6. Harremanak eta egiturak deskribatzea
Robert J. Glushko, Matthew Mayernik, Alberto Pepe, Murray Maloney
6.2 Harremanak deskribatzea: Laburpena
Harremanen kontzeptua guztiz funtsezkoa da gizakion gizarteetan, zentzu informalean zein formalean. Gizakiak loturik daude, ezin askatzeko moduan, beren arbasoen belaunaldiekin, eta, kasu gehienetan, beste sare batzuk ere izaten dituzte: adiskideak, lankideak eta bestelako ezagunak, zeinekin hainbat eratako loturak baitituzte. Sarritan entzuten dugunez, «kontaktuak» ezinbestekoak dira informazioa, dirua, lanpostuak edo botere politikoa erdiesteko, horregatik, beste pertsona batzuekin «sarea egiten» ahalegintzen gara, harremanak eraikitzeko eta gauza horiek guztiak lortzeko modua zabaltzeko. Informazio-sistemetan, baliabideen arteko harremanek hezurmamitzen dute antolaketa bat, zeinak ahalbidetzen baitu baliabideak bilatzea, aukeratzea, berreskuratzea eta bestelako elkarreragin-jarduera batzuk gauzatzea.
Antolaketa-sistema gehienen oinarrian, harremanak daude; horien bidez, sistemak zenbait berariazko xede ase ditzake baliabideekin, banaka zein bilduma osoarekin. Informazio-baliabideei dagokionez, ohiko baliabideak izaten dira web orriak, aldizkarietako artikuluak, liburuak, datu-sortak, metadatuen erregistroak eta XML dokumentuak, besteak beste. Informazioaren arloan, badira harreman garrantzitsu batzuk, baliabideak aurkitzeko, identifikatzeko eta aukeratzeko helburuak errazten dituztenak, esaterako, «honen autorea da», «honek argitaratu du», «argitalpen-data hau dauka», «honetatik eratorria da», «hitz gakoa biltzen du», «honekin lotuta dago» eta abar.
Harremanei buruz dihardugunean, biak aipatzen ditugu: batetik, zer baliabide elkartzen diren; bestetik, elkarketaren arrazoia izendatzen edo adierazten dugu. Harremana duten baliabideak aipatzea ez da aski, izan ere, baliabideek hainbat harreman izan baititzateke: baliteke pertsona bat aldi berean izatea zure anaia, zure nagusia eta zure maizterra. Gainera, sarritan, garrantzitsua da zer norabide edo ordenatan aipatzen diren harremaneko kideak: zure nagusiak soldata bat ordaintzen dizu, eta ez alderantziz. Kentek azpimarratzen duenez, harreman bat deskribatzen dugunean, esaldiak erabiltzen ditugu, hala nola «honen nagusia da», baldin eta gure hizkuntzan ez badago harremanaren esanahia islatzen duen hitz bat.
Kapitulu honetan barna ibiltzeko
Kapitulu honetan, harremanak aztertuko ditugu hainbat ikuspuntutatik:
- Ikuspegi semantikoa
-
Ikuspegi semantikoa da oinarrizkoena: baliabideen elkarketaren esanahia ezaugarritzen du (ikus 6.3 atala).
- Ikuspegi lexikoa
-
Ikuspegi lexikoak honako gai honi erreparatzen dio: nola adierazten den harreman baten deskribapen kontzeptuala, hizkuntza zehatz bateko hitzak erabiliz (ikus 6.4 atala)
- Ikuspegi estrukturala
-
Ikuspegi estrukturalak aztertzen ditu baliabideen artean benetan izaten diren elkarketa-, antolaketa-, gertutasun- edo lotura-patroiak (ikus 6.5 atala).
- Ikuspegi arkitektonikoa
Ikuspegi arkitektonikoak azpimarra jartzen die harreman bateko osagaien kopuruari eta abstrakzio-mailari, zeinak, batera hartuta, harremanaren konplexutasunaren ezaugarri baitira (ikus 6.6 atala).
- Inplementazioaren ikuspegia
Inplementazioaren ikuspegiak zera aztertzen du: nola inplementatzen diren harremanak idazkera eta sintaxi jakin batean, eta zer modutan antolatzen eta gordetzen diren harremanak ingurune teknologikoetan (ikus 6.7 atala).
