10. Elkarreragin-jarduerak baliabideekin
Vivien Petras, Robert J. Glushko, Ian MacFarland, Karen Joy Nomorosa, J.J.M. Ekaterin, Hyunwoo Park, Robyn Perry, Sean Marimpietri
10.5 Elkarreragin-jarduerak ebaluatzea
Elkarreragin baten kalitatea kudeatzea, haren helburuari edo xedeari dagokionez, oso garrantzitsua da inplementazioko urrats guzti-guztietan, eta, bereziki, elkarreraginaren jardunean berean. Elkarreragin-jardueren kalitatea ebaluatzen bada diseinu-prozesuko hainbat unetan (diseinuaren kontzeptua, prototipoa, inplementazioa eta jarduna), agerian geratzen da zeintzuk diren antolaketa-sistemaren diseinatzaileen edo operadoreen indarguneak nahiz ahulguneak.
Diseinu- eta inplementazio-faseek iraun bitartean, elkarreraginak probatu behar dira, jatorrizko xedeekin alderatuz, eta aintzat hartuz, halaber, antolaketa-sistemek, baliabideek zein kanpo-baldintzek inposaturiko mugak. Ohikoa da elkarreragin-prozesuak egokitzea eta doitzea, hobeto ase ditzaten elkarreragin-jardueraren jatorrizko xedeak eta helburuak. Hastapeneko fase horiek ebaluatuz, asetasuna neurtzeko moduak bilatzen dira maiz, eta lan hori baliagarria suertatzen da doikuntza-prozesurako. Diseinu-prozesu iteratiboen parte integrala izan behar luke.
Ondorengo faseetan –inplementazioa eta jarduna–, elkarreraginak ebaluatzeko garaian, aintzat hartzen dira antolaketa-sistemen eta horren inguruaren baldintzak, modu dinamikoan aldatzen direnak. Izan ere, erabiltzailearen espektatibak, bai eta inguruneari dagozkion baldintzak zein mugak ere, aldakorrak dira, eta egiaztatu egin behar dira tarteka. Elkarreraginen ebaluazio sistematikoari esker, garaiz behatu daitezke elkarreraginei eragiten dieten aldaketak, eta aintzat har daitezke, elkarreragina egokitzeko, bai eta hobetzeko ere. Fase horietan, elkarreraginak doitu nahi badira, ebaluazioaren alderdi subjektiboagoei erreparatu behar zaio, hala nola asetzeari, esperientziari, ospeari edo «sentipenari». Ebaluazio-prozesuaren zati kuantitatibo eta objektiboa bezain garrantzitsua da ebaluazioaren alderdi subjektiboa. Diseinu- eta inplementazio-prozesuan, hainbat faktore aztertu behar dira, batera jardun daitezen. Kalitatearen ebaluazio etengabeari esker, elkarreraginak behar moduan dabiltzala ziurtatzen da.
Ebaluazioaren alderdiak hainbat modutara bereizi daitezke: zenbateko ahalegina eta denbora behar den horiek gauzatzeko (hala datuak biltzeari nola aztertzeari dagokionez); zer neurritan diren kuantifikagarriak edo konparagarriak antolaketa-sistemako beste neurketa batzuekin; elkarreragineko edo antolaketa-sistemako zer osagaitan zentratzen diren, edo kontuan hartuz zer diziplina, trebetasun edo metodologia baliatzen diren ebaluaziorako.
Badago bereizketa ohiko eta garrantzitsu bat, efizientzia, efektibotasuna eta asebetetzea bereizten dituena. Elkarreragin-jarduera bat efizientea izango da baldin eta bere jarduerak garaiz eta modu ekonomikoan gauzatzen baditu; aldiz, efektiboa izango da baldin eta bere jarduerak egokitasunez eta osoki gauzatzen baditu, eta, azkenik, asegarria izango da baldin eta bere jarduerak gauzatzen baditu espero izandako moduan. Ebaluazio-alderdien artean, asebetetzea da neurtzeko zailena, gustu eta esperientzia pertsonalen mende baitago.
Demagun Shopstyle.com webguneak elkarreragin-jarduera berri bat garatzen duela, eta, horren bidez, modua duzula hainbat gunetan eskaintzen diren jaken luzera konparatzeko. Behin elkarreragin-jarduera diseinatu ostean, ebaluatu egiten da, egiaztatze aldera jaka eta luzera guztiak txertatu direla, eta jaken luzerak egoki neurtu eta konparatu direla. Elkarreragin-jardueraren diseinatzaileek jakin nahi izango dute ea jaka-luzerak egoki erakusten diren, eta, halaber, ea elkarreragin-jarduera efizientziaz gauzatzen den. Elkarreragin-jarduera martxan jartzeko prest dagoenean (normalean, beta edo proba bertsio bat abiatzen da lehenik), erabiltzaileei eta xehekako saltzaileei eskatuko zaie honako galdera hauei erantzun diezaioten: ea, elkarreragin-jarduerari esker, beren erosketa-esperientzia hobetu den; ea konparazioak espero moduan funtzionatzen duen, eta ea zer aldatuko luketen. Ebaluazio-estilo horiek elkarrekin baliatzen dira, elkarreragin-jarduera hobetzeko.
10.5.1 Efizientzia
Antolaketa-sistema baten efizientzia ebaluatu nahi denean, honetan zentratzen gara: zenbat denbora, energia eta baliabide ekonomiko behar diren sistemaren elkarreragin-xedeak lortzeko. Orokorrean, zenbat eta baliabide gutxiagoren premia izan elkarreragin-jarduera arrakastatsu bat gauzatzeko, orduan eta efizienteagoa izango da.
Efizientziaren neurketek, normalean, zerikusia izaten dute ingeniaritzarekin, hala nola ekintza bat gauzatzeko behar den denborarekin, elkarreragin-jarduera batean gauzatu behar den urrats-kopuruarekin edo erabiltzen diren konputazio-baliabideen kopuruarekin. Halaber, gizakien memoriari, arretari eta prozesamendu kognitiboari dagozkion alderdien efizientzia ere hartuko da kontuan, baldin eta erabiltzaileen esperientzia etenik gabea bada, eta sistemarekin elkarreraginean jarduten badira, hala dagokionean.
Antolaketa-sistemetako elkarreragin ugaritan, halere, efektibotasuna da alderdi garrantzitsuena, bereziki orain arte aztertu ditugun elkarreragin-jarduerei dagokionez. Bilaketa-emaitzak ez badira egokiak, ez dira erabiltzailearen premiak aseko, interfazea guztiz erabilgarria izan arren. Elkarreragin-jarduera askoren kasuan, baliabide aproposak berreskuratzeko duten gaitasunaren arabera ebaluatzen dira. Horren zergatia eta hori ebaluatzeko moduak aztertuko ditugu hurrengo ataletan.
10.5.2 Efektibotasuna
Efektibotasunaren bidez ebaluatzen da elkarreragin-jardueren emaitzen egokitasuna. Elkarreragin-jarduera efektiboek, bada, emaitza aproposak edo baliagarriak ematen dituzte. Apropos-izatearen kontzeptua eta efektibotasunarekin duen harremana funtsezkoa da informazioa berreskuratzeko eta ikaskuntza automatikoko elkarreraginetan (ikus 10.5.2.1 atala). Efektibotasunari dagozkion neurketak, sarritan, elkarreragin-jardueraren algoritmoa garatu duten alorretan sortzen dira: informazio-berreskurapenean edo ikaskuntza automatikoan. Doitasuna eta estaldura dira apropos-izatea edo efektibotasuna neurtzen dituzten neurri funtsezkoak informazio-berreskurapenean eta ikaskuntza automatikoko elkarreragin-jardueretan (ikus 10.5.2.2 atala).
10.5.2.1 Apropos-izatea
Informazio-berreskurapenean, eta, hortaz, informazioaren zientzietan oro har, apropos-izatea hartzen da kontzeptu funtsezko gisa. Giza komunikazioko kontzeptu intuitiboenetako bat izan arren, zaila da aproposa zer den definitzea, eta eztabaida biziak izan dira horren inguruan iragan mendean.
Antolaketa-sistemei dagokien bezainbatean, zerbait aproposa dela esango da baldin eta informazio-premia esplizitu zein inplizitu bat asetzen bada erabilera-testuinguru jakin batean eta une jakin batean. Zerbait aproposa den neurtu nahi baldin bada antolaketa-sistemetan, badago erronka bat, izan ere, arrakala bat baitago bi elementu hauen artean: erabiltzailearen informazio-premia (zeina, sarritan, ez baita zuzenean adierazten), eta informazio-premia horren adierazpena (bilaketa). Arrakala horren ondorioz, baliteke elkarreragin-jarduerak emaitza anbiguoak ematea. Adibidez, demagun norbaitek «Paris» hitza sartu duela bere mugikorreko aplikazio batean, Frantziako hiriburura bidaiatzeko aholku bila. Bilaketaren erantzunen artean, Paris Hotelean ostatu hartzeko eskaintzak agertu zaizkio, zeina Las Vegas hirian baitago (AEB). Emaitza horrek asetzen al du erabiltzailearen informazio-premia? Eta, demagun erabiltzaileak Parisi buruzko aholkuak jaso dituela, bai, baina jada ikusiak dituela antolaketa-sistemak eskaintzen dituen baliabide guzti-guztiak? Kasu honetan zein da erabaki egokia, apropos-izateari dagokionez?
Efektibotasuna kalkulatzeko gakoa zera da: zer neurtzen den aintzat hartzea. Bilaketan adierazitako informazio-premia neurtzen bada, gaia aproposa ote den aztertzen da, hau da, sistemari dagokion ikuspegi bat. Ordea, pertsonaren buruan dagoen informazio-premia neurtzen bada, pertinentzia, erabilgarritasuna edo egoera aproposa ote den aztertzen da: ikuspegi pertsonal edo subjektibo bat. Alborakuntza horretan datza, hain zuzen ere, informazio-berreskurapenaren alorreko ikerketa eta eztabaida ugariren muina, izan ere, modu objektiboan neurtu baitaiteke gaia aproposa oten den, baina apropos-izate subjektiboa da egiazko helburua. Elkarreragin-jarduerak aproposak diren neurtzeko, garrantzitsua da, aurre-baldintza gisa, apropos-izatearen zer ikuspegiri jarraituko zaion erabakitzea.
10.5.2.2 Estaldura / Doitasuna konpentsazioa
Doitasunaren bidez neurtzen da emaitza-sorta baten zehaztasuna: bilaketa batean berreskuratutako emaitzen artean, zenbat diren aproposak. Estaldurak, berriz, emaitza-sortaren osotasuna neurtzen du: bildumako baliabide apropos guztien artean, zenbat berreskuratu diren. Demagun bilduma batean 20 baliabide apropos daudela, bilaketa bati dagokionez. Berreskurapen-elkarreragin bat eginez, 10 baliabide biltzen dira emaitza-sortan, eta horietako 5 dira aproposak. Beraz, elkarreragin honen doitasuna %50 da (berreskuratu diren 10 baliabideen artean, 5 dira aproposak); estaldura, berriz, %25 da (20 baliabide aproposen artean, 5 berreskuratu dira).
Informazioa berreskuratzeko elkarreragin-jarduerek berezkoa dute estalduraren eta doitasunaren arteko konpentsazioa. Bilduma bateko baliabide apropos guztiak aurkitu nahi badira, elkarreragin-jarduerak sare zabal batean bilatu behar du, eta, beraz, ez da oso zehatza izango. Aitzitik, oso zehatza izan nahi badu, eta erabiltzaileari baliabide aproposak bakarrik itzuli nahi badizkio, elkarreragin-jarduerak asko bereizi behar du, eta seguru asko ez ditu baliabide apropos guzti-guztiak topatuko. Bilduma bat oso handia bada eta baliabide apropos ugari badauzka edozein bilaketari dagokionez, zehaztasuna murriztea izaten da lehentasun nagusia. Edonola ere, bilduma txikia bada edo, informazio-premia dela-eta, dokumentu aproposa guzti-guztiak topatu behar badira (jurisprudentzia, patenteen bilaketa edo diagnostiko medikuak), estaldura handitzea izango da lehentasuna.
Antolaketa-sistema bateko antolaketa-printzipioen osotasunak eta xehetasun-mailak eragin nabarmena dute estalduraren eta doitasunaren arteko konpentsazioan (ikus 4. kapitulua). Baliabideak antolatzen badira kategoria-sistema xeheen bidez eta baliabide-propietate ugari deskribatzen baldin badira, xehetasun-maila handiko bilaketak egin daitezke, izan ere, posible da desio den baliabide bilatzea sistemaren deskribapenak edo antolaketak ahalbidetzen duen bezain xehe. Alabaina, deskribapenak edo antolaketa oso espezializatuak baldin badira, baliteke zenbait baliabide ezin aurkitzea, ondorioz, uko egingo zaio estaldurari. Antolaketa azalekoa baldin bada –adibidez, galtzerdiak gordetzen dituzun tiradera– galtzerdi guztiz-guztiak topatu ditzakezu (estaldura handia), baina galtzerdi guztien artean bila ibili behar duzu zeuk nahi duzun parea aurkitu arte (doitasun txikia). Estalduraren eta doitasunaren arteko konpentsazioa estu lotuta dago antolaketaren neurriarekin.
10.5.3 Asebetetzea
Asebetetzeak ebaluatzen du zer iritzi, esperientzia edo jarrera duen erabiltzaile batek elkarreraginekiko. Erabiltzaile indibidualen iritziaren mende dago asebetetzea, horregatik, zaila da neurtzen. Erabiltzaileak zer esperientzia duen elkarreraginarekin, horrekin lotuta daude asebetetze-neurketak; gehienetan, erabiltzaile-interfazeen, erabilgarritasunaren edo irudipen subjektibo zein estetikoen alderdiak dira.
Erabilgarritasunak neurtzen du ea elkarreragina eta horren arabera diseinaturiko erabiltzaile-interfazea bat datozen erabiltzaileak horien funtzionamenduari buruz espero zuenarekin. Zehazki, elkarreraginaren erabilgarritasunari erreparatzen dio. Erabilgarritasunaren bidez neurtzen da erabiltzeko erraztasuna, ikasgarritasuna eta ahalegin kognitiboa –zer neurritan erabil dezaketen erabiltzaileek elkarreragin-jarduera bat beren helburua erdiesteko–.
Efizientzia, efektibotasuna eta asebetetzea modu desberdinetan neurtzen diren arren, eta elkarreragin-jardueraren osagai desberdinei eragiten dieten arren, denak dira neurri beren garrantzitsuak elkarreragin-jarduerek arrakasta izan dezaten. Elkarreragin-jarduera bat bizkorra izan arren, ez da oso erabilgarria izango baldin eta emaitza okerrak badakartza. Elkarreragin-jarduera batek egoki funtzionatzen badu ere, erabiltzaileen asebetetzea ez dago ziurtatuta. Elkarreragin-jarduerak diseinatzeko garaian, erronka bat da ezen faktore horiek, nahitaez, konpentsazioak dakartzatela berekin. Elkarreragin-jarduera batek, efektiboa izan arren, ahalegin handia eskatuko dio erabiltzaileari; ondorioz, ez da erabilerraza izango, eta baliteke erabiltzailearen asebetetzea gutxiagotzea. Antolaketa-sistemen eta diseinatzaileen lehentasunek baldintzatuko dute zer propietate optimizatu behar den.
Hel diezaiogun lehen aipatu dugun adibide bati: Shopstyle webguneko jaka-luzeren konparaketa-elkarreragina. Jaka-luzeraren kalkulua denbora-tarte onargarri batean gauzatzen bada, eta ez badira antolaketa-sistemako baliabide mordo bat xahutzen horretan, elkarreragin-jarduera efizientea izango da. Jaka-luzera guztiak egoki neurtzen eta konparatzen badira, elkarreragin-jarduera efektiboa izango da. Elkarreragin-jarduera etenaldirik gabe txertatzen bada erosketa-prozesuan, modu bisualean ahalbidetzen bada interfazean, eta ez bada oso nekagarria ahalmen kognitiboari dagokionez, seguru asko asegarria izango da erabiltzailearentzat, zerbitzu erabilgarri bat eskaintzen baitu (bereziki gorputz-tankera irregularra daukatenentzat). Zer alderdi lehenetsi behar luke Shopstyle webguneak? Seguru asko, efektibotasunaren ondorioak neurtuko ditu, efizientziari eta asebetetzeari dagozkienekin konparatuz. Xehekako antolaketa-sistemei eta kontsumitzaileei bideratutako antolaketa-sistemei dagokionez, asebetetzea da alderdi garrantzitsuenetako bat, beraz oso probablea da efizientziari eta efektibotasunari uko egitea (neurriz, betiere), asebetetzearen mesedetan.
