6. Harremanak eta egiturak deskribatzea
Robert J. Glushko, Matthew Mayernik, Alberto Pepe, Murray Maloney
6.1 Sarrera
Familia zera dela pentsatzen dugu: elkarri lotutako pertsonen bilduma bat, arbasoak edo bizitokia elkarbanatzen dutenak, adibidez. Simpson familian, badago Homer izeneko gizon bat eta Marge izeneko emakume bat; ezkonduta daude, eta hiru seme-alaba dauzkate: Bart izeneko mutikoa eta bi neskato, Lisa eta Maggie. Familia magiko horrek hainbat hizkuntza menderatzen ditu, baina, gehien-gehienetan, tokiko telebista-katearen hizkuntza erabiltzen dute. Ingelesez mintzatzen den Simpson familian, mutikoak, bere gurasoez mintzatzean, his father and mother aipatuko ditu, eta senideez aritzean, berriz, my sisters esango du. Gaztelaniaz hitz egiten duen Simpson familiaren kasuan, ordea, mutikoak su padre y su madre aipatuko ditu, eta ahizpez jardutean, berriz, sus hermanas. Simpson familia txinatarrean, ostera, ahizpek, elkarri erreferentzia egiteko, bakoitzaren adina hartuko dute aintzat: Lisa, helduena baita, jiě jie izango da, eta Maggie, gazteena denez, mèi mei.
Senidetza-harremanak mundu osoan existitzen dira, eta ikerketa mordoxka batean landu izan dira; gainera, ahaidetasun-harremanen izenak eta esanahia, hala nola «honen gurasoa da» edo «honen neba edo arreba da», ezagunak zaizkigunez, senidetasuna abiapuntu ona da antolaketa-sistemetako harremanak ulertzeko. Antolaketa-sistemetan, baliabideen artean dauden harremanak erabil daitezke, edo, bestela, harreman berriak sortu, baliabideei antolaketa-printzipioak ezarriz. Baliabide digitalak zein baliabide-deskribapen digitalak antolatzeko sistemetan bereziki, probablea da harreman esplizituetan oinarritzea, baliabideekiko elkarreragin-jarduerak ahalbidetzeko xedez.
Simpsontarren zuhaitz genealogikoa
Simpson familia famatua denez mundu osoan, haien zuhaitz genealogikoa maiz erabiltzen da hizkuntza-ikasleei senidetza-harremanak irakasteko.
Data and Reality liburu klasikoan, William Kent egileak esaten du harremanak zera direla: hainbat gauzaren arteko elkarketa bat, elkarketa horrek esanahi jakin bat duelarik. «Elkartutako gauzak», edo harremanaren osagaiak, ahaidetasun-harremanak dituzten pertsonak dira, baina, maila orokorrago batetik erreparatuta, edozein baliabide-mota izan liteke (4. kapitulua), baliabide bat beste batekin lotzen dugunean. Baliabide bat deskribatzen dugunean (5. kapitulua), hauek izaten dira harremanaren osagaiak: baliabide primarioa eta deskribapen-baliabidea. Elkarrekin doazen harreman-sortak zehazten baldin baditugu, horrek esan nahi du harreman komun horiek erabiltzen ari garela baliabide-motak edo -klaseak zehazteko, zeinei, modu orokorrago batean, kategoria deitzen baitzaie (7. kapitulua). Baliabide-mota bat sakonago deskribatu nahi badugu, edo bi baliabide-mota nola elkartzen diren adierazi nahi badugu, horiekiko elkarreragin-jarduerak errazteko xedez, baliabide-motak erabil ditzakegu harremanen osagai gisa.
Harremanen definizio osoago batekin hasiko gara, eta, gero, harremanak aztertzeko bost ikuspuntu aurkeztuko ditugu: semantikoa, lexikoa, estrukturala, arkitektonikoa eta inplementazioari dagokiona. Ondoren, ikuspuntu bakoitza aztertuko dugu, zer gai nabarmentzen duten aurkeztu, eta orobat aipatuko dugu zer hiztegi bereizi erabili behar den ikuspuntu horietako bakoitzetik harremanak deskribatzeko eta aztertzeko. Ikuspegi eta hiztegi horiek erabiliko ditugu antolaketa-sistemetako harreman-mota garrantzitsuenak analizatzeko.
