11. Antolaketa Sistemen bide-orria

Robert J. Glushko

11.5 Antolaketa-sistemak diseinatzea eta inplementatzea

Baldintzek ezartzen dute zer egin behar den; EZ dute ezartzen, ordea, nola egin behar den. Azken hori, izan ere, diseinu- eta inplementazio-faseei dagokie. Baldin eta antolaketa-sistemaren baldintzak, xede-helmena eta xede-eskala esplizituki adierazten badira diseinu- eta inplementazio-faseei ekin aurretik, bi arazo saihesten dira. Lehen arazoa: ikuspegi murritz eta epe-motzeko batetik erreparatzea bildumako lehen baliabideei, eta ondorioz, bilduma bere xede-helmenera eta -eskalara iristen denean, hasierako baliabide horiek bilduma osoaren adierazgarri ez izatea. Horren eraginez, baliteke baliabideen deskribapena edo antolaketa zehatzegia edo zurrunegia izatea, eta modurik ez eskaintzea etorkizunean bildumari gehitu ahal zaizkion baliabideentzat. Bigarren arazoa –zeina lehen arazoaren ondorio izaten baita maiz–: diseinu-printzipioak eta inplementazio-printzipioak ez bereiztea, testuinguru edo teknologia zehatz batean.

11.5.1 Helmenari eta eskalari dagokion teknologia hautatzea

Agiri pertsonalak gordetzeko antolaketa-sistema sinpleak edo informazio efimeroaren kudeaketari dagozkion baldintzak inplementatu nahi badira, norbere ordenagailuko karpetak eta fitxategiak erabil daitezke, edo baita «plataformatatik kanpoko» software generikoak ere, hala nola web formularioak, kalkulu-orriak, datu-baseak eta wikiak. Bestalde, mugikorretan ere badaude aplikazio batzuk, antolaketa-sistema sinple gisa balio dutenak. Baliteke ahalegin pixka bat egin behar izatea konfigurazioari, gidoiari, egiturari edo programazioari dagokionez, baina, kasu askotan, lan hori ad hoc egiteko aukera dago. Halako aplikazioak erabiltzen hasteak kostu txikia du, hala ere, horren kontrakarrean, kontuan hartu behar da beste faktore hau: gerta liteke, gerora, lanaren puska handi bat berregin behar izatea, zaila izan daitekeelako baliabideak eta baliabide-deskribapenak beste sistema berri batzuetara esportatzea.

Bestalde, gaitasun handiago antolaketa-sistemak, informazio-baliabide egituratuen kopuru handiak epe luzean gordetzea eta modu efizientean berreskuratzea ahalbidetzen dutenak, diseinatu eta inplementatu nahi badira, ahalegin gehigarriak egin beharko dira bi arlo horiei dagokionez. Hitzak prozesatzeko fitxategi lauak eta kalkulu-orriak ez dira egokiak. Aitzitik, XML dokumentu-ereduak eta datu-base eskemak garatu beharko dira, baldin eta informazio-edukia eta -deskribapenak hobeto kontrolatzen eta balioztatzen direla ziurtatu nahi bada. Halaber, antolaketa-sistema inplementatzeko xedez, bestelako funtzio eta zerbitzu batzuk garatu beharko dira, besteak beste, bertsioak eta konfigurazioa kudeatzeko softwareak, segurtasun- eta sarbide-kontrola, eta bilaketa eta eraldaketa ahalbidetzen dituztenak.

Antolaketa-sistemetako teknologiak bilakabidean daude beti: gaitasun berriak ahalbidetzeko garatzen dira. Adibidez, lainoari dagokion konputazioaren eta biltegiratzearen ondorioz, errotik aldatzen ari da antolaketa-sistemen eskala eta biltzen duten informazioaren irisgarritasuna. Baliteke gaitasun eta zerbitzu horiek antolaketa-sistemetan gero eta gehiago inplementatu ahal izatea, diseinu- eta inplementazio-metodo informalekin. Informazio-ereduak, prozesamendu-logikak, negozio-arauak eta beste muga batzuk kodetzen baldin badira softwarean, baldintzen eta diseinu-erabakien trazabilitate espliziturik gabe, zaila izango da antolaketa-sistema mantentzea baldin eta testuingurua, helmena edo baldintzak aldatzen badira. Hori dela-eta, hainbat aldiz azpimarratu dugu oso garrantzitsua dela antolaketa sistemak pentsaera arkitektoniko baten arabera sortzea; 1.6 atalean bertan, zera proposatu genuen: antolaketa-printzipioak halako moduan adierazi behar dira non ez baita aldez aurretik ezartzen nola inplementatuko diren. (Ikus, halaber, 3.3.3.2 atala, 8.1.3 atalaeta 9.1 atala).

11.5.2 Pentsamendu arkitektonikoa

Antolaketa-sistemen diseinuari eta inplementazioari buruz eskaini ditugun aholku gehienak «pentsamendu arkitektonikoa» deritzon horretan laburbildu daitezke, zeina 1.6 atalean aurkeztu baikenuen. Pentsamendu arkitektonikoaren xede orokorra da diseinuari dagozkion kontuak eta inplementazioari dagozkionak bereiztea, sistema sendoagoa eta malguagoa izan dadin. Pentsamendu arkitektonikoak, diseinuaren arloan, modularitate eta abstrakzio handiagoa sustatzen du; horrela, errazagoa suertatzen da inplementazioa aldatzea baldin eta baldintza berriak asetu nahi badira eta teknologia zein prozedura berritzaileei etekina atera nahi bazaie. Halaber, garrantzitsua da ikuspegi arkitektonikotik pentsatzea baliabide-deskribapenei dagozkion hiztegien eta eskemen diseinuaz eta sailkapen-sistemen diseinuaz, tokia egon dadin baliabide-mota berrientzat (ikus 7.5 atala eta 8.2.2.3 atala). Hori egitea errazagoa izango da baldin eta deskribapenak eta baliabideak desberdinak badira, bai logikaren aldetik bai fisikoki. Hemen azpian agertzen den koadro gehigarrian zerrenda jakingarri bat ikusiko duzue, liburu honetan pentsamendu arkitektonikoa dela-eta aipatu ditugun printzipio eta prozedura erabilgarri guztiak biltzen dituena.

Pentsamendu arkitektonikoa gauzatzeko printzipioak eta prozesuak

  • Modu esplizituan zehaztu antolaketa-sistemaren xedeak eta erabiltzaileak zein diren, eta kontuan hartu erabiltzaile guztiek ez dituztela xede edo lehentasun berdinak izango beharbada (ikus 2.3 atala).
  • Hautatu baliabideak (ikus 3.2.1 atala) eta diseinatu elkarreragin-jarduerak (ikus 3.4.2 atala) erabiltzaile nagusien edo lehentasun handiena duten erabiltzaileen premiak ahalbidetzeko.
  • Informazioa eta elkarreragin-jardueren baldintzak zehazteko garaian, modu kontzeptualean egin, teknologia jakinik aipatu gabe (ikus 1.6 atala), eta bat etorriz, ahal den heinean, eremuari dagozkion estandarrekin, eskemekin edo hiztegiekin (ikus 8.1.5 atala).
  • Erabiltzaileen elkarreragin-jarduerak inplementatu behar dituzunean, jarduera horiek deskubritzeko errazagoak, erabilgarriagoak eta efektiboagoak izateko moduko diseinu-ereduak aukeratu (ikus 3.3.3.2 atala).
  • Izen onak (ikus 4.4.3 atala) eta baliabide-deskribapen onak (ikus 5.3.4.1 atala) sortzeko printzipioei jarraitu.
  • Aztertu ezazu malgutasunaren eta konplexutasunaren arteko konpentsazioa, sistemari buruzko erabakiak hartu aurretik: baliteke errazagoa suertatzea sistema sinpleago bat moldatzea (ikus 8.2.2.3 atala).
  • Antolaketa-sistemari aurreikusten zaion bizialdiarekin bat datozen erabakiak hartu diseinuari eta teknologiari dagokionez (ikus 11.6 atala).

Nolanahi ere, pentsamendu arkitektonikoa mamitzeko, tentuz aztertu behar dira baliabideak eta inplementazio-alternatibak; jende gehienak, gainera, ez du modu horretan pentsatzen, bereziki antolaketa-sistema pertsonaletan eta informazioa antolatzeko-sistemetan. Baliteke pertsonak batek poltsiko-liburuen bilduma bat antolatzea apalategi txiki batean, zeinaren luzera eta zabalera guztiz egokitzen baita pertsona horrek une horretan dauzkan liburuen tamainarekin eta kopuruarekin. Bada, antolaketa-sistema hori alferrekoa suertatuko litzateke baldin eta formatu handiko liburuak gorde nahi balira, eta, bestalde, ezinezkoa litzateke poltsiko-liburu berri bat gehitzea bildumara, aurretik bat kendu ezean. Horrenbestez, zuhurragoa litzateke, hasteko, apalategi handiago bat eskuratzea, apala egokigarriekin: modu horretan, antolaketa-sistemak bizialdi luzeagoa izango luke.

Pentsatzekoa litzateke ezen antolaketa-sistema instituzional handietan halako arazoak saihestuko dituztela, hau da, ez dituztela bildumak hertsiegi mugatuko hastapeneko ingurune fisikoaren arabera; batzuetan, ordea, ez da hala izaten. Badago adibide ospetsu bat, Barnes Fundazioaren arte-bildumari dagokiona: halako batean, museoak erabaki polemiko bat hartu zuen, eraikin txiki batetik beste handiago batera joateko erabakia; nolanahi ere, bildumako margolanak eraikin txikian bezalaxe antolatu behar ziren nahitaez, elkarren alboan pilatuta, margolanen emaileak baldintza gisa jarri baitzuen lanak ezin zirela tokiz aldatu sekula ( ikus koadro gehigarria: Barnes bilduma).

Baliabide digitalei dagokionez, biltegiratzea merketu denez, eta banda-zabalera handitu, edukierak jada ez dio mugarik ezartzen antolaketa-sistemei, salbu eta datu handien kasuan: hala esaten zaie datu-baseen software- edo hardware-arkitektura ohikoetan kudeatzeko handiegiak diren datu-bildumei. Hala ere, datu handien bildumak, handi-handiak izan arren, homogeneoak izaten dira maiz, beraz, horien eskala ez da erronka handiena, ez behintzat antolaketa-sistemen ikuspegitik (ikus 11.3.1 atala).

Geratu eta pentsatu: Zer da liburutegi bat?

«Liburutegi» hitzak baditu hainbat esanahi, eta batzuetan zein bestetan pentsamendu arkitektonikoa ez da neurri berean hezurmamitzen. Norbaiti esaten badiozu liburutegian elkartuko zaretela, kafe bat hartzeko eta ikasteko, toki fisiko zehatz bati buruz ari zara. Beste zenbaitetan, ordea, liburutegiaren nozio abstraktuago bat erabiliko duzu: kasu horretan, antolaketa-sistema bat izango da liburutegia, bilduma-mota, baliabideen antolaketa eta elkarreragin-jarduera aurreikusgarri batzuk biltzen dituena. Hiri batean liburutegi berri bat sortu nahi bada, bi esanahiak izango dira garrantzitsuak. Nola ziurtatuko zenuke bi nozioak aintzat hartuko direla efektiboki?

11.5.3 Sarbidea eta kontrola bereiztea

Baliabide-bilduma handiak hainbat xedetarako erabiltzen ditu jende desberdinak proiektu desberdinetan, horregatik, baliabide-digitalen bildumekin gertatzen den beste auzi arkitektoniko garrantzitsu baten adierazgarriak dira. Halakoetan, gerta liteke sarbide-baldintza bat edo batzuk ezartzea baliabideetara jo nahi duen erabiltzaileari, baina horrek ez du esan nahi erabiltzaileak zuzenean kontrolatu behar dituenik baliabideak, ez eta horien jabe izan behar duenik ere. Informazioa barra-barra baliatzen duten negozioek eta webean oinarrituriko negozioek, gero eta gehiago, honelako antolaketa-sistemak garatzen dituzte: baliabide digitalak lainoan biltegiratzen dituztenak, globalki banatutako baliabideen lizentziak baliatzen dituztenak, eta informazio-zerbitzuen azpikontratatzen dituztenak. Era horretako kontzeptu arkitektonikoak erabiltzen dituzten diseinuek hobekuntza funtzionalak eta kalitateari dagozkionak mamitu ditzakete, hain zuzen ere, zerbitzu-hornitzailearen kokapena eta identitatea ezkutuan dagoelako, abstrakzio-geruza baten atzean (ikus 3.4.2.1 eta 4.4.3.5 atalak). Edonola ere, sarbidea eta jabetza bereiztea erronka kultural bat izan da zenbait liburutegi eta museorentzat, beren identitate instituzionalek zera nabarmentzen baitute: zuzenean kontrolatzen dituztela beren bildumetako baliabideak eta baliabide horiek kontrolatzen dituzten eraikin fisikoak.

11.5.4 Estandarizazioa eta ondareari dagozkion auziak

Barnes bildumari buruz ari ginenean esan dugun eran, eraikinak zaharkitu egiten dira denboraren igaroarekin. Antolaketa-sistema digitalek darabilten teknologia, ordea, eraikin fisikoak baino askoz lasterrago zaharkitzen da. Gaur egungo teknologia berritzailea halabeharrez bihurtuko da biharko ondare, baina eraldaketa hori mantsotu nahi bada, hauxe da modurik egokiena: datu-formatu, deskribapen-hiztegi zein -eskema eta sailkapen-sistema estandarrak diseinatzea, salbu eta baldintza espezifiko batzuk bete behar badira, zeinen ondorioz ezinezkoa baita tresna estandarrak erabiltzea.

Antolaketa-sistema batek jabetzapeko zehaztapenak edo zehaztapen ez-estandarrak erabiltzen baditu eta horrekin lankidetzan jarduteko baldintza aintzat hartu behar bada, normalean, formatu estandar batera erabiltzea aski izaten da hori egiteko (ikus 8.1.5.2 eta 10.4 atalak). Era berean, hobe da era estandar edo generiko batean diseinatzea antolaketa-sistema bati dagozkion APIak eta datu-elikadura, beren ezkutuko inplementaziotik abstraituz. Diseinu-printzipio horri esker, kanpoko erabiltzaileek errazago ulertuko dituzte elkarreragin-jarduerak; gainera, modu horretan, baliabide-deskribapenen edo antolaketaren alderdiak ez dira zabaltzen, eta ez zaio abantailarik ematen lehiakideei. Esate baterako, produktuak, hornitzaileak, bezeroak edo langileak sailkatzeko modua garrantzitsua izan daiteke lehiakortasunari dagokionez.

Datuak eraldatu edo konbertitu behar badira, teknologia eraldatu beharra dagoelako edo inter-operazionaltasuna dela-eta, bi auzi garrantzitsu azaleratzen dira, diseinuari lotuak: noiz eta non eraldatu behar diren datuak. Bilduma bateko baliabide guzti-guztiak konbertitzeko lana, normalean, azpikontrata bati esleitu dakioke, formatuen konbertsioan edo baliabide-deskribapenean aditua den negozio bati; bestalde, bilduma oso baten konbertsio-sorta bat edo konbertsio prebentiboa egiten bada, antolaketa-sistema berriak edo hobetuak modua izango du efizientzia handiagoarekin jarduteko, etengabeko konbertsio-jardunaren trabarik gabe. Halere, baliabideen erabilera-maiztasuna oso desberdina baldin bada, baliteke «zuk-zeuk-egin-zerorrek-behar-duzunean» metodoa efektiboagoa izatea kostuarekin aldetik, betiere konbertsioak ez badie kalte egiten ahalbidetu behar diren elkarreragin-jarduerei.

Barnes bilduma

Kimikaria zen Albert Barnes; gonorrearen prebentziorako tratamendu bat asmatu, eta dirutza bildu zuen. Ondoren, demaseko arte-bilduma pribatu bat sortu zuen, inoizko handiena seguru asko, zeinean 800 margolanetik gora biltzen baitziren: Picasso, Renoir, Matisse, Van Gogh eta Cezanne artisten obrak, besteak beste. 1922an, Barnesek museo bat eraiki zuen bere bilduma gordetzeko, Merion auzoan, zeinean bizi baitzen, Filadelfiako (AEB) aldirietan. Barnesek ez zuen jendaurrean erakutsi bere bilduma, eta, bere testamentuan, gainera, bilduma mugitzea, maileguan uztea eta saltzea galarazi zuen.

1951n hil zen Barnes; ondoko hamarkadetan, Merioneko museoak konponketa ugari behar izan zituen, eta segurtasuna hobetu behar izan zen; hala, zenbaitek iradoki zuten ezen museoaren kokapen urrunak eta sarbide-debekuak arriskuan jartzen zuela bildumaren bideragarritasun finantzarioa. Dena den, bilduma Filadelfia hirian birkokatzeak, antza, Barnesen testamentuaren xedapenak urratuko lituzke.

Hainbat hamarkadaz luzatu zen gatazka legala. Azkenik, 2004. urtean, zera ebatzi zuen epaile batek: bilduma Filadelfiara eraman zitekeela, baina soilik museo berrian museo zaharreko galeria berdin-berdinak ezartzen baziren, eta margolanak Merionen bezalaxe kokatzen baziren. 2012. urtean ireki zen museo berria: Merionekoa baino hamar aldiz handiagoa izan arren, bildumaren antolaketa berdin-berdina da, eta espazio berdina betetzen du (eraikin berriaren % 10, alegia). Beraz, eraikin berriaren puska handienean, auditorium bat, bulegoak, ikasgelak, opari-denda eta bildumaren alerik gordetzen ez den beste espazio mordo bat dago.