4. Antolaketa-sistemetako baliabideak
Robert J. Glushko, Daniel D. Turner, Kimra McPherson, Jess Hemerly
4.5 Baliabideak denboran
«Zer da baliabidea?» eta «Nola identifikatuko dugu?» gisako galderei erantzutea lantegi konplexua da, eta, sarritan, modu jarraituan lan egin behar da, halako galderei egoki erantzuteko antolaketa-sistema garatu ahala. Baliteke hainbat gauza ezagutu behar izatea: nola aldatzen den baliabide bat denboran, edo batere aldatzen ez den (baliabidearen iraunkortasuna); baliabidearen egoera edo edukia martxan jartzen al diren une jakin batean (baliabidearen eraginkortasuna); baliabidea benetan ote den esaten duen hori (baliabidearen egiazkotasuna) eta batzuetan jakin behar dugu nork egiaztatu duen baliabidearen egiazkotasuna denboran (baliabidearen jatorria). Baliabide bat izan daiteke iraunkorra, baina egiazkotasunari buruzko galderak egin nahi baditugu, eta erantzun egiaztatuak jaso, kustodia-kate erregistratu batek dakarren jatorriaren premia izango dugu. Eraginkortasunak, berriz, deskribatzen du zeintzuk diren baliabidearen bizi-zikloaren mugak denbora-lerroan.
4.6 marrazkia: Baliabideak denboran
Baliabideak denbora mantentzeari dagokionez, badira aintzat hartu beharreko lau alderdi: iraunkortasuna, jatorria, egiazkotasuna eta eraginkortasuna.
4.6 marrazkiak –Baliabideak denboran– lau kontzeptu hauen arteko harremanak erakusten ditu: Iraunkortasuna, Jatorria, Egiazkotasuna eta Eraginkortasuna.
4.5.1 Iraunkortasuna
Zure antolaketa-sistemako «gauza bat»ek zer esanahi duen adostu ostean ere, beste galdera bati erantzun behar izango diozu oraindik: ea zein den baliabidearen identitatea denboran, edo, bestela esanda, zein den baliabidearen iraunkortasuna.
Gizako esfinge handia
Gizako esfinge handiak mila urtetik gora iraun du. Ekintza bandalikoak egin dizkiote, Napoleonen artilleriaren erasoa pairatu du, sorbaldaraino lurperatu dute desertuko harea-ekaitzek eta, XX. mendean, indusketak egin zizkioten; baina, iraun egin du hala ere. Adituak ez dira ados jarri haren jatorriari dagokionez, ez eta «esfinge» izena egokia ote den erabakitzeko garaian ere; hala ere, bi-biak ezagunak dira mundu-mailan, meme iraunkor bat balira bezala gure kontzientzia kolektiboan. (Argazkia: R. Glushko)
4.5.1.1 Identifikatzaile iraunkorrak
Zenbat denbora iraun behar du identifikatzaile batek? Coyle-k ohiko erantzun bat ematen du, zeina ez baita asegarria: «Behar den adina». Kasu batzuetan, denbora-tartea labur samarra izaten da. Kafe berezi bat eskatzen duzunean eta zerbitzariak zure izena aipatzen duenean, identifikatzaile horrek gutxi iraungo du: zuk edaria jaso arteko denbora, hain justu ere. Datu zientifikoak, ekonomikoak, erroldari buruzkoak eta bestelako datuak biltzen dituzten liburutegi eta biltegietan, ordea, denbora-tartea «betirako» izan liteke.
Identifikatzaile iraunkorrak diseinatu nahi badira, biak hartu behar dira kontuan: eskatutako denbora-tartea eta identifikatu beharreko baliabide-kopurua. 1980an, Interneteko Protokoloa (IP) diseinatu zenean, 32 biteko helbide-eskema bat zekarren, zeina aski baitzen 4 bilioi helbide esklusiboak biltzeko. Baina Internet hainbeste hazi denez, eta hainbeste hazi denez espero gabeko baliabideei dagozkien IP helbideen erabilera, helbide-eskema berri bat sortu da, 128 bit dituena.
4.5.1.2 Baliabide iraunkorrak
Sarritan, iraunkortasunak zerikusia izaten du teknologiarekin; hala ere, garrantzitsuagoa da iraunkortasunari buruzko beste ikuspegi hau: instituzio edo antolakunde batek zenbait jarduera egiteko konpromisoa hartzea, eta jarduera horiek denboran egitea, ziurtatze aldera baliabidea eskura egongo dela haren beharra dagoenean. Beste era batera esanda, iraunkortasuna ziurtatzeko, kontserbazio- (ikus 3.5.2 atala) eta gobernantza-jarduerak (ikus 3.5.4 atala) gauzatzen dira.
Kontserbazioaren eta iraunkortasunaren arteko harreman sotilak galdera interesgarri batzuk hauspotzen ditu honako gai honen inguruan: baliabide batek bere horretan irauten badu denboran, zer esan nahi du horrek? Hona hemen iraunkortasuna zer den adierazteko modu bat: baliabide iraunkor bat ez da inoiz aldatzen. Nolanahi ere, baliabide fisikoek mantentze-lanen premia izaten dute, konpondu edo zaharberritu egiten dira, irisgarriak eta erabilgarriak izan daitezen, eta pentsa genezake, beharbada, jarduera horiek jatorrizko baliabidea eraldatuko dutela neurri batean behintzat, eta beraz baliabide ezberdin bat bihurtuko direla. Halaber, baliabide digitalen kopiak egin behar dira aldian behin, baita migratu ere, eskura jarrai dezaten, eta baliteke, prozesu horretan, baliabideen formatu digitala aldatzea.
Geratu eta pentsatu: Teseoren paradoxa
Teseoren itsasontzia portuan ainguratuta dagoen egun bakoitzean, ontziko ohol bat ordezkatzen diote, harik eta, zenbait urteren buruan, itsasontzia guztiz berritu arte: ez da geratzen hasierako oholetako bat bera ere. Teseoren itsasontzia al da oraindik? Eta demagun ontzigileek, bien bitartean, itsasontzi berri bat sortu dutela itsasontzi zaharreko oholak erabiliz: hori al da Teseoren itsasontzia?
Baliabidek askok –online egunkariek edo blogek– etengabe aldatzen dute edukia, baina identifikatzaile iraunkorrak dituzte hala ere. Horrek iradokitzen du iraunkortasuna era abstraktuagoan irudikatu behar genukeela, eta baliabide iraunkortzat hartu behar genituzkeela funtzionamenduaren aldetik berdin irauten duten baliabideak, hau da, beren bizi-ziklo osoan elkarreragin-jarduera berdinak ahalbidetzen dituztenak, beren ezaugarri fisikoak zein informazio-balioak aldatu arren.
4.5.2 Eraginkortasuna
Baliabide askok, edo horien ezaugarri askok, eraginkortasun lokatiboa edo denborazkoa daukate, hau da, denbora edo toki jakin batean jartzen dira martxan; hortaz, ziur asko, eraginkor izateari utziko diote etorkizuneko data batean, eta baliteke eraginkor izateari uztea zenbait tokitan.
Eraginkortasun tenporala –«bizitzeko denbora» ere deitzen zaiona– denbora-tarte baten bidez adierazi ohi da orokorrean: hau da, bi dataren arteko tartea adieraziz. Lehenik, baliabidea eraginkor bihurtzen den data agertzen da, eta, ondoren, baliabideak noiz utziko dion eraginkor izateari edo noiz iraungiko den adieraz daiteke. Baliabide-mota batzuei dagokionez, sorrera-unetik beretik izaten dira eraginkorrak; beste batzuen kasuan, ordea, eraginkortasun-data ez da sorrera-unea, beranduagoko momentu bat baizik. Adibidez, gerta liteke lege bat azaroan onartzea, baina hurrengo urteko urtarrilaren 1ean sartzea indarrean; kreditu-txartelak, bestalde, aktibatu egin behar dira erabili aurretik, eta iraungipen-dataren ostean ezin dira gehiago erabili. «Eraginkortasun-data»k dira produktu galkorren «iraungipen-daten» ifrentzua. Eraginkortasun-datak adierazten du noiz den produktu bat «ona»; iraungipen-datak, berriz, produktua noiz galtzen den adierazten du, eta, era berean, artxibatu edo ezabatu egin behar dela.
Zer herrialdetan bizi zara?
Beti toki berean bizi izan bazara ere, denboraren igaroak eragina izan dezake «zer herrialdetan bizi zara?» galderan. Har dezagun adineko emakume honen adibidea: 1929an jaio zen, Zemum auzoan, Belgraden, Europako ekialdean, zeina toki berean egon baita beti. Emakumearen bizialdian, bere auzoa zazpi herrialderen mendean egon da: Jugoslaviako erreinua (1929-1941); Kroaziako estatu independentea (1941-1945); Jugoslaviako Jendearen Errepublika Federala (1945-1963); Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista (1963-1992); Jugoslaviako Errepublika Federala (1992-2003); Serbia eta Montenegroko Estatu Batua (2003-2006) eta Serbiako Errepublika (2007tik aurrera).
Eraginkortasun lokatiboak aintzat hartzen ditu mugak, segurtasuna, errepideak, altitudea, sakonera eta beste faktore geografiko batzuk. Baliabide-mota batzuei, tartean jendeari, muga batzuek eragiten diote, garraioari eta erabilerari dagokionez; esate baterako, kargamentu arriskutsua, lehergarriak, narkotikoak, botikak, alkohola eta haxixa ezin dira toki guztietara eraman ez toki guztietan erabili. Jurisdikzioek eragina dute mugetan, garraio-igarobideetan, eguraldi-estazioetan eta neurketa geografikoetan. Paraxutek sentikortasuna dute altuerarekiko, eta urpekaritzako-zilindroek, berriz, sakonerarekiko.
Eraginkortasunari loturiko kezkak, batzuetan, izen eta lekuen autoritate-kontrolarekin gurutzatzen dira. Data, gertakari edo kokapen jakin batzuen eraginez aldatzen dira, sarritan, baliabideen izenak. Legeak eta araudiak aldatu egiten dira antolakundeen mugetan eta muga geografikoetan barna, eta muga horiek maiz aldatzen dira. Toki batzuetan, istiluak, atzerriko okupazioak eta eten politikoak gertatu dira, eta toki horiek izen ezberdinak izan dituzte garai ezberdinetan, baita aldi berean ere.
Gaur egun, halako mugaldeek arazoak sortzen dizkiote Google Maps aplikazioari, nazioarteko muga jakin batzuk erakusten dituenean. Google, izan ere, bere zerbitzariak kokatuta dauden herrialdeko legeen mende dago; hori dela-eta, eztabaidagai dauden mugak aurkezteko garaian, ostatu ematen dioten herrialdearen ikuspuntuarekin bat egin behar du, herrialde espezifiko bati dagokion Googleko gune bat erabiltzen denean mapara iristeko.
Kasu gehienetan, eraginkortasunak berekin dakartza koherentziari loturiko baldintzak, garrantzitsua baita garai batean baliabideek izan duten konfigurazioa zehaztu eta berreraiki ahal izatea. Baliteke urtarrilaren 1an zerga berri bat sartzea indarrean; halere, gobernuak zure errenta-aitorpenak ikuskatzen baldin baditu, zera egiaztatuko dute: ea, errenta-aitorpena egin zenuenean, garaian indarrean zeuden legeak bete zenituen.
4.5.3 Egiazkotasuna
Hitzaren erabilera arruntean, zerbait egiazkoa dela esan ohi dugu baldin eta frogatu edo onartu bada gauza hori bere buruaz esaten duena dela. Egiazkotasunari dagozkion galderen garrantzia eta ñabardura-maila argi ikusten da baldin eta kontuan hartzen badugu hitz mordo bat daudela «egiazko gauza»ren (gauza «originala»ren) eta bestelakoen arteko harremanaz mintzatzeko: kopia, erreprodukzioa, erreplika, faltsutzea, imitazioa, itxurakeria, iruzurra, engainua eta abar.
Hainbat baliabideren kasuan, egiazkotasunak asko axola du, eta erraza da halakoen adibideak aurkitzea: izenpeturiko kontratu legalak, artelanak, artefaktu historikoak, bai eta pertsona baten sinadura ere.
Antolaketa-sistema baten sortzaileak eta hura martxan jartzeaz arduratzen denak, gizaki zein makina izan, berriki sorturiko baliabide bat egiazta dezake, eta orobat egin dezake hirugarren batek. Lanbide asko, hain zuzen ere, baliabide bat egiazkoa den ala ez zehaztean oinarritzen dira.
Teknika mordo bat daude, pertsonen edo baliabide fisikoen identitatea argitzeko balio dutenak. Sarritan, grabatutako informazioaren osotasun fisikoari erreparatzen diogu, edukien zuzentasuna aztertzen dugunean.
Fidatzen zara honetaz?
Ustar.net webgunean, pertsonaia ospetsuek izenpeturiko argazkiak saltzen dira, eta horietako bakoitzak Egiazkotasun Agiri bat dakar berekin; agiri horretan, argazkiaren erreplika bat agertzen da, bai eta Ustar-eko langile baten sinadura ere, zeinak ziurtatzen baitu autografoa eskuz sinatua izan dela benetan. Baina langilearen sinadurari dagokionez, Ustar-ek ez du egiaztagirik eskaintzen, hori baimendua ote den bermatzen duenik. (Pantailaren argazkia: R. Glushko. Iturria: ustar.net)
Zailagoa da, ordea, egiazkotasun digitala zehaztea. Baliabide digitalak ia-ia dohainik erreproduzitu daitezke, kokapen batean baino gehiagotan egoten dira, izen ezberdinak izan ditzakete dokumentu berdinean, edo izen berdinak hainbat dokumentutan, eta bestelako arazoak dakartzate, item fisikoekin suertatzen ez direnak. Badira zenbait konponbide teknologiko, egiazkotasun digitala ziurtatzeko balio dutenak, adibidez, denbora-zigiluak, ur-markak, enkriptatzea eta sinadura digitalak. Nolanahi ere, ikertzaileak metodo teknologikoez fidatzen diren arren oro har, teknologia-zaleak eszeptikoagoak izan ohi dira halako metodoei dagokienez, bai baitakite saihesbideak eta faltsutzeak sortu daitezkeela. Egiazkotasuna frogatzeko sistema teknologiko sofistikatuak indarrean egonda ere, dokumentu baten identitateari dagokionez, ezin dugu guztiz ziurtzat jo bere identitatea jarraikorra izan dela betidanik, baizik eta, soil-soilik, «kustodia-kate»ko lehen katebegitik.
4.5.4 Jatorria
Txinako eskuizkribuak, jatorri-zigilu eta guzti
Eskuizkribu eder hau, Taipeiko Museo Jauregi Nazionalean dagoena, Zhao Ji-k sortu zuen, Huizong enperadoreak, zeina Song txinatar dinastiako zortzigarren enperadorea izan baitzen, duela mila urte, gutxi gorabehera. Ezagun zuen trebea zela poesian, margolaritzan eta kaligrafian. Eskuizkribu honetan bi poema daude: eskuinean, paisaiak margotzeko teknika txinatarra deskribatzen da; ezkerrean, berriz, enperadoreak adierazten du asko estimatzen dituela aranondoen loreak, udaberriaren hasieraren erakusgarri. Zigilu gorriak, berriz, Ching dinastiako hainbat belaunalditako enperadoreei dagozkie; zigilu zaharrena, adibidez, Huizongek poema sortu eta gutxienez bostehun urtera jarri zuten. Gaur egun webgune bati «atsegin dut» ematea bezalako zerbait da zigilu gorri pertsonalizatu bat jartzea baliabide batean; bigarrena askoz modu dotoreagoa da, hori bai. (Argazkia: R. Glushko)
3.2.2 atalean gomendatu genizuen baliabideen erabilerari buruzko frogak edo erregistroak azter zenitzatela, sorrera-iturritik zuenganaino egindako bideari zegozkionak, denbora pasa ahala kalitateari eutsi diotela ziurtatzeko. «Zer gertatu zaio baliabide honi?», galdera pasiboa da; bada, jatorriaren kontzeptuak, ekintza bihurtzen du: zenbait jarduera gauzatzen dira, egiaztatze aldera baliabide bati ez zaiola gauza txarrik gertatuko eta, gertatuz gero, horren berri izatea ahalbidetzeko.
Antzinako Erromaren garaitik beretik, dokumentu garrantzitsuak modu berezi batean sortu dira, beren egiazkotasuna berresteko eta ondoren kontserbatzeko eran, kustodia-kate jarraitu batekin. Dokumentu inportanteak sortzen zirenean, notarioak izaten ziren horren lekuko; gero, dokumentuak babestu egiten ziren, froga gisa zuten zuzentasuna eta balioa mantentzeko. Museoetako eta artxiboetako antolaketa-sistemetan, zeinetan dokumentu edo objektu bitxi zein kulturalki garrantzitsuak gordetzen baitira, jatorriaren printzipioaren bidez adierazten da kezka hori. Bilduma baten edo bertako baliabideen jabetzaren historia da: non egon diren eta zeinek izan dituen baliabide horiek eskura.
Txinan, bada teknika guztiz berezi bat antolaketa-sistemak egiaztatzeko: hain zuzen ere, zigilu gorri oso landuak inprimatzen dira dokumentuetan, liburuetan eta margolanetan. Zigilu horien bidez, baliabidearen jabetza erregistratzen da, eta orobat egiaztatzen da enperadoreak edo ofizial inportanteek berrikusi eta ontzat jo dutela.
Dena den, jatorriaz kezkatzen diren bakarrak ez dira arte historialariak eta dokumentu garrantzitsuen zaindariak. Bigarren eskuko auto bat erosteko asmotan bazabiltza, zuhurra litzateke ibilgailuaren historia egiaztatzea (Ibilgailuak Identifikatzeko Zenbakia erabiliz, horixe baita autoaren identifikatzaile iraunkorra), ziurtatze aldera ez dagoela hondaturik, ez duela urak hartu, eta ez diotela inori lapurtu.
