12. Ikerketa kasuak
Robert J. Glushko
12.15 Dokumental bat egitea
Egilea: Suhaib Syed; 2013ko abendua.
Laburpena. Lan-talde txiki bateko kidea nintzen, eta dokumental bat egiteko xedea genuen, Indiako goi-mailako hezkuntza-sistemaren arazoak argitara ekarri nahian. Luze eta zabal bidaiatu ginen herrialdean barna, zer pentsatua ematen zuten lekukotasunak bilduz, elkarrizketa argigarriak eginez eta egia harrigarriak aurkituz. Lan-taldea erlatiboki txikia zenez eta egutegia, berriz, zorrotza, grabaketa gordinak formatu generiko batekin gorde genituen (MVI_123 etab.). Neu nintzen filmaren zuzendaria, horrenbestez, editoreari lagundu behar nion fitxategiak izendatzen eta berrantolatzean, honako helburu hauekin: gure bizitzak erraztea, bideo haiek guztiak lortzeko egindako ahalegin eskergari merezi zuena ematea, eta bideoak modu eraginkor batean baliatzea.
Zer antolatu nahi da? Antolatu beharreko baliabide nagusiak zera ziren: grabaketa-aldian sortutako bideoak (digitalak, DSLR kamerekin grabatuak). Testuinguru horretan, baliabide pasibo gisa sailkatu zitezkeen, ez baitzuten egiazko ahalmenik balio egokirik sortzeko beren kasa; hortaz, haien gainean ekin behar zen, edo haiekin elkarreraginean jardun, efekturik lortu nahi bagenuen. Arazo garrantzitsuena, nolanahi ere, baliabide-deskribapen erabilgarriak formulatzea zen, honako baliabide-propietateak oinarritzat hartuz betiere:
-
Propietate intrintseko estatikoak
Sorrera-data eta -ordua, kliparen iraupena, zer kanpo-argiztapen mota erabili zen, zer kamera erabili zen, zer leiar erabili zen, esposizioa, ISO, zurien balantzea, zenbat fotograma segundoko, konpresio-mota.
Propietate estrintseko estatikoak
- Hartualdien sekuentzia-zenbakia (irudi-elementu bakoitzari esleitu zitzaion, irudi-eskema garatzeko prozesuan), hartualdien mugimendu-mota (dolly, jarraipenean zentratua, zooma, makroa etab.).
Fase zehatz horretan, propietate dinamiko intrintsekoek zein estrintsekoek ez zeukaten garrantzia handirik baliabideen deskribapenaren zegokionez.
Lan mordo bat egin genuen irudi-eskema zehazteko, eta xehetasun-maila egokia zein zen identifikatu genuen, hartualdi-sekuentzia bakoitza modu bereizian hartzeko helburuarekin; hala, hartualdiaren sekuentzia-zenbakia baliabide-deskribapenaren zati garrantzitsu gisa baliatu genuen. Horri esker, gure deskribapenak motzak eta esanguratsuak ziren.
Gainera, ohartu ginen bideoekin batera hartutako audio-klipak ere antolatu behar genituela, baina audio-fitxategiek lotura estua zutenez bakoitzari zegokion bideo-fitxategiarekin, bideoen izen berdina jarri genien, luzapena aldatuz, hori bai. Audio-fitxategien propietate intrintseko estatikoak identifikatzeko (hala nola biten ratioa eta konpresio-mota) edizio-softwarea baliatu genuen.
Zergatik antolatu nahi da? Baliabideak aurkitu, identifikatu eta hautatu nahi genituen, narrazio indartsu bat harilkatzeko eta, modu horretan, egia modu eraginkor batean helarazteko; horixe zen, funtsean, baliabide digitalak antolatzeko arrazoia.
Hortaz, elkarreragin-jarduerak baliabide primarioekin gauzatzen ziren zuzenean.
Gure antolaketa-sistemak honako elkarreragin-jarduera hauek ahalbidetu behar zituen:
- Irudi-eskemako atal jakin bati zegozkion klipak aurkitzea.
- Filmean sartu beharreko klipen sorta onena aurkitzea, kontuan hartuz istorioaren egokitasuna, progresioa, jarraikortasuna eta beste zenbait faktore, elkarri lotuak.
- Klipa manipulatzea (hala nola kolorea zuzentzea, zurien balantzea egitea eta egonkortzea), efektu estetikoak lortu nahian.
- Klip bati dagokion bideoa eta audioa bateratzea.
- Soinu-banka egokia hautatzea, klipetan erakusten diren emozioak eta narrazioaren progresioa kontuan hartuz.
- Azpidatziak gehitzea, baldin eta hizlaria atzerriko hizkuntza batean ari bada edo nekez ulertzen bazaio.
Zenbat antolatu nahi da? Gure antolaketa-sistemaren helmena eta neurria erlatiboki mugatua zenez eta baliabide guzti-guztiak eskura genituenez, erabaki ausart batzuk egiteko gai izan ginen, arazo mordo bat eragin gabe. Baliabideen deskribapenari dagokionez, hiztegi kontrolatu eta bertikal bat sortu genuen: horretarako, baliabide-propietate jakin batzuk hautatu genituen, nahita. Gure helburu nagusia, deskribapenak ahalik laburrenak izatea, eta, aldi berean, informazio baliotsuena adieraztea, baliabideekin elkarreraginean jarduten lagun gintzan (hots, bideo-klipekin elkarreraginean jarduten).
Erraza zatekeen data- eta ordu-zigiluetan oinarrituriko identifikazio bat ezartzea; hala, bildumako baliabide guztiek (kamera bati dagozkion klip guztiek) identifikatzaile esklusibo bat izango lukete, baina konturatu ginen gure kamerek automatikoki eransten ziotela informazio hori fitxategiei, xehetasun teknikoekin batera (zenbat fotograma segundoko, irekidura, obturadorearen abiadura eta zurien balantzea), eta gure sistema operatiboak eta edizio-softwareak aise identifikatu, erakutsi eta bilaketak egin zitzakeela horren baitan; horregatik, xehetasun horiek ez erabiltzea erabaki genuen.
Halaber, argiztapenaren baldintzei zegozkien propietate garrantzitsu batzuk ez kontuan hartzea erabaki genuen, ez eta kokapenari zegozkionak ere, zeren, klip gehienen hasieran klaketa agertzen baitzen, informazio horrekin guztiarekin, eta gure edizio-softwareak bideo-fitxategi guztien miniaturak erakusten zizkigun, bideoaren lehen eszena erabiliz.
Hala, horiek guztiak orekatu genituen hiztegi kontrolatu bat osatzeko, zeinean, lehenik eta behin, hartualdiaren sekuentzia-zenbakia agertzen baitzen; jarraian, hartualdiaren zenbakia eta, azkenik, kameraren identifikazioa (adibidez, A kamera, B kamera). Halako zerbait: 2A_1_B kamera.
Alabaina, jakitun ginen ezen erabaki horiek denak gure operazio-sistemari eta edizio-softwareari zegozkiola modu espezifikoan; hortaz, ez zuten ematen inter-operazioan aritzeko aukerarik.
Noiz antolatu nahi da? Gure kasuan, baliabideak eskuratu bezain laster antolatu nahi genituen, baina huts egin genuen, eta, azkenean, beste antolaketa-sistema bat gauzatu genuen, baliabide guztiak eskuratu eta gero. Egoera hori gure mesedetan erabili genuen, deskribapen-sistema espezifikoago bat sortuz.
Nola edo nork antolatu nahi du? Onenean, argazki-zuzendariaren lehen laguntzailearen zeregina litzateke, edo bigarren edo hirugarren laguntzailearena (aurrekontuaren arabera), fitxategien izen guztiak behar moduan gorde direla eta txartel guztien segurtasun-kopiak egin direla ziurtatzea. Baina, gure mugen ondorioz, gu geu (zuzendaria eta argazki-zuzendaria) arduratu ginen metraje gordina antolatzeaz.
Beste kontu batzuk. Badago kontu garrantzitsu bat, bazterrean utzi duguna azalpen honetan: dokumentalean agertzen ziren pertsona batzuek beren identitatea ezkutatzeko premia zuten; horretarako, haien aurpegia distortsionatu behar genuen, edo ahotsa modulatu. Ezin genuen elkarreragin-jarduera bat gauzatu, zeinak identifikatzen baitzuen zer klipetan ageri zen beren identitatea ezkutatu nahi zuen jendea; hala ere, erraza zen efektu bereziak sekuentzia oso batean gainean ipintzea, klip guztiak elkartu ostean.
