12. Ikerketa kasuak
Robert J. Glushko
12.8 Astekari bat
Egilea: Ian MacFarland; 2013ko abendua.
Laburpena. New York hiriko auzo bateko astekariak, orain, Queens-eko barruti osoko albisteak bildu behar ditu. Barruti horretan era askotako jendea bizi da –2 milioi biztanle ditu denera–, beraz, astekariaren jabeek, eremu osorako edizio bakarra argitaratu beharrean, 14 edizio bereizi sortzea erabaki dute, auzo bakoitzeko bana. Edizio guztiek badituzte ezaugarri komun batzuk: entrega-epea, banaketa-egutegia eta langileak; ordea, edizio bakoitzak badu bere edukia berezia, xede-irakurleei zuzendua.
Zer antolatu nahi da? Astekariaren baliabideak –haren edukia– hauek dira, gehienbat: artikuluak eta argazkiak, langileek zein kanpoko kolaboratzaileek sortuak, astean zehar. Sarritan, egunkari eta astekarietan, kazetari bakoitza gai batean espezializatzen da (politika, hezkuntza, «polizia eta auzitegiak», etab.); hala, arlo horretako aditu bilakatuko da, eta gai horri loturiko albisteak jarraituko ditu, eremu geografiko zabal batean. Nolanahi ere, astekari honek, bere historian, auzoko albiste «guztiz tokikoak» landu ditu batez ere, ondorioz, astekariko zazpi kazetariei eremu geografiko xeheago bat esleitu zaie –14 edizioek lantzen dituzten auzoetako birekin bat datozenak–, eta eremu horren barruan, era guztietako gaiei buruzko erreportajeak egin behar dituzte. Bestalde, kazetari gehienek trebetasuna dute barruti osoan interesa duten gaiak, hala nola udal gobernuari edo garraioari lotutako auziak, lantzen, eta arlo horiei dagozkien albisteak ere sartuko dituzte asteko edukien planifikazioan. Langileek albisteen zerrenda zentralizatu bat daukate, albiste bakoitzaren baliabide-deskribapenekin: haren izengoitia (izen deskriptibo laburtu bat, zer auzori dagokion adierazten duten txartelekin), luzera, eta «artea» daukan edo ez.
Zergatik antolatu nahi da? New Yorken, komunikabideen merkatua goraino beteta dago eta lehiakortasun itzela dabil; astekari honetako kideek uste dute ezen auzo indibidualei eskaintzen dieten arreta zorrotza dela beren lehia-abantaila. Are gehiago, astekariaren irakurle gehienak harpideak dira: posta bidez jasotzen dute astekaria, eta ez kioskoan erosi. Horrek badu ondorio aipagarri bat: harpide-sistemarik gabeko egunkarietan, sarri, asteko albisterik lizunena jarri ohi da azalean –kioskora doazenak erakartzeko–; gure astekariak, ordea, joera horri kontra egiten dio, eta, oro har, bi albiste «aspergarri samar» eramaten ditu azalera, zeinak oso-oso garrantzitsuak baitira auzokoentzat: adibidez, tokiko eskolari edo gobernuari buruzko kontuak, delitu nabarmenak, eta auzokideei buruzko artikulu zein albisteak, giza interesekoak. Astekarian zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta eduki zabalagoa aurkituko du irakurleak, ez hain tokikoa; batzuetan, albisteak edizio batean baino gehiagotan agertzen dira, kokapen desberdinarekin eta baita goiburu desberdinarekin ere, tokikotasun-maila aproposa lortze aldera.
Maila orokorragoan, noski, irakurle orok egunkari eta astekarietatik espero dituen elkarreragin-jarduera ohikoak ahalbidetu behar ditu astekari honek. Irakurleek, normalean, ez dute astekaria hasi eta buka irakurtzen, hortaz, astekari honek irakurketa-estilo mordo bat ahalbidetzen ditu: goiburu handiak, argazkiak, eta hasiera zehatz eta erakargarriak baliatzen dira, gainetik irakurtzea eta interesko gaiak identifikatzea ahalbidetuz; gainera, egunkaria hainbat ataletan zatituta dago, hala nola «Iritzia», «Kirolak» eta «Artea eta entretenimendua», eta, horri esker, irakurleek zuzenean jo dezakete beren intereseko atalera, lehen orria pasata.
Zenbat antolatu nahi da? Tokiko astekari txiki honen atzean, antolaketa-maila konplexu bat dago, harrigarriki. Albisteen hautaketari dagokionez, aproposak ote diren aztertzen da, antolaketa printzipio gisa; printzipio horretan uztartzen dira kokapenaren xehetasun-maila (auzo honetako jendeari eragiten dio zuzenean?; hemen gertatu zen?), garrantzia (irakurleei aipagarria irudituko zaie?), eta denbora (albiste zaharra da?; beste norbaitek eman du honen berri jada?). Horren kontrakarrean, badira beste faktore batzuk, eragina dutenak orobat: egunkarien industriaren errealitate ekonomikoa, zeinak berekin baitakar albisteak ipintzeko espazio oso mugatua (muga fisiko garestiak baitira hala papera nola inprentako lana), eta 14 edizioak entrega-epea baino lehen ekoizteko behar den lan-indarra. Horrenbestez, astekari honetan sistema hierarkiko bat erabiltzen da, zeinean 14 edizioak hiru zonatan kategorizatzen baitira: zona bakoitzean, edukiaren bi heren berdinak izango dira edizio guztietan, eta beste herena, berriz, desberdina izango da edizio bakoitzean (heren horretan, bereziki garrantzitsuak dira lehen hiru orrialdeak). Hala, adibidez, garraioari loturiko albiste bat, interes orokorrekoa, ez da 14 aldiz landu behar modu bereizian; aitzitik, auto istripu larri bat gertatu bada, azalean agertuko da zenbait ediziotan (istripua gertatu den auzoetan eta biktimen auzoetan), eta beste edizio batzuetan, ostera, beranduago agertuko da (edo ez da aipatuko).
Noiz antolatu nahi da? Asteko albisteen zikloan, baliabide editorialen hautaketa, sorrera eta antolaketa aldi berean gertatzen dira, hein handi batean. Albisteen zerrenda eguneratu egiten da astean zehar, eta artikulu zein argazkiak non jarriko diren aldez aurretik erabakitzen da, xede-gaiaren arabera, baliabidea bera sortu baino puskaz lehenago. Hala ere, xede-hartzaileengana iritsi baino askoz lehenago osatu behar da antolaketa, izan ere, azken bertsioa inprimatu, itsatsi eta irakurleei bidali behar baitzaio postaz; prozesu horrek, auzi logistikoen ondorioz, hainbat egun irauten ditu: hortaz, astekariaren diseinua asteartean osatzen da (ahalik eta beranduen, iragarkiak jasotzeko aukera maximizatzeko), asteazkenean inprimatu, eta ostegunean edo ostiralean banatzen da posta bidez.
Nola edo nork antolatu nahi du? Giza agenteak –editoreak, zehazki– dira astekariaren antolatzaile behinenak. Albiste bat edizioan sartu eta non ipini erabakitzeari dagokionez, kazetarien irizpideaz fidatzen dira, haiek ezagutzen baitute hobekien beren espezializazio-arloa, baina editoreak, horretaz gainera, aintzat hartzen du bere iritzi propioa, albistearen kalitatearen ebaluazioa, eta iragarkiak non ipiniko diren (albisteen kokapena baino lehen erabakitzen da hori). Antolaketa-sistemaren inplementazioa diseinatzaileek gauzatzen dute, astekarien edukiaren kudeaketarako softwarea erabiliz neurri batean.
Beste kontu batzuk. Astekarien zikloaren zametako bat da ezin duzula inoiz bermatu astekariko baliabideen efektibotasuna: hurrengo edizioa ateratzean, aurreko albisteak zaharkituta geratuko dira, eta, gainera, ezin da jakin noiz gertatuko den garapen berriren bat, zeinak albiste baten garrantzia edo egokitasuna gutxituko baitu. Are gehiago, astekariaren osaketaren eta banaketaren artean denbora-tarte bat dagoenez, baliteke albiste baten efektibotasuna iraungitzea, argitaratu aurretik ere.
