3.6 Hirugarren kapituluko gakoak
- Antolaketa-sistema orotan izaten dira hautaketa-, antolaketa-, elkarreraginaren diseinu- eta mantentze-jarduerak. (Ikus 3.1 atala: Sarrera).
- Jarduera horiek ez dira berdin-berdinak eremu guztietan, baina termino orokorrak erabili ditugu; horrela, komunikazioa eta ikaskuntza gauza daitezke eremu bakoitzeko metodoen eta hiztegien artean. (Ikus 3.1 atala: Sarrera).
- Antolaketa-sistemetako erabaki funtsezkoena da baliabideen eremua zehaztea, hau da, antolatuko diren baliabideen multzoa edo mota zehaztea. (Ikus 3.2 atala: Baliabideak hautatzea).
- Memoriaren instituzioetan baliabide bitxi eta bereizgarriak hautatzen dira; ikerketa zientifikoan, ordea, lagin batek kasu errepresentatiboak bildu behar ditu. (Ikus 3.2 atala: Baliabideak hautatzea).
- Bilduma bateko hautaketa-printzipioak argiak eta koherenteak izanda ere, gerta daiteke ezohikoak, idiosinkratikoak edo beste joeraren baten araberakoak izatea. (Ikus 3.2.1 atala: Hautaketa-irizpideak)
- Baliabideak nondik datozen zehazteko ahalmena baduzu, baliabideak hobeto hautatzeko modua izango dugu, baliabideak sortu dituzten pertsonak, prozesuak eta antolaketa-sistemak ebaluatuz. (Ikus 3.2.2 atala: «Ibaian gora» eta «ibaian behera» begiratzea baliabideak hautatzeko)
- Liburu honetan, modu orokorrean erabiltzen dugu propietate hitza, bere zentzu arruntean, ezaugarri edo «tasun» hitzen sinonimo gisa. Zientzialari kognitibo eta informatikari askok modu zehatzagoan definitzen dituzte termino horiek, eta propietate kontzeptua, berriz, predikatu bitarretan erabiltzen dute (adib., zerbait irakurri ahal da edo ez; zerbait biribila da edo ez). Era askotako balioak izan baditzake, propietateari atributua, «dimentsioa» edo «aldagaia» esaten zaio. (Ikus 3.3 atala: Baliabideak antolatzea)
- Antolaketa-sistema gehienek beren printzipioak erabiltzen dituzte, baliabideen edo bildumaren ezaugarri espezifikoak aintzat hartuz. (Ikus 3.3 atala: Baliabideak antolatzea)
- Gerta liteke baliabideen ezaugarri batzuek arazoak sortzea beste baliabide batzuei edo horien erabiltzaileei, eta halako ezaugarriek eragina izango dute baliabide fisikoen antolamenduan, hori mugatuz edo baldintzatuz. (Ikus 3.3.1.1 atala: Baliabideak ezaugarri fisikoen ezaugarrien arabera antolatzea)
- Gure ikusmenak jasotzen dituen estimulu sentsorialei dagokienez, interpretazio ugari daude beti horiek azaltzeko, baina gure gogoak sinpleena inposatzen du: hurbilen dauden gauzak multzokatzen dira; forma konplexuak behatzean, elkarri gainjarritako forma sinpleak ikusten dira; informazioa gehitzen da, diseinu bisual bereiziak jarraikortzat eta osotzat hartu ahal izateko, eta atzealdean dauden ilusio-itxurako figurei interpretazio bat ematen zaie aldi bakoitzean. (Ikus taula gehigarria: Gestalt printzipioak).
- Ingurune eraikiak diseinatu daitezke hainbat helburu lortzeko: jendearen arteko elkarreragin-jarduerak hauspotzeko edo murrizteko, jendeak askatasuna edo konfinamendua senti dezan, esplorazioa saritzeko edo eraginkortasuna sendotzeko. (Ikus 3.3.2.2 atala: Ingurune eraikiak antolatzea).
- Antolatzearen diziplinaren ikuspegitik, zuzena da informazioaren arkitekturaren jarduera honela definitzea: informazioaren antolaketa abstraktu eta eraginkor bat diseinatzen du, eta gero antolaketa hori agerian jartzen, informazioaren erabilera errazteko. (Ikus 3.3.3.2 atala: «Informazioaren arkitektura» eta antolaketa-sistemak)
- Datuen neurketa-mailak (nominala, ordinala, interbaloak edo ratioa) baldintzatuko du zer neurritan izango litzatekeen zentzukoa datuen antolaketa kuantitatiboa. (Ikus 3.3.4 atala: Estatistika deskribatzaileen arabera antolatzea).
- Estatistika deskribatzaileek datu-sortak laburbiltzen dituzte, eta beste xehetasun batzuk agerian jartzen, zeinei esker alderaketak egin baitaitezke bilduma osoaren eta kasu zehatzen artean (besteak beste, balore atipikoak identifikatu daitezke). (Ikus 3.3.4 atala: Estatistika deskribatzaileen arabera antolatzea).
- Antolaketa taxutzeko garaian, eragina izan dezakete baliabideen ezaugarri askotarikoek, antolaketa egin nahi duen pertsonak eta antolaketaren ingurune sozial eta teknologikoak. (Ikus 3.3.5 atala: Baliabideak ezaugarri ugariren arabera antolatzea)
- Objektu fisikoak edo formatu fisikoan dauden informazio-baliabideak antolatzen ari garenean, nahitaez hartu behar da kontuan bi faktore hauen arteko konpentsazioa: zenbateko ahalegina eskatzen duen baliabideen bilduma bat antolatzeak eta zenbateko ahalegina eskatzen duen baliabide horiek aurkitzeak eta erabiltzeak. (Ikus 3.4.1 atala: Potentzialtasuna eta gaitasuna)
- Potentzialtasuna deritzon (affordance) kontzeptuak –J. J. Gibson-ek sortu zuen, eta Donald Norman-ek zabaldu eta ezagutarazi– zera adierazten du: baliabide fisikoek eta horien inguruneek berezko gaitasun batzuk dituztela, martxan jar daitezkeenak, eta horiek baldintzatzen dute, kasuan kasuko agentearen ahalmenekin eta gaitasun kognitiboarekin batera, zer egin daitekeen baliabidearekin. (Ikus 3.4.1 atala: Potentzialtasuna eta gaitasuna)
- Baliabide bat irisgarria izango da baldin eta elkarreragin-jarduerak gauzatzeko modua ematen badu bakarrik; bestalde, baliabideekiko elkarreragin-jarduera batzuk diseinatzen badira, baina pertsona batzuk ezgai badira jarduera horiek gauzatzeko, diseinua ez da eraginkorra izango. (Ikus 3.4.1 atala: Potentzialtasuna eta gaitasuna)
- Baliabide digitalekin jardutean, informazio-trukea edo baliabidean bildutako informazioaren maneiu sinbolikoa da elkarreraginaren funtsa. (Ikus 3.4.2.2 atala: Balioa sortzea baliabide digitalei dagokienean)
- Baliabideen kontserbazioak esan nahi du baliabideak baldintza jakin batzuetan gordetzea, ez daitezen fisikoki kaltetu ez higatu.
- Baliabideak irisgarri bihurtzeko teknika askok baliabidea bera edo horren deskribapena eraldatzen dute, eta beste forma bat ematen diote, baliabidearen forma originala hautemateko edo horrekin elkarreraginean jarduteko gai ez ziren pertsonei horretarako aukera emateko. (Ikus 3.4.2.3 atala: Irigarritasuna) (Ikus 3.5.2 atala: Kontserbazioa)
- Baliabideak digitalizatzea erabakitzen denean, baliabideen kontserbazioa izaten da horretarako arrazoi nagusietako bat; digitalizazio hutsa, halere, ez da kontserbazioa. (Ikus 3.5.2.1 atala: Baliabideen digitalizazioa eta kontserbazioa)
- Kurazioaren eta gobernantzaren funtsa da arau argiak ezartzea baliabideak biltzeari eta horiek denbora mantentzeari buruz; hala, bai jendeak bai prozesu automatizatuek ziurtatu dezakete ezen baliabide-deskribapenak edo datuak egiaztatuak, zehatzak, osoak, koherenteak eta ez-errepikakorrak direla. (Ikus 3.5.3 atala: Kurazioa eta 3.5.4 atala: Gobernantza)
- Datuak garbitzeko algoritmoak gai dira datu errepikatuak ezabatzeko; bilatzaileek, berriz, emaitzen garrantzia hobetu dezakete, hautaketa- eta nabigazio-jarrerak baliatuz; sentsore-datuek, azkenik, aurreikusi dezakete noiz egin behar zaizkien mantentze-lanak makinei. (Ikus 3.5.3.4 atala: Kurazio konputazionala)
- Mantentze-lanaren funtsezko zereginetako bat da, ordea, kalteak dituzten, erabili ezin diren, iraungi diren edo eraginkortasun-epea gainditu duten baliabideak pixkanaka kentzea. (Ikus 3.5.3.5 atala: Baztertzea, kentzea eta ez gordetzea).
