6. Harremanak eta egiturak deskribatzea

Robert J. Glushko, Matthew Mayernik, Alberto Pepe, Murray Maloney

6.7 Inplementazioaren ikuspegia

Azkenik, inplementazioaren ikuspegiak, harremanei dagokionez, aztertzen du nola gauzatzen edo kodetzen diren harremanak testuinguru teknologikoetan. Inplementazioaren ikuspegia oso ezberdina da ikuspegi kontzeptualaren, estrukturalaren eta arkitektonikoaren aldean, zeinek harremanen esanahia eta egitura abstraktua aztertzen baitituzte. Inplementazioaren ikuspegia, kontrara, ikuspegi lexikoaren azpimultzo bat da; izan ere, inplementazioari baitagokio harremanak zer hizkuntzaren bidez adieraziko diren hautatzea. Nolanahi ere, jende gehienak uste du ezen inplementazioari dagozkion erabakiak forma teknologikoari buruzkoak direla, ezen ez hitzei buruzkoak.

Liburu honetan, antolaketa-sistema guztiei eragiten dieten auzi eta erronka funtsezkoei erreparatzen diegu, eta ez soilik teknologian oinarritzen diren eta informazioa barra-barra erabiltzen duten horiei. Gure helmena mugatua izanik ere, badira, inplementazioaz denaz bezainbatean, zenbait kontu oso garrantzitsu, harremanen eta bestelako baliabide-deskribapenen notazioari, sintaxiari eta erabilerari dagokionez. Auzi horietako batzuk hemen aipatuko ditugu, laburki, eta xeheago azalduko ditugu 9. kapituluan: Baliabide deskribapenen formak.

6.7.1 Inplementazioaren hautua

Inplementazioaren hautuak zehazten du zenbateraino izango den erraza harremanen sorta bat ulertzea eta prozesatzea. Adibidez, kapitulu honetako bigarren esaldian, Simpson familiaren harremanei buruzkoak adierazten dira, hizkuntza naturala inplementatuz:

Simpson familian, badago Homer izeneko gizon bat eta Marge izeneko emakume bat; ezkonduta daude, eta hiru seme-alaba dauzkate: Bart izeneko mutikoa eta bi neskato, Lisa eta Maggie.

Subjektua-predikatua-objektua erako sintaxia erabiliz gero, harremanak era esplizituagoan adieraziko dira:

6.1 adibidea: Subjektua-predikatua sintaxia

Homer Simpson ➔ honekin-ezkonduta-dago ➔ Marge Simpson
Homer Simpson ➔ honen-gurasoa-da ➔ Bart
Homer Simpson ➔ honen-gurasoa-da ➔ Lisa
Homer Simpson ➔ honen-gurasoa-da ➔ Maggie
Marge Simpson ➔ honekin-ezkonduta-dago ➔ Homer Simpson
Marge Simpson ➔ honen-gurasoa-da ➔ Bart
Marge Simpson ➔ honen-gurasoa-da ➔ Lisa
Marge Simpson ➔ honen-gurasoa-da ➔ Maggie
Bart Simpson ➔ zera-da ➔ Mutila
Lisa Simpson ➔ zera-da ➔ Neska
Maggie Simpson ➔ zera-da ➔ Neska

Jarraian, XML inplementazio-sintaxi balizko baten adibidea aurkeztuko dizuegu, zeinean inklusio-harremanak azpimarratzen baititugu, elementu biltzaileak erabiliz; bestalde, familiako kideen arteko harremanak argi azaltzen dira, XMLren erreferentziak baliatuz:

6.2 adibidea: XML inplementazio-sintaxia

<Familiaren abizena= «Simpson»>
   <Gurasoen seme-alabak=«Bart Lisa Maggie»>
         <Aitaren izena=«Homer» ezkontidea=«Marge» />
         <Amaren izena=«Marge» ezkontidea=«Homer />
   <Gurasoak>
   <Seme-alaben gurasoak=«Homer Marge»>
         <Mutilaren izena=«Bart» haurrideak=«Lisa Maggie» />
         <Neskaren izena=«Lisa» haurrideak=«Bart Maggie» />
         <Neskaren izena=«Maggie» haurrideak=«Bart Lisa» />
   <<Seme-alabak>
<Familia>

Orain arte kapitulu honetan aurkeztu dugun ezein ereduk ez du islatzen gaur egungo familien konplexutasuna, gaur egun jendea hainbat aldiz ezkontzen delako eta haurrak izaten dituelako ezkontide batekin baino gehiagorekin; nolanahi ere, gure adibideak nahikoa dira erakutsi nahi duguna erakusteko.

6.7.2 Sintaxia eta gramatika

Hainbat arauk osatzen dute hizkuntza baten sintaxia eta gramatika: horien arabera zehazten da zer hitz elkartu daitezkeen eta zer elkarketa izango diren, hortaz, gramatikalak edo ondo osatuak. Hizkuntza naturalen artean antzekotasun asko daude: guztiek dauzkate izenak, aditzak, adjektiboak eta bestelako kategoria gramatikal batzuk; edonola ere, elementu horiek nork bere erara antolatzen ditu hizkuntza bakoitzak, eta alde handiak daude esaldiaren antolaeran, batzuen eta besteen artean. Zatiak antolatzeko arauekin bat eginez gero, esaldia egokia izango da sintaxiaren aldetik, baina horrek ez du esan nahi esaldia ulergarria izango denik semantikari dagokionez; hona hemen Chomskyren esaldi bitxia, adibide klasiko bihurtu dena:

Ideia berde kolorgeek amorruz lo egiten dute

Esaldi horren balizko esanahi guztiak arraroak dira, irudikatzeko zailak eta esperientzian zuzenean hauteman daitekeenaren eremutik kanpokoak; hala ere, euskaraz dakien edonork ikus dezakeenez, esaldiak men egiten dio arau sintaktikoei; ondoko honek, berriz, arauak urratzen ditu, eta ez da tutik ulertzen:

Lo amorruz kolorgeek ideia berde egiten dute

6.7.3 Inplementazio-sintaxiaren baldintzak

Inplementazio-sintaxiaren baldintza oinarrizkoena zera da: adierazteko premia duen adierazpen guztiak adieraz ditzakeela. Kapitulu honetako adibideetan, euskarazko hitzak eta zenbait sinbolo (geziak eta parentesiak) uztartu ditugu, era informalean, irakurleek erraz ulertzeko moduan, baina hizkuntza sinplea ez du ahalmenik euskaraz aise esaten ditugun gehienak adierazteko. Dena den, hizkuntza naturalaren abantailak pertsonei bakarrik dagozkie; ordenagailuei, berriz, errazagoa suertatzen zaie sintaxia mugatzaile eta formalagoa ulertzea.

Inplementazioari gagozkionean, kontuan hartu behar dugu ea xede-erabiltzaileek ulertu eta erabil dezaketen. Normalean, gai gara harreman bat hainbat hizkuntzatan adierazteko, esanahia aldatu gabe, hala nola izaten garen gai konputazio-funtzionaltasun berdina hainbat programazio-hizkuntzatan inplementatzeko. Ikuspegi semantikotik erreparatuta hiru adierazpen hauek baliokideak dira:

Nire izena Homer Simpson da
My name is Homer Simpson
Mon nom est Homer Simpson

Edonola ere, adierazpen hauek baliokideak izango dira baldin eta adierazpenok irakurtzen dituen pertsona euskaraz, ingelesez eta frantsesez moldatzen bada.

Antzeko egoera bat suertatzen da web orrien inplementazioarekin. HTML hizkuntza sortu zen web orriek nabigatzaile batean zuten itxura kodetzeko, eta HTMLko etiketa gehienek dokumentu inprimatuaren antzeko egitura sinplea dakarte. HTML hizkuntzan, paragrafoak, item-zerrendak eta goiburu zenbakituak honela adierazten dira: <P>, <IZ> eta <Gn>; hain da erraza, ezen eskolako haurrak ere gai baitira web orriak sortzeko. Nolanahi ere, HTML bidez inplementaturiko webak, «begientzat» eginak daudenak, ez dira hain eraginkorrak ez praktikoak beste gauza batzuetarako, adibidez, produktuen katalogoekin, aginduekin, fakturekin, ordainagiriekin eta bestelako transakzio eta informazio aztergarri eta prozesagarriekin diharduten ordenagailuentzat. Aitzitik, webak «ordenagailuentzat» inplementatu nahi badira, hobe da arloan arloko hiztegiak erabiltzea XML hizkuntzan.