10. Elkarreragin-jarduerak baliabideekin
Vivien Petras, Robert J. Glushko, Ian MacFarland, Karen Joy Nomorosa, J.J.M. Ekaterin, Hyunwoo Park, Robyn Perry, Sean Marimpietri
10.2 Elkarreragin-jarduerak zehaztea
Elkarreragin-jarduerak eraginkortasunez inplementatzeko estrategia bat sortu nahi bada, oreka zail bat sortu behar da lau faktore hauen artean: baliabideak, horiek antolatzen eta kudeatzen dituzten antolaketa-sistemak, horien sortzaileak eta horien balizko erabiltzaile edo kontsumitzaileak. Elkarreragin-jardueren diseinua gidatzen dute erabiltzaileen baldintzek eta inplementazio-prozesuko hautuetan baldintza horiek duten eraginak. Halaber, elkarreragin-diseinua mugatzen dute baliabideen eta sistemen propietate teknikoek eta baldin sozialek zein legeari dagozkienek. Elkarreragin-jardueren helmena eta eskala zehaztu nahi badira, tentuz aztertu behar dira faktore indibidual horiek, horien konbinazioa eta dakartzaten ondorioak.
Geratu eta pentsatu: Mugak vs Malgutasuna
Gogora ekarri ezazu informazioa antolatzeko egitasmo bat, tartean ibili zinen bat. Egitasmoa inplementatzeko erabiltzen zen antolaketa-sistemari dagokionez, gogoan duzu zer modutan mugatu zuen ideia bat adierazteko lana? Inplementazioak zer eragin negatibo izan zuen egitasmoaren gainean? Zer zentzutan izan zezakeen muga horrek efektu positibo bat?
Badira bi erabaki-mota, eta erabilgarria da horiek bereiztea: batzuetan, hainbat alternatiba egingarri daude, eta horietako bat hautatu behar da; beste batzuetan, ordea, mugak daude: zenbait diseinu-hautu baztertu egin dira, edo ez dira egingarriak, aurreko hautuen ondorioz. Antolaketa-sistema bat sortzen denean, helburua honakoa da: diseinu-erabakiek etorkizunean egingo diren hautuak babestea edo, bestela, mugak ezartzea, zeinen bitartez diseinu-erabaki desiragarriak hautatuko baitira.
10.2.1 Erabiltzaileen baldintzak
Erabiltzaileek (gizakiek zein agente konputazionalek) baliabideak bilatzen dituzte antolaketa-sistemetan, ez soilik baliabide horiek identifikatzeko, ezpada, halaber, hautatu dituzten baliabide horiek eskuratzeko eta gehiago erabiltzeko (hala nola irakurtzeko, multzokatzeko, oharrak idazteko, erosteko, kopiatzeko, banatzeko, egokitzeko etab.). Baliabideak nola eta nork erabiltzen dituen, eragin handia du honako kontu hauetan: baliabide-deskribapena zer neurritan erakusten den, zer kanalen bidez eskaintzen den eta zein den elkarreragin-jardueraren zehaztasuna edo doitasuna.
Erabiltzaileek beren xedeak lortzeko moduko elkarreragin-jarduerak ahalbidetu behar lituzkete antolaketa-sistemek. Erabiltzaile baten eta antolaketa-sistema baten arteko harremana zenbat eta abstraktuagoa izan, eta zenbat eta bitartekari gehiago egon tartean, baldintzak xehe-xehe azaldu behar dira. Erabiltzaileen baldintzak zuzenean adieraz daitezke, edo modu inplizituan azaldu, sistemaren sofistikazioaren edo gaitasun funtzionalen arabera.
Armairu bati dagokionez –baliabide fisikoetarako antolaketa-sistema pertsonal bat– alkandora jakin bat aurkitu nahian dabilen pertsonak zera pentsa dezake: «Non dago nire alkandora hawaiiar horia?», baina ez dio zertan inori jakinarazi bilaketa-irizpide hori modu esplizituan. Negozioetako zein instituzioetako antolaketa-sistemetan, ordea, erabiltzaileak deskribatu egin behar du zer baliabide nahi duen eta, gainera, sistemarekin elkarreraginean jardun behar du, aukeran dauden baliabideetako bat hautatzeko. Baliteke, elkarreragin-jarduera horretan, giza bitartekari bat egotea, hala nola saltzaile bat edo liburuzain bat, edo bitartekari konputazional bat bestela, hala nola bilaketa-motor bat.
Erabiltzaileen informazio-beharrak, normalean, erabiltzaileek zer baliabide-mota eta zer eduki behar duten zehazten du. Erabiltzaileen informazio-beharrak, gehien-gehienetan, bilaketa-galderetan adierazten dira (bilaketa-koadroan idazten dena) edo, bestela, nabigatzeko orduan eskaintzen diren kategoria sistemiko bat edo gehiago hautatuz. Bilaketak oso sinpleak izan daitezke, hitz-gako gutxi batzuk erabiliz, edo oso konplexuak eta espezializatuak, bilaketa-eremu edo eragile desberdinak erabiliz; baliteke, are gehiago, bilaketa-hizkuntza berezi bat baliatzea, erabiltzaile adituei dagokiena. Badira zenbait teknika, erabiltzaileei laguntzeko bilaketak egiten: zuzenketa ortografikoa, bilaketen hedapena eta iradokizunak. Beste teknika batzuk, berriz, hala nola breadcrumb nabigazioa eta alderdien araberako galbahea, lagungarriak dira antolaketa-sistema baten kategoria-sisteman barna ibiltzeko. Sistema batzuetan, bilaketak hizkuntza naturalean egin daitezke; ondoren, sistemak berak eraldatzen du, prozesatzeko errazagoa izango den deskribapen bat sortuz. Informazio ez-testuala bilatzeko –argazkiak, bideoak–, testua baliatzen da gehienetan, baina sistema batzuk gai dira deskribapenak konputatzeko irudietatik edo audio-fitxategietatik abiatuta. Adibidez, erabiltzaileak doinu bat kantatu dezake ahapetik, edo zerbait marraztu, eta bilaketa kaxan sartu.
Agente konputazionalen informazio-beharrak, berriz, agenteen sortzaileek ezarritako arauen eta irizpideen mendekoak dira (hots, agentearen funtzioaren edo xedearen mendekoak). Agente konputazional bat elkarreraginean jarduten denean beste agente edo zerbitzu konputazional batekin, bere APIa erabiliz, elkarreraginaren emaitzak informazio-beharrak aseko ditu zehatz-mehatz, kasu idealean.
Antolaketa-sistemen diseinatzaileek aintzat hartu behar dute pertsonak ez direla erabaki-egile guztiz gaiak eta arrazionalak. Memoria- eta arreta-gaitasun mugatua du jendeak; horregatik, pertsonek ezin dute dena oroitu, eta ez dira gauza aldi berean kontu gutxi batzuk gogoan gordetzeko baizik. Muga oinarrizko horien ondorioz, jendeak, erabakiei aurre egin behar dionean, ahalegin kognitiboa murrizten du, hala nahita nola nahigabe.
Irudi-bilaketa Googlen
Googleko irudi-bilatzaileari esker, irudi-fitxategi bat sar daiteke bilaketa-kaxan, testuaren ordez; hala, horren antzeko irudiak bilatuko dira, eta bilatzailea, gainera, irudiaren gaia zein den ahalik hobekien igartzen saiatuko da. (Pantailaren-irudia: Ian MacFarland)
Honek guztiak badu eraginik jendearen jarreran hainbat modutan, eta horren erakusgarria da Barry Schwartzek Hautuaren paradoxa deitzen dion hori. Uste izatekoa litzateke jendeak nahiago lukeela aukera gehiago edukitzea eskura, eta ez gutxi batzuk, horrela modua izango lukeelako bere baldintzekin hobekien egokitzen den baliabidea hautatzeko. Kontrara, hautu gehiago aztertzeak ahalegin mental handiagoa dakarrenez, estresa eta erabakitzeko ezintasuna sor ditzake, eta baliteke jendeak amore ematea eta ezer ez hautatzea. Esate baterako, luxuzko azoka batean, 24 marmelada mota eskaintzen ziren, baina jende gehienak dastatzeari utzi zion seigarren motaren ondoren; aitzitik, aukera gutxiago eskaini zitzaizkion jendeari dagokionez, ehuneko handiago batek marmeladaren bat erosi zuen azkenean.
Fenomeno bera gertatzen da liburutegiak eta liburu-dendak alderatzen ditugunean. Liburu-bilatzaile arrazional batek nahiago izan behar luke liburutegietako sailkapen-sistema xehea erabiltzea, eta ez BISAC sistema zabala, liburu-dendetan erabiltzen dutena. Alabaina, erabiltzaile askok esaten dute ezen, sistema xehea erabiliz gero, ahalegin handiegia egin behar dutela, eta liburutegiei eskatzen diete liburu-dendetako antolaketa-sistema ezarri dezaten (ikus 8.3.3 atala).
Jendeak ez du zertan ezer hautatu baldin eta sistemak hautu bat proposatzen edo aurre-hautatzen baldin badu, eta erabiltzaileak beste zerbait egin ezean, hautu hori lehenesten bada. Maiz, jendeak azaleko ebaluazio bat egingo du, ea aurre-ezarritako hautu horrek zer neurritan asetzen dituen bere baldintzak, eta aski ondo baldin badago, ez du beste alternatibarik bilatuko.
Jarrera-ekonomia
Ekonomia klasikoak emantzat jotzen du ezen gizakiak eragile guztiz arrazionalak direla, beren helburuak lortzera bideratuak, eta asebetetze edo erabilgarritasun maximoa lortzeko jarduten direla. Jarrera-ekonomiak, aitzitik, onartzen du ezen muga kognitibo zein emozionalek eragiten dietela gizakiei, eta jendeak modu partzialean hartzen dituela erabakiak, eta akatsak egiten dituela.
Daniel Kanheman-ek eta Amos Tversky-k sistematizatu zituzten jarrera-ekonomiaren zutarri psikologikoak, Herbert Simon-en lana oinarritzat hartuz; Simonek proposatu zuen, lehen aldiz, jendeak «arrazionaltasun mugatua» zuela. Kahnemanek eta Tverskyk, beren aldetik, jendeari erabaki optimoak egitea eragozten dioten joera sistematikoak identifikatu zituzten, bai eta ahalegin kognitiboa aurrezteko erabiltzen dituzten heuristikak ere. Kahnemanek honela alderatzen ditu ekonomia klasikoa eta jarrera-ekonomia:
- Pentsamendu intuitiboari buruzko teoria psikologikoek ezin dute sinesmenaren eta hautuaren eredu normatibo formalek adinako dotorezia eta zehaztasunik erdietsi, edo, beste modu batera esanda, eredu arrazionalak ez dira errealistak psikologiari dagokionez.
(Kahneman, 2003; 1.449 orrialdea)
Sunstein-ek eta Thaler-ek jarrera-ekonomiaren erabilera zabaldu zuten, «paternalismo libertarioa» izenpean, helburu honekin: antolaketa-sistemen diseinuaren bidez aukera-askatasuna mantentzea edo areagotzea, baina, aldi berean, jendearengan eragitea, sistema horren arabera egokiak liratekeen hautuak egin zitzaten. Ikuspegi hori ederki islatzen da beren liburu arrakastatsuaren izenburuan: Nudge [Bultzadatxoa]. AEBko eta beste hainbat tokitako gobernu-agentziak eta negozioak «bultzadatxoa»ri loturiko arauak txertatzen ari dira zenbait eremutan, hala nola gizarte-, osasun- eta finantza-zerbitzuetan, beren eskaintzen konplexutasuna dela-eta.
Jarrera-ekonomiak antolatzearen diziplinaren osagarri gisa balio du, hain justu ere, zenbait ideia eskain ditzakeelako erabiltzaile tipikoen pentsaeraz eta portaeraz, eta, horien ondorioz, sailkapen eta hautu eraginkorragoak egin daitezkeelako. Nolanahi ere, jarrera-ekonomiaren printzipioak orobat erabil daitezke antolaketa-sistema kaltegarriagoak diseinatzeko, jendea manipulatzen dutenak: hautatu edo egin nahi ez dituzten zein komeni ez zaizkien erabakiak harraraziz jendeari (ikus Eredu ilunak).
Giza arrazionaltasunaren mugak –erabakiak hartzeari dagokionez– dira jarrera-ekonomia deritzon diziplinaren aztergai nagusia.
Erabiltzaileen portaera xederik gabean oinarrituriko elkarreragin-jarduerak aurreikusi behar lituzkete antolaketa-sistemek. Erabiltzaile batek, nahiz eta baliabide bati loturiko premia zehatzik ez izan buruan, elkarreraginean jardun dezake antolaketa-sistema batekin, ikuste aldera zer biltzen duen sistema horrek, edo entretenimendua zein hezkuntza jasotzeko. Demagun bisitari bat museoan sartu dela kanpoko bero-sapari ihes egiteko. Haren erabilera-baldintza zera izango da: berorik ez egotea eta –beharbada– gauza interesgarriak ikustea. Zoora doan bisitarik batek, baliteke animalia jakin bat ikusi nahi izatea, baina, gehien-gehienetan, ausazko bide bati jarraituko dio, gutxi gorabehera, zooko baliabideetan barna. Era berean, webean barna surfeatzea ere ekintza ausazkoa da, eta ez informazio-beharrak bideraturiko portaera bat. Halako baldintzak asetzeko, ez da nahikoa bilaketa-gaitasunak eskaintzea eta kito; aitzitik, bestelako elkarreragin-mota batzuk eskaini behar dira, hala nola nabigazioa edo iradokizunak.
Azkenik, erabiltzaile guztiak ez dira gizakiak, ez dituzte beren bilaketa-galderak idazten edo katalogoetan bilatzen. Antolaketa-sistemek aurreikusi behar lukete zer gertatuko litzatekeen baldin eta agente konputazionalek sistemara joko balute APIen bidez (aplikazioak programatzeko interfazeak); halako kasu batean, beharrezkoa da sarbide-prozedura eta baliabide-deskribapen oso estandarizatuak erabiltzea, elkarreraginak ahalbidetu nahi badira.
10.2.2 Muga sozio-politikoak eta antolaketari dagozkionak
Elkarreragin-jarduerak diseinatzeko garaian, bada muga garrantzitsu bat, izan ere, antolaketa-sistemen ekoizleen sarbide-arauak ezartzen dituzte, 3.4.3 atalean azaldu dugun bezala (Sarbideari dagozkion arauak). Baliabideak eta beren deskribapenak mugatuta badaude, baliteke elkarreragin-jardueretan zenbait propietate erabili ezin izatea, eta, ondorioz, elkarreragin-jarduera horiek ez ahalbidetzea.
Antolakundeen arteko mugak zein muga sozio-politikoak ezartzen dira baldin eta elkarreragin-jarduera bateko alderdiek, edo baita antolaketa-sistema bateko ekoizleek ere, boterea gauzatu badezakete beste alderdi batzuen gainean, eta, horrenbestez, elkarreragin-jardueraren nolakotasuna kontrolatu badezakete (are, baita baliabide-deskribapenen nolakotasuna ere kontrolatu badezakete). Badira hainbat muga-mota:
- Informazioaren eta botere ekonomikoaren asimetria
Zenbait antolakundek ahalmena dute beren elkarreragin-baldintzak eta deskribapen-formatuak ezartzeko beren bezeroei. Adibidez, Google eta Apple enpresek, nork bere aldetik, jabetzapeko APIen bidez eta hirugarren alderdi baten aplikazioak onartzeko prozesuaren bidez, zehaztu dezakete ea zer neurritan lor dezaketen inter-operazionaltasuna beren plataforma ugariak darabiltzaten produktuek, zerbitzuek eta aplikazioek. Beraz, alde batetik, eragile nagusi gutxi batzuk daude, eta, bestetik, laguntza, zerbitzu edo osagai osagarriak eskaintzen dituzten entitate txikiago mordoxka bat; batzuen eta besteen artean asimetria itzela dagoenez, de facto estandarrak sor daitezke, zeinak zama handi samarra izan baitaitezke negozio txikientzat; ondorioz, lehiakortasuna murriztu daiteke orokorrean.
- Estandarrak
Industriako edo komunitateko estandarrak funtsezkoak izan daitezke sistemen, aplikazioen eta gailuen arteko inter-operazionaltasuna ahalbidetzeko. Interfaze estandar batek deskribatzen du zer datu-formaturekin eta protokolorekin bat egin behar luketen sistemek. Estandarrekin bat egin ezean, zailagoa suertatzen da antolaketa-sistema desberdinetako baliabideak uztartzea. Estandarizazioari dagokionez, badira zailtasun batzuk: antolaketaren inertzia; arau, prozesu edo garapen-talde itxiak; jabetza intelektuala; egiaztagiriak; zehaztapenik ez egotea; elkarri lehia egiten dioten estandarrak; inplementazio-kostu handiak; bat-etortzea neurtzeko modurik ez egotea; argitasunik edo kontzientziarik ez egotea, eta estandarrak gehiegi erabiltzea, merkataritza oztopatzeko.
- Politika publikoa
Negozioetatik eta erakunde estandar-egileetatik harago, gobernuak eragin nabarmena du antolaketa-sistemetako balizko elkarreraginen inplementazioan eta arrakastan. Gobernuek eta gobernu-entitateek, osagai handiak eta besterenezinak dituzten aldetik, negozio handiek adinako eragina daukate, beren tamaina dela-eta, eta, halaber, eragin nabarmena dute gizarte orokorraren gainean. Munduan badira gobernu-modu ugari, hala zentralismoan oinarrituriko autokraziak nola egitura lausoko nazio-estatuak, eta helmen handiko ondorioak izan ditzakete baliabide-deskribapenen arauak diseinatzeko moduari dagokionez. Badira legeak eta arauak, datuen pribatutasunari dagozkionak, zeinen ondorioz antolaketa-sistemek ezin baitituzte erregistratu erabiltzaileei buruzko zenbait datu; horrenbestez, informazio horretan oinarritutako elkarreragin-jarduerak debekatzen dira.
Negozio edo antolakunde beraren barruan diharduzunean ere, elkarreragin-diseinuari dagozkion mugak sor daitezke antolaketa-sistementzako arau kontraesankorren ondorioz, eta, are gehiago, baliteke sistema bereiziak eta loturarik gabeak inplementatu behar izatea, zeinak ezin baitira bateratu, inbertsio gehigarririk egin gabe. Baliteke gordailuetan bildutako negozio-funtzioak bat ez etortzea baliabideen edo baliabide-deskribapenen uztartzearekin, lehia-abantaila edo baliabideak lortze aldera beste negozio-funtzio batzuen aldean.
Antolaketa-unitateek, sarritan, balio-ekarpen desberdina egiten dute, eta arau, prozesu eta politika desberdinak dituzte; nolanahi ere, antolaketa-unitateek argi bai argi zehaztu eta lehenetsi behar dituzte elkarreraginen xedeak, prozesuak lerrokatu eta koordinatu, eta lankidetzan jarduteko trebeziak eraiki behar dituzte, inter-operazionaltasun maila handia erdiesteko antolaketa-sistemaren baitan edo antolaketa-sistema desberdinen artean.
Geratu eta pentsatu: Estandarrak
Erraza da estandarrak emantzat jotzea, baina, estandarrik gabe, gure bizitzak ez lirateke hain leunki ibiliko, zeren produktu eta zerbitzu askok ez lukete behar moduan jardungo eta, are gehiago, horiek erabiltzea arriskutsua izango litzateke. «ISO Estandarra» esaldia bilatzen baduzu, ia edozein gauzarekin batera, zerbait topatuko duzu ziur. Saiatu, adibidez, «moneta», «janaria», «eguzkitako betaurrekoak» «tea», «ura», «ardoa» eta zeuk asmatutako batzuk bilatzen.
Informazio-trukeaz gainera, antolaketaren inter-operazionaltasunaren beste xede bat da zerbitzuak eskaintzea, zeinak luze-zabal eskura baitaitezke, erraz identifikatu, eta enpresa osotik iritsi horietara.
Edonola ere, erakundeen arteko mugak ez dira, berez, erakundeen baitako mugak bezain deterministak; izan ere, gerta daiteke eskumen zabalak dituen erabaki-egile batek zera zehaztea: elkarreragin-jarduera bat nahikoa garrantzitsua denez, merezi duela arau eta formatu instituzionalak aldatzea, bai eta kategoria-sistemak ere (ikus 7.2.3. Kategoria instituzionalak).
Muga arautzaileak: Ahaztua izateko eskubidea
Ideia polemiko bat, «ahaztua izateko eskubidea» deritzona, lege bilakatu zen Europar Batasunean 2014ko maiatzean, izan ere, EBko Auzitegi Gorenak ebatzi baitzuen ezen jendeak bilaketa-motoreei eska ziezaiekeela beren informazio pertsonalaren pusketa batzuk kentzeko beren bilaketa-emaitzetatik (bilaketa-motor horietako bat litzateke Google, Europako bilatzaile-merkatuan nagusi).
Ebazpenaren oinarrian EBren Datuak Babesteko Zuzentaraua zegoen, 1995ekoa: Interneten eta bilaketa-motoreen gailentasuna ezarri baino lehenagokoa da datuak gordetzeko arau hori. Pribatutasunaren babesle askok garaipentzat jo zuten ebazpen hura; teknologiaren eta komunikabideen alorrean dabiltzanek, ordea, zentsura zela salatu zuten. Edonola den ere, argi geratu da Europako Batzordeak datuen babeserako politikak eguneratu eta modernizatu behar dituela; proposamen bat egina dago Europako Parlamentuan, 2012. urteaz geroztik, eta hori indarrean jartzeko planak bidean dauden liburu hau egiten ari garen unean (2014ko uda). Iturria: Europako Batzordearen fitxa teknikoa, «ahaztua izateko eskubidea»ren ebazpenaren harira.
