9. Baliabide-deskribapenen formak

Ryan Shaw, Murray Maloney

9.1 Sarrera

Liburu honetan hainbat aldiz azpimarratu dugu premiazkoa dela nor bere aldetik aztertzea funtsezko antolaketa printzipioak, aplikazioari dagozkion kontzeptuak eta inplementazioaren xehetasunak. Esate baterako, 1.6 atalean, banaketa hori kontzeptualizatzeko modu bat aurkeztu genuen: hiru lerroko arkitektura. 6.7 atalean, ordea, harremanak aztertzeko balio duen inplementazio-ikuspegia alderatu genuen beste ikuspegi batzuekin, zeinek harremanen esanahiari eta egitura abstraktuari erreparatzen baitiote. Kapitulu honetan, kontzeptualizazioaren eta inplementazioaren arteko banaketa landuko dugu orobat; horretarako, baliabide-deskribapenen edukia eta forma bereiziko ditugu.

Aurreko kapituluetan, antolaketari loturiko printzipioak eta kontzeptuak aztertu ditugu, hainbat testuingurutan: antolaketa-sistema pertsonalekin hasi eta sistema kultural zein instituzionalekin buka. Ohartu gara antolaketa-sistema batzuek helmen mugatua dutela, eta mugatua dela, halaber, horien bizi-ziklo aurreikusia: horrelakoak dira, adibidez, zereginetara bideraturiko antolaketa-sistema pertsonalak, hala nola erosketa-zerrendak. Beste antolaketa-sistema batzuek, aldiz, era askotako erabilerak ahalbidetzen dituzte, eta prozesu zorrotzen bidez garaturiko kategoria estandarretan oinarritzen dira; horrelakoak dira, adibidez, produktuen katalogoak.

Honezkero argi samar izan behar zenuke zer auzi kontzeptual hartu behar dituzun aintzat baldin eta baliabide baten deskribapena prestatzen ari bazara eta zure antolaketa-sistemaren xedeak bete daitezen nahi baduzu. Auzi horiei buruz gogoeta eginez gero, zure deskribapenaren edukiak gutxi-asko zertan izan behar duen susmatuko duzu. Auzi kontzeptualei erreparatzeko xedez, geroko utzi ditugu inplementazioari dagozkion kontu espezifikoak. Inplementazioan, deskribapenen forma zehatza hautatu behar da, eta horixe da, hain zuzen ere, kapitulu honetako gai nagusia.

Baliabide-deskribapenen formari dagokion arazoa bi modutara azter dezakegu: egiturari erreparatuz edo idazketari erreparatuz. Lehen ikuspegiaren arabera, baliabide-deskribapenak gauzak dira, eta, bai jendeak bai agente konputazionalek, bi-biek erabiltzen dituzte. Hala, baliabide-deskribapenaren hautaketa diseinu-mota bat da. Ikuspegi hori agerikoa da baliabide-deskribapen batzuen kasuan, hala nola inguru fisikoetako seinale eta mapetan –aireportuak, liburutegi publikoak eta saltokiak–. Halako espazioetan, jendeari bidea topatzen laguntzeko diseinatzen dira baliabide-deskribapenak; nolanahi ere, baliabide-deskribapen guztiak, eta ez bakarrik ingurune eraikietan txertatuta daudenak, har daitezke diseinaturiko objektu gisa. Objektu bat diseinatzeak berekin dakar zenbait erabaki hartzea objektuaren egituraketari buruz, hartara albait egokiena izan dadin bere helburua betetzeko. Diseinuaren ikuspegitik, baliabide-deskribapen baten forma hautatzeak berekin dakar erabakiak hartzea deskribapenaren egiturari buruz.

6.5 atalean, ikuspegi estrukturaletik jorratu genituen baliabideak eta horien arteko harremanak. Kapitulu honetan, berriz, baliabide-deskribapenei erreparatuko diegu ikuspegi estrukturaletik. Alde sotila da, baina garrantzitsua. Baliabideen arteko harremanei dagokien ikuspegi estrukturalak honi erreparatzen dio: jendeak edo prozesu konputazionalek nola elkartzen, antolatzen eta konektatzen dituzten baliabideak. Baliabide-deskribapenei dagokien ikuspegi estrukturalak, berriz, aztertzen du ea nola aurkezten edo inplementatzen diren elkarketa, antolaketa eta konexio horiek guk sorturiko deskribapenetan. Baldin eta baliabideen antolaketa-egitura eta deskribapenen egitura ez baldin badatoz bat, antolaketa-sistema konplexuak, ez-efizienteak eta mantentzeko zailak sortuko dira, gure lehen adibidean ikusiko dugun moduan (9.1 adibidea: Hiztegien erara egituratutako deskribapena).

Baliabide-deskribapenen egitura nolakoa den, deskribapenekin elkarreraginean jarduteko modu batzuk bideratuko dira, eta beste batzuk galaraziko; bestalde, gauza bera gertatuko da deskribapenekin: deskribaturiko baliabideekin elkarreraginean jarduteko modu batzuk bideratuko dituzte, eta beste batzuk galaraziko (Ikus 3.4 atala: Baliabideetan oinarrituriko elkarreragin-jarduerak diseinatzea eta 10. kapitulua: Elkarreraginak baliabideekin). Gogoan izan: baliabide-deskribapenak, bere horretan, informazio-baliabideak dira; horregatik, kapitulu honetan esango ditugun gauza asko orobat aplikatu ahal zaizkio informazio-baliabideen egiturei eta formei, oro har. Beste modu batera esanda, informazio-baliabideen egiturek eta formek taxutzen dute baliabide-deskribapenen diseinua.

Beste ikuspuntu batetik helduz gero, baliabide-deskribapenak sortzea idazketa-modu bat da. Baliteke nik zerbait deskribatzea ahoz, baina deskribapen hori ez da oso erabilgarria izango antolaketa-sistema batean, salbu eta transkribatzen bada. Antolaketa-sistemek deskribapen iraunkorrak behar dituzte: idatziz ipini behar dira, alegia. Zentzu horretan, baliabide-deskribapen baten forma hautatzeko garaian, erabakiak hartu behar dira notazioari eta sintaxiari buruz.

Mendebaldeko kultura modernoan zorrotz bereizi ohi dira diseinua eta idazketa, baina zenbait arlotan, banaketa hori lausotu egiten da: hala izaten da, adibidez, antolaketa-sistemetako baliabide-deskribapenen sorreran. Hurrengo ataletan, diseinuaren eta idazketaren leiarrak erabiliko ditugu, eta horien bitartez erreparatuko diogu baliabide-deskribapenen forma hautatzeko moduaren auziari. Zehatz esanda, deskribapenak egituratzeko aukeren espektroa aztertuko dugu, bai eta zer sintaxi-motaren bidez idatz ditzakegun deskribapen horiek.