuko kategoria esplizituak balizko balio bakoitzarentzat. Aitzitik, esan dezakegu antolaketa-printzipio horiek sailkapen-sistema inplizituak edo sorrak eratzen dituztela, zeinean premia dagoenean bakarrik sortzen baitira kategoriak. Adibidez, eskema alfabetiko batean Q kategoria egongo da baldin –eta soilik baldin– baliabideren baten izena Q letrarekin hasten bada.
Baliabide-arlo askok propietate ugari dauzkate, sailkapena-eskemak zehazteko erabil daitezkeenak. Adibidez, ardoa sailkatzeko, kontuan har daitezke mahats-mota, kolorea, zaporea, prezioa, ardogilea, jatorria (sor-marka), nahasketa-estiloa eta beste propietate batzuk. Are gehiago, pertsona batzuek asko dakite propietate batzuei buruz, eta ezer ez beste zenbaiten inguruan, edo propietate bat oso gustuko izan arren, bestea batzuk zaizkie axola: adibidez, pertsona batzuek prezioaren eta mahats-motaren arabera aukeratzen dituzte ardoak; beste batzuek, aldiz, xehe-xehe konparatzen dituzte ardogileak eta sor-markak. Aintzat hartzen diren propietateen arabera, sailkapen hierarkiko desberdin bat sortuko da; propietate guztiak erabiliz gero, sistema oso sakona eta zurruna eratuko litzateke. Gainera, baliteke hierarkia desberdin ugariren premia izatea, era askotako nahiak asetzeko. Halako eremuen harira, badago sailkapen-sistema alternatibo bat: alderdiaren araberako sailkapena, hain zuzen ere. Sailkapen-sistema horretan, baliabide-ezaugarrien sorta bat hartzen da, eta, ondoren, kategoriak sortzen dira, baina egiaz gertatzen diren konbinazioentzat soilik.
Alderdi-mota ohikoenak hauexek dira: enumerazioa (elkarrekiko baztertzaileak); boolearra (bai edo ez); hierarkia edo taxonomia (edukiera logikoa), eta espektroa (balio numerikoen sail bat). Alderdien araberako sailkapena maiz erabiltzen da online sailkapenetan; horregatik, xehe-xehe aztertuko dugu beranduago (ikus 8.4 atala: Alderdien araberako sailkapena). Alderdien araberako eskemei esker, errazagoa da bilaketak egitea baliabide-bilduma handietan, adibidez xehekako salmenta-guneetan edo museotan; enumerazio-eskema hierarkikoekin, ordea, zailagoa da hori egitea.
8.1.5 Sailkapena eta estandarizazioa
Sailkapenek ordena ezartzen dute baliabideen gainean. Estandarrek gauza berdina egiten dute; horretarako, baina, baliabideak sortzeko, antolatzeko eta erabiltzeko modu «estandarrak» eta «ez-estandarrak» bereizten dituzte, modu inplizituan edo argian. Sailkapena eta estandarizazioa ez dira gauza berdin-berdinak, baina harreman estua dute. Sailkapen batzuk, denborarekin, estandarrak bihurtzen dira, eta estandar batzuek sailkapen berriak zehazten dituzte. Kategoria instituzionalak (ikus 7.2.3 atala) bi mota zabaletan banatzen dira:
8.1.5.1 Taxonomia instituzionalak
Taxonomia instituzionalak sailkapen-mota bat dira, eta honako helburu honekin diseinatzen dira: probableagoa izan dadin jendeak edo agente konputazionalek modu berean erabiltzea baliabideak eta modu bertsuan jardutea elkarreraginean baliabideekin. Estandarizazioaren Nazioarteko Antolakundeak (ISO, ingelesezko sigletan) milaka estandar argitaratzen ditu, besteak beste, taxonomia instituzional ugari, zeinek baliabideen eta produktuen sailkapena xedatzen baitute nekazaritzan, abiazioan, eraikuntzan, energian, osasungintzan, informazio-teknologietan, garraioan eta industria-sektore ia orotan.
Taxonomia instituzionalak bereziki garrantzitsuak dira liburutegietan eta jakintzaren kudeaketan. Dewey Sailkapen Dezimalari (DDC, ingelesezko sigletan) eta Kongresuko Liburutegiko Sailkapenari (LCC, ingelesezko sigletan) esker, hainbat liburutegik modua dute liburuak kategoria berdinetan sailkatzeko; bestalde, Buruko Asalduren Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburuaren bitartez (DSM, ingelesezko sigletan), psikologia klinikoan diharduten medikuek modua dute pazienteak diagnostiko- eta aseguru-kategoria berdinetan sailkatzeko.
8.1.5.2 Semantika instituzionala
Semantika instituzionalari dagozkion sistemek zehatz definituriko abstrakzioak edo informazio-osagaiak eskaintzen dituzte (ikus 4.3.3 atala: Identitatea eta informazio-osagaiak), zeinak behar-beharrezkoak baitira informazioa eraginkortasunez trukatuko edo erabiliko dela ziurtatzeko. Informazio-eredu desberdinak erabiltzen dituzten informazio-sistemek, sarritan, ez dute modurik izaten informazioa partekatzeko eta uztartzeko, negoziazio astunak eta lanketa gehiegizkoak egin ezean.
Zenbait industriatan eta merkatutan, badira halako sare-efektu nabarmen batzuk: produktu baten balioa ezartzeko orduan, eragin handia du harekin bateragarriak diren beste produktuen kopuruak; halako eremuetan –informazio- eta zerbitzu-ekonomia gehienak, besteak beste–, semantika estandarra bereziki garrantzitsua da.
8.1.5.3 Zehaztapenak vs estandarrak
Helmen eta konplexutasun nabarmena duen antolaketa-sistema bat inplementatu nahi bada koherentziaz eta denboran mantentzeko moduan, zehatz deskribatu behar dira biltzen dituen baliabideak, horien formatuak, zer klasetan, harremanetan, egituratan eta bildumatan parte hartzen duten, eta zer prozesu baliatzen diren baliabideak eraginkortasunez eta efizientziaz erabiltzen direla ziurtatzeko. Gisa horretako deskribapen zorrotzei «zehaztapenak» deitzen zaie maiz, eta badira ondo erroturiko praktika batzuk, zehaztapen onak garatzeko balio dutenak.
«Zehaztapenen» eta «estandarren» artean badago bereizketa sotil baina oso garrantzitsu bat. Edozein pertsonak, konpainiak edo ad hoc pertsona-multzok zein enpresa-multzok sor ditzake zehaztapenak, horiek erabili, eta beste batzuk ere erabil ditzaten saiatu. Estandarrak, ordea, zehaztapen argitaratuak dira; arlo bateko interesdun nabarmenek garatzen eta mantentzen dituzte, adostasunez, prozesu zehatz eta garden bati jarraituz, eta, normalean, estandarren antolakunde itzal handikoen babespean. Gainera, estandarren inplementazioa ikuskatu egiten da maiz, egiaztatze aldera inplementazioa osoa eta zehatza ote den. Horrek esan nahi du erabiltzaileek bi aukera dituztela: zehaztapena berek inplementatzea edo egokitzat jotako beste inplementazio bat hautatzea.
Zehaztapenak estandar-prozesu baten bidez garatzen eta mantentzen direnean, halako zorroztasun eta gardentasun gehigarri bat izaten dute; horregatik, sarritan justuagoak izaten dira, eta zilegitasun handiagoa izaten dute. Gobernuek maiz eskatzen edo gomendatzen dute halako de jure estandarrak izatea, bereziki «irekiak» eta «egile-eskubiderik gabeak» direnean; halako kasuetan, izan ere, estandarra erabiltzearen kostua minimizatzen da, eta haren iraupena maximizatzen.
«Zehaztapenen» eta «estandarren» artean alde garrantzitsuak dauden arren, ohiko erabileran, «estandarrak» zera dira: «zehaztapen nagusiak edo luze-zabal erabiltzen direnen» sinonimoa. De facto estandarrak –estandar-antolakundeek sorturiko de jure estandarren kontrara– industria bakoitzeko enpresa nagusiek sortzen dituzte, edo teknologia berri bat edo metodo berritzaile bat estreina erabili duen enpresak, edo arlo jakin batean diharduen irabazi-asmorik gabeko entitateek –fundazio bat, adibidez–.
De facto estandarrak eta ad hoc estandarrak elkarren ondoan existitzen dira maiz, eta «estandarren gerretan» jarduten dira, batez ere informazioa barra-barra erabiltzen den arloetan eta berrikuntza lasterreko industrietan. Estandarren «gerrak» honelako egoeretan gertatzen dira: hainbat konpainiak edo enpresa-multzok bi estandar edo gehiago sortu nahi dituztenean premia berdintsuak asetzeko. Lehian dabiltzan estandar horiek, sarritan, ez dira bateragarriak izaten, nahita –eta ez da harritzekoa–. Hasiera batean, estandar batek bezeroak erakartzen ditu, beste estandarrek ahalbidetzen ez dituzten ezaugarriak eskainiz, baina, azkenean, aldakortasun-kostuak ezarri, eta harrapatuta geratzen dira bezeroak. Gaur egungo adibide batzuk: Google vs Apple, telefono mugikorretan; eta Kindle vs Apple, liburu irakurgailu elektronikoetan.
Esate baterako, Dewey Sailkapen Dezimala (DDC, ingelesezko sigletan) dugu mundua gehien erabiltzen den liburutegi-sailkapen sistema, eta jende gehienak estandar gisa hartzen du. Egiaz, DDC jabetzapekoa da, eta Ordenagailu Liburutegi Online Zentroa (OCLC, ingelesezko sigletan) arduratzen da haren erabilera mantentzeaz eta haren lizentziaz. Halaber, Psikiatria Elkarte Amerikarrak (APA, ingelesezko sigletan) mantentzen eta argitaratzen du DSM eskuliburua; horri esker, APAk milioika dolar irabazten ditu urtean.
Kontrara, de jure estandarrak dira Kongresuko Liburutegiaren Sailkapena (LCC, ingelesezko sigletan), zeina AEBko gobernuaren babespean garatzen baita, eta MARC erregistro-formatu ezaguna, online liburutegi-katalogoetan erabiltzen dena (ISO 2709), bai eta haren baliokide estatubatuarra ere (ANSI Z39.2).
Ondorioz, nahiz eta, teknikoki behintzat, egokia izango litzatekeen hau esatea: «estandar oro da zehaztapen, baina zehaztapen oro ez da estandar», zaila da bereizketa horri eustea maila praktikoan.
8.1.5.4 Agindupeko sailkapenak
Sarritan, gobernuek inposatzen dituzte estandar batzuk, herritarren interesak babesteko; horretarako, osterantzean egingarriak edo seguruak ez liratekeen jarduerak koordinatzen edo bideratzen dituzte. Horietako zenbaitek zerikusia dute, batez ere, segurtasun publikoarekin edo produktuen segurtasunarekin, eta ez dute harreman zuzenik informazioa antolatzeko sistemekin, zeharkakoa bakarrik. Beste batzuek, ordea, zerikusi nabarmena dute halako sistemekin, bereziki informazioa trukatzeko formatua eta edukia zehazten duten estandarrek: europar gobernu askok, esaterako, gobernuarekiko negozio-tratuan jarduten diren enpresei eskatzen diete UBL erabiltzeko.
Antolaketa-sistemei dagokienez, badira beste gobernu-estandar garrantzitsu batzuk: finantza-jardueren ikuskaritza-informazioa sailkatzeko eta gordetzeko baldintzak adierazten dituztenak –Sarbanes-Oxley Legea, adibidez–, edo informazio pertsonala ez gordetzekoak –hala nola HIPAA eta FERPA–.
